Emaidazu edatera godeleta
gainezka urteko lehenengo ardoaz
ardurarik izan barik geroaz
astiro sartzen zaigun ganibeta
Askatua dugu ia espoleta,
gure egunak urrunera ez doaz;
egun hain tristeotako ezkoaz
ezin eragotziko leherketa.
Berau erabateko minbizia,
etengabe hazten den asfisia,
gorputza jan behar digun legena.
Baina ez da beteko, ez, epea
eman barik mendekuzko kolpea
agian lehena edo, agian, azkena.