Aurkibidea
Hogeita zazpi
Eguzkiarengatik gaixorik eta euriak janda
ilean lapurtutako erramuak
ahaztu zuen haren gaztaroa, baina ez haren ametsak,
ahaztu zuen teilatua, baina inoiz ez gainean zuen zerua.
Bertolt Brecht
Existentzia, zentzu epikoan, itsaso bat da. Ez dago itsasoa baino gauza epikoagorik. Jakina, itsasoarekiko era askotako jokabideak izan daitezke. Adibidez, hondartzan etzan zaitezke, olatuak entzun ala gainetik jauzi egin, eta hondarretan botata dauden barraskiloak elkartu. Hori da poeta epikoak egiten duena. Itsasoan nabigatu ere egin daiteke.
Walter Benjamin
2025eko ekaineko lehenengo larunbata zen, urtearen hondarrean beteko ziren bost urte Aitor hil zenetik. Ziburuko liburu eta disko azoka amaitu berri zen. Estreinakoz bakar-bakarrik joan nintzen argitaletxeko liburuak saltzera, alabarik gabe. Liburu guztiak kaxetan sartu nituen, azaletan zuten hauts geruza kendu gabe, eta ikastolako aparkalekura joan nintzen hogei urte bete berri zituen Aitorren Renault Laguna grisa hartzera. Kotxean nabarmena zen eguzkiak jo zuela eta Taxoareko tailerrean oparitutako zilar koloreko errezela ez zela aski izpietatik isolatzeko.
Maldan behera joan nintzen Maurice Ravel kaira iritsi eta Frontoi plazan aparkatzeko. Orgatxoa hartu eta bi bidaiatan sartu nituen liburuen hiruzpalau kaxak maletategian. Saltzaile gehienek alde egina zuten, baina trago bat hartu nuen Atalaian aurrena eta Elorriagan gero Baltsan elkarteko eta Argia-ko lagunekin. Leila Slimaniren esaldiak zetozkidan gogora:
Idazteko, zure burua ukatu behar diezu gainontzekoei, zure presentzia ukatu, zure xamurtasuna, zure lagunak eta seme-alabak dezepzionatu behar dituzu.
Bi kafesne edan nituen izotzekin. Alde egitea erabaki nuen, hegoaldekoekin batera:
Norbera eta mundua asmatzeko askatasuna deskubritzea da idaztea.
Orduan oroitu nuen bi uda lehenago, uztailaren 14 krepuskular hartan, ezagutu nuen orakuluak gomendatu zidala Slimaniren Le Parfum des fleurs la nuit, ni nor nintzen eta bizitzan zerk kaltetzen ninduen jakin gabe:
Guztiok egiten dugu itxialdiarekin amets, norberaren gelan ixtearekin, gatibu eta zaindari izatearekin aldi berean.
Nik ez nuen idazketa sakrifizio gisa bizitzeko aukerarik izan:
Idazketa mugiezintasuna lortzeko, kontzentrazioa lortzeko, borroka bat da. Borroka fisiko bat, zeinetan bizitzeko eta zoriontsu izateko desira etengabe erreprimitu behar den.
Gaua epela zen. Zokoara joan nintzen eta kotxea hilerriko aparkalekuan utzi. Unibertsitateko lehenengo ala bigarren ikasturtean, hilerri hartan egon ginen Aitor eta biok, Hondarribiko senide bat lurperatzen. Niretzat Paul Valeryren hilerria zen hura, Le Cimetière marin, itsas hilerria, baina Aitorrek epifania hori zapaldu zidan beste batekin: han zegoen lurperatuta Berlindik Parisera New Yorken barna erbestean ibili zen Agirre lehendakaria. Handik aste batzuetara, Baiona Ttipiko Jean Seyralen atelierrean biolinari konponketa batzuk egin ostean, Zokoara joan ginen biok bakarrik. Malda zorrotz haietan gora eta behera ibili ginen, hilobiak banan-banan irakurri genituen, baina han ez zen Agirreren arrastorik.
Aitor hil eta hamar hilabetera begiratu nuen interneten: Agirre ez zegoen Zokoako hilerri zoragarrian, baizik eta konbentzionalagoa zen baina klase gehiago zuen Donibane Lohizunekoan. Ekaineko egun batean, orduko bikotekidea lanpetua zebilela, alaba zaharrarekin joan nintzen Aitorren Renaultean Lohizunera. Agirreren gorpua Paristik Donibanera iritsi zenean, Monzonen etxean jarri zuten beilatokia. Egon ote zen Monzonen txoferra hiletan? Eta lurperatzean? Zer zegoen Agirreren hilkutxan ikurrinaren aldamenean? Alabak eta biok hilobia aurkitu eta argazkia atera genion hilerriko txokoari, hori zen axola zuena, hamabost urte berandu zen, baina kafe batekin eta zukuarekin ospatu genuen: ez dakit zer ulertuko ote zuen egun hartaz lau urteko neskatilak.
