Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

7

 

Izerditan blai, Instituto Cubano de la Amistad con los Pueblos irakurri zuen noizbait Migelek atalburu batean eta, sartzen menturatu baino lehen, Partagas-a piztu zuen aulki batean atseden harturik. Atarian bi zutarri sendo eta balkonetan, ezker-eskuin, harriz landutako kalostra galantak zeuzkan apaingarri. Inguruko burdin hesiaren gibelean, itsaso hurbilaren hezetasunak zigorturik, zaindu gabeko lorategiaren erdian zegoen etxea. Hirugarren munduko edozein herrialderen enbaxada irudi zuen.

        Azken bafada bota, zigarro-muturra zanpatu eta eskaileretan goiti, Kubako banderaren azpitik iragan ondoren, etxe barneko itzalak irentsi zuen. Aldameneko bulegoetan zalaparta zebilen, baina harreran ez zegoen inor. Zumitzez egindako besaulkian jesarri zen zain. Handik luze samarrera, lenteak lepotik zintzilik, emazteki ilezuriduna ikusi zuen beregana zetorrela. Zutitu egin zen.

        — Tengo cita con Virgilio Montero —erran zion Migelek.

        — ¿Usted dise que se yama?

        — Miguel Salaberria.

        — Aguarde un momento.

        Ateak zuriz, paretak beixez eta lurra buztin gorriz egindako lauza karratu zabalez osaturik zegoen. Argiak piztu gabe, nahiz oraino izerditan, kanpoko lanpa baino hagitzez atseginagoa egin zitzaion bertako giroa. Egonean asperturik, zokomiran hasi zen eta, inor ez baitzen ageri, pasillo baten hondarreko leiho garaira heldu zen. Aspaldi galdutako saurioaren zangoak ziruditen hiruzpalau zuhaitz korapilatsu aurkitu zituen patio barnean isilik. Idazkaria itzuli eta topatuko ez zuen beldurrez, bere lekura hurbildu zen eta, zain zegoela, olibaz jantzitako neska gazteak egin zion kasu. Eskuan zeraman kristalezko txarroa erakutsi eta ¿Juguito de toronha? eskaini zion abegiz.

        Azken tanta akitu arte edan zuen. Ordu erdi zain egon ondoren, bere enkarguarekin ahantzi ote ziren hasi zen pentsatzen. Urduri, bueltaka zebilela, harrera egin zion emaztekia atzeman zuen manpara baten gibelean telefonoz solasten. Urrun samar zegoen, baina begira ari zitzaion lenteen gainetik. Aurki deituko ziola irudi zuen; beraz, ordezkariari, hau da, Ainhoaren lagunari zer erran behar zion saiatu zen oroitzen.

        — No se encuentra, compañero —erran zion emaztekiak bihotzez sentituko balu bezala.

        — He cruzado el Atlántico —mintzatu zitzaion larritasun faltsu baten gibelean babesturik— sólo para estar con él.

        — Lástima, en este momento no se encuentra en la casa, pero si usted acude a eso de las dos, es probable que pueda resibirlo.

        Ez zuen halako parada huts egiten ahal eta, azalduko zela agindu eta gero, karrikara irten zen kolore pixko bat hartzera. Aldapa koxkorra jaitsi eta bazterretako itzal apurrak probestuz, pasieran ibili zen dortoka baino mantsoago. Noizbait, Coppelia izeneko izozkitegi bat azaldu zitzaion bidera, eta ez zuen zalantza egin. Agerian antolatutako esparru lasaia zen; harrizko mahai biribila zegoen, hutsik, palmondo baten azpian. Izeberg tamainako izozkiak ikusi zituen aldameneko mahaietan, baina bazekien ez ziotela egarririk kenduko eta, zerrenda irakurtzeko tentazioan jausi gabe, juguito eskatu zuen deshidratatu baino lehen. Berehala hustu zuen ontzia eta, ez aspertzeko, aulkian norbaitek ahantzitako Granma hartu zuen esku artean.

        «Tregua en Bosnia».

        Uztailaren 26ari buruzko artikulu luze bat ere bazetorren erdiko orrialdeetan, baina irakurtzen hasi orduko Ainhoarekin oroitu zen, eta bertze baterako utzi behar izan zuen. Iruñetik lekutu aitzin, Faltetsiko haut hura izan zen bere azken enbidoa elkarrekin gosaldu zuten egunean; ez zen, agi denez, gezurretan ari, zeren...

        Telefonoz deitu ziolarik, Faltesten haut erran zion berriz ere, eta Ainhoak ez zuen sekula deus aditzera ematen intentziorik gabe.

        Obsesioaren familian sailkaturik zeukan Migelek amodioa. Neurriz kanpoko atxikipenarekin loturik zegoen bere ustean, baina, zorionez, eritasun iragankorra iruditzen zitzaion. Orratza ildoan trabatu zaion diskoaren gaitz bera harrapatzen zuen amoros gaixoak, eta gero eta sakonagoa bihurtzen zitzaion tamalez zuloa. Ezezkoaren aitzinean, gainera, larritzeko joera hartzen zuen eta, denborarekin izan ezik, ez zen sendatzen ahal, zeren...

