Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Hamasei

 

—Patxi—

 

Patxiren solasaldia transkribatzean jabetu nintzen ez zidala fitsik esan Iruñeko arkitekturaz. Horregatik, hilabetera berriro pasatu nintzen Iturramako haren estudiotik, ostegun goizarekin.

 

 

— Iruñeko eraikin asko dago Docomomo katalogoan. Adibidez, Iruñeko Aurrezki Kutxaren eraikina, Joaquin Zarranzena. Tipoa aparta zen, modernoa, Europako arkitektoekin sintonizatua zegoen. eajkoa zen eta 1936an akabatu zuten. Gure aitaginarrebaren aitak semeari kontatu zion eta hark guri, abertzalea zelako bera ere, eajkoa.

      Eraikin hori la hostia da, basatia. Gure aitaginarreba han bizi izan zen bere aita Ataulfo Urmenetak utzi ziolako, Aurrezki Kutxako zuzendaria zenean. Ezagutuko duzu Miguel Javier Urmeneta, Iruñeko alkate ohia, frankismoan, eta diputatua-eta, ba haren anaia zen aitaginarreba.

      Niri aitaginarrebak begiak ireki zizkidan, ze orain ezaguna da Victor Eusarena, baina oso berandu. Eusa Junta Carlistakoa zen. Nik hogeitaka izan arte uste nuen arkitekto bikaina zela, eta putakume bat zen. Eta parean zenituen Zarranz bezalakoak, gazte akabatu zituztenak.

 

 

Unibertsitateko jantokiena da Iruñeko eraikin moderno eta basatiena. Rafael Etxaiderena da, gure irakasle izandakoa, Opusekoa, mutilzaharra, Ortiz-Echagüerekin seaten jantoki batzuk egin zituen 50etan. Irakasle txukuna, arkitekto bikaina. Niretzat da Mies van der Rohek Iruñean Erasmus bat egin eta proiektu hori gauzatu izan balu bezala. Apurtzailea da.

      Niri asko eragin dit Eraikin Singularrak: betoi armatua bistan, oso indartsua da, deigarria, toki egokian dago. Garai hartako hiriko arkitektoak, De la Quadra-Salcedok, inguruko lurrak garbitu zituen, ikusgarriagoa izan zedin. Gauza bera egin zuten Sanduzelaitik gora igotzean dagoen eraikin berde horrekin: De la Quadra-Salcedorena da eta Docomomon ere badago. Hor ere operazio bat egin zuten eraikina bera izan zedin dentsoena, eraikina nabarmendu zedin.

      Moneok Nafarroako Artxibo Nagusian egindako interbentzioa inpekablea da: nola lantzen duen iparraldeko harresia, nola uzten duen Errege-Erreginen Jauregia. Nahiz eta, niretzat, gazte zela egin zuena den Moneoren Nafarroako onena: Iruñeko zezen plazaren handitzea. Betoizko zutabe horiek, inklinazio bikain horrekin. Nola integratzen den paisaian eta nola lortzen duen 13.000 lagunentzako toki bat 20.000ra pasatzea ia oharkabean. Eta dauzkan bi estalkiak. Hostia.

      Lehiaketa bidez irabazi zuen Moneok, eta epaimahaian Alejandro de la Sota zegoen, garai hartako Espainiako arkitekto mitiko bat. 1966an egin zuten erreforma, plaza 1922koa da. Moneok 30 bat izango zituen.

      Moneo itzela da, begira Donostiako Kursaala, Iesu eliza, Bilbon Deustuko Unibertsitatean egin zuena...

      Sarritan etortzen zen Iruñera eta esaten zuen, “Donostiari loteria tokatu zaio naturarekin, a tomar por saco. Zeren zuk alderatu Iruñea, Logroño, Gasteiz edota Huescarekin... Iruñeak baditu orografia, iparraldeko fronteko paisaiaren kateatzea, harresia, Barbazana, zeharo deigarria da”.