Alabarekin lau urte lehenago egindako txango hura etorri zitzaidan gogora bainujantzia jarri nuenean. Oinez segitu nuen itsasertzetik, ibaia gurutzatu eta gazteluraino iritsi arte. Eskuoihala eta giltzak hondartzan utzi eta bare zegoen uretan sartu nintzen. Hilerria oso diferente ikusten zen itsasotik. Hamaika urterekin udalekutan egon nintzen hantxe bertan. Uda hartan ezagutu nuen, trenbideak iristen ziren aterpean, The Fugeesen Killing Me Softly-ren bertsioa, zer dioen batere ulertu gabe hainbestetan negarra eragin didan pieza. pepen kanpaldietan ikasi nuen frantsesa, Frantziako irakaskuntza publikoko ikasleekin nahastuta. Bost urterekin, haur batek galdetu zidan ea gure amatxik eman zizkidan Cuétara galletek txerria ote zuten. Nik esan nion txerri bat ezin zela galleta batean sartu, handiegia zela. Baina umearentzat gauza inportantea zen txerriarena eta, badaezpada, ez zuen dastatu. Gero, neska desafiatzaile batek galdetu zidan ea euskaldun-espainiarra ala euskaldun-frantsesa ote nintzen eta nik esan nion ez nuela ulertzen galdera eta ea bera frantses-alemana zen ala frantses-italiarra. Gure amak haurtzaroan esaten zigun euskara, gaztelera eta frantsesa ez bazenekizkien ezin zinela euskalduna izan, hiru hizkuntzak behar zirelako Euskal Herrian.
Berriki jakin dut Karl Marxek alemana, frantsesa eta ingelesa jakiteaz gain, haren azken hamar urteetan turkiera eta errusiera ikasten saiatu zela. Eta amaren hipotesia —euskalduna izateko frantsesa ere jakin behar genuela— ukatu gabe, orain uste dut Aitorrek guk frantsesa jakitearen interesa bestelakoa zela: frantsesa izan zen ez soilik Frantziako 1789, 1793, 1830, 1848 eta 1871ko iraultzen hizkuntza; neurri nabarmen batean, frantsesa izan zen 1905 eta 1917ko Errusiako iraultzaileen hizkuntza ere eta, zalantzarik gabe, 1968 osteko troskisten eta kontseiluen komunisten hizkuntza ere bai (Mandel, Korsch, Castoriadis). Beraz, kontua ez zen soilik Euskal Herri osoan txukun mugitzea, kontua zen porrot egin zuten iraultzak ulertzea.
Donibanera begiratzen nuen uretatik eta Slimaniren sententziek kolpekatzen jarraitzen zuten:
Bakarrik utz zaitzaten fantasia egoista bat da.
[...]
Ba noski badaukadala bera gogoan. Nire aita. Hemen guztiak narama harengana. Itxita nagoen toki hau. Bakardadea. Iraganeko mamuak.
Slimanik Louise Michelen aipu bat dakar:
Ez dit nire herrialdearen nostalgiak min ematen, nire hildakoek ematen didate min.
Louise Michelena izan zen Aitorrek irakurri gabe lantzea egokitu zitzaidan aurreneko liburua. Eta egiturazko maketa arazo nabarmenak dauzka. Ikusten dudan aldiro gogoratzen naiz ez nintzela gai izan txukun egiteko, ez nintzela nahikoa ahalegindu eta ez zegoela aitzakiarik.
Gero Aitorrekin ala bakarrik bisitatu nituen hilerriak etorri zitzaizkidan: nola ibili ginen Berlin Mendebaldean Ulrike Meinhofen bila, Berlin Ekialdeko Sozialisten hilerrian Celestino Uriarteren bila, Parisko Pere Lachaisen Paul Eluarden bila, Bartzelonako Montjuicen Durrutiren bila, Baionako Santizpirituko hilerrietako paseoak, Sara eta Larraineko elizen ingurukoak, Venezian Brodskyren hilobian, Londresen Marxenean.
Uretatik atera eta lehortu gabe jarraitu nuen Zokoako portuan barna, kotxeraino. Hilerriari bizkarra emanda lehortu nuen hankartea eta polo garbi bat jarri nuen. Goizean goiz egindako patata tortillaren tuperra jan eta sakon garbitu nituen hortzak. Itsasoan egin berri nuen pixa baina, badaezpada, aparkalekuko lurraren kontra egin nuen berriro. Segituan iritsiko zen trena Donibanera eta, harekin batera, azken egunetan hain beharrezkoa izan nuen besarkada.
