Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2002, poesia
1986, poesia
 

 

20

 

Itsas-lapurren pattarra bertzerik saltzen ez zuten zoko ilun baten berri eman zioten, eta bertara jo zuen bazterrak endredatzeko asmotan. Apalez apal ibili zen jeneroa aztertzen, eta Caney, Paticruzau, Bucanero eta antzeko izenak topatu zituen aspaldi garbitu gabeko botiletan itsatsirik. Ez zeukan zaharraren gustuen berri, baina zortzi urteko Matusalén bat topatu zuen bertze guzien artean galdurik, eta zer zor zuen galdetu zion dendariari. Estraperloko jeneroa balitz bezala, egunkari zahar batean bildurik eman zion gizonak botila.

        Oparia besapean, Obispo karrikara heldu zen eta, txirrina jo bezain fite, pospolo-kaxa bota zion Arseniok oinetara. Atea ireki eta eskailerak igan zituelarik, azken solairuan zain zegoen aspaldiko lagun zaharra. Afaria prestatzen ari zen, eta gibeletik joan zitzaion zertan laguntzen ahal zion galdetzera. Eltzekote bat zeukan sutan, eta ordu erdia eskatu zion sukalde-lanak akitzeko.

        Migel terrazara abiatu zen barrideen bizimoduari buruzko zerbait ikasteko, baina iragan bisitan ikusi gabeko liburutegi koxkorra atzeman zuen, eta Iruñeko liburu-dendarekin oroitu zen. Abenturazko nobelak ziren gehienak. Ernesto Che Guevarari buruzko liburu bat ere paratu zitzaion bidean, eta hartu egin zuen. Argazkiekin konformatu behar izan zuen, azpiko testua sobera letra txipiarekin idatzirik baitzetorren eta lenteak, bereak izanagatik, ez zitzaizkion behar adina egoki. Aitzakia polita izaten ahal zen konpondu behar zizkionak aipatzeko eta, afaria prest zegoela erratera etorri zitzaiolarik, papera ia ukitu arte jaitsi zituen begiak. Debaldetan egin zituen ordea plantak, bere miopiari baino arreta handiagoa eskaini zion Arseniok erretratuari eta, jakina, ez zuen komandantearen gaineko bertze pasadizo bat kontatu gabe utzi nahi izan, zeren...

        Boliviako mendi malkorretan hartu zuten preso. Etsaiaren lakioan jausi orduko ba omen zekien hilko zutela. Helikoptero bat heldu zen hiriburutik berehala. Oinutsik, lokatzetan, arropak zarpail, leher eginik, bere azken hatsa ospatzera propio etorritako jeneral zitalaren iraina entzun behar izan zuen; baina, zutik, harro, duintasunik galdu gabe, belarrondoko bat eman zion merezi bezala.

        Arriskuak saihetsi eta egun bizi izan balitz, aitona kaskailua izanen zen, ziur aski, erregimen zaharra kasatu zuten borrokalari gehienen antzera, eta ongi egindakoarekin batera oker barkaezinak ere metatuko zitzaizkion bidean. Ez zioten, ordea, denborarik eman, gazterik egin zuen alde, eta hil ondoren atera zioten erretratuari begiratzen zion Arseniok arretaz, zeren...

        — Es una verdadera lástima que la revolusión sea patrimonio de la juventud prinsipalmente.

        Migelek ez zuen konprenitzen arrazoia.

        — Los jóvenes quieren ver el resultado de sus esfuersos de inmediato, pero hasen falta muchos pequeños cambios para sostener uno grande.

        Oinetakorik gabe, soina biluzik, harriaren gainean zegoen etzanik. Ileak eta bizarra harro, begiak osoro bildu gabe, Palestinako maisua irudi zuen gurutzetik jaitsi berritan eta, horra!, ez zeraman deusik buruan; beraz, aldi onari atzaparka lotu behar gatzaizkiola oroituz, eskaria bota zion hitzetik hortzera lagunari: Guevararen txapela.

        Ezetzaren beldurrez zegoen, baina Arseniok ez zion inolako eragozpenik sortu. Eta, gainera, bandera eta burdina puska eramateko ere ba omen zeukan baimena nahi izanez gero.

        Eskerrak eman zizkion mila bider.

        Kezkaturik gelditu zen bere gain hartzen zuen erantzukizunarekin, eta ez zion txapela bertzerik onetsi, Kubako banderak munduko edozein bazterretan eskuratzen ahal ziren eta pistolarekin, berriz, arazo larriak izaten ahal zituen muga zeharkatzeko.

