Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

3

NORA

 

 

Urduritu egin da pantailaren bazterrean pertsona baten isla ikusi duenean. Bere atzealdean zutik dago, ziur aski Nora irakurtzen ari den mezuari begira, isilik, ikusezina izan nahian. Jabetu bezain azkar ezkutatu du Norak pantailan ageri den guztia, batik bat Aingeruren posta elektronikoa. Chicagoko kontuak dira berriro, hanburgesak eta pizzak eta sabelalde hanpatua, hiri handi baten ardaila... bulegoko lanen abiadura itogarrian, Norak atsedenaldia egin dezan aitzakia aproposa.

        Atzean dagoen itzala ez da mugitu eta Nora harengana jiratzean Josu dela ikusi du.

        — Ez zen konfidentziala izango?

        — Zu zer zara, Josu, autobusean lehenengo bultza egin eta gero barkamena eskatzen duen horietakoa?

        Ez du erantzunik jaso. Argizarizkoa dirudi Josuk. Norak badaki jokabide horrek zer esan nahi duen: Josuk une honetan pentsamendu bakarra daukala, auskalo zein. Orain dela gutxi erraz egotziko zuen Josu bere ingurutik, lanpetuta zegoela esanez agian, baina, aitarenaren ondoren normaltasunera itzultzeko denbora gehiago beharko duela iritzita, Josuk azaldu nahi dionaren zain gelditu da Nora.

        — Ba al da zurrumurru berririk enpresan?

        Norak ezetz ihardetsi du. Ez dio aipatu, ordea, ez daukala inolako asmorik Josuren burutazioak hedatzen lanik hartzeko.

        — Ez diozu inori ezer berririk kontatu nire aitari buruz, ezta?

        Nora begira gelditu zaio. Isiltasunak elkarrizketetan izan dezakeen indarra nola erabili ikasten ari da azkenaldian. Josu deseroso sentiaraztea lortu du, Noraren mikrohelburua bete da, eta orain Josuk Noraren ikuspegia ezagutzeke erakutsi behar ditu kartak, edo esku hutsik alde egin bestela.

        — Ez zara fidatzen nitaz —esan du Josuk.

        Norak berehala nabaritu dio zerbait eskatzera etorri dela, baina Norak ez du bidea errazteko asmorik:

        — Nire arrazionaltasuna patologikoa dela leporatu zenidan behinola.

        Josuk ingurura so egin du hitz egiten hasi aurretik, nork entzun ditzakeen egiaztatu nahian agian.

        — Kontatu behar dizudana garrantzitsua da. Etorriko al zara afaltzera nire etxera?

        Ezezko borobila atera zaio Norari barru-barrutik. Josu tematu egin da, kontatu behar diona jakiten duenean ez dituela gauzak berdin ikusiko. Norak berehala lotu du aldarte hori Josuren tartekako une euforiko-depresiboekin; batetik, garai txarra pasatzen ariko dela pentsatuz, pena eman dio eta, bestetik, Norak sumatu du ezezko definitibo batek ziurtatu egingo diola bulegoaren erdian Josuk piztuko duen istilua.

        — Taberna batean afalduko dugu.

        — Hobe da erakutsi nahi dizkizudan gauza batzuk kalean bueltaka ez ibiltzea.

        Gaur izango da azken aldia, pentsatu du Norak.

 

 

Gauarekin iritsi da Erribera auzora. Hutsik dagoen kale nagusia apaintzen dute itxuraz betirako hezurduran geldituko diren eraikinek, orube desolatuek, ahaztuta utzi dituzten garabiek, eta auzoa inguratzen duen autopistari darion trafiko murmurio etengabeak, krisi garaiko western kaletar baterako eszenatoki aproposa. Norak doi-doi sakatu dio atezain automatikoaren botoiari, inork erantzungo ez duen esperantzaz, baina berehala entzun da atea irekitzen dion hots amaigabea.

        — Behatza botoiari itsatsita gelditu al zaizu? —esan dio Norak gora ailegatzean.

        — Atea ireki dizudala ziurtatu nahi nuen.

        Harrituta gelditu da Nora etxearekin: handia eta berria, Urumea ibairanzko bistak, eta nahiko txukuna barrutik, Josu bertan bizi dela kontuan hartuta.

