Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

22

 

Astebete zeraman zain, baina telefonoak ez zuen jo nahi. Ainhoak ez zion egun jakinik paratu, baina ez zuen konprenitzen nola ematen ahal zuen hainbertze denbora deitu gabe. Nahiz Migelek enkargu gehienak oraino airean eduki, albiste onik ere bazegoen, eta ahaleginen berri eman nahi zion lehen baino lehen.

        Gosaldu bezain fite, gelara igan eta bertan egoten zen eguerdia arte. Ordutegien arteko aldea kalkulaturik baitzeukan, goizetan hotelean geratzea deliberatu zuen; hagitzez merkeago ateratzen ziren konferentziak gauean eginez gero, eta Ainhoari ez zitzaion dirua xahutzea batere gustatzen.

        Migelek inoiz ez zuen etxetik kanpo hainbertze denbora eman eta horregatik, beharbada, bere lagunarekin solasteko gogoa piztu zitzaion aspaldiko partez. Azken aldiko giro hotza desegiten hasteko tenorea bazuela uste zuen, eta ez zitzaion musika baino aitzakia egokiagorik bururatu bere gogoaren berri Ainhoari aditzera emateko. Ohantzearen ondoko mahai txipiaren gainean zeukan grabagailua; bezperan eskuratutako zinta egokitu, aitzin-gibelera bueltaka bila ibili eta, eskaini nahi zion pieza atzeman zuelarik, prest utzi zuen ordua heldutakoan erabiltzeko.

        Asmo zehatzik gabe irten zen bezpera goizean, eta Habana Zaharretik hurbil Areitio izeneko musika-denda batekin egin zuen topo. Ainhoarekin mintzatu zen azken egun hartan entzundako Ave Maria guarani hura etorri zitzaion gogora eta, hurrena deitzen ziolarik, berak paratuko zuela deliberatu zuen. Apaletan endredatzen ibili zen denbora puska batean eta dendariari ere egin zion galdea, baina ez zeukaten. Atzendu egin behar izan zuen asmoa; ez luzaro haatik, zeren...

        Newtonekin hitz egin zuen eguerdian telefonoz, eta esperantza ez galtzeko erran zion.

        Aldameneko bizilaguna musikazale porrokatua omen zuen eta, filmetako musika barne, denetarik bazeukan etxean. Egun hartan berean elkartu ziren arrats apal eta, agindu bezala, kopia bat eraman zion.

        Ohi ez bezalako esturak sentitzen zituen Migelek, uzkur, barnetik noiz sortuko, zeren...

        Espazioan aske dabilen haitz loka izaten ahal zen iragan bezperan, baina azken aldian Ainhoaren orbitan biraka ote zebilen egin zitzaion, eta beldur zen ez ote zuen grabitatearen indarrez harenganatuko. Iruñean, elkarrengandik gertu, enbarazu egiten zion haren hurbiltasunak; eta orain, aldiz, Habanan hilabete bertzerik ez zeramala, Ainhoaren deiaren zain zegoen goizero. Aldamenean baleuka, gerritik atxiki, lepoan muxu eman eta lurraren gainean eginen zuten jolas aspertu arte. Eutsi egin behar izan zion irudimenari, istant hartan, doi, telefonoak jo baitzuen.

        — Operadora... —erran zuen emakumezko batek—, aguarde un momento.

        Oinetakoak erantzi, balkonera jalgi, eta ohantzean jesarri zen ahalik erosoen. Urduri samar zegoen eta, garagardo bat irekitzeko gogoa egin bazitzaion ere, ez zuen deia erantzulerik gabe utzi nahi; zigarroa piztu zuen garagardo bila joan ordez. Telefonoak seinale galdu batzuk ematen zizkion aldian behin, baina ez zitzaion inor sartzen eta, atzendu baino lehen, botonari sakatu zion Ennio Morriconeren musika abiarazteko.

        — Soy Aleida —erran zion erizainak hariaren bertze aldetik—. Quiero que sepas que te echo mucho de menos.

        Ez zuen haren deirik inondik inora espero, eta langosta egosia baino isilago geratu zen denak entzun arte, zeren...

        — No puedo más vivir sin ti —aitortu zitzaion, eta Miguelsito mío deitu zion lehenik, eta Matapasiones gero.

        Elkarrendako propio eginik zeuden, eta lastima iruditzen zitzaion horrelako huskeria batengatik haserretzea; horrela, bada, behar ez bezalako zerbait aipatu bazion, barkatzea nahi zuen; baina errua ez omen zen berea bakarrik, zeren...