        Maiteminduak bere bihotz atsekabetua zirikatzeko ohitura hartzen zuen mingainak kaltetutako hagina bezala; zenbat eta gehiago ukitu hainbat eta handiagoa bihurtzen zitzaion malenkonia.

        Ez zeukan intentzio makurrik, eta ez zen inolaz errudun sentitzen, baina beharbada zuhaitzera igotzen lagundu eta eskailera erretiratu zion nahi gabe. Arkatzarekin idatzitako pasarte errebesa ogi-mamiarekin ezabatzen ahal zen bezala, bere burua anestesiatzeko eskatzen ari zitzaion akaso eta bere lagunak, ziur aski, nahiago zuen erromantizismoaren garretan erre.

        Aldatu gabe irauten ahal zuen gauza bakarra aldaketa bera zela uste zuen Migelek, eta ez zuen bihotz-aldizkarietan agertzeko gogo handirik. Ez zuen korapilo errebesetan endredatu nahi, baina egia zor dio nork bere buruari, eta Ainhoak desio zuela jakiteak plazer ematen zion; nabarmen. Alderdi horri buruz ez zeukan zalantzarik, baina hondarrik gabeko itsasoan ari zen murgiltzen, eta egun hartarako aski zuela deliberatu zuen, bertzeak bertze, hitzordua zeukalako laster Virgilio izeneko batekin.

        Tenoreko zebilen xahutzeko denborarik geratzen ez bazitzaion ere; beraz, zorrak kitatu eta etorritako bidetik abiatu zen begiak itsutzen zizkion eguzki gupidagabetik ihesi. Aldapan goiti jo zuen bazter ezezagunetatik, eta galdurik zegoela aitortu behar izan zion bere buruari. Oinezko batengana hurbildu zen eta etxe dotore bat erakutsi zion espaloiaren bertze aldean. Instituto Cubano de la Amistad con los Pueblos irakurri zuen bigarren aldiz Kubako banderaren gainean eta, errelojuari erreparatu ziolarik, hamar bat minutu berant zebilela konturatu zen.

        Atean agertu bezain fite, harrerako emazteki ilezuriduna etorri zitzaion bila. Pasilloan barna eraman zuen. Ordezkari batendako bulegoa baino gehiago, bilerak egiteko aretoa ematen zuen: egur iluneko mahai luze bat erdian eta kadirak, dozena bat, bazterraren kontra paraturik. Aspaldian pintatutako paretak izanagatik, xarma berezia zerion izpilikuaren koloreari, eta behialako urre arrea zuten oraino lurreko lauzek. Ispilutzar bat ere bazegoen zintzilik eta, ezker-eskuin, Marx eta Engelsen posterrak. Atearen kirrinka entzun zuen. Bi gizonezko ikusi zituen, gazteena begi-urdin eta bertzea beltzarana, ispiluan. Elkarrengana bildu eta eskua eman ondoren, ordezkariak hartu zuen hitza.

        — Virgilio Montero —erran zuen—, y acá, Julio Santamaría, secretario segundo de la organisasión del Instituto.

        Ilea motz eta bibotea beltz, berrogei bat urte, aginduak ematen ohitutako gizona irudi zuen Virgiliok, eta bere lagunari —guayabera soinean; guajiroa, ziur aski— asmoak abian paratzeko ardura zegokiola ematen zuen.

        Kargu eta erantzukizunen garrantzia nabarmentzeko beharbada, institutuaren ordezkariak hartu zuen bere gain Migelen aurkezpena egiteko ardura eta ohorea.

        Auskalo zer erran ote zion Ainhoak berari buruz, zeren...

        — Miguel Salaberria, ¿dihe bien? —galdetu zion—; abnegado internasionalista y jefe de la comisión organisadora de los actos de homenahe al insigne comandante Ernesto Che Guevara en la histórica siudad de Pamplona.

        Bere itzalaren azpian ezkutatzeko gogoa egin zitzaion Migeli. Elkarrizketa behar baino gehiago luza ez zedin, ekimenaren alderdi orokorrak bazter utzi eta jaso berri zituen datu adierazgarri batzuk eman nahi zizkion jakitera, bertze batzuen artean, ia astebeteko presentzia ziurtaturik zeukatela egunkari eta irrati nagusietan, eta pare bat telebista prest zeudela urtemugari buruzko bizpahiru albiste emateko.

        — ¡De pinga! —iruditu zitzaion.

        Oraino erabat lotu gabe zeudela, baina dozena bat hitzaldi kalkulatzen zituztela herriz herri —mugaren hegoaldean— eta mahai-inguru bat Iruñean berean. Gainera, jardunaldiei errematea emateko, aspaldiko jaialdirik hoberena ari ziren antolatzen eta, gauzak nahi bezala joanen balira, sei mila lagun espero zituzten.