        — Nik bederatzi urte daramatzat zain, hartuko nuke horrelako babes ofizialeko etxe bat, baina zozketetan inoiz ez dut zorterik izan.

        — Ezer ez da dirudiena —erantzun dio Josuk—. Uretan ezagutu nuen batek alokatu dit, 500 euroan. Surflaria da eta bere aitak hondartzatik gertu daukan pisuan bizi da, Zabaleta kalean uste dut.

        — Lagunak dauzkanak altxorra dauka.

        Entzungor eginez, Josuk sukaldera eraman du Nora eta bide horretan garbiago ikusi du Josuk etxean utzi duen arrastoa: pareta erabat biluziak, leiho itxiak eta giro arraroa, logelako anabasa, sukaldearen zikina, eta hozkailuaren ondoan surfeko taula luze bat, belztutako parafina azalera osoan zehar duena. Afaria ere Josuren legean izan da: pizza prekozinatu bana jateko eta bere belaunari buruzko xehetasunak hizpide, ez du zer moduz galdetu eta ez da bere zilborretik urrunegi dagoen ezertaz arduratu. Bulegoetako komunetan agurtu zuten elkar estreinakoz, eta komunerako bide horretan atzera eta aurrera hainbeste aldiz gurutzatu ondoren, larunbat gaueko parranda arrunt batean Ensantxe tabernan izan zuten aurreneko elkarrizketa. Pixerreka eta pixontzi jaun-andreak, hori izan zen Josuk Norari zuzendu zion lehenengo esaldia. Garagardoaren laguntzaz eta ordu txikiek mingainari tira eginez, denbora gutxi behar izan zuten laneko kontuez hitz egiten hasi eta segituan bulegoko jendea larrutzeari ekiteko, harik eta imitazio parodikoetara iritsi ziren arte, algara ozenenak eragin zituzten Giza Baliabideetako zuzendari Ibon K.renak eta sindikatu horiko buru Alberto Zuriarrainenak. Hurrengo eguerdian biak elkarrekin esnatu ziren Josuren lagun baten etxean, eta orduantxe erakutsi zituen Josuk lehenengo aldiz bere sukalderako dohainak Noraren aurrean: Findus kaneloiak mikrouhin erara (lagunaren izozkailutik arrantzatuak). Norak asteak beharko zituen jakiteko tailerreko noren semea zen Josu, aldaba onak zeuzkala enpresan, eta istilurako gaitasun are eraginkorragoa.

        Josu ebakuntzaren ondorengo arazoak zerrendatzen ari da orain, tartean surfean ezin izan duela ibili azken hilabeteetan. Nora isilik dago, zeharka erlojuari begira, berandutzen ari baita bihar lanerako esnatzeko. Keinua askotan errepikatu behar izan du eragina izan zezan. Josu hitzik ahoskatu gabe jaiki da aulkitik, sukaldetik alde egin du eta bizpahiru minuturen ondoren agertu da berriro, eskuen artean karpeta lodi bat dakarrela, tamaina eta mota guztietako paperez betea. Mahai gainean zabaldu ditu, hainbat pila eginez, karta jokoan ari balitz bezala, eta, banaketa bukatu duenean, paper multzo txikiena hurbildu dio Norari, birziklatutako folioetan hamaika letra motarekin zabar inprimatuta dagoen dokumentu bat. Irakaslearen agindua jarraitzen ari dela dirudi Nora irakurtzen hasi denean, tarteka azalpen eske Josuri so, erantzunik espero gabe, isil-isilik. Hamar minuturen ondoren, luze joko diola ikusita, Norak ahotsa berreskuratu du:

        — Zer da hau guztia?

        Josuk mesedez eskatu dio paper anabasa hori aztertzen segi dezala. Ia ordubete eman du Norak horretan. Egunkarietako zatiak, eskuorriak eta internetetik hartutako informazioa dago karpetan.

        — Zergatik dauzkazu zuk paper hauek?

        — Aitak bildu zituen. Utziko dizkizut patxadaz irakurtzeko, baina, hala ere, dagoeneko ikusi duzu zertan den. Aita susmo batekin hasi zen bila eta azkenerako ziur zegoen erantzuna aurkitu zuela.

