Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

3

 

Alberto Joseren zain zegoen espaloiaren ertzeko koskan. Matxinada garaian hanka egin beharreko aberatsen baten jauregia zeukan parez pare. Arrosa kolorez jantzirik, alferrik galtzeko bidean, igeltseroaren premia nabari zitzaion. Atalburuaren gainean, neurriz kanpoko zopa-ontzia irudi zuen harrizko balkonak eta, bertan, irri zabaleko emazteki eder bat zebilen imintzioka. Migelek ez zuen konprenitzen norekin ari zen solasean. Arestian ikusi gabeko telefono beltza atzeman zuen, katu bat irudi, kalostraren gainean otzan. Orduan jakin zuen ez zela bere buruarekin mintzo.

        Ordu laurden bat ongi pasea zeraman Migelek zain, eta Alberto Jose ez zen ageri. Zigarro bat piztu eta kearen gibelean ezkutatu zen goiti begira.

        Azal ilun argikoa zen eta tabako gorriaren koloreko ile kizkur motza zeraman. Alkandora gerezi batekin apaindurik zegoen eta, eguzkitako lenteak erantzi zituelarik, almendraren antzeko begi beltzak erakutsi zizkion. Eskua altxatu eta, keinuka, hurbiltzeko eskatzen ziola iruditu zitzaion. Ez zuen sinetsi nahi berarekin ari zenik. Azkenean hatza luze-luze paratu zion eta, bertze inor ez zegoela konturatu zelarik, tiro bat sentitu zuen bihotzaren erdian, zeren...

        — Escuche, compañero.

        — ¿Es a mí? —galdetu zuen.

        — Asérquese.

        — Dígame —atera zitzaion herabe.

        — Alguien lo yamó. Suba; la puerta está abierta.

        Aldamioz josia zegoen etxea. Txorien kantu eroak entzuten ziren lukanaren azpiko barne itzalean ozar. Eskaileretan beheiti zetorren gizon batek, beltzaren beltzez urdina, oilasko bat zekarren erpeetatik atxikia, eta eskolako uniformearekin jantzirik zegoen neska gaztea zeukan so goiko solairutik. Che, Camilo eta Fidelen irudiak ikusi zituen zarpaildutako horma zaharretan kolorez margoturik, eta Viva el Comité de Defensa eta antzeko zenbait erranairu ere irakurri zituen goitiraino heldu baino lehen.

        Aspaldi batean, jende aberatsaren bizileku beharbada, ez zuten koloreko neskamerik faltetsiko sukaldeetan; arrats hartan, ordea, okupaturik zirudien etxearen usaina aditu zuen Migelek giroan. Eguneroko premiak kario samar ordaindu behar izaten zituen herri xeheak nonahi, eta biztanle arrunt batek —pentsatu zuen— nekez biltzen ahal zuen hainbateko pisu ederra behar bezala zaintzeko adina sos.

        Ate bakarra zegoen irekirik eta, arrotz, poliki sartu zen barnean. Aireztailua zebilen bazter batean zarataka. Aitzinera begiratuz, pasillo luze baten buruan, alkandora gerezia atzeman zuen balkonaren abaniko zabalean eta, maizterraren aginduetara, harengana heldu zen. Ez zion deus erran, baina, irri bat ezpainetan, telefonoaren belarri beltza eskaini zion. Eskua erretzeko zorian egon bazen ere, gorde egin zituen espantuak. Okerren bat izaten ahal zela uste zuen Migelek, baina ez zegoen halakorik, zeren...

        — Oye, chico —entzun zuen, elkar ezagutu zuteneko usted hura hegazkinean atzendurik—, soy Alberto José.

        — Estaba esperando.

        — Escucha con atensión. Últimamente, tú sabes, el trabaho es mucho y no dispongo de bastante tiempo...

        — Entiendo.

        — Sin embargo, resién conversé con mi amigo el profesor. ¡Buenas notisias!

        Azterketa abuztuan omen. Ez zegoen egun zehatzik, baina lehen astean segurik. Uztailean eman behar zuen izena eta, horrela, eskaria onetsi arte bedere, bertan egoteko baimena luzatu ahal izanen zuen. Atari-probaren edukiari buruzko kontua airean zegoen oraino, baina bazekien galdera bakarrekoa izanen zela; beraz, lasai egoteko gomendatu zion, laster hasiko baitzen bazterrak endredatzen. Eguna heldu aitzin klase partikular batzuk hartu beharko zituen, baina ez zegoen zertan larritu, zeren...

        Ba omen zuen zeinek eman.

