Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Hogeita bost

 

 

 

Laurak esan zidanagatik, krisi existentzial baten parte gisa ulertu behar nuen Aitorrek 1977ko udazkenean Lisboara eta Azoreetara egindako bidaia. Elkar maite zuten, baina ez zuten berdin irudikatzen etorkizuna. Aitorrek harremana zabalik mantendu nahi zuen eta Laurak itxi. Aitorrek elkar ulertuko zutela uste zuen baina Laurak ez.

      Azken solasaldi hartatik urte eta erdira, dozena bat pegatina topatu nituen Aitorren paperen artean, Portugalgo Liga Comunista Internacionalista alderdikoak. Souvenir bat izan zitezkeen, lciren egoitzara egindako bisita turistiko baten emaitza soila; azken batean, ordurako Krabelinen Iraultzak hiru urte eta erdi zeuzkan eta alderdi iraultzaile portugaldarra legala zen. Pegatina haiek eskuratu zituenean, lciko militanteren batekin hitz egingo zuen Aitorrek? Nola aurkeztuko zuen bere burua? Frantsesez hitz egingo zuten? Gazteleraz batak eta besteak portugesez? Aitorrek bere burua militante gisa aurkeztuko zuen? Bertaratu aurretik kontakturen bat izango zuen? Zergatik ekarri pegatinak? Zergatik ez erre, politikarekin zerikusia zuten paper guztiekin batera, 1981eko otsailaren 23ko kolpean?

 

 

      Aitorrek sinpatia berezia zien portugesei eta galiziarrei. Portugesei Krabelinen Iraultza egiteagatik eta, alderdi komunista bitxi eta ez eurokomunista bati eusteaz gain, troskismotik zetorren Bloco de Esquerda eraiki eta mantentzeagatik. Bloco da, ziurrenik, Europa osoan, ezkerreko sozialdemokraziaren ezkerrean egon den hauteskunde plataforma sustraituena, marjinala izan ez den bakarra. Sinpatia horrek bazuen auzi nazionalarekin lotura, Portugal baitzen Espainiaren atzaparretatik ihes egiteko gaitasuna izan zuen nazio iberiar bakarra.

      Aitorren Lisboako eta Azoreetako berrogei argazkiak ikusita, oso deigarria egin zitzaidan bidaia hartaz inoiz ezer ez esan izana. Zergatik gorde ote zituen hil arte irudi horiek?

      Nerabezaroaren ateetan, hamabi urte nituela, joan ginen etxeko laurak aurrenekoz Portugalera, Lisboa eta Coimbrara. Niri nabarmena iruditu zitzaidan Aitorrentzat toki hura ezaguna zela, nahiz eta Aitor hil eta gerora arte ez nuen jakin. Baina hori aski ohikoa zen. Michelin gida ikasteaz gainera, Aitorrek beti zuen gindoazen tokietako idazleen zerbait irakurria, toki guztietatik paseak ziren erromatarrak, edo bazuten historiaurrea edo elizak, ermitak ala katedralak, eta horri esker beti azaltzen zigun zerbait arkitekturaz, historiaz, politikaz.

      Bidaia hartatik aurrera, ordea, Amalia Rodriguesek eta Carlos Paredesek beti izango zuten tokia Aitorrek gidatutako kotxeetan. Rodrigues izan da historiako fadista inportanteena eta inork ez du Carlos Paredesek bezala jo hamabi kordako gitarra. Baina musikari distiratsuak izateaz gain, gorriak ziren, Partido Comunista Portuguesekoak. Salazarren diktaduran izar bat izan zen Rodrigues eta, aldi berean, bere kantaldien diruarekin finantzatu zuen Bigarren Mundu Gerraren ostean Europan gertatu den iraultza garaile bakarra: krabelinena.

 

 

 

Emiliano eta Pilar hildakoan, haien Donibaneko etxe eguzkitsua Aitorren anaiarentzat izan zen, barruan zegoen guzti-guztiarekin. Aitorrek, ordea, gauza batzuk hartu zituen. Besteak beste, Gabriel Arestiren larru gorrixkako Poemak (I) eta Poemak (II) liburukiak, 1976ko abenduan Kriseluk argitaratutakoak.

      Nerabezarotik nik nerabilen Aitorren Harri eta herri-ren 1969ko Kriseluren edizioak honako eskaintza zeukan:

 

Barzelonan asiera ongi bat eduki dezazuen

                                                          Kontxi

                                                      16-10-76

 

      Ez dut Kontxi nor zen jakin. Baina Pilarrek eta Aitorrek, urte berean, Arestiren Harri eta herri-ren edizio desberdinak eskuratu zituzten. Zer esan nahi zuen 1976an Arestik Pilarrentzat? Zer Aitorrentzat?

      Ezagutzen zuen Aitorrek Azken harria-ko Zeren Leo poema, Trotskiri buruzkoa? Ezagutzen zuten Ligan poema hori? “Erreboluzionario guztion / obligazioa / kunplitu baitzuen”. Trotskiri bai baina Maori olerkirik ez egiteak zerbait esan nahi zuen kasu honetan?

      Eta Pilarrek zer uste zuen Arestiri buruz? Nola irakurtzen zituen gorputzaz eta sexuaz esaten zituenak? Eta zer iruditzen zitzaion Jesus nola tratatzen zuen? Eta Motor Ibérica poemaz zer uste zuen? Eta Lehen maiatza-z?

