Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

14

 

Añejo luze bat hartzeko gogoa egin zitzaion, eta franko berant erretiratu zen bezpera gauean. Ohi baino goizago jaikitzeko asmoa zeukan, baina ez zen tenorez iratzarri. Bozina egoskor bat entzun zuen ametsetan. Ez zituen begiak zabaltzen ahal eta, txofer astun hura hamar mila aldiz madarikatu ondoren, Newton etorri zitzaion burura.

        Chevroleta ikusi zuen espaloiaren aldamenean zain.

        Nagiak atera, aurpegia busti eta giltzak harrera-lekuan utzita jo zuen hoteletik kanpora. Egunak aitzinera zihoazen binaka, eta oraino ez zuen Casa de las Américas bisitatzeko parada izan, zeren...

        Uste baino denbora gehiago behar izan zuen Newtonek matxura konpontzeko eta azkenean Migelek, berant gertatu baino lehen, telefonoa erabili bertze erremediorik ez zuen izan.

        Eskua luzaturik, automobiletik jaitsi gabe, Cómo le fue, mi hermano erran zion Newtonek adeitsu eta, segidan, bertze aldeko atea ireki zion sar zedin. Aitzineko jarlekuan egokitu eta infernu hartan laketu ezinik, labean erretzen dagoen axuri gizajoa iruditu zitzaion bere burua eta, ibilian haize freskoagoa hartuko zuelakoan, kirtenari eragin zion leihatilako kristala beheitiraino eraman arte. Argiak, indar biziz, ez zion deus ikusten uzten, eta eskuineko ispilu txipian iltzatutako izpi distiragarri batek min ematen zion begietan.

        Alde zaharreko karrika meharretan barna sartu ziren eta, behingoz itzalpean, zilarrezko flamenkoa bereizi zuen Chevroletaren muturrean hegalak zabalik. Ez zihoan bakarrik, hegaztiarekin batera, bidean lagun, panterak, izurdeak, Egiptoko esfingeak eta bertze hainbat ikur zebiltzan, norabide bietan, bakoitza bere automobil gainean dotore.

        Itsasoa eskuinean zutela, Maleconarekin lerroan egin zuten bidea eta, alderdiaren ederrari begira mantso joanagatik, berehala heldu ziren kultur erakunde ospetsura. Atea ireki eta norbait agertu bitartean, bakoitza bere besaulkian jesarri zen hormetan zintzilik zeuden pinturei begira. Ikasle jendea zebilen bereziki, eta atzerriko adituren bat ere bazegoen etengabe galdezka.

        Eskolako maisua irudi zuen aitona beneragarria hurbildu zitzaien noizbait, eta noren partetik zetozen aipatu bezain agudo, jakinaren gainean zegoela erran zien. Aldameneko bulegoan sartu zituen zaharrak eta bortz liburu paratu zituen banan-banan mahaian: argitaratu berria zuten Biografía mardul bat, La guerra de guerrillas, Cheren argazkiekin osatutako albuma, Diario de Bolivia eta Casa de las Américas aldizkariak Julio Cortazar, Harold Pinter, Mario Benedetti eta abarrek bere heriotzaren ondoren idatzitako soslai eta olerkiekin argitara eman zuen zenbaki berezia. Erakusgai paratzeko egokiak izaten ahal ziren, baina bere liburu-dendako apaletan, urrun joan beharrik gabe, bazeuden oraino maileguan jasoko zituen bortz haien arteko pare bat bedere.

        Iraultzaren museoak egindako bideoa erakutsi zien segidan aitonak, eta lenteak garbitu zituen Migelek, deus ez huts egiteko. Lehenik, enbor baten gainean jesarririk pipa prestatzen agertu zitzaien Che Sierra Maestran, azukre-lantegi batean zakuak garraiatzen gero, unibertsitateko ikasleen aitzinean hitzaldia ematen ere bazeuden tarte batzuk eta, azkenean, bere gorpua ikusi zuten Boliviako eskola txipi batean etzanik. Irudiak, zuri-beltzean, marraz beterik zeuden, eta min ematen zuen soinuak belarrietan, baina bazuten interesa dokumentu gisa.

        Urteurrenari beha bildu berri zituzten zenbait poster prest zeuzkan, eta Alberto Kordaren argazki-bilduma ospetsua ere agindu zion, baina denbora pittin bat behar omen zuenez paketeak biltzeko, bi ordu iragan ondoren itzultzekotan geratu ziren.

        Artxiboari zerion freskura utzi eta kanpora irten zirelarik, berriz ere infernua zeukaten automobilaren barnean zain. Eguerdia hurbil zegoen baina goixko zuten bazkaltzeko. Newtonek ez zuen aukerei ez ikusia egiteko ohiturarik eta, badaezpada, proposamen bat egin zion, bi ordu sobera denbora ere bazelako aspertu gabe emateko.

        Errelojuari erreparatu zion gidariak, oharkabean, kontuak ateratzeko, baina ez zeraman soinean. Adiskideari so egin zion zeharka, eta Migelek jakin-mina ezkutatu ez zuenez, azalpena eman behar izan zion, zeren...

