Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

19

 

Jatetxe dotore bat proposatu zion Maria Josefak ikastaroari akabaila emateko, eta Migelek ez zekien ezetzik erraten. Nahiz izena kontuan hartu ez, aireporturako bidean zegoen, eta taxiari deitu behar izan zion. Newtoni ere erraten ahal zion, baina habanar guziek elkar ezagutzen zutela iruditzen zitzaion, eta diskrezioaren bidetik jotzea hobe. Arrats apal, bederatziak aldera egina zuten hitzordua eta, nahiz bortz minutu lehenago heldu, zain zeukan mahaikidea. Atorra laburrez eta galtza zabalez jantzirik zegoen; azenarioaren kolorekoak, eta oihalaren gainean marrazki geometriko urdin eta gorriak zeuzkan apaingarri. Bi solairuko takonak zeramatzan, eta Afrikako zuhaitz idorrak baino harroago zekarren ilea.

        Atezainak ez zion inolako kutermarik sortu, baina Migelek ez zeukan protokoloaren berri, eta arazo koxkor bat izan zuen etiketarekin sarreran. Beti bezala, mahuka hutsik jalgia zen hoteletik. Ezker-eskuin egin zion atariko zaindariak buruarekin. Azala zuria eta ilea gorri, sir Francis Drakeren ondorengoren bat izaten ahal zen, baina ulerbera portatu zitzaion. Atzerritarren begirune faltarekin ohiturik zegoen antza denez eta, deus erran aitzin, jaka beltz bat ekarri zion arropategitik. Espartinak, beharrik, hoteleko gelan utzi zituen, bertzenaz, bi koloreko zapatak ere aterako zizkion beharbada.

        Eskuko eskailera baten moduan makurtu eta ohorezko kilimusi baten ondoren, erreserban zeukaten mahaian paratu zituzten arduratsu. Etxarteko patio gordean zegoen jantokia, eta alde batetik bertzera zebilen mahai gaineko kandela txipiak pizten zerbitzari bat. Etxafuego moduan igan eta bortz edo sei metro goitiago leher egiten zuen palmondo sendoa egokitu zitzaien aldamenean. Nahiz ilun, zeruak urdinari eutsi nahi zion, baina ikusten zen izarrik aldian behin keinuka.

        Esku artean zeukan Migelek janari-zerrenda. Sekula entzun gabeko platerak ziren gehienak, eta Maria Josefari utzi zion afariaren ardura. Ez zuen irakurtzeko lanik hartu, eta sukaldearen eskaintza buruz zekiela erran izan balio ez zen sobera harrituko. Eskaria jasoko zion norbaiten arreta bereganatzen saiatu zen ondoren behakoarekin eta, libreta eskuan, argiak gobernatzen ibilitako gizon bera hurbildu zitzaien. Isilik hartu zituen oharrak eta, bitartean, ikasleak ere bere blok gorria atera zuen galtzetako sakelatik..

        — Esta ves se trata —Maria Josefak eztul txipi batzuk egin zituen— de un film realisado baho la diresión de Fred Zinnemann que yeva por título Julia.

        Aspaldi elkar ikusi ez duten bi lagun minen arteko historia kontatzen zuen; Jane Fondak (Lillian) eta Vanessa Redgravek (Julia) egiten zuten lana.

        Ameriketatik dator Lillian eta, Parisera heldu delarik, Juliari deitzen dio hainbat aldiz Vienara. Ez du harrapatzen, baina zenbait egun sarrixeago, gaupasa egin eta hotelera bueltan, gizon bat, Johann (Maximilian Schell), hoteleko harreran dauka zain. Goraintziak ematen dizkio Juliaren partetik, baina bertze zerbait ere badakar. Alemanian naziak daude jaun eta jabe aspaldi; erresistentzian ibilitako jende andana dago preso eta atera egin nahi dituzte lehenbailehen kartzelatik. Gatibuen askatasuna erosteko asmotan baitabiltza, norbait behar dute dirua mugaz bertze aldera eramateko. Onetsi egiten du Lillianek proposamena eta, sosak sonbreroan goderik, trena hartzen du Berlinera.

