Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

4

 

Bogada egitea deliberatu zuen hoteletik irten aitzin, metatzen ari baitzitzaion arropa zikina. Maindireak aldatzera etorri zitzaion neskameak azaldu zionez, garbiketa zerbitzua ere eskaintzen zuten hotelean, baina ez zuen ustekabekorik hartu nahi kontua ordaintzeko tenorean; beraz, xaboi-hautsa erosi zuen supermerkatuan eta, bainu-ontzia erdiraino urez bete ondoren, izerdia bertzerik ez zuten puskak utzi zituen beratzen. Eskuak idortzen ari zelarik telefonoaren txirrinak jo zuen eta, bidean presaka, nor izaten ahal zen galdetu zion bere buruari.

        — Operadora —erran zion ahots batek—. Preguntaron por usted. Lo volverán a yamar en dies minutos.

        Alberto Joseren deia izatea iruditu zitzaion gertagarriena. Pisuaren berri emateko, unibertsitateko lagunarekin hitzordua egiteko edo ikastaroari buruzko zerbait kontatzeko egiten ahal zion dei.

        Eta bertzenaz, Newton...?

        Arropa ikuzi, xukatu eta idortzen uzteko astia ere izan zuen eta, halako batean, telefonoak jo zuen berriz ere. Operadora entzun zuen bigarren aldiz. Ahoa zabaltzeko astirik gabe, oihartzun baten zurrunbiloan galdu zuen lotura. Aberiaren baten susmoa egin zitzaion, baina geroago conferensia internasional erran zuen bertze mundu batekoa ematen zuen ahotsak.

        — Aspaldiko!

        Zimiko bat sentitu zuen zilkoaren bertze aldean, zeren...

        Ainhoa zen.

        Ez zuen haren deirik espero.

        Iruñetik lekutu baino lehen La Vienesan egindako gosaria etorri zitzaion gogora. Ez zuen ahantzia goiz hartan kafesnean paratu zion amua, eta deus harrapatu ote zuen jakiteko deitzen zuela ere egin zitzaion. Ez zuen asmatu, fabore bat eskatu nahi baitzion, eta ba omen zekien ez ziola hutsik eginen.

        — Aurki beteko dituk hogeita bost urte Ernesto Che Guevara hil zutela Bolivian, eta jardunaldi batzuk antolatzen gabiltzak urtemuga behar bezala oroitzeko.

        Instituto Cubano para la Amistad con los Pueblos izeneko erakundearekin zebiltzan harremanetan. Atzerriko arazoak eramateko ordezkari egoki bat behar zuten; Habanan nor ibiliko eta Migel.

        — Aparteko ahaleginik eskatzen ez duten huskeria batzuk...

        Ainhoak ez zion La Vienesako hartan sortutako katramilaz fitsik aipatu. Lepoa jokatzen ahal zuen plantak egiten ari zela. Ez zion minik eman nahi, baina desioa zapuzteko ez zegoen, Migelen ustez, malenkonia baino erremedio eragingarriagorik. Inoiz irakurritako idazle batek ahuleziaren ardoarekin harrapatutako mozkorra deitzen zion, eta urteak behar omen ziren, batzuetan, biharamunetik ateratzeko; horrela, bada, ez zion esperantza faltsurik sorraraziko eta, errukian jausi gabe, Iruñeko ekimena jaso zuen hesi gisa tartean, berant baino lehen.

        Ainhoaren erantzuna entzun artean, eliza giroko ahaire ederra entzun zuen telefonoaren bertze aldean, Ave Maria hunkigarri bat, aparta, haurrek osatutako koroak kantatua. The Mission filmaren banda musikala behar zuen izan, eta oihanetik erregidorearen gotorrera eramandako ume guaraniak etorri zitzaizkion burura. Ustekabean egiten zion musikak eraso batzuetan, eta bakarlariaren ahotsa —bere jatorri basatia nabari— punturik gorenean hausteko zorian zegoelarik, zirrara sentitu zuen Migelek.

        — Mezatan al hago? —galdetu zion zirika.

