Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

10

 

Hoteleko harreran erositako mapa paratu zuen Migelek ohantzean zabalik, eta egin beharreko bideari jarraitu zion, arretaz, paperaren gainean. Eguzkitara irten zen aski bazekiela deliberatu zueneko, baina galdu egin zen, mundua ez baita atlas bat. Oinezkoei galdezka, kable elektrikoz ehundutako amaraunaren azpiko karriketan barna joan zitzaion denbora. Hitzordura berant ailegatzeko larritasunez, etsipenaren mugetan, zinemako eskailerak azaldu zitzaizkion.

        Bezperan hotelera deitu zion Arseniok, eta Continental zinemaren atarian elkartuko ziren aspaldiko film bat ikusteko. Aretora heldutakoan hasperen luzea sortu zitzaion Migeli, zeren...

        Doctor Zhivago irakurri zuen tituluak iragartzeko atalburuan pizturik.

        Jende aunitz zegoen orduko errenkadan; aire egokitua zeukaten eta, uztaileko lanpatik ihesi, sosen bat ordaintzen ahal zen Habanan lo kuluxkaren truke.

        Ateak irekitzen ari zen ehun kiloko morroia sarreran, baina txartelak saltzeko leihatilan ez zegoen inor. Azken bezeroaren gibelean paratu eta, halako batean, ¡Miguel! entzun zuen. Guayabera dotorea soinean, eskuarekin deika ari zitzaion Obispo karrikako alkatea. Une bat eman behar izan zuten zain, eta Cantinflasen eitea zeukan komandantearen aipamena egin zion Arseniok, zeren...

        — En un tiempo, en espesial tratándose de algún film de cowboys, era fásil coinsidir con el Che en un lugar como éste.

        Antonioni, Godard edo Bergman zalea zela erran izan balio ez zen hainbertze harrituko, baina hogeita bortz urte baziren Che hil zutela. Aspaldi hartan, ziur aski, ez zen aukera handirik egonen Habanako karteleran. Nola joaten ahal zen inor apatxeen galera eta aurpegi zurbilen garaitza behin eta berriz sufritzera? Ez zuen konprenitzen, eta Arseniori galdetzeko gogoa egin zitzaion, baina zaharrak bertze zerbait erran nahi zion.

        Aunitz urte lehenago —ortzegun batean, oroitzen zuenez— une hartan berean zeuden leku berean zegoen Arsenio zinemarako asmotan. Ez zen oroitzen zein film ematen zuten. Western bat izanen zen. Orduko, beharrik, zabalik zegoen leihatila eta ilara bazihoan aitzinera dortoka baino mantsoago. Bigarren lekura heldu zen noizbait, eta txartel-saltzailearen eta buruz buru zeukan bezeroaren arteko solasa entzun omen zuen nahi gabe. Bizartu gabeko gazte bat zegoen kristalaren bertze aldean eta, antza denez —Arseniok, artean, ez zekien zer arraiorengatik— ez zion gizon hari kobratu nahi.

        — ¿Cómo es que me regalas el pase? —erran omen zion bezeroak serio—. Porque este sinematógrafo, compañero, no es tuyo, que yo sepa.

        Zineman sartu nahi baitzuen, zer erran ez zekien mutikoaren aitzinean paratu zuen ordaina bezeroak. Aspaldiko diru hartan ez zen oraino Cheren aurpegia ageri, baina Arseniok bazekien nor zen, eta irri bat eskaini zion. Oinetakoak lotu gabe, ohi bezala, Kubako Banku Nazionalaren lehendakari zebilen komandantea garai hartan, baina ez omen zen, hala ere, diruarekin sobera fio.

        Atezainari sarrerak eman ondoren, aulki banatan jesarri eta kredituak azaltzen hasi ziren pantailan. Omar Sharif, arabiarra iduriagatik, doktorearen paperean zetorren eta Julie Christiek, sobera lirain Moskuko alaba izateko, Lara zuen izena. Ekoizlea, bertze aunitz filmetan bezala, Carlo Ponti zen, Sophia Lorenen senarra, eta zuzendaritza David Lean izeneko iparramerikarrak sinatzen zuen.

