Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

5

 

Aleidak emandako helbidea atera zuen sakelatik Obispo karrikara heldutakoan. Atez ate eta espaloi batetik bertzera ibili ondoren, noizbait, zapata-kaxez betetako kamion baten gibelean agertu zitzaion bila zebilen sotoa. Azken solairuko txirrinaren aldamenean Arsenio Cárdenas irakurri zuen inprentako letretan; bi aldiz sakatu zion sobera konfiantzarik gabe. Oihu bat entzun zuen ilunpetan goiti samar eta, burua altxaturik, ile zuriko aitona agurgarriaren aurpegia atzeman zuen karrikara begira. Istant bat behar izan zuen zaharrak ate joka nor zetorkion jakin arte eta, ohartu zelarik, egoteko agindu zion eskuarekin. Portalera jaitsi eta karrikara jalgiko zela uste zuen Migelek, baina lehengo lekuan agertu zitzaion berriz ere. Pospolo-kaxa handi bat bota zion oinetara. Etxeko giltza zegoen barnean. Atea ireki eta jakin-minez sartu zen, urduri.

        Argia pizteaz batera ustekabean harrapatu zuen ikuskizunak: azulejo urrez eta zuriz apaindurik zegoen behe-solairua. Eskaileretan goiti, burdinazko espiral akiezinaren gainean eskua, mantso-mantso abiatu zen sobera ez izerditzeko. Mailadi pikea igan behar izan zuen, hatsa kexu, eta Aleidaren osabarekin egin zuen topo azkenean. Eskua eman eta sukalderako bidea erakutsi ondoren, aulkia eskaini zion jesar zedin.

        — Es un plaser.

        — Igualmente —ihardetsi zion Migelek.

        Ilobaren deia bitarteko, bazekien zertara zetorren, baina kortesia zor zaio atzerritarrari Kuban; beraz, presa handirik ez bazuen bedere, lanari ekin baino lehen trago bat proposatu zion Arseniok. Astebete eskatu zion bere zeregina burutzeko. Ez omen zuen zertan kezkarik izan prezioarekin, zeren...

        Bi pare ere egiten ahal zizkion, gainean zeramatzanak ordaintzeko behar izan zuen diru kopuru beraren truke.

        Izanen zuten lenteei buruz mintzatzeko astirik, eta denbora pitin batean egoteko erran zion, mahai gainean zeuzkan trasteak behar bezala egokitu bitartean.

        Armairua irekia zegoen sukaldearen ondoko gela-zokoan, eta nahaspilaturik zeuzkan barneko guziak. Urtean behin, traste zaharrak atera eta garbitu ondoren, bere lekuan gordetzen zituen gurbilki. Arratsa apaldu arte egon omen zen bere zain, baina dagoeneko espero ez zuenez, bazterrak txukuntzen hasia zen. Bazuen lan hondar bat oraino.

        Kafea eskaini zion eta, kanabera zati txipiz egindako gortina ozena zeharkaturik, gisuz zuritu berria zegoen terraza koxkorrera irten ziren. Kriseiluaren argitan lastozko bi besaulki zeuden, eta jesartzeko erran zion zaharrak. Izarpean giro, itsas-haize xumeaz dantzan ari ziren soka luze batean zintzilik arropa batzuk eta Kubako bandera. Oharkabean joan zitzaizkion Migeli begiak, eta Arsenio konturatu egin zen, zeren...

        — Demasiado lehos del sielo —erran zion oroiminez— y demasiado serca de los Estados Unidos.

        Oinutsik, galtzak belaunetaraino bildurik, tabakoari kendutako koipearen antzeko izerdia zerion bizkarretik beheiti eta, argiontzia gibelean, bere itzal handia ikusten zen aldameneko etxeen artean ikaran. Bandera idor zegoela atzemanik, bildu eta sukaldera jo zuen Arseniok. Egonean, kafea hartzen, zerura behatu zuen Migelek eta, ipurdirik gabeko galdara beltz hartan zilipurdika, irakinean ematen zuten izarrek. Une egokia iruditu zitzaion bertze zigarro bat pizteko, baina ez zuen pizgailurik sakelan, eta Arsenioren bila abiatu zen.