      Ni ados nago Moneorekin, hostia, Iruñea kokatuta dagoen mendixka, fortifikazioak, Barbazanatik zoazenean pentsatzen duzu, “hostia bendita”, ezta? Atarirantz igotzen zarenean... txikitatik baldintzatzen zaitu. Iruñea kontrastez josia dago. Ibairantz daukan mozketa basatia, nola sartzen den natura ibaitik Txantrea hasi arte. Ze nukleo kontzentratu dauzkan. Arkitektura Eskolan entzun izan nuen Iruñeko trafikoa txukuna dela Ziudadela errotonda erraldoi bat delako berez. Eskerrak ez zuten suntsitu. Eta Alde Zaharra itomena da agintzen zuen gremioa gerrarena zelako.

      Eraikin bitxi bat dago Burlatan, ppo izenekoa, orain Mercadona bat du ondoan. Julio Cano Lasso delako batek egin zuen. Behin esan nion Moneori gure irakasle izandako batek jainko baten pare jartzen zuela Julio Cano Lasso, esaten zigula Cano Lassok abizen alemana izan balu mundu osoan izango litzatekeela ezaguna. Moneok orduan esan zidan, “Tira, Erregimeneko arkitekto bat zen”. Esanaz bezala, “Ados, bai, txukuna zen, baina ze ostia”.

      Nik, halere, Erregimeneko arkitekto asko miresten ditut, kolonizazio herriekin egin zutena, ia xoxik gabeko hirigintza hura... Aizu, hori sozialismoa da.

 

 

Nik esango nuke Victor Eusa, funtsean, Frank Lloyd Wrighten imitatzaile bat dela. Nahiz eta Eskolapioen saila oso ongi landu zuen. Maristena, ordea, kaka zaharra da, Zangoza kalera dauzkan pareta horiek. Nik Maristak eraitsi egingo nuke. Kitto.

      Misericordia Etxeak, ordea, beste maila bat dauka eta, adi, 1931koa da. Niceto Alcala Zamora bera etorri zen, Errepublikako presidentea, irekiera ekitaldira. Han zebilen Eusa, zerbait gertatu zain, imajinatzen dut. Plaka batean jasotzen da hori, hantxe dago oraindik.

      Inork ez du Eusak bezainbeste eragin Iruñean, baina bere garaia errepikaezina delako. Nola hazi zen hiria, ze politika zegoen.

      Gauza ederrak egin zituen, La Vasco Navarrakoa, Orreaga etorbideko txalet hori... baina gero Seminarioa dauka, gurutze erraldoi horrekin a saco, Hondarribitik ikus dezakezu, la hostia. Baina ados, Seminarioko fatxadak oso txukun konpondu zituen, eta barruko atrioa zoragarria da.

      Desbideraketatxo bat. 73an asanblada bat egin genuen Seminarioan, Ikasle Batzordeena, eta, bileraren erdian, tipo bat zutitu eta esan zuen, “chnkoa naiz, Comité de Homosexuales de Navarrakoa”. Eta nahiz eta denok ginen iraultzaileak eta modernoak, aurreneko aldia zen ia guztiontzat norbait haren kondizio sexualaz asanblada batean entzuten genuena. Hostia, izan zen leherketa bat, con dos cojones.

      Total. Duela hogei urte, Berara nindoala kotxean, N121ean, Arren, auto-stopa egiten ari zen tipo bat hartu nuen. Eta ttar-ttar ari ginen, galdetu nion, “Zertan egiten duzu lan?”, eta hark erantzun, “Jostuna naiz”. Eta halako batean pentsatu nuen, “Joder, chnko tipoa da”. 60etan Iruñeko homosexual asko joan ziren Doneztebera, Elizondora...

      Ez dakit hark ezagutu ote ninduen, baina nik bai, 73ko tipoa zen, con dos cojones.

 

 

Ni beti izan nintzen kirolari ona, matrikula jartzen zidaten gimnasian. Kirol diferenteak egiten nituen: krosa, handballa, Nafarroako txapelduna izan nintzen jesuitekin, nire taldekide batzuk gero Anaitan eta San Antonion ibili ziren. Gure lehengusu batek judoa egiten zuen eta amak apuntatu egin ninduen, nahiz eta ni nagusiegia nintzen ordurako. Ruiz de Alda kiroldegira joaten ginen. Segituan jabetu nintzen hautaketa naturala zela kirolaren funtsa. Ni ona nintzen. Beti irabazten nuen.

