Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

8

ETXEBE ETA HERRERA

 

 

Goizeko lehenengo orduan bilera-gela txiki batean zain du Ibon K., Giza Baliabideen Saileko arduraduna. Etxebek konfidentzialtasun giro kezkagarria aurkitu du. Ibon K.k orain arte bulegoaren erdian lankide guztiek entzuteko moduan jakinarazi dizkio aginduak, informazioak eta burutazio gehienak. Etxeberi sabelaldean duen korapiloa estutu egin zaio, Ibon K. bizitzan aurreneko aldiz poltsikotik kartera ateratzera ausartu eta, bidean galdu gabe, Etxeberentzako kafea plastikozko edalontzitxo batean ekarriz itzuli denean.

        — Badakizu egoera ez dela ona. Azkenean zenbait asmo aldatu egin behar izan ditugu, tamalez.

        — Prest nago egoera hobetzen den arte beste lan batzuk ere nire gain hartzeko.

        — Kontratu berria sinatzen duzun arte tartetxo batez zain egon beharko duzu.

        — Baina aste gutxi barru bukatuko zait oraingo kontratua. Gero kontraturik gabe egin beharko dut lan?

        — Etxean itxaron beharko duzu.

        — Kale gorrian utzi behar nauzue?

        — Aldi baterako izango da, lasai.

        Isilune labur baten ondoren, Ibon K.k eskua luzatu du Etxeberengana.

        — Har ezazu. Badaezpada ere, gomendio gutun bat prestatu dizut. Curriculumarekin batera bidaltzen baduzu, zenbait enpresak kontuan hartuko dute.

        Beraz, ez da aldi baterako, pentsatu du Etxebek; saiatu itxura duina mantentzen, eutsi mingainari, neurtu hitzak.

        — Zenbat joango gara kalera?

        — Oraindik aztertzen ari gara.

        Umiliazio sentipenak gaina hartu dio Etxeberi.

        — Zer esan nahi didazu, oraingoz ni bakarrik joango naizela kalera? Egoera ez al da txarra besteentzat ere?

        Ibon K. aulkitik altxatzen hasi da.

        — Elkarrizketatuen izenak eman ez nizkizulako botako nauzue?

        — Izenengatik? Mesedez! Behartu egin naute. Ni gustura nengoen zure lanarekin.

        — Zuk esan zenidan etorkizuna nuela lan honetan. Eta orain kalera, izenak ez emateagatik bakarrik?

        — Hasieratik iruditu zait ez duzula ikusi nahi gauzek benetan nola funtzionatzen duten. Jarrera hori mesedegarria da lan batzuk egiteko, baina uste dut begiak gehiegi itxi dituzula.

        Ibon K.ren gomendio gutuna mila zatitan hautsi du Etxebek. Duela ia hamar urte izan zuen krisi hartan bezala sentitzen da, engainatuta berriro, eta horregatik atera zaio amorru izpi hori, gazte eta berde zenean izan zuen motor hura, baina berehala desagertu da, azken urteetako gordelekuan ezkutatzeko.

        — Benetan opa dizut zorte ona, Etxebe.

        Arnasa sakon hartu du Etxebek.

        — Konforme.

        — Berriro inprimatuko dizut gutuna.

        Etxeberi gehiegizkoa iruditu zaio eskerrak ematea. Bere mahaira itzuli da eta, oraintxe bertan ezer egiteko gai izango ez dela badakien arren, lanean hasteko itxurak egin ditu.

 

 

Komunetik berriro ez irtetea erabaki du Herrerak. Hautsi da oreka. Atzo deitu zion maitaleak, berriro ez zuela ikusi nahi esateko. Lehorra izan zen: jakinarazi, telefonoa eskegi eta kito, bukatu da harremana. Orain Herrera baldosa hotzen gainean eserita arnasa sakon hartzen saiatzen ari da, motel, arnasari eutsiz, baina ez du ezertarako balio. Bere gorputza aztertzen hasi da: pinporta txiki bihurtzeko trazak dituen guztia lehertzeari ekin dio, zikina izan daitekeen guztia desagerraraztearren. Ordubete baino gehiago eman du horretan. Dutxatu egin da ondoren. Ordu erdiz. Lehortzen saiatu denean, toalla zuria arrasto gorriztaz tindatu da. Komunetik irteteko prest dago.

        Ohera joan da, Etxebek gaixo antzean jarraitzen duen ikustera. Hautsi da oreka. Etxebek sukarra izan nahi luke, baina Herrerak badaki hori ez dela ohetik irten ezinik egotearen arrazoia. Lehenengo aldiz sentitu du Herrerak ez duela Etxeberen pausoa segituko.

        — Etzanda bizitzeko asmoa al duzu?

        — Ez naiz beste ezer egiteko gai.

        Zaurien ziztada sentitzen du Herrerak gorputz osoan.

        — Bihar bulegora bueltatu behar duzu. Oraindik egun batzuk gelditzen zaizkizu han. Gutxienez saiatu ahal duzun informazio guztia biltzen. Gero ikusiko dugu zer egin dezakegun horrekin.

        — Informazioa bildu. Denek eskatzen didazue gauza bera.

        — Denek? Zeri buruz ari zara?

        Etxebek buelta erdia hartu du ohean.

        — Ez badidazu kontatu nahi, lasai, bestela ere jakingo dut.

        Etxebe salto batean jaiki da ohetik orroka:

        — Norari deitu behar al diozu?

        Herrera surfeko taula besapean hartuta joan da kalera. Itsasora sartutakoan urak sendatu edo erre egingo duen asmatu nahian ari da.

 

 

Bulegoa jendez noiz hustuko itxaroten ari da Etxebe. Uste baino beranduago alde egin dute lanarekiko menpekotasuna dutenek. Orduantxe jaiki da Etxebe bere aulkitik, bulegoan beste inor gelditzen ez dela egiaztatzera. Garbitzaileak beheko solairuetan beste bi orduz egongo direla aurreikusi du. Beldurrez hurbildu da Ibon K. esertzen den mahaira. Etxebe oraintxe ari da konturatzen espero ez dituen gauzak egiteko gai dela, azken urte lotu hauetan badaezpada ere inkontzienteki horretarako prestatzen aritu izan balitz bezala: esate baterako, Ibon K.k ordenagailua abiarazteko pasahitza idazten zuen bakoitzean Etxebek teklatuari adi begiratzen zion, baina ez zein zen asmatu nahian, eta, hala ere, marcoincomparable2016 zela buruz ikasi zuen azkenean, inoiz erabiltzeko batere asmorik gabe, harik eta orain Ibon K.ren ordenagailuan sartu den arte. Aspaldi ez du sentitu Etxebek halako beldurrik, baina gogotsu ari da ordenagailuan dauden dokumentuak aztertzen, eta betiko bi ideiak gurutzatu zaizkio: batetik, ez dut lortuko eta, bestetik, beti pentsatzen dut ez naizela gai izango eta ez da beti horrela izaten.

        Urduritu egin da inpresoraren zaratarekin, ozen entzuten baita bulegoaren erdian, egunean zehar oharkabean pasatzen bada ere. Eta oraingoz ordenagailuko dokumentu gehiago ez papereratzea erabaki du. Bare gelditu da berriro bulegoa, baina berehala aretoaren erabateko isiltasuna urratu dute pauso hots batzuek. Etxeberi gihar guztiak tenkatu zaizkio. Garbitzaileetako bat agertu da eskaileretan gora. Zuzenean joan da Etxeberengana. Bulego hauek garbitzen hasteko baimena eskatu dio.