Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

13

 

Iratzarri zelarik Aleida ez zegoen bere ondoan. Baina haren usaina zerion oraino maindireari. Argia, nabalaren ahoa irudi, leiho-ordearen zirrituetatik ari zen sartzen. Ohantzetik jaiki, galtzetako sakelatik Partagas paketea atera eta zigarroa piztu zuen. Irrati zurrumurrua zetorkion etxeko bazterren batetik eta, barrandan, sukaldera hurbildu zen: bertan zeukan, mandarra soinean, biluzik. Atean begira gelditua zitzaiola jakinagatik, Aleida ez zen itzuli; beraz, gerturatu eta burua lepoan pausatu ondoren, gerritik heldu zion. Oinetakorik gabe, baldosaren gainean epel, izerdiaren berniza zeraman larruazalean itsatsirik. Apal bati beha, zerbaiten bila zebilen erizaina. Tentazioari eutsi ezinik, gibelean zeraman xiristiloa laxatzen saiatu zen, baina ez zion utzi.

        Juguito de toronha eta sendos puchitos de café paratu zituen mahaian. Aulkian jesarri eta sosegatu bitartean, Migeli jakin-mina ari zitzaion zirika, eta bezperan erabili zuen trikimailuaren berri galdetu zion.

        Zeruak eta lurrak nahasi zituen egia erran baino lehen: Ogun eta Changoren itzalak luzeak zirela alegia, eta yoruba batek ez zituela aspaldiko sekretuak argitara ematen ahal. Isilpean gorde beharreko kontuak omen ziren, itsasoa irauli eta eguzkia itzaltzeko arriskua zegoela bertzenaz. Migelek ez zuen etsi, eta Aleidak bere tranpi koxkorrak aitortu behar izan zizkion noizbait ere.

        Oilasko bat akabatu eta odola edanaraziko ziola pentsatu bazuen ere Migelek, armairu baten atea irekitzeko eskatu zion lehenik eta behin. Arropaz beterik zegoen, eta sonbrero batzuk ere bazeuzkan. Te koloreko pamela zabala ekartzeko agindu zion. Azpian zer zegoen miatu eta txartel bat kausitu zuen, lelo bat zekarrena letra larritan idatzirik. Eskua luzatu zuen Aleidak, eta ez zion irakurtzen utzi.

        Pongamos que son carmelitas.

        Portzelanazko hautsontzi handi bat zegoen mahai txipian, eta azpiko oharrean Se me hase que son canela iragartzen zuen. Horma gainean zintzilik zeukan Ama Birjina beltzaren irudiaren gibelean Como que fueran verde cotorra paratzen zuen. Apalean liburu bat bereizi eta bere lekutik atera zuelarik, bertze mezu bat topatu zuen orrien artean gorderik: Asul turqui. Azkena bere mandarraren poltsikoan sarturik zeukan, eta ¡Color salmón, sin duda! erran zion belarrira.

        Adar jotzearen aitzinean bere burua defendatzeko eskubidea probestu behar zuen eta, bi aldiz pentsatu gabe, mandarraren xiristiloa askatu zion gupidarik gabe. Etxean barna ibili zen ihesi, deabruak jarraituko balio bezala, eta Migel, nora jo ez zekiela, gelaz gela eta bazterrik bazter saiatu zen bila. Hatsa kexu, ate baten gibelean ezkutaturik aurkitu zuen azkenean eta, irriak hasperen, besaulki zahar baten gainean, iragan gauean ohantzean bezala, Sándalo, sándalo seleste erraten zuen gailurraren zorabio gozoan, eta hutsa falta izan zitzaion Migeli irrintzika hasteko.

        Atseden hartu bitartean, Aleidaren erran misteriotsua entzuten zuen behin eta berriz bere baitan; hortaz, indarrak bildu eta herabetasuna atzendurik, galdetu egin behar ziola deliberatu zuen; baina ahoa zabaldu aitzin kendu zion hitza: lente berriak zertan ziren jakin nahi zuen. Arseniok ez zion egun zehatzik eman; iragan astean hartu zizkion neurriak, eta laster ikusiko zuten berriz elkar. Irrikan zegoela erran zion Aleidak, eta Migelek, oharkabean, ordezko parea erantzi eta lurretik galtzak eskuratu ondoren, zapi zuria atera zuen sakelatik kristalak garbitzeko.

        Etxetik alde egin eta bere bakardadea atseden hartzera eramateko beharra zeukala deliberatu zuen Migelek. Bainugelan sartu eta dutxatu egin zen lasai. Auskalo zenbat denbora eman ote zuen, baina ordu laurdena baino gutxiago ez, irratia pizturik zegoen eta ¡Ojalá!, Mamá yo quiero saber, Aprendimos a quererte, Pintor que pintas iglesias eta Yolanda aditu ahal izan zituen zaparradaren azpian. Orraztu eta kanpora irtendakoan, besaulkian jarraitzen zuen Aleidak; kontu berezi bat erran nahi zion aspaldiko partez, zeren...

        — Miguelsito, es presiso que tú me ayudes un poquito nada más.