        — Acá debe de estar también —erran zion liburuari so— la fotografía que figura en el pasaporte que falsificó para poder infiltrarse en el país andino. Al pareser, fue la única que se hiso con espehuelos. Que por sierto... —Migelen lenteekin oroitu zen— ...pero mehor primero senamos, ¿no le parese?

        Arseniok sukaldera eta bere mahaikideak terrazara jo zuten. Ontzi pare bat eta Txekoslovakiako ardo zuri freskoa ekarri zituen lehenik, eta baxoerdia ekarri zion Migeli janariari ekin bitartean probatzeko. Isiltasunaren altzoan edan zuen trago bat goiti begira. Zilarrezko zulo txipiz beterik zegoen gauaren guardasola. Otarrain eder bat ekarri zuen bigarren bueltan eta, buruz buru, lagun zaharrak balira bezala egin zuten topa.

        Kraskailua eskuan, batera egin zioten eraso munstro fantastikoari, gupidarik gabe. Adar-besoak hustu, erdiko haragi trinkoa zatitu eta buruaren tarte goxoenak zurrupatu arte ez zuten amore eman. Azkenean, itsaspeko kanposantua irudi zuen portzelanazko azpilak eta, botilako hondarra banaturik, fikziozko zientzia aipatu ordez, abenturazko nobelak atera zituen Arseniok solasera.

        Aspaldiko ingenio hartan lanean zebilelarik ere, nobelaren bat edo bertze eskuratzen omen zuen noizean behin, zeren...

        Bertzenaz, dagoeneko ez zen irakurtzeko gauza izanen, baina bi hatzak galdu ondoren Habanara aldatu behar izan zuelarik, borzpasei orduko saioak egiten zituen liburu baten gainean, eta bertan zaletu zen literaturarekin.

        Istripuari esker eman zioten lana zigarro puruak produzitzen zituen enpresan. Eskola handi bat irudi zuen lantegiak, eta langileek —gehienak emakumezkoak — tabakoaren hosto idorra bihurritzen ematen zuten eguna mahai luzeetan. Aizto zorrotz batekin moztu, trinko-trinko bildu eta, behar bezalako tankera emanik, Montecristo irakurtzen zen paperezko eraztuna paratzen zioten ale bakoitzari muturrean. Arseniok, eskuko aberia medio, ez zuen era horretako lanik egiten, eta bertze erantzukizun bat eman zioten.

        — Maestro lector de novelas.

        Irakasle baten moduan, bere baitan murgildutako lankideen mututasunaren pareko, eleberriak irakurtzen zituen mahai gaineko mikrofonoaren aitzinean. Ordu erdiko saioak izaten ziren, gelaz gela, oholtza baten gainetik beheiti begira, eta lau edo bortz aldiz ekin behar izaten zion kapitulu berari egunero.

        Oraino oroitzen zen lehen liburuaren izenaz eta, kanabera-zati txipiz egindako gortina iraganez El siglo de las luces, Alejo Carpentierrena, aipatu zuen. Gero, sukaldean, Graham Greeneren Nuestro hombre en La Habana, Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad, Illinoiseko bizar zuriaren Las nieves del Kilimanjaro. Eta terrazara itzuli eta postrea mahaiaren gainean utzi zuelarik, Gabriela, clavo y canela Jorge Amadorena.

        Irakurritako nobela bakoitza, izarrak ikusteko teleskopioari eransten zaizkion lenteak bezala, begietan itsatsirik geratzen omen zitzaion. Izartegian paratu zituen Migelek ere begiak eta, espazio sideralean zilipurdika zebilela, eraberritutako lenteak eman zizkion Arseniok eskura.

        — ¡Puro carey!

        Ispilua behar zuen eta, edandakoa desedateko aitzakiarekin, komunera jo zuen. Yves Saint Laurent jostunaren karantza eman zion bere buruari, edo Henry Kissinger Estatu Batuetako idazkari ohiarena bertzenaz. Denbora behar izaten omen da itxura berriarekin laketu arte; beraz, bueltakoan, prezioaren galdea egin zion mila bider eskertu eta sekula jantzitako egokienak zirela erranez.

        — Un buen libro —izaten ahal zen ordaina—. Un libro de Baroja, por ehemplo.

        Opari jasotako Matusalén botilaren bila joan zen zaharra, eta zorioneko Guevararen txapela ere ekarri zuen bueltan.

        Azpikoz goiti utzi zuen mahaiaren gainean, zeren...

        Xüberüa irakurri ezinik, ¿Qué cosa significa eso? galdetu zion Migeli.