Besarkadak Italiako lurrina zekarren. Isilik geunden Erlaitzerako bidean; maitaleak Fabrizio de Andreren cda sartu zuen, eta 8. pistara jauzi egin zuzenean, Bocca di rosa-ra. Irribarre egin genuen, baina niri Slimaniren beste pasarte bat etorri zitzaidan:
Sarritan pentsatzen dut hil izana eskertu beharko niokeela aitari. Desagertzean, nire bizitzatik ezabatzean, bideak ireki zizkidan, zalantzarik gabe haren presentziarekin inoiz ibiliko ez nituenak. Pentsamendu lotsagarria da, tristea, baina urteen joanarekin gero eta kontzienteagoa naiz egia bat duela barruan. Nire aita oztopo bat zen. Are okerrago, neure patuak haren desagerpena zekarren.
Abestia amaitzean, De Andre atera nuen, eta Música 93 bildumako Wagnerren cda sartu. Tristan eta Isolda-ren urtarrileko kontzertuaz gogoratu nintzen, langile mugimenduaren porrotaren gainean eraikitako auditorio ederraz, Euskaldunako areto nagusiaz, Italiako lurrina aldamenean. Nola jaitsi ginen azken ekitaldian eserleku garestienetara eta nola joan zitzaidan gogoa Aitorrengana: ez zuen inoiz Wagnerren opera bat zuzenean ikusi. Austeritate kontu bat? Errespetua? Ulertuko ez zuenaren konplexua? Isolda ari zen kantuan eta niri masailak gogortu zitzaizkidan. Negarrez hasi nintzen.
Aitorren bizitza porrot baten istorioa zen. Iraultzak porrot egin zuen. Ez zuten gauzatu maitasunean nahi zuten zuztarreko aldaketa: gaztaroko esperimentazioa eta harreman irekiak, guraso izandakoan, monogamiaren defentsa bilakatu ziren. Mundua ezagutzeko goseak turismoaren forma hartu zuen, eta kolapsatu. Ez zen sekula Wagnerren opera bat ikustera joan. Ni joandakoez damutu nintzen; nola ez nuen partekatu, sikiera, haietako bat? Baremboini Stadtoperan ikusi niona, adibidez?

Hendaiako hondartzara iristean, 2017ko udazkenaz oroitu nintzen, alaba zaharrena jaio zen egunaz. Jarriko genion izenari dentsitatea emateko asmoz irakurri nuen Antonia Fontanillas eta Sonya Torresen Lola Iturbe: vida e ideal de una luchadora anarquista. Garai berean eskuratu nuen 1968ko Parisko gertakizunen inguruko beste liburu bat; hirugarren kapituluan Iturbek hartzen zuen hitza. Argazkiak ere bazeuzkan eta batean Juanel bikotekidearekin eta Emma Goldmanekin batera ageri zen Iturbe, 1938ko Katalunian. “Lola haren lagun Emma Goldmanekin” zioen argazki oinak. Lagunak zirela, amiga.
Baina goiko argazkian Juanelekin ageri zen Iturbe 1969ko abuztuan, Hendaian. Urte hartako uztaila eta abuztua Irunen eman zituen hamahiru urteko Aitorrek, ama ponteko Nati, Javier Mario eta Jaionerekin.
Parez pare egon ziren, Bidasoak banatuta, Aitor Etxarte eta Lola Iturbe: ez zuten elkarren berri, baina han egin zuten topo.
1974tik aurrera, lauzpabost udatan lan egin zuen Aitorrek Irungo Real Unión tabernan, orduko Espainia Plazan.
Aitorren hilobian jarriko genituen sinbolo eta esaldiez eztabaidatu genuenean, oso presente izan nituen hark haren amarekin izan zituen solasaldiak. Aitor saiatu zen Pilarrek gurutze kristauaren ordez lauburu bat jar zezan. Pilarrek, ordea, oso garbi izan zuen haren gurasoak, senarra, jaio eta aste batzuetara hil zitzaion alaba, izeba, neba eta nebaren lehenengo emaztea zeuzkan panteoiak gurutzea behar zuela, eta granito gorrixka.
Gure amak, anaiak eta hirurok hitz egin genuenean, ez zen zalantzarik egon: harria eta oskola behar zuen. Aitorrek Pilar eta Emilianoren panteoira eramaten zituen Arrasateko San Kristobaleko hilerrira zihoan aldiro: beti berritzen zituen harriak eta oskolak.