        Ostatu batean paratu diote hitzordua eta, atea zabaltzen duelarik, mahai baten gibelean jesarririk ikusten du Julia. Egurrezko protesia darama eskuineko hankan; nazi gazte batzuen oparia, unibertsitate garaian. Aunitz gauza dauzkate elkarri kontatzeko, baina ez dago astirik. Sonbreroa besaulkiaren gainean elkarren arteko tartean uzteko erraten dio Vanessa Redgravek eta, berokiaren barneko aldean ezkutatu ondoren, makuluak besoetan, komunera jotzen du. Atea giltzatu eta aldaketa lanak egin eta gero, bere lekura itzultzen da. Egindako ahaleginari esker, bortzehun preso —beharbada gehiago— askatzen ahal zituzten. Alde egin beharra dauka Jane Fondak berehala, zeren...

        Moskura doa, biltzar batean hartu behar du parte eta trena zain dago.

        Aiduru urdurian, Lillianek sobreroa jaso gabe utzi du, eta Juliak ohartarazi behar izan dio.

        — Es la versión sinematográfica de una novela estraordinaria que publicaron, si mal no recuerdo, con el suherente nombre de Pentimento. ¿Tú sabes qué significa?

        Italieraz, aspaldi, «damua» erran nahi omen zuen, baina artistaren batek adiera berezia eman nahi izan zion hitzari eta, obra bat amaitu eta gero, azpian geratutako trazu ezkutu guzien nahaste-borrastea izendatzeko erabiltzen hasi zen, zeren...

        Denboraren poderioz, azaleko olioa garden bihurtu ahala, zuhaitza ikusten ahal zen soineko batean barna edo itsasontzi handi bat agertzen zen jauregiaren gibelean gorderik.

        Ez zekien zer zeukaten platerean, baina bapo ari zen Migel inolako aitzakiarik atera gabe. Irakasleak, milinga, ez zeukan gogorik, baina denetarik jaten zuen, eta bere lagunak baino gehiago gainera. Aldian behin sardexka bazter utzi eta bloka zabaldu ondoren, boligrafoa hartzen zuen ikasleak eskuan; euskaraz idazten zuen badaezpada, zeren...

        Ohar haietan endredatzeko tentazioa izaten ahal zuen Maria Josefak.

        Mendearen bigarren hereneko urte nahasiak erakusten zituen filmak, eta oinarri biografiko sendoak zituen. Jane Fondak Lillian Hellman idazlearen papera egiten zuen; arestian aipatutako nobelaren egilea.

        Eraso faxistaren aurkako biltzar internazional batean parte hartzeko gonbita jaso zuen New Orleanseko alabak, eta idazteko makina eta senarra —Dashiell Hammett nobelagile ospetsua— etxean utzirik, Moskurako bidea hartu zuen bertze aunitz idazlek bezala. Migelek ez zituen, gaitzerdi, denen izenak entzun beharrik izan, baina bertzeak bertze Erwin Piscator, Sergei Eisenstein, Vsevolod Meyerhold, Konstantin Stanislavski, Joseph Losey eta Bertolt Brecht bildu omen ziren bertan.

        — El asunto es que un chino, un tal Mei Lang Fang, acudió también al Congreso, y el gran Bertoldo, al pareser, entró en profunda crisis.

        Ekialdetik etorritako aktorea zen eta, agi denez, biltzarrean ezagutu zuten elkar. Berliner Ensembleren ordezkariak bazekien Txinako teatroari buruz zerbait, eta ez zuen parada probestu gabe utzi nahi izan. Horrela, beraz, Beijingeko Opera ikustera joan zen adiskide batzuekin, eta asmatu egin zuen. Akrobaziak, kantak, dantzak... bat egiten zuten, generoak oraino bereizi gabe egonen balira bezala, baina biltzarkidearen lana interesatu zitzaion bereziki, zeren...

        Erabateko identifikazioa eskatzen zitzaion aktoreari Mendebaldean; bere buruarekin ahantzi eta paperean sartu beharra zeukan eta, obraren sarean harrapaturik, berez sortu behar zitzaion irri eta negar egiteko gogoa. Hagitz bertzelakoa zen Mei Lang Fangek egiten zuen lana: emakumezko personajeak antzezten zituen, baina bere gizonezkotasuna gorde gabe; gizonaren gorputza erabiltzen zuen emaztekiarena erakusteko, eta antzezteko modu horrek gaur egun bazuen teatroaren hiztegian izen bat.