        Hoteleko telefonoa eskatu zion harremanetan jarraitzeko.

        Aurki, egun bat edo biren buruan, Maria Josefa izeneko emazteki baten deia izanen zuen, eta hark azalduko zion jakin beharreko guzia.

        — O sea que hoy no nos vemos —erran zion Migelek.

        — Imposible.

        Agur egiteko denborarik eman gabe galdu zuen deia. Alberto Josek erran ziona hausnartzen eman zuen istant bat eta, bere barnetik jalgi zelarik, etxeko jabea faltetsi zuen ondoan. Irrati soinua atzematen zen giroan eta, belarriaren aginduari jarraiki, aldameneko gela zabal batean aurkitu zuen, dantzan, bakarrik.

        Orkestra bat ari zen, txokolateari bueltaka bezala, mambo lodia nahasten, eta maizterraren gorputz ederrak, suavesito, infinituaren zortzi etzanak uzten zituen giroan barreiu. Atetik so, barrandan, Migelek ez zekien zer egin.

        — ¿Cómo tú te yamas? —espanturik gabeko irri tentagarria eskaini zion.

        — Miguel. ¿Y tú?

        — Aleida.

        Eskerrak eman nahi zizkion, baina beldur zen dantzara ez ote zuen aterako. Ez zegoen irri-emangarriarena egiteko prest eta, beharrik, ez zion eskatu, zeren...

        Txarro bete juguito de toronha omen zeukan hozkailuan freskatzen, eta basokada eskaini nahi zion.

        Izerdi tanta bat jausi zitzaion Migeli bizkarretik beheiti bigarren aldiz, eta baiezkoa eman behar izan zion.

        Ez zegoen eroso. Eskuak gibelean loturik, kaiola barnean dagoen katamotza bezala ibili zen bueltaka. Aski zaila egiten zitzaion deus ez errateko solas egitea, baina hala moldatu beharko zuen ezezagun batekin. Edaria ekarri bitartean lasai egon bertzerik ez zeukan, hala ere bazterrak endredatzea gustatzen zitzaion eta puru-kaxa bat ikusi zuen Migelek apal gainean. Zedro idorraren usain gozoa zerion, eta ireki egin zuen. Itsas maskorrez beterik zegoen, zein baino zein politago. Babelgo dorre motzak, txanponaren tamainako labirinto espiralak, portzelanazko txarro nanoak, Txinako pagoda koxkorrak, txirikordatutako adarbakar mikoak, hieroglifikoz apaindutako oskol txipiak eta bertze aunitz bitxi miretsi zituen banan-banan.

        Altxorraren aitzinean sor harrapatu zuen Aleidak eta, laket bazituen, nahi bezainbat denbora hartzeko eta lasai ikusteko erran zion. Azpil baten gainean bi baso eta txarro bete zuku zekartzan, eta Migelek besaulkian jesarri bertze erremediorik ez zuen izan. Ezaguerak egiteko tenorean sortu ohi den axaleko solas deserosoan saiatu ziren.

        Maizterrak konfiantza hartu zuelarik, Migelen lenteez arduratu zen zuzenean, zeren...

        — Oye, chico, disculpa, pero esa clase de espehuelos no te favoresen.

        Lenteak erantzi zituen eta, zapi zuria sakelatik atera ondoren, arratsalde hartako sapak eragin zion lurruna garbitu zien kristalei begiak lurretik goratu gabe.

        — Esos ohos se meresen otra cosa.

        Ez zekien non sartu, eta San Fermini bestetan janzten dioten lepokoa baino areago gorritu zitzaizkion musuak. Eguraldiak ez zuen katarrorik harrapatzeko baimenik ematen, baina nabarmen ez geratzeko bizpahiru aldiz egin zuen zintz, bertze aldera beha, esku artean zerabilen zapiaz. Itzuli zelarik, baso bete toronha eskaini zion Aleidak berriz ere eta, edan bitartean, konpromisorik gabeko proposamena egiten hasi zitzaion poliki, zeren...

        Osaba bizi omen zuen Obispo karrikan, Habana Zaharrean, eta hamarren bat urte zeraman erretiraturik.

        — Cuatro libras de pan vestidas de hombre.

        Itsasertzean, hiritik hurbil, Cojimar izeneko herri txipian txalupa koxkor bat zeukan eta aldian behin arrainak, otarrainak eta dortokak harrapatzera irteten zen. Gobernuak ematen zionarekin eta karrikan saltzen zuen jenero pixko batekin eroso bizitzeko ateratzen zuen. Aski trebea omen zen esku-lanetan; beraz, oskolak berarendako gorderik, eraztunak, lepokoak, belarritakoak eta apaingarriak egiten zituen. Etxean berean zeukan lantegia —lau erreminta; bertzerik ez— baina, enkargurik falta ez zitzaion arren, egunean ez zituen ordu parea baino gehiago ematen lanean.