Nik banekien W. H. Audenen Harria eta oskola saiakerako pasarte batek ekarri zizkiola bi elementu horiek:
Geometria abstraktuzko harria eta irudimenezko edo senezko oskola, biek ala biek eskaintzen dizkiete ameslariaren kezkei beste salbabide batzuk, bete gabeko promesa bat.
Oskol bat eta harri bat marraztu zituen Koldok, Aitorren ikasle izan zenak, eta hala zizelkatu zituen harginak. Audenen aipuaren bertsio laburtua jarri genuen: “Geometria abstraktuzko harria eta irudimenezko edo senezko oskola”.
Aitorren ondorengoen esku dago bi elementu horien konbinazioa joko pertsonal gisa ulertzea ala zabaltzea. Hori delako inkognita: zer esan nahi zuen Walter Benjaminek tradizioa aipatzen zuenean? Aitor hil eta bi urtera, Pilarren panteoira zihoanean egiten zuenaz idatzi zituen oharrak irakurri nituen: zer abesten zuen, nola garbitzen zuen hilobia, nola jartzen zituen harriak eta oskolak eta zer pentsatzen zuen Audenen pasarteaz. Benjaminek, historiaren tesietan, Paul Kleeren aingeru enigmatikoaz nabarmendu zuena ere aipatzen zuen.
Nik garbi dut: joko pribatu horiek ez dira tradizio izango, ezta etxeko guztiok egingo ditugunean ere. Tradizio bati, gutxienez komunitate batek eutsi behar dio, zentzua izan eta eman.
2016ko abuztuaren 23an, Arrasateko Udaleko Moises Altunak Aitor deitu zuen. Arrasateko panteoia apurtua topatu zutela goizean. Brontzezko hoditeria lapurtzen ari zirela, tutuetako bat granito gorrizko harlauza gainera jausi zen; harria bitan puskatu eta azpian zeuden hilobietara erori zen: Pilarrena zen goian zegoen hilkutxa eta goialdea hautsi zitzaion. Asteazkena zen eta Lagunan joan ginen Aitor eta biok: Arrasateko hilerrira eta udaltzainen komisariara, salaketa jartzera.
Aitor amilduta zegoen, Pilarrek aldaka hautsi eta handik egun batzuetara hil zenean baino askoz gehiago. Nik ez nuen ulertzen tristura hura. Gorpuak bost urte zeramatzan hilik. Ez nuen asmatzen zerk amiltzen zuen Aitor.
Beti irudikatu nuen Aitorren heriotza Emilianorenaren antzera. Emilianok urte eta erdi eman zuen agur esaten. Aurrena, Donibaneko etxetik Merced karrikara joateari utzi zion. Gero mezetara joateari. Ondoren, soilik etxeko atariaren inguruan ibiltzen zen: supermerkatura eta egunkaria erostera. Etxetik ateratzeari utzi zion jarraian. Hurrena, sukaldera eta komunera joaten zen bakarrik. Komunera bakarrik gero. Medikuak ziurtatzen zigun bikain zeukala dena, baina hark bazekien aurki hilko zela. Azkenean, ez zen ohetik ateratzen, argaltzen joan zen, goiz batean, 92 urterekin, Aitorren besoetan hil zen arte. Ordura arte, kontziente egon zen, memoria oneko, irakurtzeko gai, ahul baina bizirik.
Frida Kahloren koadro bat begiratzean irakurri dut berriki, gazteleraz idatzita:
Margo hau Leon Trotskirentzat eskaintzen dut maitasun osoz, 1937ko azaroaren 7an.
Frida Kahlo
San Angelen. Mexiko
Azaroaren 7an hasi zen Urriko Iraultza. Pentsatu dut, agian, Trotskiri egin nahi izan zioten opari bat zela Iraultza bere urtebetetze egunean hastearena.
Aitor hil berritan jakin nuen, berez, ez nuela Aitorren gaztaroko lagunekin egon nahi, Aitorrekin egon nahi nuela. Halere, Aitorrekin ezin nintzela egon ikasteko modu bat izan zen haren lagunekin egotea: harengana gerturatzen saiatzen nintzen, inoiz iritsiko ez nintzen arren. Eta, ordea, ariketa ia adiktiboa izan da lagunekin geratzearena: ia guztiekin geratuko nintzateke behin eta berriro. Horixe delako Aitorrekin ia egoteko okurritu zaidan modua.
Bidasoa bazterreko bihurguneetan galdu aurretik, Roland Barthesen Dolu-egunerokoa-ren azken sarreraz gogoratu nintzen:
Hendaia
Ez oso zorioneko
herentzia bat zen.