Egutegi esperimentala
Egutegi esperimentala
1986, poesia
96 orrialde
84-398-5463-X
azala: Kaekus
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Sarrera antzeko eskeintza laburrak

 

        Ez naiz monarkizalea; urdina maite dut. Ez, ahatik, odoletan. Horra nire lehen poema, neure aita, iada hila, erdaldunari eskeinia.

        Kristau egutegiko 1985. urtea hasi berria zela, Cristina, Irati, Urko eta laurok Soilubeko maldetan ibili ginen, elurtzan sartzen dute hankak. Hegazti zoragarriak ikusi genituen, hegaberak. Heuren konpainian nenbilela bururatu zitzaidan sonetoa, «Soilube urtarrilean». heurei eskeintzen diet.

        Gaztetan, herriko gazteak Santa Ageda kantetan irteten ziren —neu ere inoiz— anai nagusia, Anton, tartekoa izaten zelarik. Berari eskeintzen diot Santa Ageda poema edo kopla sorta.

        1984.ko urrian atxilotu egin ninduten. Zazpi egunetan zehar jasan eragin zizkidatenak, basakeriak, ez dira hemen kontatzekoak. Errugabeak atxilotu zituzten horrela ateratako adierazpenak zirela eta. Heurei, Amuri eta bikoitzei, «Joxe Arregi» poema. Joxe Arregiri eskeinitako poemak neure larruan frogatutako kalanbrekadak dira. Agian, bera izan zuten gelan izan ninduten. Ez zara sekula ere nire gogotik aldenduko.

        Somorrostro aldean klaseak ematen nenbilelarik, martxoak hiruak harrapatu ninduen, saminez, tristuraz, oroitzapenez beteta. Ene alaba maiteari poema luzea idatzi nion, tabernan jezarrita, hiru ordutan, idazkera automatikoz.

        Apirilean suertatu ohi da askotan Aste Santua. Zelan gogoratu bibliaren esana, geure inguruan begiratzean amorratu egin barik? Ez naiz fededuna. Bilboko «Gran Vía» delakoan gora eta behera ibiltzen naizelarik ia egunero, eskaleak ikusten ditut nonahi. Manifestaldiak, eguneroko kontua. Banketxe ondo apainduak, gaztandegiak, bitxidendak. Aberatsak hain aberats eta pobreok, ostera, hain pobre! Eta beti txakurrak; nonahi, noiznahi. Izan ote da egun baino zuzengabekeria handiagorik? Nori eskeini behar dizkiot apirileko poemok? Mundakako eskumatarrei, inoiz irakurtzen badituzte. «Amaraun senglean» Foruko Joserrari eskeintzen diot.

        Maiatza, topiko garaia. «Ispilu anonimoak» nire anaia Alejori eskeintzen diot, hamalau urte zituela hasi bait zen lanean, etxegintzan, eta egun heurek nahi dutenetan baino ez du lanik. Hara eman dioten pagu txarra! Eta gainera herriko eskumak, halakoxeak dira, alfer fama ezarri dio. Maiatzeko sonetoa Madariri eskeintzen diot, berarentzat idatzi bait nuen.

        Ekaina, ekiaren hilea. Nork ote du errimak paratzeko astirik garai honetan? Poesia neurtugabea (azalean neurtugabea) prosa hutsa baino besterik ez dena uste dutenei idatzi nien, prezeski, soneto hori.

        Uztaileko sonetoa Ibar Ezkerreko lagunei eskeintzen diet, batez ere Fernandori, bertako trenetan, Ion Mirande gogoan nuelarik, idatzita dago eta.

        Abuztuan, urtero legez, udako barne ikastaroetara joatea egokitu zitzaidan eta Lakuntzan eman nituen hamabost egun. Ia gauero idazten nuen zeozertxo. Bertan dira aspaldi Bilbo aldean ezagutu nituen neskak, neba gartzelan oraindik. Heurei eta neurekin egondako ikasleei, Yolandari batez ere.