        — ¿De que se trata? —galdetu zion Asturiasen jaiotako arbasoa ahantzi gabe.

        — Anteayer estuve en los almasenes del Hotel La Habana Libre... y resién salió nueva promosión de grabadoras.

        — ¿Y ésa de ahí? —aitzineratu zuen hatza galtzontziloen kolorea asmatzen zekien aparatua erakusteko.

        — Es trisentenaria, y susede que dispongo de algunos dólares.

        Errukia egin zitzaion bere buruarenganako Migeli, eta isatsa zangartean gorderik, bizpahiru kolpe eman zituen bihotzari dagokion parean damuaren ikusgarri. Zer erraten ahal zion kontsumo porrokatuaren zorabioaren erdian bizi zen europar txoriflauta batek Habanako alaba bati, behar zuen eta behar ez zuenari buruz?

        Deus ez.

        Hortaz, laguntza eskaini zion edozertarako; dolarrak gobernatzen zituen merkatu beltzak, eta bertako jendeak ez zuen atzerritarrendako dendetan erosteko baimenik. Aspaldi omen zebilen horrelako aukera baten zain, eta berehala joan nahi zuen. Migelek ez zekien ezetzik erraten, eta alde batera utzi zituen bere bakardadearen gutiziak.

        Egoera soseguz hartzen saiatu zen, zein gizonek ez daki zenbat denbora ematen duen emaztekiak apaintzeko lanetan? Denbora-pasa, lur gaineko baldosak zenbatu zituen lehenik, eta esparruaren metro koadroak kalkulatzen ere entretenitu zen. Iragan eguneko maskorrak hartu zituen gero apaletik, baina burua jiratu zuelarik gelaren erdian zegoen Aleida. Artoaren koloreko soinekoa gainean, takon luzeko zapata zuriak oinetan eta irria ezpainetan, itzuli oso bat egin zuen bere ardatzean.

        Karrikara irten zirelarik, itsasotik zetorren haize susmagarria zebilen balkonetan zintzilikaturik zegoen arroparekin jolasten, eta erratz ikusezinak eragiten zituen zirimola txipiak atzematen ziren lurraren gainean. Ateri egonagatik ohi ez bezalako hezetasuna zegoen giroan. Antxetak ihesi eta hodeiak gibeletik, ematen zuen une batetik bertzera lehertu behar zuela eguraldiak. Eta halako batean oinaztura zital batek pitzatu zuen zerua. Hainbateko ortotsak entzun ziren gero eta sarriago hodeien gaineko solairuan ozen.

        — ¡Aguasero! —erran zuen goiti begira aitona batek.

        Euri-tanta apal batzuk hasi ziren jausten, eta luze gabe suilka ari zuen. Ordu erdiren bat baino iraun ez zuen arren, pelaturik utzi zituen. Arropak pega-pega eginda, soinekoaren azpikoak agerian geratu zitzaizkion erizainari, eta Migelek elastikoa erantzi eta bihurritu egin zuen behar bezala xukatzeko.

        Hoteleko atarian sartzean, zaintzaile batek zeharka begiratu zion Aleidari. Diplomatikoaren plantak egin zituen Migelek eta, horregatik beharbada, ez zioten deus erran. Alderdi guzietatik etorritako turistak zebiltzan, trastez beterik, goiti eta beheiti edo taxiren bat noiz helduko. Esparruan barreiu, palmondoak eta landare tropikalak zeuzkaten eta, noizean behin, mezuren bat entzuten zen bozgorailuetatik. Afrikarren ereduan margotutako irudiz apaindurik zeuden hormak eta, ukondotzar baten eran, egur ilunez egindako eskailera patxadosoak ere bazituen goiko kafetegira igotzeko.

        1959ko urtarrilaren lehenengo egunean, Fulgencio Batista eta bere gizonek bi oin baino gehiagorekin jaio ez izana faltetsi izan zuten ziurrenik eta, ihes egin ondoren, gerrillariak Habanan sartu zirelarik, eskailera hartan goiti igan omen ziren Camilo Cienfuegos eta lagun bizardunak zaldietatik jaitsi gabe, zeren...

        Ipar Amerikako Hilton izeneko kateak gobernatzen zuen garai hartan hotela, eta bertan zuten ostatu etxeko jauntxo salduek eta kanpoko yanki harroek.

        Handik harat, eguzkiaren erasoak, itsasoaren kresalak eta euriaren emanak beren lana egin zuten, eta erreboluzioak —horrela azalduko zuen, beharbada, Ainhoak— jendeak bezala, gaixotasunak harrapatzen zituen noizean behin: batzuk larriak, bertze batzuk arinak; batzuetan kanpoko erasoak zirela medio, bertze batzuetan bere burua behar bezala zaintzen ez zuelako, eta kontua da, Aleidak eta Migelek arazoak izan zituztela supermerkatuan sartzeko tenorean, zeren...

        — Esa muher —gaztigatu zion, kubatarrari begiratu ere gabe, zaintzaileak itsusi— no debe permaneser en el hotel.