        Migelek ez zuen bere lekuan egoten jakin, eta solas egin beharra zuten berant baino lehen. Ez zuen etsi nahi, eta beregana bueltatuko zela hitz emateko erregutu zion.

        Ez zion deus agindu.

        Bazekien okerra berea zela, eta erremediorik gabeko kaikuaren moduan jokatu zuela aitortu behar izan zion. Okerrak oker, moztu beharra zeukan, zeren...

        Ainhoaren deia galduko balu deskuiduz, ez lioke bere buruari sekula barkatuko.

        Etxerako bidaia antolatzen ari zela eman behar izan zion jakitera noizbait, eta agur egiteko hitzordua paratzeko denborarik eman gabe, telefonoa pittin bat urrundu, eta ...Alo, alo..., ¿Aleida?, ...Operadora... eta antzeko plantak egin zituen, etenaren erantzukizuna Kubako telekomunikabideen gain uzteko.

        Aleidarengana berriro hurbiltzeko aukera erabat baztertzen ez zuen arren, atseden hartu zuen bere bakardadera itzuli zelarik. Isiltasunak sosegatzen lagundu zion, baina zerbait faltetsi zuen giroan eta, ahalegin txipi baten ondoren, Morriconeren zintarekin oroitu zen; ez zuen entzuten eta harritzekoa iruditzen zitzaion, zeren...

        Ziur zegoen botonari sakatu ziola.

        Tira, akaso ez zion behar bertzeko bolumena eman; beraz, gibelera bildu eta entzuteko moduan paratu zuen. Ainhoari eskaini nahi zion piezaren bila zebilela, ordea, telefonoak jo zuen berriz, eta zintzilik geratu zen airean.

        Aleida izaten ahal zen deia berreskuratzeko asmotan, eta aparatuari begiratu zion arduraz beterik, zeren...

        Txutxu-mutxutan segitzeko batere gogorik ez zeukan, baina Ainhoa ere egoten ahal zen bertze aldean zain.

        Buru eman behar izan zion arriskuari, entzunik zeuzkan dagoeneko hiruzpalau seinale eta, bizkor ibili ezean, ez zuen bere kezka gainetik kentzerik izanen.

        — Operadora... —aditu zuen—, conferensia internasional.

        Ainhoa zen.

        — ¿Cómo le fue? —erran zion sarrera gisa.

        Egunak ziztu bizian zihoazen, eta bere bizimoduari buruz galdetu ondoren, elkarrekin adostutako afaria oroitarazi zion, baina sekulako dirutza ordaindu behar izan omen zuen iragan eguneko konferentziarengatik eta, ezer baino lehen, urtemugari buruzko betebeharrak lotu nahi zituen.

        — Izan haiz Virgiliorekin? Ba al zagok inor Iruñerako prest?

        Ez zegoen laburbiltzen samurra. Makalaren tantoarekin edo Munduko Txapelketarekin hastea zuen akaso egokiena, baina korapilo errazenetik hasi behar izaten omen da nahaspila errebesenak askatzen, eta, berri itsusiak atzendurik, albiste onak kontatu zizkion lehenik.

        — Che Guevararen errelojua zaukanat igortzeko prest; eta pipa eta bloka —eta Casa de las Américas erakundean eskuratutako materialaz ere aritu zitzaion.

        Irrikan zegoen txapelarena kontatzeko, baina berarendako gorde zuen, gorde beharreko zerbait iruditzen baitzitzaion eta, Maria Josefak erran ohi zuen bezala, edozein eltzek bazituen bi belarri.

        Urtemugaren helburuak oroitarazi nahi zizkion Ainhoak, zeren...

        Gero eta jende gazte gehiagok Cheren elastikoa omen zeraman soinean, eta nor izan zen jakiteko eskubide osoa zeukaten, haren argi-itzalak barne. Itxurarik gabeko kontsumoaren erpeetan jausi baino lehen, agerian behar zuen mezuak eta, asmoaren adibide gisa, pasarte bat irakurri nahi zion jardunaldiak iragartzeko inprimatu zuten liburuxkatik.

        Agintearen eta protokoloaren aurka deliberaturik, elkartasun internazionalistaren alde noranahi joateko prest, duintasuna erakutsi zuen nonahi eta predikatzen zuena betetzen saiatu zen.

        Ainhoak ez zion tarterik uzten deus errateko, eta solaskideak ez zizkion oraino erdiak bertzerik jakitera eman.

        — Azken aldian Ernesto Che Guevararen irudia erabiltzen ari dituk, ausarki, publizitatea egiteko. Italiako ordulari baten esferan, Erresuma Batuan saltzen dituzten kirol-oinetako garesti batzuetan... Alemaniako garagardo bati ere bere izena eman ziotek!

