Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

21

 

Alberto Jose haserretu zitzaionetik sosegu hartzen uzten ez zion korapiloa sortu zitzaion sabelean. Erizainak ez zion aspaldi deitu eta, arrats apal, Trocadero karrikara joan zen, betilun, azalpenen baten bila. Oraino ez ziren bi aste Aleida ezagutu zuela, baina terminologoarekin izandako solasa medio, maiterrearen oliotan ari zen kiskaltzen, eta ez zion inori kontatzen ahal bere katramilaren berri.

        Eskailerak igan eta, zinger frijitu, zitu pasatu eta ezagutzen ez zituen espezieen usainetan, atearen aitzinean eman zuen denbora pixko bat zer erraten ahal zion hausnartzen. Irrati urrun baten marranta entzun zuen, eta inguruan barriderik ez zebilela ziurtatu ondoren, bisitan nor datorren kontrolatzeko sare-zulo txipian barna begiratu zuen mugimendurik atzematen ote zuen.

        Ilunpetan zegoen etxea. Ez zen inor ageri.

        Aldaba jo aitzin, aldameneko leiho batera hurbildu eta, ardura gabe, behako bat bota zuen patiora. Elastiko, maindire, kulero eta soinekoen artean galdurik agertu zitzaion Aleida, baina hark ez zuen bisitaria ikusi. Arropa biltzen ari zen, eta Migelek keinu irri-emangarria egin zion bertan zegoela jakin zezan. Baina bere lanean murgildurik zebilen, albornoz morea soinean, eta gomazko bigudisez, plastikozko erruloz, koloretako gantxoz josirik ilea.

        Oihu bat entzun zuen Migelek gero, eta goiko etxekoandrearen behakoarekin egin zuen Aleidak topo. Istant batez kasu emateko adierazi zion, eta handik laster soka baten muturrari loturik zegoen otarrea ikusi zuen goititik jaisten. Otarrainak harrapatzeko egokia izaten ahal zen, baina ez zekarren deus ere barnean. Esku artean zerabiltena amaitu arte zain egotea deliberatu zuen barrandariak.

        Besoetan kartonezko kaxatzar bat zekarrela agertu zen Aleida. Migelek Pioneer irakurri zuen harriduraz. Erizainak auzoko emakida-lanak zeramatzan, hortaz, grabagailu kontuetan, orain berari eta orain arte bera bezalako hainbat arrotz inozori esker, edo horrela iruditu zitzaion bedere. Azpilanetan zebilen; ez zegoen dudarik; baina zer erraten ahal zion Migelek, Aleidak bereak zituen dolarrez erosi bazuen grabagailua?

        Nolanahi ere, erabilia sentitu zen, eta zimur itsusia egin zitzaion kopetan. Alberto Josek aipatu zion aferaz jakin ez balu irri eginen zuen akaso, baina euria euriaren gainean ari zuen, eta alde egiteko zorian egon zen.

        Inguruari erreparatu zion erizainak, eta patioko gortinen gibelean begiluzerik ez zegoela ziurtatu zuelarik, grabadora otarrean sartu eta kasu egin zion goikoari sokatik tira zezan. Barrideak arrantza egin arte iraun zuen Aleidak goiti begira eta, begiak jaitsi zituelarik, parez pare ikusi zuen Migel. Saguak katuari bezala behatu zion eta, leihoa hertsi gabe, ziztu bizian egin zuen alde.

        Ez zuen aldaba jo beharrik izan eta, atea ireki orduko, Aleidak lepotik heldu zion bi besoekin, zeren...

        — No es lo que parese —erran zion belarrira losintxari.

        Irri makurra sortu zitzaion gizajoari, baina ez zuen azpijokoarena aipatu. Erantzun zehatz baten bila zetorren, bertze zerbaiti buruzkoa. Alberto Joseren izena buru barnean mailuka ari zitzaion arren, une egokiagoaren zain eutsi zion mingainari. Iragan egunetan ikasi zuen bideari jarraiki, ia lurrik ukitu gabe, zurrunbilo batean heldu ziren ohantzera.

        — Un milagro, Miguel. Parese que fueras otra persona con esos espehuelos.