      Hamar urterekin hasi nintzen eta hamabostekin Nafarroako txapelduna nintzen. Hamaika alditan izan nintzen Nafarroako pisu arinen txapeldun. Ezin ninduen inork irabazi. Espainiako jubeniletako txapeldunorde izan nintzen eta Espainiako unibertsitate txapelketetako txapeldun. Jendea segituan hasten zen edaten eta erretzen eta pikutara zihoazen, ni ez.

      Eskolak ere eman nituen txanpon batzuk lortzeko. Horrela ordaindu genuen 77-78ko langile mugimenduari buruzko filma, judoaren xoxekin. Nire irakasleak gimnasio bat zuen Tafallan, nik gerriko beltza, eta eskolak ematera bidali ninduen.

      Gure irakasle Fermin Oyagarengatik maite dut judoa nik. Hark fundatu zuen judoa Nafarroan 1957an. Oído. Txikiak ginela, Oyagak de usted hitz egiten zigun. Niri oso deigarria egiten zitzaidan, ze eskolan inork ez zidan de usted egiten hamar urterekin.

      Errespetua zen nagusi. Errespetua tatamian. Errespetua kontrarioarekiko. Errespetua lehian. Dena zen oso nipoia, oso ekialdekoa. Asko gozatu nuen, nahiz eta, japoniarren aldean, afizionatu batzuk ginen.

      Gurasoak ez ziren inoiz etorri ni ikustera. Gure ama behin etorri zen, hamabi urte neuzkanean. Pisurik gabeko lehiaketa bat zen. Nik 30 kilo izango nituen eta kontrarioak 50. Kristoren ostia eman zidan, eta gainera bota zitzaidan, arnasarik gabe geratu nintzen. Gure amak ez zuen ezer gehiago jakin nahi izan, baina segitzen utzi zidan.

      Orduan jabetu nintzen pisu arina eta erdi arina zuten guztiek belarria lisatuta zutela, bazirudiela frijitu bat zutela belarrian, urdaia eta gazta. Ez zuten marrazkirik belarriek. Hostia.

      Judoan ez da aski bestea botatzea. Lurrean zaudenean segitu behar duzu: zeharo immobilizatzen duzu, modu jakin batean, edo ito egiten duzu, eta hor bukatutzat eman dezakezu. Luxazio bat ere izan dezakezu lurreko borrokan.

 

 

72ko azaroan Arkitektura Eskolan sartu nintzen, eta topaketa bat egon zen Nafarroako Unibertsitatearen eta Berlingo Unibertsitatearen artean, Berlinen.

      Kirol topaketa bat zen: eskubaloia, judoa, eta beste zerbait. 60 joan ginen. Hamazazpi urte falta ziren harresia erortzeko. Gu frankismotik gentozen, baina hangoa ere ez zen ederra, oso zorrotza zen, grisa. Berlingo kaleetan prostitutak zeuden goizeko 11etan. Nik ez nuen inoiz prostituta bat ikusi. Bidaia berean, Karlsruhen, afaltzeko zerbaiten bila joan nintzen eta lokal batean sartu, eskailerak jaitsi eta hiru emakume puska ikusi nituen, beroki luzeekin, eta, halako batean, zabaldu, eta gorputz biluziak.

 

 

1975ean Veneziara joan ginen lagun bat eta biok. Franco hil zen urtea zen, azken bost fusilatuen urtea. Eta Veneziako bienala zen, Libertà per il Cile izenarekin, ekintzaz josia zegoen. pciko tipo bat ezagutu genuen, alderdi komunistako militante bat. Esan zigun, “Nire etorkizuna Espainian gertatuko denaren araberakoa izango da. Beharrezkoa bada, Brigada Internazionalen garaian bezala joango naiz”. Alegia, tipoa zain zegoela Berlinguerrek zer esan, obeditzeko. Baina ez zuen ostiarik ulertzen. Gero Corriere-k esaten zuen agian Aita Santuak Franco eskumikatuko zuela. Eta esan genion, “Begira, zu, nola ostia eskumikatuko dute Franco! Franco Eliza da-eta!”.

      Aterpe batean egin genuen lo. Nik dutxan, ez zegoelako tokirik, eta horrela gratis atera zitzaidan. Nire lagunak pasillo batean, lehorrago baina zarata handiagoarekin.

