Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

15

 

Guevararen txapela eskura eduki eta atzaparra erantsi gabe uztea ez zion bere buruari sekula barkatuko. Arseniori deitu eta bazkaltzera gonbidatu zuen Habana Libre hotelean; hogeita borzgarren solairuan ba omen zegoen Sierra Maestra izeneko jatetxe bat franko ona, eta solastegi egokia zen proposamena jakitera emateko.

        Hotel atarian elkartu eta bizpahiru minutu eman zuten igogailutik jalgi gabe. Goian zerbitzariari galdetu ziotelarik, ez zegoen mahairik libre. Sobera urrun joan gabe hurbil hartan bertze nonbait bazkaltzerik ba ote zuten galdetu zion, baina orduko berant zebiltzan, eta lehen solairuan zegoen kafetegira jaitsi ziren. Ez zieten, noski, goian bezain ongi emanen, baina bazen sukalde koxkorra bertan; beraz, bazterren batean egokituko zituztelakoan abiatu ziren.

        Egur beltzez egindako altzari ederrak eta beso baten tamainako banbu sendoz apaindurik, lekuak Afrikari zor zion bere kutsua. Ispiluek, hormako barrandari, esparruaren giroa biderkatzen zuten, eta sabaian malkoz betetako lanparak zeuden zintzilik. Oihanean bezain bero, aire egokituaren instalazioari erreparatzen zion Migelek. Geldirik omen zegoen aspaldi, zeren...

        Atzerriko etxe batek egindakoa zen, eta ez zegoen ordezko piezarik eskuratzeko modurik.

        Ohi baino dotoreago jantzitako kubatarrak zeuden mahaietan barreiu —eginkizun ofizialen bat betetzen, beharbada—, baina turista jendea zebilen batez ere eta zerbitzariek, azal ilunekoak gehienak, etiketazko arropa zeramaten. Ordu bi eta erdiak bertzerik ez ziren arren, orkestra mambo bat ari zen jotzen. Janari-zerrenda arretaz aztertu eta Ensalada de poyo, Camarones enchilados eta garagardo bana eskatu zuten.

        — Anteayer —erran zion Arseniok zigarroaren keari begira— solisité seisientas páhinas de Doctor Zhivago en la Biblioteca Nasional, y resién finalisé la novela.

        Aspaldi hartan egindako irakurketan baino hamar aldiz hobea iruditu zitzaion. Eskandalizaturik zegoen filmaren alderdikeriarekin. Italo Calvinoren artikulua gogoan, lehen erdipurdi bereganatutako alderdi bat baino gehiago konprenitu omen zituen, eta Migeli azaldu nahi zizkion, hiru bat pasarte itsatsi zitzaizkion buruan, eta Hollywoodeko bertsioak batto ere ez zuen kontuan hartzen, zeren...

        — «La revolusión se ha produsido sin intensión, como un suspiro cuando se ha contenido demasiado tiempo el aliento» —erran zuen poliki; eta galdera hauxe zeukan—: ¿Usted recuerda que Omar Sharif dihera algo semehante?

        Entsaladarik ez, baina garagardoa, beharrik, mahai gainean zeukaten orduko, eta edariaren hotzarekin saiatu ziren gosea engainatzen. Ordu laurdenaren buruan Migelek ez zeukan tantarik botilan, eta egarri jarraitzen zuen. Inguruan behatu zuen zerbitzariren bat ikusten ote zuen. Bakarra ere ez zen ageri. Geldialdi susmagarria igarri zuen giroan: orkestra isilik zegoen, eta musikariak ez zeuden beren lekuan. Atsedenaldiren bat izaten ahal zen, baina halako batean argiak itzali egin zituzten, eta Migelek inguruari erreparatu zion begiekin galdezka. Untxiaren aurpegia geratu zitzaien turista harrituei eta kubatar gehienek goratu egin zituzten behakoak.