        Aleidak ere bertze norbait ematen zuen buruan landaturik zeraman baratze artifizialarekin, baina ireki gabeko botila baino isilago gelditu zen Migel badaezpada. Erizainak igarri egin bide zion behakoan, zeren...

        Komunera joan eta ezpainak maxukrearen kolorez pintaturik eta ilea mototsean bildurik agertu zitzaion.

        Ustekabean harrapatu zuen bisitaria eta, astirik eman gabe, muxu baten seinalea utzi zion lepoan.

        Migelek albait arinen argitu nahi zituen gauzak:

        — Ya sé que es una tontería, pero eso del sándalo seleste me está martirizando.

        Ez zuen horrelakorik espero. Grabagailuaren kontua aterako ziola esperoko zuen segurik, eta errukiz begiratu zion. Elkarrekin emanak zituzten etzanaldi beroen oroimina nabaritzen zitzaion Migeli begietan, eta erizainak, sarean zeukala probestuz, jolasari jarraitu zion txeratsu.

        — ¿Y si no te lo digo?

        Armairuan gorderik zegoen pamelaren barnean, mahai erdiko portzelanaren azpian, ama birjinaren gibelean, apalaren gaineko liburuaren orri artean, grabagailuan paraturik zeukan zintaren barnean edo, deusik erdietsi ezean, bere lagun berriaren soinekoaren azpiko arropen artean endredatzeko ere deliberaturik ikusten zuenez Migel, amore eman zuen Aleidak azkenean:

        — Es una espesie de insienso... que antaño se usaba en santería.

        — ¿Eso es todo?

        Arretaz behatu zion Aleidak, baina ez zuen konprenitzen zer zerabilen Migelek buruan. Horrela, bada, jolasa urrunago eraman gabe, gibelera egin zuen; jaiki egin zen eta, apal gainean miatu ondoren, liburu bat ekarri zuen eskuetan. Orriak begiztatzen ibili zen pixko batean eta, bila ari zena agertu zitzaiolarik, pasarte bat irakurtzeko agindu zion.

        ¡Sándalo, sándalo seleste...!

        — Lo leí una sola ves, pero se me quedó para siempre.

        Atseden poxi bat eman nahi zion beharbada, baina susmoak areagotu egin zitzaizkion, eta ez zen bertze modu batean izaten ahal. Alberto Jose, bera bezala, Aleidaren intimitatearen jakinaren gainean zegoen, eta orduan konprenitu zuen sándalo seleste temati hura aipatu ziolarik zergatik paratu zitzaion terminologoa sutan.

        —¿Tú conoces a alguien que se llame Alberto José?

        — Es un nombre rehio —ihardetsi zion—, pero ya no se oye mucho.

        Elkar ezagutu zuten eguna oroitarazi zion, eta ba omen zegoen behar bezala konprenitzen ez zuen zerbait. Espaloian jesarririk zegoen eta balkonetik, telefonoa eskuan, berarendako zela adierazi zion. Okerren bat behar zuen izan, baina ez zuen lardaskatu nahi izan etxeko jabearengana hurbiltzeko aukera. Ez zuen espanturik egin, baina binaka igan zituen eskailerak. Alberto Jose zen. Nola jakiten ahal zuen Aleidaren zenbakia?

        — Es fásil... —erran zion, azaldu beharra gustatuko ez balitzaio bezala, zeren...

        — Mi teléfono está en la guía.

        Egun hartako hitzordua Seviyita jatetxearen aitzinean zeukaten; beraz, Trocadero karrika bilatuz gero, zailtasunik gabe topatzen ahal zuen edozeinek pareko portalaren zenbakia, berdin zion Alberto edo Rigoberto Jose deitu. Etxeak ez zeukan hainbertze solairu, eta karrikan zain dagoen norbaiti dei egiteko, gainera, lehenengoa izaten ahal zen egokiena. Ezker-eskuinak deliberatzerakoan zalantza eginen zitzaion beharbada, baina zer dira bi dei? Ez zuen erotu beharrik izan, zeren...

        Ostatuko atarira so egin eta bertan omen zegoen Migel.

        — ¡Inequívoco!