        — ¿Pentimento?

        — Distansiamiento —zuzendu zion irakasleak.

        Ekialdean, Mendebaldean ez bezala, desidentifikazioa zegoen teatroaren muinetan, eta Berliner Ensembleko zuzendariari pertsonajearen eta ikuslearen arteko tarte hori geratu zitzaion gogoan.

        — Una espesie de marioneta —azaldu zion Maria Josefak— pero con su manipulador espuesto al público; como que fuera el Bunraku japonés; que también conosió el autor teutón durante su posterior periplo por el estremo oriente.

        Ekialdean barna, Japoniara heldu zen alemaniarra, eta etxeak gobernatzen zituen ma hura atzeman zuen antzerkiaren baitan ere. Europan, hau da, Mendebaldean, piramidearen egitura erabiltzen zen obraren ekitaldiak elkarren artean lotzerakoan, zeren...

        Lehenak eta bigarrenak hirugarrenari eusten zioten eta hurrengoa, karta-dorre baten antzera, hiruron gainean paratzen zen. Azpikoren bat kenduz gero, ordea, lur joko zuen gaztelu osoak eta, jakina, hor zegoen maratilaren krisketa, zeren...

        Erran bezala, bionboaren egituraz baliatu zen, bertzeak bertze, Berlingo maisua, eta Ekialdetik ekarritako maileguari esker, aire berria eman omen zion Mendebaldeko teatro zaharrari. Ekitaldiek bazuten elkarren arteko loturarik, baina guziz osoak eta autonomoak bihurtu zituen; hortaz, baten bat baztertuz gero, obra ez zen zertan gainbehera etorri. Atal bat kendu bertzea erantsi, Japoniako etxe tradizionaletan bezala, esparruaren tamaina eta tankera aldatzen ahal ziren. Ludovico Castelvetroren teoriatik behingoz libre, ate bakoitzak bertze ate bat zeukan gibelean.

        Eguzki sortu berriaren lurraldeei buruzko aipamena entzutean, Alberto Joseren liburua etorri zitzaion Migeli burura. Ez zuen bazterrak nahasteko gogorik sobera eta, gainera, Osakako txotxongiloen berri eman nahi zion irakasleak ikastaroa akitu aitzin, zeren...

        — En Oriente el actor está vasío como las marionetas.

        Antigoaleko teatro zaharra zen, baina bizirik zegoen, eta jende aunitz biltzen omen zuen oraino. Ia pertsona baten tamainako panpinak erabiltzen zituzten, eta bakoitzaren maneiuan —agerian, beltzez jantzirik— hiru lagunek hartzen zuten parte: nagusiak burua eta soina gobernatzen zizkion; bertze batek, eskuineko eskua; eta hirugarrenak, azkenik, ezkerrekoa eta soinekoaren azpildurak.

        Autoreak idatzitakoari jarraiki, talde txipi batek zeraman testuaren ardura. Aitzinean kantadera, partaide bakoitzak pertsonaia bati ematen zion hitza. Errezitaldi korala zen eta, zenbait soka-tresnari ateratako musika lagun, enperadore, sorgin, printzesa eta samuraien paperak interpretatzen zituzten nork bere erregistroaren arabera.

        Lauzpabortz lagunek eusten zioten txotxongilo bakoitzari, eta ahalegin horiek guziek bat egiten zuten neurrian bihurtzen zen bizidun. Ikusleak, azken batean, panpinaren zerbitzuan egindako lana baizik ez zuen jasotzen ahal, zeren...

        Emanaldia akitu bezain laster gakoan zintzilik ez zen trapu zahar bat baizik izanen, apalean atzendutako edozein liburu bezala, eta hutsik zegoen, gainera, barnean; baina, Maria Josefaren ustez, huts horretan zegoen, hain zuzen, Japoniako teatroaren muina, Txinako aktoreak erabiltzen zuen teknikaren sekretua eta Bertolt Brechtek Mendebaldeko teatroari egin zion ekarpenaren mamia.

        Ekialdeko zigilu zaharrek ere hutsik utzitako tarteei esker ematen zuten aditzera bere mezua zurian, eza nabarmenduz, eta ondorioz erakusten zuten marrazkia.

