Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Hamalau

 

—Laura—

 

Sanferminak bukatu berri ziren. Hamahiru urte lehenago egun hartan hil zen Pilar Berezibar Iruņeko ospitalean, Aitor hilko zen eraikinetik ez oso urruti. Arratsean, Arrasateko hilerrira joango nintzen Gasteiztik pasatuta, hildakoak gogoratzera, baina egun hark bazuen espero ez nuen promesa bat, handik aste batzuetara kontziente izango nintzena.

      Goiz hartan laugarren kafea hartu nuen Laurarekin Maisonnaven. Aitorren gaztetako argazki batzuk ekarri zizkidan.

 

 

— Egun hartan gu Urdanoz Multzoan geunden, Etxabakoitzen, eta errepidea igo genuen eta pinudia zeharkatu Zizurrerantz. Potasaseko meatzari batzuek euren buruak itxi zituzten meatzearen galerietan. Eskuineko magalean guardia zibilak zeuden kargatzeko prest eta oso urrunean polizia armatua ikusten genuen, grisak. Gogoan ditut zutik zeuden agenteak, eta atzean zaldizkoak, zaldizkoen kaskoekin, borobil-borobilak, ilunak. Geldi-geldi zeuden denak, isilik, zerua oskarbi zegoen eta hotz egiten zuen. Ibiltzen jarraitu genuen eta, aurrez hitzartu gabe, ehun bat metrora geneuzkanean, seko geratu zen martxa. Hantxe bertan asanblada bat egiteko asmoa zuten batzuek, beste batzuek meatzera joan nahi zuten. Azkenean, bi gazte poliziarekin hitz egitera joan ziren. Baina iritsi aurretik, armatuen buruak txistua jo eta polizia ke poteekin eta gomazko balekin hasi zen erasotzen. Gureganantz hasi ziren korrika. Jendea oso haserre zegoen, umeak ere bazeuden. Nire aldameneko andreak besotik heldu eta poliziaren norabidean bultzatu ninduen. Nik ezin nuen askatu, emakume hura nire amonaren adinekoa izan zitekeen, eta orduan pentsatu nuen, “ba aurrera”. Ez nuen beldurrik. 5.000 lagun joan ginen korrika ehun polizia baino gehiagoko bi destakamenturen kontra.

      Orduan Guardia Zibila benetako balak erabiltzen hasi zen. Airera jaurtitzen zuten eta bala-zorroak lokatzera erortzen ziren klin, klin, klin. Gogoratzen dudan bakoitzean bularra puzten zait eta erabateko poztasuna sentitzen dut. Jendea kolpekatzen zuten, hautsi ziren zangoak, jipoitu egin gintuzten. Baina hil aurretik gogoratuko dudan uneetako bat izango da.

      Halako batean, manifestariak eta poliziak, denok geunden nahastuta, eta, orduan, Lizarrarako errepidera alde egin genuen, Zizurrerantz, urbanizaziorantz. Manifestariek errepide bazterreko kotxeak gurutzatu zituzten eta zaldiak ezin ziren pasatu, poliziek posizioak galdu zituzten. Jendea izututa zegoen baina ni zoriontsua nintzen. Ez dakit adina izango zen ala gure konbikzioa.

      Zizurra iristean, pasatu zen aurreneko kotxean igo nintzen, Iruņera bidean, Pio XII.era bidean.

 

 

Egunerokoan egiten genituenak pentsa nitzala esan zenidan azkenekoan. Atzo Aitorren flanelazko koadrodun alkandorez oroitu nintzen. Jendetza zegoenean beti topatzen nuen alkandorei esker.

      Baina beste kontu bat gogoratu berri dut, bitxia, eta da sofrologia. Badakizu zer den? 70etako erlaxazio teknika bat, Aitorri asko interesatu zitzaion eta hipnosia egiten zigun. Hobeto deskantsatzeko zen, norberak bere buruarekin konektatzeko, potentzia handiagoa izateko. Behin Kontxi eta biok izutu egin ginen, ze Abeli egin zion eta erdi lo geratu zen sofa batean. Ura bota genion, eta koņaka aurpegian, esna zedin. Ez zen ezer gertatu. Baina Aitorrentzat ez zen joko bat. Ikasteko geratzen ginenean egitea maite zuen.

 

 

70ak kontatzen direnean, jabetzen bazara, bada elementu bat beti alboratzen dena eta da antolakuntza politikoa. Berez, Nafarroan, 40etatik egon ziren grebak, langileenak, etxekoandreenak. Arrautzak garestiak zirelako, bizitza ezinezkoa zelako, lantokietan jende mordoa hiltzen zelako. Baina 70etako leherketa antolakuntzarengatik izan zen eta, bereziki, ehunka langilek unibertsitatean ikasteko aukera izan genuelako Iruņean. Bestela denok Madrilen edo Zaragozan egongo ginatekeen eta hemen ez zen geratuko gazte ikasirik, gazte entusiastarik, eta ez zen fitsik gertatuko. Tira. Oso aspaldiko kontua da. Parisko Komunan gauza bera gertatu zen, erreakzioak iraultzaileak masakratu ostean, noren karikatura egiten zuten nobelek? Gazte iraultzaileena, langile erakundeena. Barre nagi bat dago hor, erreakzionarioen barrea. Detektatzen jakin behar da, ze beti dago gainazaletik gertu. Iseka egiten du iraultza nahi duenaz. Iraultzaileari esaten dio ezjakin bat dela, ez duela mundua ezagutzen.

      Ba 70etan, fabriketako mobilizazioekin bakarrik, erakunde iraultzailerik gabe, liburuak gau eta egun irakurtzen zituzten gazterik gabe, benetan gertatu zen gorakada erradikala ez zen izango.

      Eta langile antolatuez eta ikasleez gain, ezinbestekoa izan zen jende arrunta. Une zehatz batean, politikako ezertan parte hartu gabe, laguntzen zintuena. Gogoan dut iluntze euritsu bat. Grisak gure kontra zetozen, kaskoekin, ezkutuekin, Vianako Printzetik Sarasate pasealekurantz. Eta halako batean, San Ignacio jatetxeko zerbitzari batek atea ireki zigun. Ziztuan igo ginen bigarren solairura, jantokia zegoen tokira. Afaltiar arruntak bagina bezala eseri gintuen. Polizia igo egin zen, baina jendea afaltzen ari zen, inork ez zuen ezer esan. Guk karta begiratzen genuen, eta alde egin zuten.

      Sarritan gertatzen zitzaigun: kargak zeudenean, adineko jendeak haien atariak irekitzen zizkigun ihes egiteko. Iruņeko Bigarren Zabalgunean izaten zen askotan. Jende horrek ez zuen iraultzarik nahi, baina ez zuen poliziak jende gaztea kale erdian jo zezan ere nahi.

      Behin Bartzelonan, 77ko otsailean, grisak atzetik geneuzkan Sant Jaume plazarantz gindoazela. Oihu egiten genuen “Llibertat, Amnistia, Estatut d’Autonomia”. Halako batean, parean ihesean zetorren talde batekin topo egin genuen. Atzetik zituzten haiek ere. Kalea oso estua zen, bestelako irteerarik gabekoa. Harrapatu egingo gintuzten. Orduan San Felipe Neriko erretoreak elizako atea ireki zigun, berrogei bat sartu ginen eta giltzaz itxi zuen. Polizia atea jipoitzen ibili zen, alde egin zuten arte. Ez gintuzten harrapatu.