        Aireztailuari begira zegoen Migel eta, beharrik, prest utzitako zinta etorri zitzaion burura. Ustekabeko deia medio, ez zuen Ave Maria bere lekuan paratzeko denborarik izan; beraz, pixko batean bueltaka utzi eta telefonoa belarritik kendu gabe, play zanpatu eta bolumena igo zuen poliki-poliki. Ez zitzaion nahi zuen pieza atera, baina sobera falta ez zuenez, bere hartan utzi zuen.

        — Ikurraren esanahia bera ere ulertu ezinean zabilek gazte jendea —eta, noski, liburuko bertze pasarte bat irakurri zion Ainhoak—: Elastiko batean margoturik edo paretan itsatsitako karteletan zain, mamirik gabeko ikurra bihurtzeko zorian ematen du, Coca-Cola edo antzeko logotiporen bat balitz bezala.

        Albiste pertsonalagoak jakin nahi zituen Migelek, baina Ainhoak itzuri egin zion berehala, eta bere etxebizitzaren berri ekarri zuen solasera.

        — Ez daukak larritu beharrik; Sanferminetako akuraren diruak jaso berriak ditiat, eta datorren hilabeterako beste eskari bat egin zidatek.

        Asteburuan berean nazioarteko biltzar bat eginen omen zuten hirian, goi-mailakoa zeharo eta, bidaiarena kitatzeko ez ezik, sos hondarra bilduko zuen Antilletan denbora puska bat luzatzeko.

        — Esker mila, baina...

        — Ongi antolatua diagu dena. Ekitaldia zabaltzeko, eskuinean makila eta ezkerra gerrian, martxan sartuko dituk partaide guziak jende artera Xüberüako Pastoralaren konpasean. Erdi aldera, argi guziak itzali eta komandantearen hitzaldi batetik bereizitako atala emango diagu bozgorailuetatik. Azkenik, agur gisa, Aprendimos a quererte joko ditek dultzainek, dozena pare batek bai behintzat, Nafarroa osoan entzuteko moduan.

        Gaupasen galdea egin zion Migelek pasadizoan bezala, baina batere graziarik egin ez zion distantzia susmagarriaren gibelean ezkutatu zitzaion Ainhoa, zeren...

        — Nekatuta nagok —bertzerik ez zion erran—, baina tira... amaitu dituk jaiak behingoz.

        Itxurak alde batera utzi eta Faltetsi haunat errateko zorian zegoelarik, luzaroan mutu egondako grabagailua, Migelek espero zuen musika eman ordez, solasean hasi zen halako batean, eta itsasoaren alderik alde hedatu zituen Aleidaren ausarkeria arriskugarriak:

        — No puedo más vivir sin ti, Miguelsito mío.

        Ahalik lasterren bolumena jaitsi beharrean, ozenago paratu zuen nahi gabe, eta behar ez zituen gauzak entzuteko aukera eman zion Ainhoari.

        — Ume moko heldugabe hutsa! —deitu zion —, nahiago nikek itzuliko ez bahintz. Eulia sekula akabatu ez duenaren plantak egiten dituk, baina ez nauk hain erraz engainatuko. Erru osoa nirea duk, mukizu batekin horrelako konfiantza izateagatik.

        Ez zion Guevararen txapelarena aipatzeko astirik eman.

        Egoera samurtzeko balio izaten ahal zuen, baina hots eten batzuk bertzerik ez zitzaizkion heldu telefonoaren harian barna. Istant bat galdu gabe bueltan deitzea otu zitzaion Migeli, baina Ainhoak aitzakia gisa hartuko zuen ziurrenik; beraz, amore eman, eta denbora joaten uztea izanen zen egokiena.

        Adi ibili izan banintz pentsatu zuen atsekabez Migelekgauzak oro bere lekuan paratu eta harmonia nagusituko zen bazter guzietan, elkarren arteko loturak eutsi eginen zion bizitzaren egitura osoari, eta izaki guziek bedeinkatuko zituzten horrelako harreman zoragarriak.

        Arras bakan gertatu ohi zen, tamalez, hainbateko txiripa kosmikorik lurraren gainean, zeren...

        Guziz desorekaturik zegoen unibertsoa, mundua bera bezala, eta Ainhoa eta bere artekoa izaten ahal zen argibide erabakigarriena. Ezinago zen trakets, bazekien, baina halabeharrak ere bazuen erru miko bat.

        Etsirik, mila aldiz madarikatu zuen bere burua, eta ahuleziaren ardoarekin mozkortzen hasia ote zen egin zitzaion.