        — Isil hadi, mesedez —erran zion Ainhoak—, oraingoz nahiago diat telebista.

        Isabel Erreginak Indietara igorritako karabelen pasadizo trebeak ari ziren ospatzen. Itsasoan galdurik, jitoan, denbora luzea eman ondoren, marinel batek, masta-burutik so, ¡tierra! ikusi omen zuen urrunean, eta eztarria lehertu arte egin zuen deiadar. Infernuaren beldurrez abiatu ziren, baina paradisua zeukaten zain; Bahametan bota zituzten aingurak lehenik eta gaur egun Kuba deitzen zaion leku batean gero. Urrerik topatu ez zutenez, aitzinera egiteko agindua eman omen zuen Colonek, irla gibelean utzirik. Urrian beteko ziren bortzetan ehun urte, eta Espainiak ez zuen gertakariaz baliatzeko parada inolaz ere bazter utzi nahi.

        — Ez ditek lotsarik —erran zion Ainhoak haserre—. Urrian hogeita bost urte Ernesto Che Guevara hil zutela Yuroko mailoetan, eta mendetan isuritako odolaz baliatzen ari dituk komandantearen oroitzapena lurperatzeko.

        Aspaldi hartan, Maria Galanta eta bertze bi karabela haiek heldu zirelarik, hiruretan hogei mila biztanle inguru omen ziren Antilletako Perlan, baina ondoren gaizkilez betetako itsasontziak arribatu ziren bata bertzearen gibeletik eta, denboraren poderioz, ez zuten indigenetan alerik bizirik utzi.

        El descubrimiento de América deitzen ziotek oraindik sarraski izugarri horri! Zerbait egin beharra zagok.

        Erakusketa bat eratzekotan zebiltzan. Iraultzaren garaiko argazki-bilduma ederra ez ezik, urtez urte metatutako zenbait poster ere hitzarturik omen zeuzkaten. Baina iruditzen zitzaien, komandantearen oroigarri pertsonalen bat eskuratu ezean eskas samar geldituko zirela, eta ez zekiten nola konpondu.

        Bazuten areto egokia ere, eta hizlari batzuk prest zeuden. Aspaldi ez bezalako mahai-ingurua osatu nahi zuten eta, jakina, Guevararen adiskide, burkide edo ahaideren batekin ari ziren ametsetan. Ospakizuna errematatzeko, jaialdia antolatzeko asmotan zebiltzan, mojito eta guzi, eta ordura arte kontsultatutako kantari eta talde gehienak baiezkoan zeuden. Baina ikur hilezkor horietako bat behar zuten kartela borobiltzeko.

        — Carlos Puebla, adibidez.

        Instituto Cubano para la Amistad con los Pueblos erakundeko arduradunari igorritako gutunaren hasmenta irakurri zion Ainhoak:

        Estimado Virgilio. Solamente unas líneas para explicarte el proyecto en el que nos hemos embarcado, y del cual tendrás seguramente conocimiento por medio de nuestro común amigo Antonio Fontán. La idea nace ante la proximidad del XXV aniversario de la muerte del Che; efeméride que queremos aprovechar para la difusión de la cultura de la solidaridad...

        Eskutitz osoa irakurri behar ote zion beldurrez zegoen Migel, baina bertze zerbait erran nahi zion Ainhoak deia eten baino lehen, zeren...

        — Ez zakiat ohartu haizen, uztailaren 26a ere gainean zagok.

        Egun egokia izanen zen kubatarren beroa Iruñean antolatzen ari ziren ekimenaren alde bideratzeko. Egutegian gorriz seinalatutako egun handia zuten. Ehun eta hogeita bi matxinok, bitan hogei urte lehenago, Moncadako kuartela jo zuten erasoan Santiagotik hurbil. Oroitzapen samineko eguna hala ere. Goarnizioko soldaduak gaupasan ibiliko zirelakoan, inauterietako igande bezpera probestu nahi zuten, baina oker atera zitzaizkien kontuak, eta hilik edo gatibu gertatu ziren gehienak.