        Irailean Otxandion izan nintzen, EGA titulorako ikastaroa aurrera ateratzeko ahaleginean. Oso kezkatuta ibili nintzen, eta nabil, euskararen galtze prozesua dela eta. Hizkuntza hau hil egingo zaigu, Komunitate Autonomoko agintariek bestelako eritzi interesatua agertarazten badute ere, guk geuk sustraitik egoera hau aldatzearren ganorazko beste ezer egin ezik. Euskara eten politikoaren bidez salbatuko duguna uste izanda, berorren alde zabiltzatenoi.

        Zelan ahaztu, bestalde, Otxandiok gure historian zehar bete duen papera. Ezinezkoa zait. Zirrara estrainoak jota eman nituen egunak bertan. Herkide torturatuen karraxien oihartzunak, haizearen orpoetan, gauero gelaraino, laster etorriko ziren neureen aintzindari. X. Ondaindia, Mikelon eta I. Gaminderi dedikatu gura diet «Hitz zakarrak» poema. Ardoa, droga zentzu zabalean, dugu azken kontsolabidea. Godeleta behin eta berriro betetzea eta hustea, aurrera egin ahal izan dezagun. Neurekin, denok elkarrekin, mozkortu zaretenoi, «emaidazu edatera godeleta».

        Musikaren eraginpean idatzitako poema automatikoak dira musikari buruzkoak. Idatzitako edozertan datza mezu ideologikoa. Poemotan baita. Askok, ostera, ukatu egiten du egia hain sinplea. Poema «zuzenki» politikoa denean «politikotzat» jo eta estigmatizatu egiten dute. «Zuzenki» politikoa ez denean, orduantxe ei da «ez politikoa» eta, beraz, artistikoago edo literarioagoa. Ez ote dute ez azpikontzientziarik ezta ideologiarik ere sariketetako epaimahaietan edo argitaletxeetan edo egunkarietan edo nonahi literatura apolitikoa eskatzen dutenek? Kakazaharra! Poema onak eta txarrak daude, baina denak dira politikoak heuren testuinguru historikoan. Ezin dugu eskumaren aparailu ideologikoaz baliatuz aztertu lan literarioa, geure burua ezkertiartzat dugunok, behintzat.

        Azaroak 20an Santi Brouard hil ziguten, urte batzu lehenago Argala hil ziguten egun berean. Faxismoa geure inguruan dugu. Ez dut Europan egoteak basakeriatik libre egiten gaituenik uste. Herri honek ezin bururik altxa eta denok dakigu zeintzu pizti diren horren errudun eta eragileak. Nahiz eta guk kristoren ahaleginak egin «zibilizatuak» izaten, heurek ez gaituzte sekula ere hain errez baketan utziko, historiak eta egunerokoak aski ondo frogatzen digutenez. Azaroko sonetoa Santi lagunari idatzi nion.

        «Herio eta loa» poema neure amumari eskeintzen diot, egunak igaro ahala haundiagotu egiten bait zait bere izate paganoaren itzala. Bera eta ama izan ditut euskal senaren iturri eta ispilu. Bizitzari buruz, sakonki sustraituriko filosofia biren jabe zirelakoan nago. Liburu honetako poemarik luzeenean amaren filosofia laburtzen saiatu naiz, konszientea naizelarik beste askorena ere badena.

        Ez nintzatekeen naizena izan ez banintz Mundakan jaio. «Hilburukoa» neure anaia gazteenari eskeintzen diot, bera eta Mundakako portua bat dira eta. Neure arrebari ere poema hori berbera. Aintzina izan ziren mundakar idazle euskaldunak itsasoratutako ubide berberean doan ur berriak baino besterik ez gara gaurko mundakarrok, Ion Kortazar, Rosa Mari, Martin Arrizubieta. Zuek, Azkue, Etxeita, Otxolua, Arrizubieta, zuok irakatsi zenidaten ubidea. Denok zaudete ene «hilburukoan».

        Azkenik, argitaratze bidea ezezik bestelako literatur lanetan ere lagundu nautenei, batez ere «Susa»ko lagunei eta bereziki nire lehen poemak irakurri zituenari, Joserrari.

Omar Nabarro