      Ez zen, noski, Pilarrek etxeko egongelan zuen Arestiren bilduma bakarra, ezta poeta bakarra ere. 80etan La Navarra patxaranak diruz lagunduta Egin-ek tapa gogorrean argitaratutako bilduma hura ere bazuen, Arestiren Euskal Harria-rekin, Jon Miranderen Haur besoetakoa-rekin, Axular, Urretabizkaia, Izagirre, Atxaga. Bilduma hartatik, Lauaxetaren Arrats beran eta Lizardiren Biotz begietan maite zituen gehien Pilarrek. Buruz zekizkien poema puskak:

 

Maite ditut gallurrak

argiak ez beste...

Ai, egaztia banintz,

gañik-gain nenbilke!

 

      Oinordetzari lotuta, sarritan iruditu zitzaidan Aitorrek puskaz nahiago zuela Antton Valverdek 78an egin zuen Lauaxeta Oskorrik 76an egindako Gabriel Arestiren oroimenez baino. Eta ez nuen inoiz ulertu.

 

 

Aitor helduarekin hitz eginez gero, ezin zen inondik ere asmatu haren ama Debagoienekoa zela. Egia zen Pilarrek guri, eta Iruñerrian zituen lagun euskaldunei, Feliri izan ezik, beti egiten zigula batuan. Gogoan dut ze behin, zortzi urterekin, kasete batean grabatu nituen Pilarren hitzak “bere herrian” esaten ziren bezala: mailukixa, madarixa, Arabako ota, mimorra. Eta orduan hasi nintzen jabetzen hor bazela hizkuntza ezkutu bat, eta hor hasi nintzen zaletzen ezkutuan zegoen horretara, baina lilurak itsutu gabe. Pilarrek oso argi izan zuen beti batuaren hautua.

 

 

 

2024ko azaroko egun batean, zapata kaxa bat iritsi zitzaidan lantokira, oso astuna, zinta isolatzailearekin bildua. Banekien gauza bakarra izan zitekeela: Rosa Luxemburgen korrespondentziaren sei liburukiak.

      Etxera iritsitakoan bi kandela piztu eta beroki luze bat jantzi nuen, berogailua ez piztearren. Ordura arte inbokatu nahi izan ez nituen espektroei deika ari nintzaien. Eta aurkibidean ireki nuen Gesammelte Briefe hartako azken liburukia. Ile luze bat zegoen, marroixka, itxi egin nuen. Ezagutzen nituen zenbait izen zeuden. Kostja Zetkin, Karl Radek.

      Ulertu nuen liburu haiek ez zitzaizkidala soilik iristen Falk Seidel delako batek Alemaniatik igorri zizkidalako, ddr amildu ostean trastelekuan berreskuratuta. Ez zela abuztuan liburu-dendan izan nuen solasaldi batekin lotutako zerbait. Aitorrek bidaltzen zizkidala sinetsi nuen. Baimenik gabe hogei urterekin bere apaletatik Luxemburgek kautskytarrei bidalitako gutunak hartu nizkionean bezala.

      Aitor itzuli egin zen, baina ez izaki kontziente gisa; nire defentsan zetorren, etsaien mamu guztiek habitatu nahi nindutenean. Bueltatu egin zen, iluntasunaren aurrean, gutun haiek itzultzen has nendin. Uler nitzan berak inoiz ulertu ez zituen hizkuntzak, ikas nitzan ikasi ez zituen gaiak, berak Pilar eta Emilianorekin egin zuen bezala, eta haiek aurrekoekin. Iraultza etengabea.

 

 

Nola irakurriko zuen Pilarrek tapa gogorreko Arestiren bilduma hartako Eror-jaikika poema?

      Hala hasten dena?

 

Telesforok diosku:

      “Baldin laguna erortzen bazaik,

      har ezak lepoan eta segi

      aurrera”.

 

Kuestionea da zein den

laguna:

      Ni banintz,

      ni naiz,

      inork ez nau hartzen.

 

      Eta bukatzen da:

 

Inork ez diost:

Haik gora.

Bakarrik:

Gora.

Aberria.

      Non nago ni?

 

 

Aitor hilko zela erabaki genuen goizean, hiletan banatuko genuen paperezko oroigarria Copyprinten inprimatzera joan aurretik, osorik irakurri nion, hasi eta buka, Harri eta herri. Ez zen Pilarren edizioa, ezta Aitorrena ere, baizik eta unibertsitate garaian nik erosi nuena, Susak 2000.ean argitaratutakoa, Koldo Izagirreren hitzaurrearekin.

      Ordurako, erizainei ohikoa zitzaien nik Aitorrekin hitz egitea, baina hori izan zen okurritu zitzaidan azken aluntzioa.

      Arratsaldean, anaiak eta biok erabaki genuen ezetz, ez ginela egongo aurrean Aitorri arnasgailua kenduko ziotenean. Ama eta amaren neba sartu ziren ikustera. Nik ez nuen Aitor nola hiltzen zen aurrez aurre ikusi nahi. Ez nuen buruan gorde nahi irudi hura. Sarritan, heriotza eta zahartzaroa bizitza oso bat zikintzeko gai izaten dira. Gainera, nik banekien hildakoei ileak eta azazkalak hazten zaizkiela. Xabier Erkiziak behin esan zidan hil ostean hildakoek entzuten jarraitzen dutela eta, antza, mina sentitzen ere jarraitzen dutela. Bereziki delikatua iruditzen zait, zentzu horretan, beilatokia. Eta batez ere Aitor bezalako jendearentzat, zeinari sarritan kalte handiena egiten ziona ingurukoek esan zezaketen tontakeria bat baitzen. Ez zuen arinkeria jasaten eta horrek asko isolatzen zuen bizirik zegoenean.