        Zorionez, galdurik zebilen zerbitzari bat, lanean ari zen bakarra, mahaira hurbildu zitzaien, eta bertze garagardo parea eskatzeko probestu zuen. Ez zela posible erran zion abegitsu, eta puska batean egon egin behar izanen zutela. Arrazoiak eskatzeko astirik eman gabe, ahots sakon bat sartu zen, orkestraren ordez, bozgorailuetatik barna, eta Migelek Arseniori egin zion so.

        — Olvidé mensionarlo —azaldu zion—, Fifo prometió discurso para hoy.

        Ongi etorria eman zion kazetariak lehenik eta, ondoren, agintari nagusiaren ahots ezaguna giroaren jabe bihurtu zen. Aldian behin egoeraren azterketa egin behar baita, Impostergable iritzi zion egun hartako hitzaldiari, zeren...

        Ziztu bizian ari omen zen aldatzen mundua eta Txinatik goizean jalgi eta, ekialderako norabidea hartuz gero, Habanara bezpera arratsaldean heltzerik bazegoela azaldu zuen.

        La vuelta al mundo en 80 días etorri zitzaion Migeli gogora, baina ez zuen deus erran.

        Armada yankia titanioa ari zen erabiltzen misilen muturra indartzeko eta, aitzakiarik eman gabe, nonahi botatzen omen zituzten bonbak, mundu honetan nork agintzen duen erakusteko, zeren...

        Ez zuten ahalke izpirik izaten, gainera, eguneratu gabeko mapa zaharren bat ustekabean erabili zutela erran eta nahasi egin zirela adierazteko.

        Etsaiaren berri eman ez ezik, Kubari buruz ere mintzatu zen, eta zenbakiak, estatistikak eta bertze mila datu eman zituen. Irratiaren jario luzea medio, edo gosearengatik bertzenaz, bere baitan murgildu zen Migel eta, entzule zintzoaren plantak eginagatik, harremanak eten zituen Fidel Castroren hitzaldiarekin puska baterako, zeren...

        Ahalik lasterren proposatu nahi zion Arseniori txapelaren kontua, erantzun bat behar zuen.

        Fidelek ez zuen isildu nahi, eta hirurak ongi pasaturik zeuden orduko. Entzuleria argazkian izozturik bezala zegoen, eta orkestrak erabiltzen zuen antolamenduari erreparatu zion Migelek, musikariak mugitzen hasiak ote ziren, baina bere buruarekin bildu behar izan zuen berriz ere.

        Inoiz ez zuen Indurainen elastiko horia, Hemingwayren luma edo Antonio Machinen marakak eskuratzeko gutiziarik izan. Hala ere, zorioneko txapela ikusi zuenetik, neurriz kanpoko irrika egin zitzaion. Argentinarrak eskumuturrean eraman ohi zuen Rolex beltza agindu zion Virgiliok, eta eguneko oharrak jasotzeko erabiltzen zuen blok bat, eta pipa zahar bat eskuratzeko modua ere ba omen zegoen, baina denak egokiak izanagatik, Ainhoaren asmoekin baino gehiago, bere irudimenaren ispiluari erreparatzen zion Migelek, eta hegazkinaren eskaileretan beheiti, Iruñeko espaloietan barna edo terraza batean jesarririk, Guevararen txapelaz jantzirik ikusten zuen bere irudia.

        El marabú, por ehemplo —erran zuen halako batean Kubako agintari nagusiak, eta hitzaren arrotzari esker Migelen arreta hartu zuen, zeren...

        Arrunt landare gaiztoa zen, zitala, arantzez betea, izugarri aise ugaritu eta hedatzen zena eta, lekadunen familiakoa izanagatik, ez omen zuen aziendaren bazkarako balio. Agi denez, nitrogenoaz baliatzen ziren garatzeko, eta bere zainetako bakterioen bitartez bereganatzen zuen elikatzeko behar bezainbat. Askatu beharreko arazo korapilatsuren baten adibide paratzen ote zuen egin zitzaion Migeli, baina ezin izan zuen asmatu zer izaten ahal zen, zeren...

        Gero traktoreak hartu zituen mintzagai, eta sortzen ziren aberia guziak eta hondatutako piezak ordezteko erabiltzen ahal ziren trikimailu erabilgarrienak azaldu zituen bederazka.

