Hirugarrena
Martxa funebrea
ezin argiago dago gogoan
zu izan zinen gizon ospetsuak
odolez estalarazi zituela
Europa eta Afrikako
zoko bazterrak.
Denbora luzea iragan behar izango
hainbat bihotzetatik
zeure hegalen itzala omen
lutoa ezabatu orduko.
Ez dugu doluminik
zeureganakorik ez behintzat
zeure ezpataren aginpean
hildakoen oritzapenek kutsatuta,
borborka pozkarioa baina.
Zinez dut eskatzen
isuririk gabe gera dakizkiguna
betirako zakilak
eta bularretan
jariorik gabe neskatilak,
zerorrek egindakoak eta bost
burutu behar dituztenak
etorriko bait dira, laster
bapatean egun argitan
sost!
azken gogoeta
Elektrarietan txorinoa.
Aurpegian, haizeak fereka.
Gorriz tindatzea erreka
Gure odolaren destinoa.
Gerratetako heroiak
Hara!
hiriko sagutzar ilegorriak
gerratetako heroien laudorioz
idatzitako liburuak
irensten
Begira!
neguko hotz hezeak
gerratetako heroien ohorez
eraikitako estatuak
ugertzen.
Ikus!
heuretan hazitako harrak
gerratetako heroien ezpataz
hildakoen gorpuak
jaten.