Egutegi esperimentala
Egutegi esperimentala
1986, poesia
96 orrialde
84-398-5463-X
azala: Kaekus
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Otxandio irailean

 

              —I—

Otxandioko kale elektrarietan ere

enara betidaniko enarak;

gu, ostera,

kanpotikoek geurea janda,

inoren hizkuntzaz mintzo garela,

      zer ote?

Lemabako batela,

haizete nahiz uhin mizkandoen menpeko?

Sekula santan ere

berrorlegituko ez den

zuhaitz abailduaren

azken horbel ustelkorrak?

Atxuloan behera

jausitako ardi gorpuan galduriko artila,

erroiek heurek ere arbuiatua

edo, bestela,

suizidak,

geltokiko azken segundoetan

—bere burua

trenbidera bota orduko—

zapaitzen duen zigarrokina?

 

              —II—

Ebatu diezaiogun anai arrebok

aintzinako ezpata astunari

eta

inoiz

gure mintzaira hil egiten bada,

blai ezazue bildur barik

neure odolaz,

nahiago bait dut

betirako mutu

aldi batetarako

zorigaiztoko belarrimotz

                                  baino.

 

              —III—

Hitz lehorrak dakartza haizeak;

ez ote dira

anaien kexu karraixi erdiragarrien

oihartzun mehenak?

Zuhaitzetako adar eta hostoetan

egonezina da nabari;

zer ote dator

udazkenaren orpoetan, haginkadaka;

lorratz ulerkaitzak

ageri dira errekastoetako uretan

—orain arte hain gardentsu,

    gaur hain kirastuak—;

izurri ezezagun honek

akabatzen dituen abereen erraietan

igarkizun antzemanezinen bat

ote dager, ezkutuki?

Kaleetan noala

herkide artegatsuen begietan

bilatu nahi dut erantzuna;

igarri ezazue, bada, neuregan

eta erantzun;

haizeak dakartzan hitz lehorrok

ez ote gaituzte

elkartzera deitzen?

Zuen begietan bilatzen dut erantzuna.

Zeuon begiotan bilatzen dut erantzuna.