 

 

1981eko otsailaren 23an soldaduska egiten ari nintzen Madrilen. Zaharregia nintzen, ez nintzelako joan ikasketak amaitu arte. Ez nuen joan nahi baina ezin izan nintzen libratu. Jakin gabe, turismo-gune moduko batera joan nintzen, denak ziren entxufatuak, denak ni eta beste zaharren bat izan ezik, ikasketak geneuzkalako. Entxufatuek kamioiaren gidabaimena ateratzen zuten.

      Extremadurarako errepidean geunden. Iritsi eta nire konpainiako tipo batek esan zidan, “¿Eres el navarro?”. Tipoa Azkoiengoa zen, ni baino bost urte gazteagoa. Hasiberriarena pagarazi nahi zidaten baina Azkoiengoari esker dena ongi joan zen.

      Orduan esan zidan, “Ez zaitez txofer izan”. Eta kapitainari esan nion bagotonikoa nintzela. “Ba orduan izan lorezain”. Eta horretan hasi nintzen.

      Baina El Gastador deitzen zuten tipo bat kanporatu zuten, komandantearen laguntzaile bat, alfer galanta zelako. Tenienteak beste zerbait behar zuen, eta fuera. Orduan ni jarri ninduten, esan zuten “Arkitektoa bada jakingo du telefonoa hartzen”. Eta han ibili nintzen. Hilero etortzen nintzen astebete Iruñera. Gauean kuartel osoko telefono deiak jasotzen nituen. Eta gauero hitz egiten nuen Mariarekin, hostia, ohetik hitz egin nezakeen. Normal-normal.

      Sarritan joaten nintzen Arkitektoen Kolegioko liburutegira eta, egun batean, tipo bat sartu eta esan zidan, “Joder, Kongresuan hau eta bestea gertatzen ari da, zoaz!”. Eta kuartelera iritsi eta fusil bat eman zidaten. Nik ez nuen bizitza puta osoan fusilik hartua. Ai ama. Ohean sartu behar izan ginen fusilarekin. Eta gau erdian errondak egin genituen. Erronda batean tipo batek esan zuen, “Hara, zaborraren kamioiak”. Eta ez, joder, tankeak ziren.

      Nik gau osoa pasatu nuen komandanteei eta kapitainei kafeak eramaten. Den-denak zeuden kolpean nahastuta, bat izan ezik. Legala zen bakarra. Behin, Kanarietako mekanikari bat kanutoak erretzen harrapatu zuten eta kartzelan sartu. Orduan kapitaina etorri zen, “Niri tres cojones erretzen duen ala papiroflexia egiten duen, kuartel honetako mekanikari onena da. Ze ostia uste duzue”. Eta tipoa mekanikari lanetara eta kanutoak erretzera itzuli zen.

      Kapitain hura izan zen parte hartu ez zuen bakarra. Ni sartu eta atera ari nintzen bulego handi hartatik eta, halako batean, kapitainetako batek pareta seinalatu zuen, Juan Carlos I.aren argazkia, eta esan, “Ez balitz tontolaba horrengatik honek aurrera segituko luke”. Orduan Tejero atxilotu zuten eta gure kuartelean egon zen preso. Hostia. Kuartel berean egin genuen lo.

      Biharamunean kapitainek egin zuten lehenengoa izan zen Tejerorentzat kolorezko telebista berri bat erosi, ziegan izan zezan.

      Ni goizero irteten nintzen gure komandantearen prentsa erostera: El Alcázar, Abc... Nik El País erosten nuen eta tenienteak eskatu egiten zidan komandanteak alde egiten zuenean, ezkutuan irakurtzen zuen. Halakoa zen armada, gorri bat zinen El País irakurtzen bazenuen.

      Total, gobernura iritsi zenean psoek pikutara bidali zituela kapitain zintzo hura eta beste dozena bat. 70etan armada garbitu nahi izan zuten kapitainak ziren. Unión Militar Democrática deitzen ziren. Militarrak ziren baina jende ona: giza eskubideak, amnistia, ustelkeriaren kontra.

      Tira. Ez dugu ortz ezer esan eta ni izan nintzen Nafarroako propaganda arduraduna. Ez dakit...