        Arestian ikusi gabeko Luger automatiko zaharra garbitzen ari zen zatar batekin. Infernuko etsaiak kargatzen zituen, eta inork agindu gabe tiro egiten omen zuten batzuetan. Migelek errezeloz begiratu zion, eta zilkoaren bertze aldean egin zitzaion nahigabea disimulatu zuen nola hala. Urrun samar geratu zen zer gerta ere eta, irria ezpainetan, lasai egoteko erran zion Arseniok.

        — Es una reliquia —saiatu zitzaion azaltzen eta, iskilua muturretik atxiki ondoren, eskura eman zion— requisada por la revolusión a la tiranía de Batista; pero descuide, hase ya mucho tiempo que está fuera de uso.

        Adituaren plantak egin zituen Migelek. Espero ez zuen pisua sentitzen zuen eskuan. Ez zeraman balarik, baina badaezpada ere ez zuen hatza txakurrean sartu. Auskalo zenbat jende igorri ote zuen bertze mundura burdina puska hark. Ez zion galdetu nahi izan eta, zaharrak bertze alde batera behatu bezain fite, ahalik eta kontu handienarekin, mahai gainean utzi zuen jostailua bakean.

        Ezustekoaren eraginpean oraino, zeren bila zebilen atzendurik zeukan Migelek. Hatzen artean zeraman zigarroari erreparatu zion, eta pizgailuarekin oroitu zen. Ingurura beha, pospolo-kaxa kausitu zuen apal baten gainean, baina portaleko giltza zegoen barnean. Arretaz ari zitzaion etxeko nagusia begira, eta bertze kaxa bat atera zion sukaldeko mahaiaren tiraderatik. Aski izan zuen ahalegin bakarra zigarroa pizteko eta Arseniok, pospoloak bitarteko, Ernesto Che Guevara Industria sailburu zebilen garaiak hartu zituen mintzagai, zeren...

        Ez omen zuten behar bezala su hartzen, eta No hay un solo cubano que no se cague en la madre de la revolusión, cada ves que tiene que ensender un sigarro.

        Izarren azpira itzuli zen, eta poliki-poliki erre zuen Partagas-a gauari so. Azken bafada bota baino lehen, gortinaren kanabera-zotzen artean agertu zitzaion Arsenio, eta kaimanaren larruz forratutako maleta txipi bat ireki zion mahai gainean. Iragan mendeko kanposanturen batean osatutako bilduma irudi zuen. Aunitz era eta tamainatako lenteak zeuden, eta ispilu bat ere ekarri zion nolakoak nahi zituen delibera zezan. Nork bere buruarekin konpondu beharreko auzia izaki, bakarrik utzi eta, diskrezioak agintzen duen bezala, lekutu egin zitzaion aldamenetik.

        Ez zen oroitzen noiz aldatu zituen azken aldiz, eta betaurreko zaharrekin izan ezik, ez zuen bere burua ezagutzen ahal. Gainera, pare bakoitzak graduazio propioa zeukan; beraz, ez zuen zipitzik ikusten. Edonork gaizki ematen ziotela erran, eta horregatik bakarrik egin behar al zituen berriak? Osabaren aldeko interes komertzialak sumatzen zituen Migelek proposamen hartan, baina Aleidak itxuraldaketaren aitzinean nolako aurpegia paratuko zuen ere jakin nahi zuen eta, azkenik, tarteka kristalaren gainetik behatzen uzten zioten lente zahar batzuk hobetsi zituen.

        Ireki gabeko ron botila eta bi edalontzi ekarri zituen etxeko nagusiak sukaldetik bueltan. Izarrik gabeko zeru beltz txipia gelditzen zitzaion Migeli katiluan, eta zaharrak kafe gehiago atera zion. Erabakiaren zain zegoen Arsenio, eta maletatik kanpo utzitako pare bakarra erakutsi zion bezeroak. Egokiagorik ez omen zegoen berarendako, eta hamarren bat aldiz jantzi eta erantzi behar izan zituen artisauak neurria hartu arte, zeren...

        — Los espehuelos, Miguel, como los libros —erran zion bere filosofia profesionalaren adierazgarri— hay que elehirlos a consiensia. Se lo dise un lector empedernido.