        Ustekabean harrapatu zuen Migel, baina ez zen kikildu, eta soinean zekarren txartela erakutsi zion, Donostiako ikastaro batean parte hartu ahal izateko egin behar izan zuena; argazkia barne, apaingarri aunitz zeuzkan, eta euskaraz idatzirik zegoen. Azpitik, gainetik eta argitan zehar aztertu zuen zaintzaileak eta, parada probesturik, eragozpenen bat baldin bazegoen, arduradunarekin kontsultatzeko gomendatu zion Migelek. Perestroikari ihes egindako aholkulari sobietikoren bat ere izaten ahal zen; beraz, bazterrak nahasteko gogorik gabe, hasperen egin eta dendan sartzeko baimena eman zion.

        Angolako soinekoak, Ipar Amerikako jeansak eta bertako kokoekin eginak ematen zuten lanparak ikusten ziren zintzilik. Antilletako dortoka disekatuak, goi-mailako rona, puru-kaxak, karramarro-lata sobietikoak eta bertze aunitz gutizia zeuden apaletan. Ordu erdiren bat eman zuen aise Aleidak bazterrak miatzen eta, urrun samarretik, hurbiltzeko keinua egin zion, zeren...

        — Acá, Miguelsito, la Pioneer que buscaba. Pero aguarda un instante, chico, ¿por qué tú no me preguntas si quiero un blumer o unos ahustadores de fantasía?

        Aspaldi hautaturik zeuzkan, doike, baina bat-batean otu izan balitzaio bezala proposatu zion xalotasun faltsuaren gibelean babesturik. Oparia, noski, Migelen samurtasunaren adierazgarritzat hartu zuen Aleidak, eta grabagailua erosteko, berriz, bere dolarrak erabili zituen.

        Erosketak bizkarrean jaso eta bertze tentazioren batean jausi baino lehen utzi zuten denda. Atariko bidean, kanabera luze eta lodikoteen artean, Arrivederchi, Roma ari zen jotzen orkestra bat. Goizari ez zitzaion gehiago eskatzen ahal, eta hoteleko gelara itzultzeko amorratzen zegoen Migel.

        Irten bezain laster, zorionez, incapturable zuri bat zegoen zain.

        Trocadero karrikara eramateko agindu zion berehala. Aldapan beheiti, ezkerretara jo zuten itsas bazterretik eta etxera igotzeko proposatu zion erizainak.

        Ez zuen nahi izan eta, erosi berria zuten trastea ateratzen lagundu eta gero, taxian jarraitu zuen.

        Erretiratzeko asmoa zeukan, baina Maleconetik hurbil, neonezko kartel bat atzeman zuen pizturik, eta azken tragoaren gutizia egin zitzaion. Eragozpenik ba ote zuen galdetu zion badaezpada gidariari. Ez zion ihardetsi, baina etxaldeari buelta osoa eman ondoren agindutako lekuan aparkatu zuen automobila.

        Espaloian, hiruzpalau pauso gibelerago, taxista ere bazetorrela ikusi zuen. Atea irekitakoan iglu bat iruditu zitzaion ostatua, bezperan bezala, eta infernua kanpoan utzirik sartu zen barnera. Elkarrekin galdu ziren ilunpetan eta, bezeroari lagun egiteko añejo bat eskatu zuen gidariak. Aspaldiko mambo bat paratu zuen norbaitek gramolan, eta itzalak dantzan hasi ziren poliki. Gidariak bere edariari begiratzen zion, eta galderaren bat egin nahi ziola igarri zion Migelek. Automobilean sartu zirenetik ez zuen ahoa ireki.

        — De modo que, España —menturatu zitzaion, zigarroa piztu eta pospoloari putz egiten ziola.

        Ez al zegoen bertzelako solasik?

        Ostatu hartan berean sortu zitzaion, bezperan, lehen aldiz galdera bera.

        Ustekabean harrapatu zuen, eta amuari heldu zion. Egundoko hitzaldia eman behar izan zion, zeini eta ezezagun bati; aski zuen iragan eguneko saioarekin, eta baiezkoa adierazi zion txoferrari buruarekin.

        — ¿Y de qué parte?

        Hiruzpalau hiribururen artean ibili zen hautatu ezinean. Stockholmeko sindromearen aldagarriren baten eraginpean beharbada, sobera planta iruditu zitzaizkion egun bakar batendako. Arreta handiagoa eskatzen omen du, gainera, gezurrak egiak baino eta, ia pentsatu gabe, De Azpilkueta sortu zitzaion zopin moduan.

        — Entonses...¿por qué usted no dise que es vasco?

        Airoso samar jalgi zen enbarazutik, zeren...

        Gauza jakina da edozein eltzek badituela bi belarri.

        Migelen azalpenaren misterioak eragin nabarmena izan zuen; begiak zimurtu zituen taxistak, bezeroaren eginkizun sekretuetara gerturatu ahal izateko. Ez zion, ordea, bertzerik galdetu eta, kontuak egin ondoren, kanporako bidea hartu zuten. Isil-isilik sartu ziren automobilean eta, Pradoko lehoiei agur egin eta Espainiako Enbaxada gibelean utzirik, hotelerantz abiatu ziren.