        Egongelan eman dituen azalpenek ordu erdi iraun dute. Josuk terminologia teknikoa gustura erabiltzen duela iruditu zaio Norari; zertaz hitz egiten ari den ondo dakienaren plantak egitea betidanik atsegin izan du. Bi hitz erabili ditu batez ere: amiantoa eta asbestoa. Josuk luze eta zabal kontatu dionez, garai batean asko erabili zuten material hori industrian, batez ere Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta gehienbat 1970eko hamarkadan; Euskal Herrian 2002. urtera arte.

        — Material oso ona da: isolatzaile bikaina, erresistentzia handikoa, merkea. 3.600 erabilera baino gehiago omen dauzka.

        Asbestoa, pentsatu du Norak, hitz berri bat hiztegirako. Greziera klasikotik dator, Josuk esan duenez. Esanahia: betiko irauten duena. Gure bizitzen antonimoa izan daiteke.

        — Arazo bakarra dauka: harengandik hurbil ibiliz gero, minbizia sortzen du.

        Norak adi entzun ditu azalpenak. Amianto motak, zertan erabiltzen diren, sortzen dituen gaixotasunak.

        — Tailerrean etengabe erabiltzen zuten amiantoa eta horrek hil zuen aita.

        Nora ez da harritu, ordea, Josuk azaldu dionaren sinesgarritasunarekin. Arkakusoek Donostia inbadituko dutela gaztigatu nahi balu ere, argumentu sendoak eta hitz ponpoxoak soltura handiz erabiltzeko gai litzateke Josu. Garai batean, Josu bat-batean desagertzen hasi zenean, aste osoa bizi seinalerik eman gabe pasatzen zuenean, ezer gertatu ez balitz bezala agertzen zen eta beti zeuzkan arrazoi ezin hobeak egin zuena argitzeko.

        — Ziur al zaude, Josu? Esan duzun hori oso larria da.

        — Ezer ez dago argi, jakina. Horregatik behar dut zure laguntza, esan dizudana frogatu ahal izateko.

        Nora aulkitik altxa eta egongelan bueltaka hasi da. Lehenengo kolpean gogorapen bat etorri zaio burura: Josuk Jamaikara bizitzera joan nahi zuela azaldu zionekoa, han bakea aurkituko zuelakoan. Beste oroitzapen bat: hegazti gripearen aurkako txertoaren bidez munduko biztanleria antzutzeko estrategia gauzatzen ari zirela kontatu zionekoa. Baina ideia horiek baztertu eta parez pare duenari buruz hausnartzen hasi da Nora.

        — Zergatik esaten duzu zure aitarenak honekin zerikusia duela?

        — Ez zara fidatzen, ezta?

        Norak burua oroitzapenez gainezka du. Oraintxe sentipen bat nagusitu zaio: supituki Josu desagertzen hasi zenean Norari sorrarazi zion ondoeza.

        Ez zegoen etxean, ez zuen telefonorik hartzen, inolako bizi seinalerik ez, eta gero besterik gabe itzultzen zen, agian tarteka begizuloak agerian, baina aparteko ezer egin ez balu bezala. Non ibili zara? Ez al zara konturatu oraingo honetan lan egunak ere galdu dituzula? Ez zinen parrandan ibiliko, ezta?

        — Ez al didazu lagundu nahi, Nora?

        — Berriro, esan nahiko duzu.

        Josu, munduaren zilborra. Bere arazoak beti dira garrantzitsuagoak, pentsatu du Norak, eta oraindik ez dit galdetu zer moduz nagoen, baina ez luke garrantzirik izango; nik gripea badaukat, Josuk pneumoniaren zantzuak, nik musika talde on bat ezagutu badut, Josuk hamarkadako errebelazioa.

        — Zergatik jo duzu niregana?

        — Neska zintzoa zara eta gure aita benetan estimatzen zenuela ematen zuen.

        — Horrekin zer esan nahi didazu, ez dakizula norengana jo?

        Josuk hasperen egin du, sofan patxadaz esertzera joan da eta Norari hala moduz inprobisatutakoak iruditu zaizkion azalpenak emateari ekin dio Josuk. Argumentazioaren erdian, aspertuta eta nazkatzen hasita, Norak sukaldera joan-etorria egin du eta, baso bat ur eskuan egongelara itzuli denean, besaulkian eseri da, mahaiaren alboan dagoen Josurengandik ahal bezain urrun.