        Ele bakar batek bizitza ulertzeko modua aldatzen ahal zuen bere ustez, eta eleberri bakoitza —ez edozein— estazio espazial baten tamainako hitz konplexu eta oparoekin alderatzen ahal zen: literaturak —jakina denez— eguneroko bizimodu arruntean ez hondoratzeko balio zuen, eta itsas gainean ageri zen edozein lurralderi —Kuba, adibidez— irla deitu behar zitzaion.

        Aunitz mende eman omen zituen Antilletako Perlak urpean. Baina egun batean, 1956. urtean, lauretan hogeita bi gizonek, hemeretzi metro luze bertzerik ez zuen yate zuri-berde batean, argiak itzali eta Mexiko utzi zuten. Itsasoko zurrunbiloan zorabiaturik igaro zituzten hainbat egun eta, azkenean, lehorra jo zuten. Gidaria, ordea, lemazain baldarra ez ezik, traidorea ere bazen, eta orduko matxinoak noiz helduko zain zeuden Batistaren gizonak.

        — El desembarco de la provincia de Oriente —probestu zuen Migelek bere jakituria erakusteko.

        — Un naufrahio —erantsi zuen Arseniok—, un verdadero naufrahio, compañero.

        Ez zekiten non zeuden. Zilkoraino hondoraturik ibili ziren lokatzetan. Zomorroz beterik zeuden bazter guziak, eta ziztadaz josi zituzten iritsi bezain fite. Aireplano bat agertu zen handik laster, eta metrailadoreen kalaketari egin behar izan zioten aurka. Inguruetan barreiu, balaren bidean paratu zen Ernesto Guevara; azken hatsa heldua zitzaiola uste baitzuen, zuhaitz baten kontra eratzan omen zen, zeharo etsirik mundu hau uzteko asmotan. Urtebete eskas falta zitzaion bitan hogei urte betetzeko.

        Ustekabean harrapatu bide zuten Pentagonoa, eta Batistaren erregimena usteldurik zegoen gainetik beheiti. Egunak joan egunak etorri, jendea ausarki bildu zitzaien, eta bi urte eta erdi bertzerik ez zuten behar izan etsaia mendean hartu eta agintari bihurtzeko. Urtarrilaren 2an sartu ziren Habanako hirian; urte bereko azaroan, Kubako Bankuaren lehendakari izendatu zuten argentinarra.

        — Es difísil de creer, hermano —erran zion Arseniok kontuak oraino aterako ez balira bezala—. ¡Tremendo milagro!

        Escambray izeneko mailoetan goiti ikusi zuen lehen aldiz komandantea, eta Cantinflasen eitea hartu zion. Agintari zegoenean abisurik eman gabe agertzen omen zen edozein lekutan, eta behin baino gehiagotan egin zuen berarekin topo. Bizi izan balitz, Arsenioren urteak izanen zituen, baina Otras tierras del mundo reclaman el concurso de mis modestos esfuersos idatzi zion behin Fideli eta, isilune luze baten ondoren, kondairaren lainopean galdu zen betiko.

        Aldaketa aroak zetozen —onerako edo txarrerako—, Y hay objetivos, Miguel, que prescribieron sin que fueran alcansados; batzuk zakarrontzian zeuden dagoeneko eta bertze batzuk usteltzeko zorian. Aspaldiko helburu nagusiek, hala ere, ez omen zuten gaurkotasunik galdu, eta lehenago igarri ere ezin ziren bertze zenbait mahai gainean zeuden zain, zeren...

        Iraultzak, azken batean, beti uzten zuen hondarren bat, eta eutsi egin behar zitzaion mehatxuaren aitzinean amore eman gabe.

        — Sin embargo —aitortu zion zaharrak— aún no veo aquel hombre nuevo que dihera el Che; y los años van pasando...

        Isilik gelditu ziren. Errelojuari erreparatu zion Migelek. Solasean gustura zegoen agi denez zaharra, eta botila eskuratu zuen berriz ere. Erdiraino bete zituen basoak eta aspaldiko lagunak balira bezala egin zuten topa. Urre iluna ematen zuen ronak kriseiluaren argitan, eta edariari so, Arseniori bi hatz falta zitzaizkiola ohartu zen.

        — Un machete —argitu zion.

        Zafran ari zela, suge gaizto bat kirikolatu zitzaion belaunean. Oin azpian zanpatu eta, ihes egin ez zezan, eskuarekin atxiki zuen lepotik. Aihotza ezkerrean altxatu eta kolpe batez akabatu omen zuen harri baten gainean, baina ez zuen behar bezala asmatu; piztiak burua galdu zuen, eta berak bi hatz.