        Ezaguna egin zitzaion Migeli filmaren banda musikala eta, poliki-poliki, Antilletako zama beroa atzendurik, urki-basoetako negu gorrian galdu zen. Asto zahar baten tripa irudi zuen zeru zolak, eta elur-ale pikorrak ari ziren gainbehera atergabe jausten. Elur-malo handiagoak egin zituen ondoren eta, airean zalantzan, lurraren gainean pausatu ziren, mantso-mantso, pantaila osoa zuriz bete arte. Aldiz irin, aldiz gatza zirudien elurrak eta Yuriren urratsek, isiltasunean, felpa hauskor bat zanpatzen zutela ematen zuen. Eguraldiaren gogorrak benetakoa zirudien, baina Mosku zaharrak ez zuen kartona disimulatzen, eta ahaleginak egin behar izan zituen Migelek lo hartu gabe atzarri irauteko.

        Atsedenaldia heldu zelarik, aire egokitua etsai, hotzak zegoen Migel eta, aretotik kanpora irtendakoan, beldur zen leihoren batetik Plaza Gorria ez ote zitzaion agertuko. Arruntean ez omen zuten etenaldirik egiten, baina hiru orduko filma zen, eta ez zegoen habanarrik hainbertzeko denbora irauten ahal zuenik zangoak luzatu gabe. Aldameneko egongelan barra koxkor bat baitzegoen, vodka gabe, garagardoa eskatu zuten.

        — Usted debe conoser el libro —erran zion Arseniok.

        Ezetz ihardetsi zion eta, nahi gabe, bide egin zion solas berri bati. Etxetik urrun, Escambray aldeko bazter malkorretan hartu omen zuen nobela bat eskuetan. Aldi hartan izan zuen Boris Pasternak-en berri. Baina galdu egiten zen elurretan, eta abandonatu egin behar izan zuen liburua.

        Azken aldian, literaturari buruzko aldizkari batean, zer pentsatua eman zion artikulua kausitu zuen, eta Zhivagorengana hurbildu nahi zuen berriro oraingo begiekin hausnartzeko.

        — Italo Calvino —erran zion, sekretu bat aitortzen ari balitzaio bezala—, ¡un cabayo!

        Aitzakiarik gabeko nobela iruditzen zitzaion Zhivagorena, baina iraultzak —Kubakoak, konparazione— ez zuen etsairik falta, eta boltxebikeak zalantzan paratzen zituen bakoitzean, erresumin sor batek jaten zizkion erraiak. Italiarraren artikuluari esker, lente berriekin ikusten ahal zituen orain behialako kontu zaharrak, eta horregatik hain zuzen, luzatu zion zinemarako gonbita.

        Filma, ordea, erdia ikusi eta gero, ez zetorren idazleak aipatzen zuenarekin bat, zeren...

        — El árbol no deha ver el bosque —uste zuen Arseniok.

        Aldi bateko urri gorriak atzendurik, bitan hogei eta hemeretziko urtarrilera, Habanara, egin zuen berehala jauzi. Aginte berriak errotik aldatu omen zuen egoera, eta Kuba bere buruaren jabe bihurtu zen, baina dena zegoen eginkizun, eta politikak harrapatu zuen bizimodu osoa edo, zehatzago errateko, lana, sormena, maitasuna, giza harremanak eta bizitzaren gainerako osagarriak ez zuten zentzurik politika deitzen zaion sare horretatik kanpo, eta hori, edozein iraultzaileri, Arseniori ere, gauzarik naturalena iruditzen zitzaion garai hartan. Asmo guziak biltzen zituen motorraren antzeko zerbait bilakatu zen politika handik harat, eta bizitzaren alderdi bakoitzari, atalez atal, ez zegokion hortz bakar bat bertzerik.