        — Eta noraino iritsi nahi duzu kontu honekin, Josu?

        — Behar bezain zinikoa banintz, esango nizuke nire ametsetako happy end-a distiratsua dela: hartu poltsa eta ospa. Ez diot nire aitari ezer zor. Berak niri bai, eta diru pixka batek ez dizkit nire umetako traumak eta helduaroko ezineramanak sendatuko, baina lagundu egingo dit. Zoritxarrez, oraindik ez daukat argi zergatik ari naizen honekin. Diruarena sinpleegia iruditzen zait ni bezalako neurotiko batentzat. Dakidan gauza bakarra da zerbait egin behar dudala kontu honekin.

        Nora leihora hurbildu da. Gaua besterik ez dago beste aldean.

        — Ai, Josu, ezagutuko ez bazintut, sinesgarria zarela pentsatuko nuke.

        Josuk hizketan jarraitu du. Badirudi ez dela jabetu Nora ez dagoela adi.

        — Eta nik zer irabaziko nuke? —eten dio Norak.

        — Astebeteko bidaia Benidormera gastu guztiak ordainduta.

        — Dirua eskaini behar zenidala uste nuen.

        — Badakit ez zenukeela onartuko.

        — Hortaz, ez nauzu hain gutxi ezagutzen. Baina, benetan, zer irabaziko nuke nik horrekin?

        — Ez dakit. Zure buruak eta nireak oso ezberdin funtzionatzen dute. Baina egingo ez bazenu, harritu egingo nintzateke.

        Norak edalontzian daukan ura dzangada batez desagerrarazi du.

        — Lagunduko didazu?

        — Eta azkenean zure susmoak hutsalak badira? Hori da probableena gainera.

        — Azkenean esku hutsik gelditzen banaiz, inbertsio txar bat izango da niretzat, bat gehiago, eta zuretzat denak berdin jarraitu ahal izango du, kontzientzia erabat lasai izango duzu nagusi zintzo batzuentzat lan egiten duzulako, eta munduak bere betiko harmonian segituko du. The end.

        — Happy end hori ez zait oso sinesgarria iruditzen.

        Josu aulkitik altxa eta Norarengana joan da.

        — Hortaz, lagunduko didazu.

        Norak duela hamar urte bi aldiz pentsatu gabe baietz erantzungo ziokeen, ez Josuri bakarrik, ia beste edonori ere bai, orduan Noraren egiteko gogoa oso bizia baitzen. Aitzitik, orain dela gutxira arte gordin azalduko zion ezetz, gauzak garbi, izkin egin gabe. Baina azkenaldian asko ikasi du:

        — Pentsatuko dut, hitz egingo dugu.

        Norak badaki hori dela Ez esateko modurik errazena.

        — Har ezazu pentsatzeko behar adina denbora.

        Arin eta sotil mugituz, Norak txamarra hartu du eta berehala iritsi da kaleko atera. Ezustean harrapatu dutenaren baldarkeriaz, sofatik presaka altxa eta distantziak neurtu ez balitu bezala, Josu gehiegi hurbildu zaio Norari.

        — Ez al zara pixka bat gehiago geldituko?

        — Ezta erotuta ere. Ez al zara konturatu gauzak zenbat aldatu diren?

        — Besteren batekin zabiltza?

        — Ez, Josu, ez nabil, eta hori dagoeneko ez da zure kontua.

        Agur konbentzionalen ondoren, kanpotik tira eginez itxi du Norak Josuren etxeko atea. Igogailuan behera arnasa sakon hartu du bizpahiru aldiz. Kalean gaua besterik ez du aurkitu, martxoko isila eta iluna. Ibai aldetik sartzen den haize finak biziberritu egin duen arren, hotzak dardaraka dago.

 

 

Telefonoari kateatuta eman du goiz osoa, bulegoko lanak gerotik gerora. Lehenik Amaiari deitu dio, Egia auzoan bizi den lagun bati. Josuri buruz hitz egin nahi dio, buruan bueltaka erabaki ezinik baitarabil kontua. Baina Amaiarekin hitzordua adostea ezinezkoa izan da, hark agenda gainezka daukalako, eta, beraz, astebururako utzi dute. Ondoren aitari eta amari deitu die. Ez da harritu haiekin hitz egin ezin izan duenean. Segidan Aingeruri deitzekotan egon den arren, kontu argirik ez dagoen bitartean ezer ez jakinaraztea hobetsi du. Ez daki nori deitu barruak nahasten dizkioten kezkak kontatuz arinxeago sentitzeko.