        — ¡Esplotó!

        Egun pare bat egonean uztea aski izanen zela uste zuen gandua suntsi zedin, baina denboraren joanak ez zuen konpondu. Arantzak kentzeko pintza batzuk hartu eta kristala askatzen saiatu arren, ez irekitzeko moduan zegoen asmaturik, eta ahaleginean azkazalak galdu omen zituen ia. Azpiko tapakia miko bat altxatu eta gero, pila paratzeko zulora hurbildu zuen ilearendako idorgailua, zirrituren batean barna haize pixko bat sartzea erdietsi ote zuen. Baina arretaz egiten zuten, agi denez, Suitzan lana, eta neurri bortitzagoak hartu behar izan zituen.

        — Lo metí en el microondas —aitortu zion azkenean— y al cabo de un rato esplotó imprevisiblemente.

        Ez zekien sinetsi behar zion ala ez, eta ez zen gauza bera gertatzen zitzaion lehen aldia. Experto en movimientos sísmicos y otras ondas expansivas paratzen zuen bere txartelean; beraz, ez zion mintzabiderik eman. Ez zen, beharbada, arrazoirik gabeko gezurra izanen, baina egiaren kalitatea ehunekotan neurtzen ahal bazen, zenbat puntu merezi ote zituen Newtonek orduko hartan? Egia eta gezurra nahasian zebiltzan, nonahi bezala, habanarren artean ere, eta ez zegoen bereizten samurra.

        Jendeak bazuen egunean egunekoarekin bizitzeko bezainbat, edo horrela ematen zuen bedere, baina gutiziak zilegi izaten ahal dira batzuetan, eta kubatarrak, eskean baino lehen, nahiago zuen, segurik, azpilanetan saiatu. Gezurrak, azken batean, joko gehiago ematen zuen jolaserako, eta turista-jendea, edonongoa izanik ere, beti egonen zen hirugarren munduarekin zorretan.

        Enkargu batzuk egin nahi zituen Newtonek. Atzerritik ekarritako jeneroa izaki, dolarretan ordaindu behar zuen derrigor eta kubatarrek, baimen bereziren bat izan ezean, ez zuten horrelako sosik erabiltzen ahal. Alde Zaharraz bertze alderdirik ere ba omen zegoen Habanan eta, aitzakiarik atera baino lehen, erosketak eginik fite itzuliko zirela agindu zion Migeli, zeren...

        — Tremenda diplotienda —azaldu zion— que resién abrieron, acá mismo, en Guanabacoa.

        Itsasoa orain ezkerrean zutela, Maleconaren lerroan berriz, hiriaren bertze muturrean zeuden auzoak igaro zituzten eta, puxka batera, Guanabacoan zeudela erran zion gidariak. Gasolinatan frijitutako txurruen usaina zegoen giroan. Karriketan ez zen aurpegi zuri bakarra ageri. Afrika ere ematen ahal zuen, baina jendeari kubatarrak daukan harrotasun puntu hori nabaritzen zitzaion eta, gainera, aski zen solas bat edo doinuren bat entzutea edo erreboluzioaren aldeko ikur edo irudiei erreparatzea non zeuden konturatzeko.

        Itzal handia zeukan yorubatarren lege zaharrak Guanabacoan, eta zituak edo loreak ikusten ziren zedroen oinetan. Arrats apal, sainduz, kutunez eta txoriz betetako patio sargorietan santeroen danborrak entzuten omen ziren biltzarrera deika. Oilarraren erpeak, burdinazko kateak eta horrelako gauzak erabiltzen zituzten ospakizunetan, eta aspaldiko jainko eta jainkosek, bakoitza bere zopa-ontzian gorderik, mundu honetan jarraitzen zuten oraino. Gordean ibili beharreko egunak joanak ziren behingoz eta Changok ez zuen Santa Barbararen irudipean zertan ezkutatu. Beltzen artean ez ezik bertze guzien artean ere gero eta jarraitzaile gehiago zeuzkan santeriak Habanan, eta Newtonek berak ere sinetsi ez baina kontuan hartzen zuela aitortu zion.

        Automobila bazter batean aparkatu eta saltokian sartu ziren biak. Azokaren eiteko zerbait espero zuen Migelek, baina hurbilago zegoen azokaren biltegitik. Apal batzuk hutsik zeuden, eta bertze batzuk, berriz, gainezka. Aireztailuak, ekipo musikalak eta telebistak aztertzen eman zuten denbora tarte bat. Gero, jeans galtzak, lente beltzak eta biserak. Errusiako karramarroa, Libanoko kabiarra eta Poloniako zinger egosia ere bazuten salgai eta, bertze bazter batean, Bulgariako ardoa, Txekoslovakiako garagardoa, Mexikoko tekila eta hainbat pattar.