        Edozein entziklopediak baino xehetasun gehiago eman zituen. Akitu ere akitu behar zuen noizbait eta, pare bat ordu ongi beteak zituelarik, kazetariaren ahotsa entzun zuten eta, noizbait behar eta, isildu egin zen irratia.

        Entzuleek, hamarna kilo galdu balute bezala, lurretik pare bat zentimetro goitiago irudi zuten eta ispiluetako irudiek, aspalditik geldi, etenik zegoen filmari heldu zioten berriz ere. Itzalitako lanpara dotoreak piztu egin ziren batera. Musikariek, poliki-poliki, txokolate lodiari bueltak ematen bezala, mundua bere onera ekarri zuten. Orkestra prestatzen ari zen salsa bezain bero zeukan Migelek burua, baina Arseniok hainbertze denbora muturik eman eta gero, solas pixko bat egiteko gogoa zeukan, zeren...

        — «Cada hombre se ha transformado y cambiado. Diríase que en cada persona se han produsido dos revolusiones; una, propia, individual, y otra, general» —erraten omen du Boris Pasternakek bertze leku batean, eta bigarren galdera egin zion solaskideari—: ¿Acaso escuchó usted esta frase?

        Arrokak puskatzeko moduko hitzak iruditu zitzaizkion Migeli. Ezkerreko eskua kokotsean, deus erran nahi ez zuen irri inozoaren gibelean gorderik, solasean jarraitzeko baimena eman zion zaharrari.

        — «Hoy los hombres han desidido vivir la vida como la intuye el genio, creadoramente enriquesida, y no esperimentarla en los libros, sino en si mismos». Tampoco eso diho el doctor.

        Zerbitzari bat hurbildu zitzaien zer nahi zuten galdezka. Irratia piztu aitzin eskatu zuten arren, oraino zain zeudela erran zion Migelek. No se ponga usted bravo gomendatu zion gizonak ahotsa goratu gabe. Etorri berritan eskatutakoa aipatu behar izan zuen bezeroak, baina Desmayen eso, compañero aholkatu zion berehala, sukaldea egonean zegoen eta ez omen zuten ordu pare bat baino lehenago zabalduko. Gosaritik afarirako zubia eraiki beharra zegoela deliberaturik, kafe doblea eta añejo luzea eskatu eta, edaria ekarri bitartean, Moskura itzuli ziren, Zhivago doktorearen bila, zeren...

        — Hollywood —erran zion Arseniok Fidelen hitzaldia aipatu gabe— ocultó presisamente lo que mas reclamó mi atensión en la novela.

        Guevararen aipamena egiteko unea zela iruditu zitzaion Migeli, eta nolako jokaldia komeni zitzaion hausnartu zuen. Urtemugaren itzalean Iruñean antolatzen ari ziren jardunaldien berri hasi zitzaion azaltzen lehenik, eta abiada probestuz, txapelarena aipatu gabe, erakusketa ere zabaltzekotan zebiltzala eman zion jakitera. Ekimenaren ikur gisa erabiltzen ahal zuten zerbaiten bila zebiltzan, bertze zenbait oroigarrirekin batera paratzeko, eta aholku eskatu nahi zion, zeren...

        Orain arte eskuratutakoak ez zitzaizkien behar adina adierazgarriak iruditzen.

        — Un par de sapatos —proposatu zion Arseniok sobera pentsatu gabe.

        — ¿Zapatos?

        Benetan ari zen, eta bere gomendioaren arrazoia ere azaldu zion. Agerian zegoen komandantearenganako gordetzen zuen mira eta, denboraren poderioz, franko irakurri zuen berari buruz; beraz, bazekien zerbait haren bizitzaz. Gogoan gordetzen zituen Cheren ibilbide historikoaren gaineko pasadizoak; nonahi zebilela, oinetakoekin borrokan oroitzen zuen behin eta berriz.