        — Lástima.

        — Nunca se sabe, compañero —ihardetsi zion Arseniok, eta kontakizuna akitu gabe isildu zen.

        Alde egiteko seinale gisa hartu zuen Migelek etena, eta orduz kanpo zebilela erran zion etxeko nagusiari. Sukaldeko argia kanaberaz egindako gortinaren zirrituetan barna ari zen keinuka eta, zeharkatu ondoren, mila zati egindako xilofonoaren zalaparta utzi zuten bizkarrean. Armairuan sartzeko prest, ziur aski, zapata-kaxa bat ikusi zuen mahaiaren erdian eta bertan, arduraz azpildurik, Kubako bandera. Oihalaren gainean lehengo burdina puska zegoen atseden hartzen etzanik, baina artean ikusi gabeko bertze zerbaitek jo zion begia, zeren...

        — Un día el comandante visitó el ingenio —azaldu zion gertatuari garrantzirik eman gabe— y cuando se fuera la encontré colgada de un perchero.

        Txapel beltz bat.

        — ¿Che? —galdetu zuen Migelek bere ustea baieztatzeko gogoa batere ezkutatu gabe.

        — El ínclito —ihardetsi zion olerkia deklamatzeko erabiltzen ahal zuen tonu larrian.

        Iruñeko jardunaldiak etorri zitzaizkion bat-batean gogora, eta barka ezina iritzi zion hainbateko parada huts egiten bazuen.

        Argazki, poster eta liburuen artean, zer egokiago Ernesto Che Guevararen txapela baino? Ezinezkoa iruditu zitzaion hala ere, zeren...

        Zer arraiorengatik utzi behar zion Arseniok ozeanoz bertze aldera eramaten? Nola ematen ahal zion halako konfiantza ezagutu berri zuen gazte arrotz eta ezezagun bati?

        Ametsa bertzerik ez zen, eta hobe zuen atzendu.

        Alferrik ari zen, itzalari putz egitea bezain alferrik, baina ez zuen amore eman nahi, eta irritsez begiratzen zion oroigarriari behin eta berriz. Eskuetan hartu eta bueltaka ibili zuen, buruan janzten menturatu gabe. Ainhoari telefonoz deitzeko irrika egin zitzaion. Bazekien inbidiaren oliotan frijitzen utziko zuela. Azken aldiko historiaren puska bat ari zen eskuko hatz-muturrekin ukitzen!

        Agur egin baino lehen zerbait erran nahi zion Arseniok, eta Migeli beldur aztarren bat egin zitzaion bere gogoetaren berri asmatu ote zuen. Ez zegoen halakorik; azkeneko momentuan, beharrik, lenteak etorri zitzaizkion gogora; eredua behar zuen berriak egiteko. Ohartu gabea zegoen, eta Migel ezustean harrapatu zuen eskariak. Egun hartan, dena den, ez zizkion uzten ahal muturra zedro, zeiba edo onburen baten kontra hautsi nahi ez bazuen. Hotelean bazeuzkan ordezko batzuk Iruñeko botika zahar batean erosiak, eta deituko ziola agindu zion bisita bizkor bat egiteko.

        Eskaileretan beheiti abiatu aitzin, erdiko zuloari erreparatu zion, eta itsas-karakolaren kiribila iruditu zitzaion. Aldameneko barandari ongi eutsiz, mantso-mantso eta mailaz maila jaitsi zen. Ordu txipiak izanagatik, auzolagunen zalaparta entzun zuen solairuetan, eta habanarrek inoiz lo egiten ote zuten pentsatu zuen. Azulejo zuri eta urre kolorekoak miresten gelditu zen une batez eta, portaleko ateari bulka egin ziolarik, gauaren berotasunean murgildu zen.

        Espaloian barna oinez, eskuinera ematen zuen kantoinean galdu baino lehen, goiti begiratu zuen. Izarren azpian, terrazako karel zuriaren gainean besoak, bere baitan bildurik zegoen Arsenio. Eskua altxatu zuen Migelek azken agurra emateko, baina zaharraren ikuspegitik kanpo zegoen orduko, eta ez zuen ihardespenik jaso.