        Bulegoko lanari ekin dio, gainerakoa burutik uxatu nahian, baina ia ezinbestean asteburuan Amaiarekin izango duen solasaldian esan nahi dizkionak ordenatzen hasi da: azalduko dio aspertuta dagoela besteei emateaz, besteak gustura egoteko ahaleginak egiteaz, jende guztiak kale egin diola, aspaldi ikasi zuela inoiz ez dela eman adina jasotzen, bere kasua ez dela hori behintzat, baina badela garaia balantza pixka bat orekatzeko, eta, hala ere, Josuren kontuarekin hasierako iritzia aldatu duela. Ez daki zergatik. Garai bateko inertziak agian, Josuren aitarekiko estimua akaso, edo beharbada Josuren eskuetan erraz lehertu daitekeen arazo bat kontrolpean mantentzeko eta desagerrarazteko borondatea.

        Saileko arduradunak presazko lan gehiago agindu dizkio Norari. Arratsaldeko bostak aldera lankide gehienek alde egindakoan, Norak bertan gelditu beharko du, agian afalordura arte. Azken bi deiak egin ditu, bata aitari eta bestea amari, alferrik, eta buru-belarri murgildu da bulegoko jardunean: fakturazioa, aseguruak, kontabilitatekoei lagundu. Erraz moldatzen da bere eginkizunetan, baina lan bolumen handiegia dauka itolarria ia egunero ez sentitzeko. Sarrikon unibertsitate publikoan Ekonomia Zientzien lizentziatura burutu ondoren, komertzial lanetan ibili zen hainbat enpresatan, beti beste lan mota baten bila, eta enplegu hau eskaini ziotenean, zalantzarik gabe hartu zuen. Norak badaki nagusiaren iritziz langile fina dela, eta horrek ematen dio balioa enpresan, baina, aldi berean, Nora jabetzen da ez duela lortu bere nagusien beste konfiantza hori, haien erabaki eta agindu guztiei irribarrez erantzuteak eta txisteei barre egiteak ahalbidetzen duen konplizitate giroa, eta horretaz ere poztu egiten da Nora.

        — Aseguruen kosteak ere berehala behar ditut. Lehen ahaztu egin zait esatea.

        Noraren nagusiak horrela eskatzen dizkio lanak, beti presaka, eta Norak ezin du kale egin. Hori eginez gero, batetik, Noraren balioa higatuko bailitzateke eta, bestetik, nagusiari baino lan-katean hurrengo koskan dauden lankideei egingo bailieke kalte, kontabilitatekoei, esaterako. Batzuetan ordu asko behar izaten ditu agindutako lana amaitzeko, ordutegiei jaramonik egin gabe.

        — Bukatu duzu? —galdetu dio nagusiak.

        Josurekin hitz egindakoa du Norak gogoan. Bulegoetako enplegatu bat amiantoari buruz galdetzen hasteak ez luke harrera ona izango, pentsatu du Norak, eta, hala ere, orain jakin-mina ere badauka.

        — Bukatu duzu?

        Astebetez Josurekin topo egitea saihestu du Norak.

 

 

Amarekin afaldu du. Julio Urkixo kalea, Bidebieta auzoa, 50 metro koadro, sukaldea, egongela, komuna eta bi logela. Hortxe bizi da Nora. Etxea aitarena da, baina erretiroa hartu zuenetik Zumarragan dago, amonaren etxean. Garai bateko kaleetara berriro ohitu nahian eta lehengo adiskideekin bitxi sentituz irudikatzen du Norak aita, baina batik bat amona zaintzen, herrian bertan bizi den anaiak batere ardurarik hartzeko asmorik ez duelako. Bart hitz egin zuen telefonoz aitarekin: badirudi amona hobeto dagoela eta bihar bidaliko dutela ospitaletik etxera. Krisi txiki bat besterik ez omen da izan.