        — Una auténtica revolusión anti-aristotélica.

        Azken platera erretiratu ahala eskatu zituzten kafeak. Tarte luze samarrak ematen zituen zerbitzariak agertu gabe. Ez zeukaten inorako presarik, eta aski zuten gauaren bero gozoa egonean egoteko. Aldameneko mahaian gizon bat ikusi zuen Migelek mahuka hutsik, eta bizar gorriko filibusteroa ageri ez zenez, jaka erantzi eta aulkiaren bizkarrean egokitu zuen berea. Berehala damutu zen, zeren...

        Aitona beltz bat paratu zen pianoaren aitzinean, eta aspaldiko habanera bati ekin zion alez ale. Etenik egin gabe, bertze erritmo batzuk ere jo zituen eta, jakina, Kuban ez dago dantzan ez dakienik.

        — A propósito del distansiamiento, sería inexcusable dehar pasar este mambo. ¿No te parese?

        Irri-emangarri gelditu behar zuela bazekien Migelek, baina ez zion eskaria ukatzen ahal, eta dantzarako zutitu ziren. Ilearen ukituarekin bakarrik zirrara egiten zitzaion, eta batzuetan bere bizar moztu gabeak bat egiten zuen Maria Josefaren masail leunarekin ezinbertzean. Aldian behin atxiki egiten zion gerria besoarekin eta, haren bularren pilpira nabaritzen zuelarik, suila putzuan bezala entzuten zuen berea.

        Ainhoa bururatzen zitzaion baimenik eskatu gabe.

        Pianoa isildu, elkarrengandik askatu eta jesarri egin ziren. Atzerritar guziak baldarrak izan ohi direla kontuan izanik, uste baino hobekiago moldatzen zela dantzan erran zion Maria Josefak. Migelek bazuen bere mugen berri, eta konfiantzarik gabeko behako zimurra eskaini zion. Ikastaroari buruzko solasean hartu nahi zuen lur irakasleak eta, Japoniara itzuli zelarik, teatroaren muina konprenitzeko ariketa paradigmatikoa proposatu zion, Zeami, XV. mendeko antzerkigile jakintsuaren irakaspenak probestuz.

        — Olvídate del esenario... —erran zion lehenik.

        — ...

        — Verás a los actores —eta gero—: Olvídate de los actores...

        — ...

        — Verás a los personajes —eta jakina—: Olvídate de los personajes...

        — ...

        — Verás la obra —eta jarraitu zuen—: Olvídate de la obra...

        — ...

        — Verás el teatro, porque el refleho, Miguel, da notisia del espeho —erran zuen amaitzeko, ikaslearen ustez amaitzeko.

        Baina bazegoen gehiago, zeren...

        — Olvídate del teatro.

        Axolarik gabeko solasean ari zirela uste zuen Migelek ordura arte, baina Enbaxadaren adar psikologikoaren zerbitzari baten aitzinean zegoela iruditu zitzaion istantean, eta era honetan mintzatu zitzaion bere haserrea ezkutatu ezinik:

        — ¿Y el teatro oriental y su influencia en Occidente?

        Arazoa sasia bezala ari omen zen egun batetik bertzera korapilatzen, eta arraina harraskan harrapatzea baino errazagoa ematen zuena, itsasoa iraultzea bezain zaila bihurtzeko zorian zegoen. Espero baino franko jende gehiagok eman zuen izena eta, gainera, azterketaren gaia ere ez zegoen erabat garbi.

        Bazetorrela Kubatik lekutzeko tenorea ulertu behar izan zuen Migelek, eta Espainiako Kanpo Harremanetarako Ministerioaren itzala eta Alberto Joseren esku luzea madarikatu zituen.

        Aldamenean zebilen zerbitzaria, eta deitu egin zion afariaren zorra kitatzeko. Etorri berritan bezala, eskuko eskailera baten eran makurtu zen kilimusi egiteko bukaneroa. Joan baino lehen, Maria Josefari muxu merke bat eman gabe sikiera, goraintziak eman zizkion terminologoarendako. Ez zekien zenbat denbora eman beharko ote zuen hoteleraino, baina oinez abiatu zen zerura begira. Izarrak barreiu zeuden, xake-taula baten gaineko piezak irudi.