        Interesante errateko zorian egon zen Migel, baina axolagabekeria gisa ulertzen ahal zuela iruditu zitzaion, eta isilik segitu zuen.

        Bitxiak ez ezik era guzietako egiturak ere egiten zituen lenteendako, eta osabaren zerbitzua gomendatu nahi zion, zeren...

        Europan ez ziren hain egokiak eta apainak erosten ahal, eta merkeagoak aterako zitzaizkion.

        Interesik baldin bazuen, berehala idatziko zion helbidea; osabari ere deituko zion jakinaren gainean egon zedin.

        Aintzat hartzeko modukoa iruditu zitzaion Migeli osabarengana erakusten zuen ardura, baina bitartekaritzarekin eskupekoren bat jasotzen ahal zuela egin zitzaion. Ez zeukan deus ere horren aurka, baina berria egin zitzaion saltzerakoan erabili zuen trikimailua. Ez zeraman astebete Habanan eta bat baino gehiago hurbildu zitzaion rona, puruak edo dolarrak eskaintzera. Aleidarena bertze zerbait zen: behakoa edergabetzen zioten lenteetatik libratu nahi zuen, zeren...

        — Ya yo te imahino con el armasón de carey entrando por esa puerta.

        Eskaintza onetsi bertze erremediorik ez zuen izan. Maizterrak paper-mutur batean Arsenio Cárdenas, Calle Obispo s/n, 4º, izquierda, La Habana Vieja idatzi zuen astirik galdu gabe. Eguzkipean desegiteko zorian jarraitzen zuen telefono beltzak kalostraren gainean. Aleidak ez zuen zapi ziztrin bakarra ere behar izan zenbakia markatu eta deia egiteko. Ez zion azalpen handirik eman osabari; fite itzuli zen, zaharraren ongi-etorria zekarkiola.

        Ortziralean —hurrengo egunean ez, bertzean— etxean emanen zuen arratsalde osoa eta, zereginik izan ezean, añejo doble bat agindu zion Aleidak osabaren partetik.

        Eskerrak eman zizkion Migelek telefonoarengatik, toronha zukuarengatik, bere begien aitzakian jasotako loreengatik eta, oro har, berarekin adeitsu portatzeagatik.

        — No tengo palabras.

        Uste baino egia handiagoa ari zitzaion aitortzen, eta maizterrak Cuba es así eta plazer handia izan zuela eman zion aditzera.

        Arrats apaltzen ari zen orduko, eta bisitariak, errelojuari begira besaulkitik jaikitzen ari zelarik, izerdi-tanta sentitu zuen bizkarretik beheiti. Azken trago bat eskaini zion, baina ez zuen hurrengo autobusa galdu nahi, eta uko egin behar izan zion.

        Etxeko atera heldu bitartean, agurtzeko modu egokiren baten bila saiatu zen. Hautatzen hasi eta Un plaser, hasta pronto, nos vemos baldarrak iruditzen zitzaizkion, zeren...

        Hitz batzuek nahi baino gehiago nabarmentzen zuten eta bertze batzuk, aldiz, ez ziren berak nahi bezain adierazgarriak.

        Eskua altxatu eta keinu bat egiten ahal zion, edo muxu bat eman, edo besarkatu, baina neurriz kanpokoak egiten zitzaizkion denak. Eskua eman eta, Habanan laketzen hasteko, Chao murritz bat hautatu zuen.

        — Ahora ya tú sabes dónde vivo —entzun zuen Migelek behe-solairura heldu aitzin.

        Alde egin baino lehen goiti begiratu eta Aleida ikusi zuen lukanaren azpian, aldamioen artean, irri egiten ziola. Ilunpetan ia, harriaren freskura zeukan sotoak gorderik, eta eskailera-zuloan txoriak zebiltzan zalapartan. Karrikara irten orduko etorri zitzaion sargoriaren eraso errukigabea. Espaloiaren bazterretik itzal-zirritu zirtzilena probesten saiatu zen, baina, behar bezala giltzatu gabeko iturriaren antzera, tantaka ari zitzaion sudurra geltokira iristerako. Uralita baten azpian babestu eta autobusa heldu zelarik, leihotik Aleidaren balkonera egin zuen so.