Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Lau

 

—Laura—

 

Aitor hil eta aste batzuetara hartu nuen aurreneko kafea Laurarekin, baina solasaldi hura ez grabatzea erabaki nuen. Handik urte eta erdira egin nuen bigarren hitzordua, Iruñera urtean zehar etorri ohi zenetako batean. Aitor hil arte, gure amaren aurretik bikotekide bakarra izan zuela uste izan nuen, Laura. Baina harekin bigarrengoz geratu nintzenerako, banekien gure aitak, gutxienez, gure amaz gain, dozena erdi emakumerekin partekatu zuela bizitza intimoena.

      Laura hamalau urterekin ezagutu nuen. Kataluniara egin genuen bidaietako batean, Lauraren, senarraren eta bi alaben etxean afaldu genuen etxeko laurok. Bizipen bitxia izan zen, deserosoa: batetik, anaitasuna sentitzen nuelako Lauraren alabekiko, izan zitezkeelako, beste bizitza batean, gure arrebak, baina ia desatsegina zen halako hipotesien inguruan pentsatzea gu baino zertxobait helduagoak ziren emakume gazte eta lirain haien inguruan, gauza intzestuoso bat.

      Laurarekin izandako bigarren hitzordu hura ere Maisonnaven izan zen. Kafesne epel bana eskatu genuen eta nik laguntzeko jarri zizkiguten Spéculoos galleta denak jan nituen, neureak eta Laurarenak.

 

 

— Tendentzian nengoen ni. Ligak luzapen bat zuen. Luzapenean jendea ez zen alderdikoa, baina zale batengandik espero zena baino funtzio garrantzitsuagoak zeuzkan. Luzapen horri deitzen zioten tendentzia.

      Seminarioko asanblada bat daukat gogoan. Aitor, Angela eta hirurok elkarrekin iritsi ginen. Sarreran pasamontañas fina jarri genuen hirurok, motozaleek erabiltzen dituztenetakoa, beltza. Eta bilerarantz joan ginen, txiki egiten gintuzten sabai altu eta leiho erraldoi haien arteko pasillo luzeetan zehar. Seminarioan hotz egiten zuen. Bilera hasi eta, halako batean, nire besoari begiratu nion eta jabetu nintzen eskumuturreko bat neramala. Arrea zen, larruzkoa, txirikordatzen ziren sokatxo batzuekin zegoen egina. Segituan pentsatu nuen baten batek ni nintzela jakingo zuela eskumuturrekoarengatik, edo irtendakoan identifikatuko nindutela. Betirako kendu nuen. Eskumuturrekoa eramatea kristoren zozokeria izan zen.

      Ni ere saiatu nintzen asmatzen norbaitek belarritakoak ote zituen pasamontañasaren azpian, buruko mordoiloak ile luzeen aztarnak ote ziren, eskumuturrak begiratu nituen erlojuen bila.

      Ikerketa hartan murgildu nintzen eta asanbladaren haria galdu nuen zeharo. Berez ez nuen informazio hura nahi, edonoiz etor zitekeen nire kontra, poliziak atxilotzen baninduen, adibidez, nekien guztia esatera behartuko ninduten eta, azkenean, esan egingo nien eta jendea arriskuan jarri.

      Gaur egundik ikusita, ez dut garbi asanbladak kaputxatuta egiteak inolako zentzurik ote zuen, segurtasunaz ari bagara. Gainera, mozorroaren kontua zeharo erridikulua zen. Barruraino sartuta zeudenek funtsean bazekiten nortzuk ginen gutako bakoitza.

      Segituan identifikatu nuen Judith, harrizko idunekoarengatik eta ahotsarengatik. Gero, fakultatean harengana gerturatzen saiatu nintzen, baina ez zegoen modurik, okerrago izan zen. Iraultzaile eskax bat nintzela pentsatu nuen.

 

 

Hirugarren ikasturtean lagun talde osoa joan ginen Bartzelonara, Aitor, Angela eta hirurok. Unibertsitate Autonomoko Pedagogiako aurreneko belaunaldia izan ginen. Nire Bartzelonako aurreneko oroitzapena txorrotako urarena da: kloro usaina eta zaporea, horrekin ezin nituen ezta hortzak garbitu ere.

      1976an iritsi ginen. Aitorrek eta biok Zona Francan hartu genuen ostatu, industriagune baten erdiko etxe batzuetan. Zama-lanak egiten zituzten ondoan, garabiak Sagrada Familia baino altuagoak ziren. Bikote gazte baten etxean egiten genuen lo, Esther eta Fran. Egun batzuk bakarrik egon ginen han, Cerdanyolan geuretzako pisu bat aurkitu genuen arte. Gizona zerbitzaria zen eta, gerora, Aitorrek harekin lan egingo zuen. Andrea garbitzailea zen eta jaiegunetan larruak janzten zituen. Aitorren bidez ezagutu genituen, haiek ere Ligakoak baitziren. Noizean behin geratzen ginen haiekin, igandeetako planak egiteko, ez zuten inolako zerikusirik Bellaterran, unibertsitatean, topatzen genituen gainontzeko katalanekin.

      Esther eta Franekin egin genuen nabarmenena 1977an Menorcara bidaiatzea izan zen. Bartzelonatik joan ginen ferryan, oso bidaia luzea. Eta iristerakoan auto-stopa egin genuen Fornells herrira heldu arte. Pinudi batera igo ginen eta kanpin-dendak zabaldu genituen, kanpingasekin afaria prestatzen hasi ginen.