        — Es decir —hartu zuen parte Migelek—, que mejor si la vida fuera el motor entero, y la política sólo un engranaje.

        — Es presiso que tú entiendas, Miguel, que cualquier avanse real es fruto de diferentes desarrollos desiguales y combinados.

        Ez zion lehenengo ahaleginean konprenitu. Baina, labur errateko, lente bat bertzerik ez omen zitzaion orduan baliagarri, hau da, politikarena; beraz, gainerako kontuak ere ez zituen kristal horretan barna baizik ikusten ahal. Alderdi bakoitzari, ordea, bere lente parea zegokion, eta aunitz ikuspuntutik ikusten ahal ziren, Arsenioren ustez, politika ez ezik, bertze alderdi guziak ere, zeren...

        Azken batean, bizitza eta politikaren arteko proportzioan zegoen koska edo, zehatz errateko, xake-taula bere osoan hartu beharra zegoen kontuan, piezarik galdu gabe.

        — Y por sierto —erran zion Arseniok—, aún espero sus espehuelos.

        Oroitarazi izan ez balio, hotelera eramanen zituen bueltan. Botikan erositakoak galtzetan zeuzkan eta, aldatu ondoren, ibili ohi zituenak eman zizkion zaharrari. Arto-irinaren koloreko guayabera lisatu berria zeraman jantzirik, eta ezkerreko sakelan gorde zituen. Migelek ez zion ahalik lasterren egiteko eskatu; keinu errebes batzuk egin zituen begiekin, bereak faltesten zituela adierazteko.

        — Un tanto ortopédicas —iritzi zion Arseniok—, teniendo en cuenta la complehidad de los acontesimientos que Pasternak relata en su novela. ¿Usted sabe qué libro acostumbraba yevar el Che en sus viahes?

        Migelek ez zekien.

        El Quihote —erran zion lehenik; eta isilune baten buruan— y La revolusión rusa de Leon Trotsky.

        Ainhoarekin bat egin izan balu bezala, komandantearen izena atera zuen berriz ere Arseniok eta, itsasoan haizea zebilela probestuz, belak jaso eta txapelaren kontua aipatzeko gogoa egin zitzaion Migeli, baina neurriz kanpoko atrebentzia iruditzen zitzaion eta, gainera, ez zuen zaharraren aitzinean ahalkegarri gelditu nahi. Eskatzen hasi baino lehen, alderdi guziak hausnartu nahi zituen poliki.

        Azken tanta edan eta, ireki gabeko botila baino isilago, Vladimir Ulianoven lurraldeetarako bidea hartu zuten.

        — Esiste un documental —azaldu zion zaharrak misterioz beterik— donde se observa al Che desendiendo de un avión proveniente de Moscú. Traho mala cara.

        Aldaketa sakona behar zuen munduak, baina aspaldiko ereduek, Kubakoa barne, onenak emanak zeuzkaten, eta krisi sakonean murgildurik zeuden. Inguruko presio gogorraz gain, askatasunaren alde erabilitako borroka-motak ere sobera baldintzatzen zuen ondoren eraiki beharreko gizartea, eta kontradikzioz beterik jaio bertze erremediorik ez zuen izaten. Egitasmoetara doi egokitu ezean, arriskugarriak gertatzen ahal omen ziren bitartekoak, zeren...

        — Los medios, además de inútiles, pueden ser desadecuados, desproporcionados, nosivos e incluso perversos, y usted mismo puede servirse los ehemplos.

        Alderdi onak ukatu gabe, txertatu gabe bezala ailegatzen ohi zen askatasuna mundu petral honetara, inperioaren etengabeko mehatxuaren aitzinean agintekeriak, hierarkiak, burokraziak eta, ondorioz, ustelkeriak sobera aise kutsatzen zuten luze baino lehen.

        Azken txirrina entzun eta, sarrerako gortina astunak hedatu bezain laster, Zhivagoren etxera sartu ziren.