        Euskal Herriak zazpi probintzia zituela azaldu zion, eta hortik goiti aitzakia pare bat, hala nola ez zuela hainbateko ohorea merezi, eta neurriz kanpoko erantzukizuna zela berarendako. Azken batean, atzerritar ezezagun hutsa bertzerik ez zen haren aitzinean, eta ez zuen konprenitzen nola paratzen ahal zuen horrelako konfiantza berarengan.

        — En cuanto lo vi algo me diho que era usted una persona sensata. Sentido común. ¿Sabe usted, Migel, qué es eso?

        Edozein artaburuk jakiten ahal zuen gauza iruditu zitzaion, baina belarrietatik atxikitako legatza bezain isilik gelditu zen argibidea entzun arte.

        — La capasidad de distribuir la importansia entre las cosas —azaldu zion hitz bakar batean huts egin gabe—, porque no olvide, compañero, que esiste mucha gente intelihente, incluso briyante, que muestra tremenda dificultad para gobernar, como es presiso, un asunto tan sensiyo y sin embargo tan trasendental como el sentido común.

        Arrautza frijituaren formula kimikoa azaldu nahi ziola zirudien, eta adarra jotzen ari ote zitzaion susmatu zuen Migelek. Ez zegoen horrelakorik; serio, benetan ari zen. Arsenioren ustez, bere herrian ez ezik gainerako guzietan ere arriskuan zegoen jendearen sen ona, zeren...

        — Adaptasión injustificada —erran zion hasteko—, adulasión gratuita —gero, eta amaitzeko—: entusiasmo desmedido.

        — ¿Entusiasmo desmedido? —oroitarazi zion hirugarren sintoma, adibide baten esperantzan.

        — El sacrifisio por aquello que no se comprende es caldo de cultivo para el fanatismo, compañero; en cualquier frente.

        Irri-emangarri ari zen gelditzen, beharbada, Arsenioren aitzinean. Urtemugaren aitzakia zeukan, egia, baina, asmoa zuzena izanagatik, bidearen makurra ez zitzaion barkagarria iruditzen. Azalkeriaren eta irudikeriaren erresuman zegoen, eta Ainhoak eta konpainiak salatu nahi zuten zulo hartan berean ari zen jausten. Neurriz kanpoko gutiziaren mende, koipe merkearen putzuan zebilen belaunetaraino sarturik eta, nahiz damurik gabe, zaharraren bedeinkapena behar zuen bere burua engainatzeko.

        Al fin y al cabo —erran zion Arseniok— usted es vasco, como la gorra, y además, no está del todo claro que fuera del comandante.

        Ez zuen espanturik egin, baina korapiloa egin zitzaion zilkoan. Etsipena disimulatzen saiatu zen Migel. Kaskezurra ireki eta elur hotza bota izan baliote bezala zegoen. Eztarria idor, pattarra behar zuen.

        Arseniok aspaldiko Matusalen zaharraren urteak aipatu zituen topa egitean, baina nahigabeari buelta eman ezinik zebilen Migel, eta hurrengo egunean goiz jaiki beharra zeukala erran zion mahaikideari. Alde egin baino lehen, bere lenteekin hartutako lana estimatu zion zinez, eta Arseniok paperezko zorro bat ekarri zion zorioneko txapela eraman zezan. Edozein egunetan etorri nahi izanez gero, telefonoz deitu bertzerik ez zeukan, eta Habanara berriz itzuliko balitz, Don Pioren enkarguarekin oroitzeko erregutu zion.

        — No lo olvidaré.

        Eskaileretan beheiti, kopetilun, bere buruarekin haserre zegoela konturatu zen. Azkenean berea egin zuen, aldean zeraman txapela, baina auskalo Cherena edo norena ote zen eta, makurrena, berea izanik ere sekula ez zuela ziur jakinen. Zer erran behar zion Ainhoari? Zer egiten ahal zuen? Egia aitortu, afarian entzundakoa ahantzi edo itsas bazterrera hurbildu eta Maleconaren gainetik hegan bota?

        — ¿Un poco más de postre?

        — He comido dos platos —egin zuen Migelek gibelera, eta mespretxurik suma ez zezan galdetu zion errezetaren berri.

        Anana erdi bat eta koko biren zuringoa arrailatu, txorrotada bat Marie Brizard bota eta dena batera nahasi. Ondoren Dulse de leche pixko bat paratu gainean. Hozkailuan denbora tarte bat eduki eta gero, mahaira ateratzeko prest zegoen.