        Alderdi eta zoko guziak ongi miatu ondoren, txanda heldu arte egon ziren zain harategian. Ez zen garbitasunik falta, baina euliak zebiltzan inguruan eta, berotasun itogarriaren eraginez, usaina zerion haragiari. Idikiaren pikadura eskatu zuen Newtonek, eta harakinari hamarren bat minutu joan zitzaizkion, aise, zeregina bete arte. Auskalo zenbat laguni eman behar zion jaten Newtonek, bi poltsa behar izan zituen eraman ahal izateko, zeren...

        — Proteínas, compañero, ¡indispensables!

        Dolar sorta txipi bat eman zion Newtonek disimuluan, hurbilean begi barrandaririk ez zegoela probestuz. Edariak zeuden apaletara jo zuten gero, Coca-Cola bila, eta dozena pare lata hartu eta bertze bi poltsa bete zituen. Migelek ez zuen konprenitzen nolako hozkailua behar zuen izan lagunak etxean hainbertzeko gauza piloa sartzeko, baina kontua isil-isilik ordaindu eta denak automobilean sartu ondoren, sobera geratu zitzaizkion sosak itzuli zizkion.

        Uste baino goizago zebiltzan, eta bazterrak ikusi eta garagardo bana edatera joan ziren. La Universal irakurri zuten karrika-kantoin batean eta, barnean sartu zirelarik hainbat jende zegoen legea egiten. Edan bitartean, mahai gainetan banaturik zeuden platerei erreparatu zien Migelek, eta inon ez zuen arrainik ikusi. Lehendanik oharturik zegoen, eta sinetsezina egiten zitzaion; itsasoz inguraturik oro, nola uzten ahal zuten bildu gabe hainbertze elikagai? Ez zuen konprenitzen, eta bere lagunari egin behar izan zion galde.

        Arraina jateko orduan arrunt milingak omen ziren kubatarrak, bera barne, eta zalantza egiten zuen Guanabacoa osoan ba ote zegoen antxoari burua kentzeko ausardia izaten ahal zuen sukaldaririk, zeren...

        Yoruba jendeak nahiago zuen itsu geratu hezur bat ikusi baino.

        Atuna, legatza edo txipiroia maite izan balute, sobera zituzten beharbada errazionamendu-liburuxka guziak, baina euli bati ezin zaio konpreniarazi negua nolakoa den, eta bueltako bidea hartu zuten berantetsi baino lehen.

        Eskuin aldean ikusi zuten berriz ere itsasoa eta ez zen arrantzalerik falta kanabera eskuan; Chango, Ogun eta Lemanjaren jarraitzaileez gain bertzelako jendea ere bizi zen Habanan. Indigoz, selestez, karmelitaz eta kanelaz pintatutako etxeak utzi zituzten ezkerretara eta, Maleconaren bazterretik denbora puxka bat eman eta gero, Casa de las Américas paratzen zuen seinalearen aitzinean gelditu zuen Newtonek Chevrolet zaharra.

        Oinetarainoko atorra arrosa batek nekez kontintzen ahal zuen emakumezko galanta zegoen harrera-lekuan. Eskolako maisuaren galdea egin zioten. Ez zegoela eman zien jakitera, eta Ainhoaren enkarguari ezinezkoaren antza hartu zion Migelek une batez, baina telebista handi bat gordetzeko moduko kaxa zegoen bazter batean zain, eta fundazioari zegokion zigilu gorria zeraman kartonaren gainean itsatsirik.

        Lepoan jaso eta eskerrak eman ondoren, automobilera eraman zuten bien artean.

        Ez zekien nola igorriko zuen Iruñera. Virgilioren laguntza espero zuen edo, bertzenaz, Ainhoari deitu beharko zion zein bide erabili behar zuen jakiteko. Alberto Joserekin ere oroitu zen: aurki Madrilera baitzihoan, bere burua eskaini zion zernahitarako. Dena den, Instituto Cubano para la Amistad con los Pueblos erakundean ere prestatuko zioten zerbait; beraz, traste guziak jaso eta pakete bakarrean bildu arte, hobe zuen fitsik ez egin.

        Etorreran bezala bueltako bidean ere ezker-eskuin zebiltzan automobilak sartzen zitzaizkion Migeli begietan barna. Harmonika erraldoiak irudi zuten babesak aitzinean, betazalak faroetan, metalezko hegaltzarrak gibelean... Aldapan goiti egin eta, semaforo gehienak alde, hotelera heldu ziren berehala.

        Automobiletik hotelera elkarren artean eraman zuten kaxa, baina gidariak ez zuen ate nagusia iragan nahi izan. Kutermaren bat sortzen ahal zion atezainak, eta ez omen zuen merezi. Zama bizkarrera altxatzen lagundu zion Newtonek. Pisu ikaragarria zeukan eta ozta-ozta eraman zuen igogailura.

        Blai heldu zen gelara; trastea bazter batean utzi ondoren, ohantzean etzan zen luze bezain zabal eta biraka zebilen aireztailuari so hartu zuen loak. Ez zen arrats apaldu arte iratzarri.