        Oliba koloreko altzari lakatuak ikusten ziren inguruan. Aulkiaren bizkarra besarkaturik, ertzaren gainean burua, zaldun baten eran jesarririk zegoen Yuri, aurpegia zurbil, bakar-bakarrik. Baina David Leanek zer edo zer gehiago erakutsi nahi zion ikusleari; beraz, hiruzpalau urratsetan zeharkatu zuen doktoreak sala zabala eta, gortina gorrilun batzuk bildu ondoren, gandua kendu zion leihoko kristalari eskuarekin eta, horrela, Plaza Gorria miretsi ahal izan zuten habanarrek. Aitzinera jo zuen kamerak San Basilioren basilikak pantaila osoa bete arte, eta koloretako tipula ortodoxoak, gero eta hurbilago, fantasiazko izozkiak iruditu zitzaizkion Migeli.

        Izarren azpian, alkoholez egindako suarena zirudien urdintasuna zerion elurraren azalari eta, bazter batean, muturreko bizarrak izozturik, zaldi batzuk zeuden zain. Ondoren, tren luzea agertu zen txistuka, eta otsargian, dagoeneko gauez, argitasun gorri batzuk atzematen ahal ziren noizean behin. Elurra urtzen zelarik, ikuspegi ederrik ez zen falta, baina tren-geltokietako dekorazioa, konparazione, eramanezina gertatzen zen, eta Migel irteteko desiratzen zegoen.

        Azken aitzineko sekuentzia, nolanahi dela, gorde zuen gogoan. Elkarrengandik urrun luzaro, zenbait urte gehiago gainean, Lara tranbian doa leihotik beha eta, bat-batean, Yuri agertzen zaio espaloian oinez. Oroiminez jarraitzen dio begiekin eta, halako batean, bihotzekoa eman eta lurrean zerraldo ikusten du kristalaren bertze aldean. Atea ireki eta kanpora irten nahi du, baina tranbia abian da, eta Moskuko karriketan galtzen du medikua betiko.

        Argiak piztu zituztelarik, aharrausika ari zen Arsenio eta, zinematik jalgi ondoren, tarte luzea eman zuten elkarri fitsik erran gabe. Garagardo bana proposatu zion zaharrak eta, huraxe edanez, filmari buruzko iritzia azaldu zion. Itxurarik gabeko folletin gogaikarria iruditu zitzaion. Ez zen Hollywoodekin fio, eta berriz irakurri nahi zuen nobela. Erranaldi bakarra gustatu zitzaion antza, eta buruan zeraman gorderik, baina zaharrak ahoa zabaldu aitzin, Migel menturatu zitzaion:

        — «Mientras se extirpan los tumores malignos» —erran zion hitzez hitz— «hay que mantener al cuerpo vivo».

        Ahalmen ezkuturen bat daukanari bezala geratu zitzaion begira Arsenio, harriturik, eta baietz adierazi zion.

        ¿Observó qué raros son los rusos hasiendo revolusiones?

        Elurrez estalitako lautada mugagabeak desegin gabe zeuzkan oraino Migelek begi-mintzetan, eta itsasertzeko palmondo harroekin eta barne aldeko landaretza trinkoarekin alderatu zituen. Olibaz jantzitako gerrillariak etorri zitzaizkion gero gogora, ron baten aitzinean edo zigarro purua ezpainetan, eta boltxebikeak imajinatu zituen ondoren, vodka edanez mozkortu arte, hotza menderatu ezinik dantzan, eta armada gorriaren oihartzun sakona ere entzun zuen bere baitan kulunkatzen. Abesbatzaren marruma urruntasunean galdu ahala, salsa beroaren girora itzulirik astiro, ostatuko leihoan pausatu zituen begiak. Ezkerreko aldean, zumitzez ehundutako besaulkian, ile zuriko amona beltz bat zegoen, kareizko lenteak begietan, egunkari zahar bat irakurtzen. Eta eskuinean, aitona zaharra zebilen pare bat kiloko anana aihotzarekin zuritzen.