        — Berandu da afaltzeko, ezta? Sentitzen dut. Gaueko txandakoekin ordu honetan egin behar izan dugu bilera.

        Norak zortziak aldera afaldu ohi duen arren, gaur hamarrak pasatxo hasiko dira, beti bezala amak laneko zereginez arduratu behar izan baitu, oraingoan lan hitzarmenaren negoziazioa prestatzeko.

        — Bestela ezingo genuen elkar ikusi eta honekin konformatu beharko gara.

        Ama Altzan bizi da bere bikotekidearekin (Norak atsegin du tipoa; orain hura ere gaueko txandan ibiliko da, Irun aldean), baina Norak nahiago du afaltzeko hitzordua Bidebietan izatea. Dena kontrolpean izatearen sentsazioa behar du, menpekotasun handia sorrarazten dion droga balitz bezala. Horrexegatik dauka etxea erabat txukun eta garbi, ordena absolutua, higiene obsesiboa. Minik ez hartzeko estrategia da, gauzekin eta pertsonekin. Ez da inorekin fidatzen, bere buruarekin izan ezik. Non fida, han gal.

        Tomatea eta tipulin freskoak, alboan leka, azenarioa, tipula eta kuskus beroa dituztela, amak hauteskundeetan sindikatuen arteko labankadei buruz hitz egin du hasieran. Norak beti bezain adi entzun dio, baina bere kontuetarako txanda inoiz iritsiko ez dela ohartu denean, ohituta dagoenez, bestelako huskeriak aipatuz eten dio kontakizuna eta berehala bere hariari heldu dio:

        — Ama, demagun lagun bat amiantoaren erruz gaixotu dela.

        — Ondo al zaude?

        — Ama, mesedez, ez naiz niri buruz ari, eta gainera hipotesi bat besterik ez da.

        Norak kontatuko dionaren zain gelditu da ama. Alabak dakien guztia azaldu dio, eta Josuren izena aipatu du etengabe. Amak ez du zirkinik ere egin Norak azalpenak eman dizkion bitartean, baina amak ez du inoiz horrelako arazorik ezagutu, tarteka lankideei entzun dizkie kontu horiek eta, beraz, besterik ezean, haiekin hitz egingo duela esan dio alabari.

        — Bihar eguerdian bertan deituko dizut.

        Harrera egin dionean baino alaiago agurtu du Norak ama. Benetan lagunduko diotela jabetzen den aldiro harrituta gelditzen da Nora.

        Oheratu aurretik, posta elektronikoa begiratu du. Bi mezu: Aingeru (Chicagoko kontu xelebreak, nola ez) eta Herrera (biharko hitzordua proposatuz).

 

 

Amaiak ezin du asteburuan tarterik aurkitu Norarentzat. Familia, ezustekoak, aita santuak katarroa daukala. Azkenean, astean zehar egongo direla hitz eman diote elkarri.

        Herrerarekin etzirako adostu du hitzordua. Orain dela ia urtebete ezagutu zuen, kiroldegian. Noraren lankide batekin zegoen, Etxebe deitzen dioten horrekin. Oraingoz, atseginak iruditzen zaizkio Norari, baina bestelako seinalerik jasotzen ez duen bitartean, nahiago du distantzia mantendu, jende guztiarekin bezala.

 

 

Telefonoz hitzartu nahi du, elkarrizketa nahastuz gero, egokia deritzon unean deia eteteko aukera izan dezan.

        — Laguntzen hasi ahal izateko, baldintza batzuk ezarri behar dizkizut.

        — Dirua eskatu behar al didazu?

        — Benetan ari naiz, Josu. Esaten dizudan zerbait egiteko asmorik ez baduzu, ez naiz sartuko kontu honetan. Hasi ondoren baldintzaren bat urratzen baduzu, utzi egingo dut, inolako azalpenik eman gabe. Behar baino gehiago ezagutzen zaitut eta badakit zenbat atsegin duzun bazterrak nahastea. Nik behintzat ez dizut utziko nire izen ona zikintzen.

        — Kontratu bat sinaraziko didazu?

        Erabateko isiltasuna.

        — Barkatu, Nora. Esadazu.

        — Nik onartu gabeko ezer ez duzu egingo kontu honetan. Eta pausoak nire erara emango ditugu. Ez nago prest ezer sakrifikatzeko. Ez dut zuregatik egingo.