        Inauteriak inauteri eta ospakizunak ospakizun, sanferminak zertan ziren jakin nahi zuen Migelek, eta Ainhoak gehien komeni zitzaion aldetik heldu zion gaiari, zeren...

        — Antilletan habilela jakin dutelarik, irri maltzurra erakusten zidatek.

        Ez zion ihardetsi. Mutualdi adierazgarri eta nabarmena ari zen elkarren artean hedatzen eta, bihotz-kontuetan ez jaustearren, goiz hartako entzierroa ekarri zuen solasera Migelek.

        — Oso nahasia joan duk. Hiru lagun biziki larri.

        Hortik goiti, Indurain eta bere maillot horia bertzerik ez zen ageri ostatuetako telebistetan. Karriketan gaztea ausarki ikusten omen zen Cheren elastikoa soinean zeramala, eta horrek zer pentsatua ematen zion Ainhoari. Seinale ona iruditzen zitzaion, baina auskalo; kalterako ere izaten ahal zen, egunotan ez zegoen ia deus kontsumoaren mekanismotik libre eta, azken aldian, Che Guevararen argazki ospetsuaren aitzakian sortutako eskola-karpetak, giltzak eramateko uztaiak, elastikoak eta era guzietako ikurrak saltzen ziren gero eta gehiago.

        — Beldur nauk ez ote diren jatorrizko mezuaren estalgarri bihurtu.

        Urtemugaren inguruko ekimenak arrisku horri egin nahi zion aurka eta, ordezkari-lanak egiteko informazioa behar baita, Virgiliori igorritako gutunaren bertze pasarte bat irakurri zion:

        El concierto, como podrás observar en el anexo, está concebido como una actividad independiente en el plano económico, de tal modo que los beneficios que genere serán destinados íntegramente al envío de material medico-sanitario con destino al Hospital Doña Leonora Perez de Martí en La Habana.

        Azken batean, Che bera ere medikua zen eta, Europako Ekialdearen egoera berria kontuan harturik, lagundu beharra zegoen osasunaren arloan bedere. Laboreak, haragi-latak, gantzez betetako upelak, bakailao-kaxak eta petrolioa beharrezkoak izanagatik, xiringa, benda, eta botikarik gabe ez zegoen zer eginik.

        — Erdi-prezioan eskuratuko ditiagu Osasunbidean sartutako ukondo bati esker.

        Hilean behin itsasontzi bat irteten zen Gijondik Habanara. Virgiliok bazuen harremanik joan-etorri horietan ibiltzen ziren marinel kubatarren artean; beraz, koipe pitin bat sartu behar izan zuen gutunean agur egiteko tenorean.

        Anteriores colaboraciones tuyas, la relación entrañable que te une a algunos de nosotros y tu sincero compromiso cultural y político, nos han hecho albergar esperanzas e ilusiones para contar con tu ayuda y llevar conjuntamente a buen término este proyecto solidario. Hasta siempre. Un abrazo.

        Ainhoa ez zegoen aitzakiarik irensteko prest. Ordezkari baten zain zeuden Institutuan, eta Migelen laguntzarik gabe ez zuten deus ere behar bezala kontrolatzeko modurik. Aurki deituko zion Virgiliok, eta izen bat eman beharra zeukan fulamentuzko ekimena zela sinetsiko bazuen.

        — Oporretan nagon —gaztigatu zion Migelek arduraren aitzinean abaildurik.

        Ahalik lasterren joateko erregutu zion Ainhoak, traba eta ustekabekorik ez zen falta izanen gerora.

        — Afaria biontzat Urdax-enean, nire kontu.

        Ez zuen erabateko erantzukizunik hartu nahi izan, baina saiatzeko eskatzen zion Ainhoak behin eta berriz. Ihes egiteko gogoa zeukan arren, Migel zorretan-edo sentitzen zen bereganako, eta ez zion uko egiten ahal. Ainhoaren ardurapean zegoen, gainera, Estafetako pisuaren akura, eta sosik ezean, etorritako bidetik alde egin beharko zuen Kubatik nahi baino lehen. Ez zituen bulego-lanak batere maite, eta bazekien aise aldrebestuko zitzaizkiola gauzak.