        — ¡Retranca! —erran zuen Juliok miraz beterik.

        Ainhoaren bidez jakinaren gainean egonen ziren orduko, baina, ustekabekorik gertatu ezean, bi kilo garbi biltzen ahal zituzten edo, beharbada, gehiago. Une hartan oroitzen ez zuen ospitale baten eskuetan uzteko asmotan zebiltzan. Gobernuz kanpoko erakunde baten bitartez igorriko zuten sos guzia, eta gero Institutuak hartuko zuen ardura. Ahalik lasterren eman nahi zituzten kontuak argitara, eta urtemugari buruzko dosierra agindu zien gabonetarako.

        — ¡Fantástico! —atera zitzaion Virgiliori bihotzetik.

        Laguntza bila ere bazetorrela eman zien jakitera Migelek. Ernesto Che Guevarari buruzko erakusketa xumea zabaldu nahi zuten Iruñean eta horretarako, argazkiak, oroigarriren bat —Arsenioren txapelarekin oroitu zen erremediorik gabe—, posterrak, bideoak, liburuak, egunkariak... behar zituzten haren bizitzaren lekuko. Era berean, adiskide, senide edo gerrillari ohiren baten presentzia beharrezkoa iruditzen zitzaien —hegaldia batzorde antolatzailearen kontura— mahai-inguruan parte hartzeko. Azkenik, nahiz eta jaialdirako partaiderik falta ez, kantariren bat —ez zen Carlos Pueblaren izena aipatzen menturatu— eraman nahi zuten Aprendimos a quererte, bertzerik ez bazen ere, bertako jendeari oroitarazteko.

        Egun batzuk behar izanen zituen Virgiliok, baina erantzun bat agindu zion hurrengo asterako. Ba omen zeukan lagun bat La Casa de las Américas izeneko erakundean, eta ez zuen eragozpenik ikusten hitzordu bat adosteko. Ikus-entzunezko materiala bertan eskuratzen ahal zuen, baina komandantearen inguruko jendearena eta kantariarena ez zegoen bere esku bakarrik, eta ez zion hitzik ematen ahal. Horrela, bada, elkartasun guzia eskaini ondoren, hoteleko telefonoa eskatu zion harremanak gordetzeko.

        — El asunto promete —erran zion Virgiliok asmoetan kide—. ¿Un juguito de toronha?

        Ezetz ihardetsi zion Migelek.

        — ¿De piña?

        Txarro bete edanen luke, baina bilera akitzeko irrikan zegoen.

        — Entonses... —erran zuen xake-mate ematen duenaren ziurtasunarekin— ...un ronsito.

        Ezker gaiztokoa iruditu zitzaion hirugarren ukazioa, eta samuraiak ere batzuetan amore eman beharra izaten duela deliberatu zuen. Ispiluaren azpiko armairu koxkor batean gorderik zegoen botila eta, bere lagunak arazo txipiren bat baitzuen urdailean, bi baso bertzerik ez zituen ekarri. Etiketa beltzeko bucanero onduak unearen garrantzia gogorarazi zion Migeli, baina atea jo zuten giroan laketzen hasi berritan. Elastiko zuria eta lenteak zintzilik zeramatzan emaztekiaren burua agertu zen egindako tartean, eta bilera amaitu behar izan zuten. Ordezkari nagusiak dei bat zeukan telefonoan zain, eta bigarrenak egin zion ateraino lagun.

        Institutura heldu zelarik, korapilo bat zekarren zilkoaren bertze aldean, baina bitartekaritza lanak bete ondoren, harro zegoen. Olibaz jantzitako neska azaldu zitzaion berriz ere bidera. Ez zekarren toronha zukurik, baizik eta Moncadako kuartelaren aurka egindako erasoari buruzko liburuxka sorta. Ale bat eman zion Migeli pasadizoan eta, atariko eskailerak jaitsi baino lehen, bortzekoa eskaini zion Juliok esker onez.

        Erakundea gibelean utzi zuelarik, inguruari erreparatu zion arretaz. Ez zuen baztertzen berriz etorri behar izatea. Urrunean geltoki bat atzeman zuen eta, zorionez, bere hotelera zeraman ibilbidearen zenbakia ageri zen seinalearen goiburuan. Ainhoak edozein unetan deituko ziola pentsatu zuen autobusean zihoala. Eskuinean, Maine guda-ontzia hondoratu zuen kanoitzarra ikusi zuen Riviera hotelaren aitzinean eta, ezkerrean, antxetak zebiltzan itsasoko uhin harro apartsuen gaindi jitoan. Agindutako lanak, beharrik, bide onetik zihoazen, baina bertzelakoa zen bere kezka, zeren...

        Ez ote zen ari hurrengo berpizkunderako sobera puntu biltzen?