        Argentinan, konparazione, gainbehera etorritako zapata-denda bateko hondarrak eskuratu omen zituen behin bere lagun batekin eta, bakoitza bere kiderik antzekoenaren ondoan paratu eta gero, karrikan saldu zituzten sos pixko bat biltzeko. Behin baino gehiagotan azaltzen omen zen ezkondu gabeko oinetakoekin fakultatera. Sierra Maestran, orobat, bazekien noiz edo noiz oin batean zapata eta bertzean bota jantzirik ibilia zela. Eta txiriparik gabeko kontakizunik ez baitago, Bolivian hil zuten hartan, Ovando jeneralak zapata-kaxa baten barnean erakutsi zizkion prentsari Guevarak idatzitako egunkariak.

        Aipatutakoaz gain, Habanara heldu eta agintari-lanak egokitu zitzaizkiolarik ere, ez zituen lokarriak sekula lotzen; ez, dena den, oinetakoei garrantzia ematen ez zielako, zeren...

        1961ean, Industriako Ministerioaren ardura zeramala, bikoiztu egin omen zen zapatagintzaren produkzioa, baina kezkaturik zegoen kalitatearekin, zeren...

        Behin, lantegi batean bisitan, Yo no me pongo estas sandalias a menos que me lo mande la revolusión erran zion, serio, bertako arduradunari.

        — Austeridad —proposatu zuen Arseniok— pero calidad, al mismo tiempo.

        — No debe de ser fácil.

        — Indispensable. Porque la mayoría de la gente, Miguel, ya no sabe que es disfrutar de la calidad de un par de sandalias.

        Arrakastaren morroi zegoen aspaldi aukera. Ez zitzaion arreta eskaintzen ongi egindako lanari, itxuraren eragin hanpatuari baizik eta, jakina, erabilpenari egokitu ezean, ez zegoen benetako kalitaterik. Arrakasta, gainera, berez zen iragankorra eta, modaren mende, probetxu gabeko xahuketan eta aitzinamendu gabeko aldaketan jausi bertze erremediorik ez zegoen. Inozokeria galanta iruditzen zitzaion kapitalismoarekin lehiatu nahi izatea kontsumoaren basakeria garestian, baita sozialismoaren izenean ere: garaituagatik, galtzaile bihurtzen gaitu ezinbertzean, zeren...

        — Lo que se desperdisia —atera zituen kontuak— no es nesesario. El que no compra basura, Miguel, resiste, y eso les jode con cohones.

        Oinetakoei buruzko apologia akitu zain zegoen, baina hitzaldiak flotazio-marraren azpian eman zion, eta uzkurtu egin zen. Urtemugaren asmo hartan ez zegoen deus makurrik, bazekien; eta, egia errateko, zaharraren pentsaerarekin bat zetorren; baina itxurakeriari eskainitako astinduaren ondoren, hutsala iruditu zitzaion txapelaren eskaria egitea, eta ez zuen ergel hutsa gelditu nahi izan. Tenoreko zebilen, eta parada egokiagoa heldu arte egotea deliberatu zuen.

        Alkandoraren sakela txipian zeramatzan Arseniok Migelen lente zaharrak, eta itzuli egin zizkion ahantzi baino lehen. Ez zituen jadanik behar, eta laster emanen zizkion kareizko berriak. Aitzakia aproposa iruditu zitzaion Migeli bertze hitzordu bat egiteko —Arsenioren beraren etxean ahal balitz, hobe—, zeren...

        Txapela atera behar zion, eta ez zuen aukera huts egin nahi.

        Ordu bi eta erdiak inguru sartu ziren kafetegian eta, irratiko hitzaldia tartean, afaltzeko ordua etorri zitzaien. Hondarrak akitu eta zorrak kitaturik, allegro ma non tropo, kanporako bidea hartu zuten. Orkestra Cuando se quiere de veras ari zen jotzen, eta Migelek eskua eman zion atean zegoen zerbitzariari alde egitean. Igogailuan sartu eta pare bat minutu igaro zituzten hogeita bortz solairu igan eta Sierra Maestrara iritsi arte. Oraingoan, zorionez, bazegoen non jesarri. Etxeak ateratako bermut zuri bana edan zuten eta, bitartean, sukaldariaren eskaintza aztertu zuten arretaz.