        Egiaren tankera zeukan. Eta egia zen, era berean, Alberto Josek ez ziola Aleidaren izenik aipatu. Baina agerian zegoena baino zerbait gehiago ere bazebilen, bere ustez, eta ez zuen susmo errebes hura burutik kentzen ahal, zeren...

        Oraino ohantzean etzanik, Migelek esku artean zeukan liburua. Bizkarrari erreparatu zion: El ciruelo y otros cuentos, Ozaki Naru. Ez izenburuak ez idazlearen izenak ez zioten deus erraten, baina Ekialdeko saindu buruhandi bat zegoen azalean apaingarri, eta terminologoa hegazkinean irakurtzen ari zen liburua zela ohartu zen.

        Dena bat zetorren.

        Askaturik zegoen korapiloa eta esku artean zeukan froga.

        Alde batetik, detektibearen poza sentitu zuen; bertze aldetik, atsekabe handia egin zitzaion. Bazterrak endredatzen hasi ez balitz, zalantza bere alde izanen zuen akaso, baina, jakinaren gainean, nola ematen ahal zitzaion galtzerdiari buelta?

        Eguraldi txarraren aitzinean aurpegi alaia paratzen duenaren plantak egiten saiatu arren, kasketa harrapatu duen mutikoa nabarmendu zitzaion. Aleida, nola ez, berehala konturatu zen, zeren...

        — ¿Qué tú te piensas, mi amor —erran zion gogor samar—, que eres el rey del mambo?

        Arrazoia zeukan, eta ez zion aitzakiarik atera, zeren...

        Pendeho, comemierda eta, gainera, baldar hutsa zen.

        Ordura arte uste zuen sudur-zulo berdinetik hartzen zutela arnasa, baina inoiz ohantze berean etzanagatik ez zuten amets bera zertan egin.

        Nahigabea egin zitzaion Migeli.

        Azalpenen bat zor zion, baina ez zekien nondik hasi, eta Partagas bat piztu zuen agurra nola egin pentsatzeko. Asmo guziak ongi bideraturik zeuzkalako ustean egona zen, baina huskeriaren eragina aski izan zen harreman guziak hankaz goiti paratzeko. Alberto Joserekin muturturik zegoen, eta Maria Josefaren kontuak ere edozein momentutan eginen zuen eztanda. Obispo karrikako zaharrari zegokionez, berriz, ez zuen behar bezain garbi jokatu; beraz, ilobarekin, bedere, ongi amaitu nahi zuen.

        Zigarro-muturra hautsontzian itzali ondoren, besarkada eman zion Aleidari.

        Arrunt baldarra sortu zitzaion, eta damutu egin zitzaion ahalegina egin izana. Erizainak, nolako aurpegia erakutsi ez zekiela, ez zuen deus erraten asmatu eta, bere lekutik mugitu gabe, joaten utzi zion gauzak gehiago nahasi baino lehen. Arratsalde hartan gertatutako guzia atzendurik berehala, gauzak bertze modu batean egiteko gogoa sortu zitzaion Migeli, baina berant zebilen harrezkero. Alferretan ari zen bere zilkoari hozka, eta goiari eutsi beharra zegoela deliberatu zuen Aleidaren etxeko atea zeharkatuz.

        Eskailerak jaitsi eta karrikara heldu zelarik, goiti begiratu zuen eta, lehen egunean bezala, erizainaren behakoarekin egin zuen topo. Aspaldiko telefono beltza belarrian, kalostraren gainean zeuzkan besoak, eta solasean ari zen. Ez zuen pentsatu nahi izan norekin, eta handik harat ez zituen begiak espaloitik goratu.

        Incapturable bat hartu eta ostatu batean sartu zen ron luze baten eske.

        Edariak, ordea, aldartea areagotu bertzerik ez omen du egiten. Malenkoniak jota amaitu zuen, begiak lauso eta belarriak gorri-gorri. Berant handian abiatu zen hotelera, oinez. Zuhaitzen bat bidera azaltzen zitzaion bakoitzean bi besoekin besarkatu eta musu ematen zion tristuraz beterik. Azkenean, ziraldoka, irrist egin eta zerraldo jausi zen lurrera. Sekulako aitzurra zeraman gainean, eta oinen bila ibili behar izan zuen luzaro.