        — Zergatik egingo duzun ez da nire kontua. Eta beste guztiari baietz erantzungo diot.

        — Hortaz, bihar bertan emango dizkidazu aitaren paperak eta ondo aztertzen ditudanean, enpresako sindikatuekin hitz egitera joango naiz, ni bakarrik.

        — Zuriarrainekin hitz egin dut dagoeneko.

        — Gaizki hasi gara. Zer esan dizu?

        — Egoera aztertu eta zer egin erabakiko dutela, baina ez diot ikusi ezer egiteko asmorik.

        — Horregatik jo duzu gero niregana.

        — Bestela ere egin behar nuen.

        — Hurrengo gezurrarekin batera utzi egingo dut kontu hau. Argi dago?

        — Garden.

        Erabateko isiltasuna.

        — Eta baldintza bat gehiago: hau dena susmo bat besterik ez dela frogatzen dugun bezain azkar, hortxe bukatuko da dena. Hau da, zuk ez duzu zure kasa ezer gehiago egingo.

        — Susmo bat besterik ez dela frogatuko balitz, esan nahiko duzu.

        — Bai. Eta kontrakoa frogatzen ez bada, baita ere. Kontu honek ez du iraun behar derrigorrezkoa dena baino minutu bat gehiago.

        — Bihar bertan bulegora eramango dizkizut paperak.

        — Lanetik irteten naizenean, ekarri egizkidazu Bukowski tabernara.

 

 

Sindikatu marroia eta horia. Horrela deitzen diete enpresan ordezkaritza duten bi sindikatuei. Norari iritsi zaizkion zurrumurruek diotenez, lehenengo ezizena sindikatu horia izan zen, boto gehien jasotzen dituen sindikatua izendatzeko, eta horiek ondoren mendekua hartu zuten besteei sindikatu marroia deitzen hasi zirenean. Norbaitengana jotzekotan, enpresan sartu denetik Norak argi izan du Anderrengana izan behar lukeela, sindikatu marroiko ordezkaria den heinean, eta horregatik adostu dute hitzordua, Hernaniko Bodega tabernan, Anderren gogoz kontra, ez baitu ulertzen zergatik ezin duten bilera enpresan bertan egin. Norak konfidentzialtasuna eskatu eta Ander enpresatik hurbileko lekuak proposatzen hasi da, edo, bestela, biak donostiarrak izanik, han nonbait, eta Norak, berriz, ezetz, inork ezagutuko ez dituen tabernaren batean izan behar duela. Ander, noski, mesfidantzaz gainezka iritsiko dela pentsatu du Norak.

        Garaiz ailegatu dira biak. Norak ez daki nor dagoen bietan urduriago. Bi zurito eskatu dituzte. Eguraldiaz hizketan aritu dira harik eta mahaian eseri diren arte. Norak bere buruan behin eta berriro errepasatu dituen ideiak zehatz-mehatz azaldu ditu: funtsean Josuk kontatu diona, iturria Josu dela garbi utziz, Norarentzat oraingoz hipotesia baino ez dela. Amak kontatu diona beretzat gorde du Norak, horrelako gaiei buruz dakien guztia kolpetik ez esatearren, aurrerago jokatu beharreko kartak ezkutuan mantentze aldera. Azalpenak ematen ari den bitartean, Anderren aurpegiera interpretatzen saiatu da Nora: mesfidantza iradokitzen dio, sekula hitzik elkartrukatu gabe orain ur handiei buruz hitz egiten ari zaion neska horrekiko konfiantza eza, tailerretik inoiz pasatu ez den bulegoetako enplegatu horietako bat, eskuak behin ere zikindu gabe egun osoa eserita ematen duen horietako bat, kaleko jantziekin lan egiten duen horietako bat. Urrun daude elkarrengandik. Ikusezina naiz, pentsatu du Norak; ez nau ni ikusten, goiko solairuko bulegoetan lan egiten duen neska hori baizik. Agian Anderrek dagoeneko entzungo zituen esamesak, akaso sindikatu horiko Zuriarrain ere joan da Anderrekin hitz egitera, ez bereziki ezer kontatzeko asmoz, baizik eta batik bat Anderrek zer dakien entzutearren.

        Norak ez du ezer gehiago kontatu nahi. Ander mutu dago.