      Iluntzean, urtxintxa mordoa hasi ginen ikusten zuhaitzetan gora eta behera. Pinuetara gerturatu eta Estherrek esan zuen, “ez dira urtxintxak, arratoiak dira”. Dena arratoiz betea zegoen. Dendak utzi genituen eta motxilak hartu zeukatenarekin: dirua eta argazki makinak. Korrika abiatu ginen muinoan behera.

      Ez ginen geratu errepidera iritsi arte eta Fornellseko pentsio batean egin genuen lo. Hurrengo egunean goiz jaiki eta dendetara itzuli ginen gosaldu gabe. Ez zen janaririk geratzen. Guztia jaso genuen eta alde egin, oraindik baziren arratoiak pinuen adaxketan.

      Halakoa da Menorca, egunez paradisu bat dirudi eta iluntzea iristerakoan izurritea nagusitzen da. Egun hartatik aurrera hondartzetan egin genuen lo, aterperik gabe. Gutxi hitz egin genuen politikaz; oro har, iruditzen zitzaidan Iruñerritik kanpo politika askoz lasaiagoa zela, poliziarekin tratua, adibidez. Iruñean dena zen gogorra, etengabe lehertzen zen.

      1977 hartan guk futekin egin genuen bat, Frente por la Unidad de los Trabajadoresekin, baina nik ez nuen Iruñeraino bozkatzera joaterainoko atxikimendurik. Bartzelonara itzuli nintzen ferryan Aitorrekin, eta han geratu nintzen, bera ez bezala.

 

 

Nik badakit, historia liburuetan, 70etaz hitz egiterakoan, 1976ari garrantzi berezia ematen zaiola, baina niretzat urte garrantzitsua 1977a izan zen. Gogoan dut nola joan ginen maiatzean Angela, Aitor eta hirurok psucen legalizazioa ospatzeko jaira, Gavara, kostaldeko herri ez oso handi batera. Milaka lagun ginen eta, bereziki deigarria zena, adin guztietakoak. psuc Euskal Herriko Komunisten Ligaren oso bestelakoa zen. Ligan denok ginen gazteak, 14 eta 25 urte artekoak eta, gero, 35 urtetik gorako bakan batzuk zeuden. psucen festa hartan, ordea, jende oso zaharra zegoen, haurrak, haur mordo bat bixera gorriekin, guraso gazteak cava saltzen mailua eta igitaiarekin, zahatotik sangria edaten zuten tripadun gizonak, bandera mordoa, Che Guevararen pegatinak. Ligan, 77an inork ez zuen seme-alabarik, ez genuen horretan pentsatu ere egiten.

      La Tortuga Ligera deitzen zen festa hura egin zen kanpina, eta azpiegitura espektakularra zen, megafonia, eszenatokiak, argazkilarientzako aldamioak. Gainera, artista mordo bat zegoen, gogoan dut Ovidi Montllor, adibidez: De genoll en avall, carn estripada. Amb un pit grassonet i l’altre sec. Bitartean, etxetik egunkarietan bilduta ekarritako otartekoak jaten zituen jendeak eta militanteak psuc eta pceren aldizkariak saltzen pasatzen ziren, hondartzako saltzaileek bezala oihu egiten: “¡Mundo obrero! ¡Treball! ¡Mundo obrero! ¡Treball!”.

      Bitxia zen: gure gogoko artistetako askok psuc babesten zuten, nahiz eta guk ez genuen ulertzen nola egon zitezkeen hain erreformista zen antolakunde baten alde. Egun bikaina izan zen, bereziki Angela zegoen distiratsu, edozein ezezagunekin hitz egiten.

      Garai hartan gauza askotan okertuko ginen, baina horretan asmatu genuen. pcerekin segituan izan zen nabarmena: frankismoak funtsean nahi zuen guztia onartu zuten eta langileek antolatutako grebak zapuzten eman zituzten urte haiek denak. psoerena baino puskaz lotsagarriagoa izan zen pcerena, eta beti da horrela: diskurtso apurtzailea izatetik diskurtso zentzuduna egitera pasatzen den antolakundea beti da arriskutsuena, askoz gauza lotsagarri gehiago onartuko ditu eta, azkenerako, den-dena, kapital politiko guztia, programa apurtzaile osoa abandonatuko du.

      Desastre politiko hura ikusten genuen, xahutzen zen kapital iraultzaile hura, baina, aldi berean, poztu egiten ginen jende hura hauteskundeetara aurkeztu ahal izateaz. Ez dakit nola azaldu, baina alderdi sinbolikoak garrantzi handia zuen orduan.

      Ziur kontatu dizutela ortk Iruñeko zezen plaza bete zuela ekitaldi batean eta gero han zeuden botoen erdia eskuratu zuela Nafarroan. Zer gertatu zen? Ba jendea ekitaldi inportante bat ikustera joan zela, nahiz eta ez zuen erakundearekin guztian bat egiten. Iruñeko Aberri Egun hartan bezala. Nik ez nuen Euskadiren independentzia nahi, baina banekien zerk egiten zion Erregimenari min. Eusko gudariak ikasteko izan nuen motibazio bakarra izan zen Iruñeko Zabalguneko andre zintzoak ozpintzea. Eusko gudariak da adin batetik gorako jende askok euskaraz osorik dakien abesti bakarra eta 70etan ikasi zuten.

      Agian Gavan gertatu zen garrantzitsuena izan zen bigarren ikasturteko pisu berrira gurekin etortzeko eskatu geniola Angelari. Eta gero andre batek Aitorri eta bioi esan zigula aski zela, ez musukatzeko han jendaurrean, haurrak zeudela. Oso bitxia iruditu zitzaigun, Ligatik etorrita, testuinguru politiko batean halakoak posible ez izatea.