        Salsa dantzatzen erakutsi al zioten, gauez maiz irteten al zen, emaztekiak uste bezain ederrak iruditu al zitzaizkion jakin nahi zuenez Ainhoak, giroa samurtu aitzin, zin egin behar izan zion bere esku zegoen guzia eginen zuela.

        Irratiaren uhinetan bila dabilenak eragindako zarataren antzeko zerbait sartu zen, berriz ere, Ainhoaren eta bere artean gero eta ozenago. Ez zen batere harritu, zenbat denbora eman ote zuten solasean? Urtemugaren batzorde antolatzaileak hainbateko sos-meta ordaindu behar izanen zuen telefonoarengatik, baina, tira, bazuten ordezkaria Habanan. Istant bat iraun zuen Migelek harremana berreskuratzen ote zuen, baina alferretan egon zen zain. Amore emateko zorian, hala ere, espero gabeko aitorpen bat salbatu zuen isiltasunaren isurbidean beheiti galtzen ari zen zurrunbilotik.

        — Faltesten haut, Migel. Ez dakik zenbat!

        Elkarrekin gosaldu zuten egun hartako tirrinte bera egin zitzaion berriz ere, eta eskerrak eman zituen Ozeano Atlantikoa tartean zutelako. Ohi ez bezalako adiskidetasuna zegoen bien artean, eta Migelek ez zuen arriskuan paratu nahi. Aski zen gatz ale bat sua bizitzeko, ez zen maite-minaren lakioaz sobera fio; errukia eta nahigabea eragiten ahal zituen aldi berean eta, aspaldiko konfiantza pitzatzen hasi aitzin, gauzak bere lekuan uzten saiatu zen, zeren...

        «Egoera berria dun biondako —erran zion La Vienesan— eta ohitu beharra zaukanagu».

        Minimo komun multiploa atzendurik, maximo komun dibisorea gorde behar zutela adierazi nahi zion Migelek, baina Ainhoa ez zegoen horrelakorik konprenitzeko prest. Egoera berriarena aipatu ziolarik, Iruñetik kanpo eman asmo zuen parentesiari buruz ari zela ulertuko zuen, ziur aski, eta Migeli behar bezain garbi azaldu ez izanaren kezka geratu zitzaion. Erru pixko bat aitortu behar izan zion bere buruari, baina debaldetan ziren damuak, eta telefonoak jo baino lehen bogada egiten ari zela oroitu zen.

        Eguzkitako lenteak paratu, oinetakoak jantzi eta balkonera jalgi zen ausart. Berehala idortu ziren arropak, eta pilo batean eraman zituen ohantzera. Idor ez ezik zurrun ere bazeuden, tente paratzen ahal ziren solairuaren gainean sanferminetako errege-erregina erraldoien gisa. Armairuan egokitzeko banan-banan azpildu eta, lanak akiturik, zumitzezko besaulkian jesarri zen goizak emandakoa hausnartu eta kontuak ateratzeko.

        Ez zuen batere gogorik harreman diplomatikoetan endredatzeko, baina saiatuko zela erran zionez, ardura lepotik kentzea komeni zitzaion, hainbat hobe zenbat eta lasterren. Azken batean, onerako ere gertatzen ahal zen, bere egoera legalaren etorkizun hurbila konpondu gabe zeukan oraino eta ez zen Alberto Joseren azpilanekin osoro fidatzen. Bizpahiru egun hartuko zituen indarrak biltzeko eta, gero, Ainhoak aipatutako institutura hurbilduko zela deliberatu zuen. Ezaguerak egitea komeni zitzaion zer gerta ere, eta aukera ezin aproposagoa zeukan eskumenean. Zorionak eman zizkion bere buruari eta hozkailutik bitter bat atera zuen ustekabea behar bezala ospatzeko.