        — Zuk nola ikusten duzu kontua, Ander?

        — Horrela, bat-batean... galdetu egin beharko dut.

        Goikoei?, pentsatu du Norak; lankideei?

        — Ez nekien ezer eta, gainera, gai hauek erabat ezezagunak dira niretzat.

        — Nahi baduzu, hurrengo astean-edo bil gintezke berriro, zuk kontsultak egin ondoren.

        — Deituko dizut. Galdetu egin behar dut.

        Kalera irten dira. Berriro ekin diote eguraldiaz hitz egiteari: lehenik eguzkia eta gero euria, hasieran beroa eta gero hotza, lau urte sasoiak egun bakarrean. Elkar agurtzen hasi direnean, Norak bere sakelako telefonoaren zenbakia eman dio, eta Anderrek agur esateko modu luze batekin erantzun dio:

        — Pentsatzen nuen nahikoa eta soberan izango genuela laster negoziatu behar dugun lan hitzarmenarekin, batez ere enpresa gainbehera nola datorren ikusita; eta ez, ez.

        Badirudi Anderrek orain zerbait esateko gogoa duela, baina, badaezpada, egokiagoa iruditu zaiola esaldia bere horretan uztea.

        — Hortaz, Ander, ea aste honen bukaera aldera biltzen garen berriro.

        — Deituko dizut nik.

 

 

Kloro usaina da nagusi. Norak alboan arnasestuka dauka Herrera. Beti berdin, pentsatu du Norak; Amaiak ezin omen du nirekin egoteko tarterik aurkitu aste osoan. Burua borborka dauka: Nori kontatuko diot gertatzen ari zaidana? Beste lagunen bati deituko lioke, baina buruan zerrenda errepasatu du eta ez daki nori. Norak buruko zoko ezkutu batean gordeta zeukan ideia bat berreskuratu du, Amaiari oihuka esango liokeena: mundua ez da 24 orduan irekita dagoen doako supermerkatua, nahi duzunean sudurraren puntan jartzen zaizuna har dezakezuna, ez, besteei ematea ez da inozoentzat bakarrik, aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, mon amie.

        Herrerak arnasa berreskuratu du. Gogotsu erantzi ditu betaurrekoak.

        — Ez nekien Josu zure bikotea izan zenik.

        — Denok dauzkagu une ilunak gure iraganean, ezta?

        Barre egin dute biek. Norak ez zuen uste Herrerarekin horrelako ezertaz hitz egin ahal izango zuenik inoiz. Bidebietako kiroldegian ezagutu zuten elkar, Herrera eta Etxebe iluntzeetan igeri egitera batera joaten zirenean. Herreraren arabera, Etxebe lanpetuta dabil orain.

        — Galdera bat, Nora: bulegoan ez duzu Etxebe askotan ikusten, ezta?

        — Solairu berean gaude, baina giza baliabideetakoak beste ordutegi batean ibiltzen dira.

        Herrera igerilekuaren ertzean eseri da. Bainujantzian giro sargori horretan bueltaka dabilen jendeari begira dago, esango duena beste norbaiten ahotik etorriko balitz bezala:

        — Ez duzu jakingo bulegoan Etxeberi zerbait gertatzen ari zaion?

        Norak ez daki Herrera zertaz ari den. Jatorra da Herrera, baina gaur ez du haren kezketan nahasi nahi. Norari buruan dabilkiona hauspotu besterik ez du egin: Josu, Amaia, Ander... Egun pisutsu horietako bat da, zama giroa. Nora zutik jarri da igerilekuaren ertzean. Azalean behera irristatzen ari diren tantak ikusi ditu, sabelean, besoan, izterrean. Azal beltzarana, leuna bai, baina ez garai batekoa. Tanta bat erori zaio sudurretik ezpainetara. Begiak itxi ditu. Beldurra ematen du hainbeste jendez inguratuta egoteak eta ez ezer ikusteak. Begiak ireki ditu. Salto egin du eta desagertu egin dira igerilekuaren zarata eta sargoria. Urak laztantzen dio azala. Dena horrelakoa balitz, burbuila eta belusa, eta fereka, hala balitz, arnasari eutsi eta kito.

        Herrera bere atzetik murgildu dela sentitu du Norak.