Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Sei

 

—Txabi—

 

Pertsona bakar bat izan zuen Aitorrek aldamenean haurtzarotik bizitzaren amaierara arte: Txabi. Haurrak ginenean, ostiral arratsetan erakusketen inaugurazioetara joatea izaten zen ohiko planetako bat. Hasieran etxeko laurok joaten ginen, baina apurka, aita eta biok soilik joaten hasi ginen. Txabik erakusketa bat inauguratzen zuen urtero, eta horri esker hiriko areto mordoa ezagutzeko aukera izan nuen: Garcia Castañongo Iruñeko Udal Aurrezki Kutxarena, Amaiurko Gaztelua kaleko Nafarroako Aurrezki Kutxarena, Ziudadelako Mistoen Eraikina eta Arma Aretoa. Baina, berez, Bigarren Zabalguneko Zangoza kaleko haren etxean ikusten genuen Txabi gehien, Lergan bestela, haurtzaroan ezagutu nuen lurralderik babesgabeenean. Txabiren ama eta amatxi Pilar lagun minak ziren eta, hala, Aitor eta Txabi bizi osorako lagunak izan ziren.

 

 

— Ez nintzen Aitorren hiletara joan. Suntsituta nengoen. Jende asko hil zait, anaia hil zitzaidan, baina Aitorrena desberdina izan zen. Azkenaldian ez genuen topo egin, lanarengatik, pandemiarengatik, eta itxaropena nuen, erretreta hartu berria zuenez, azkenik harekin egoteko aukera izango nuela. Gazteak ginenean bezala geratu nahi nuen harekin, gu Labianora bizitzera joan aurretik bezala. Harreman hura berreskuratu nahi nuen, hitz egiteko, elkarrekin margotzeko. Hil zenean, neure bizitzako perspektiba hori amildu egin zen.

      Hiletaren egunean kotxea hartu nuen Rosarekin baina, Iruñeko hilerrira joan beharrean, Erreniagara igo ginen, erroten lekura. Behe-lainoak dena estaltzen zuen. Uneren batean, tontorrean, argitu egin zuen. Ez nintzen Rosarekin hitz egiteko gai, baina kamera eskuetan nuen eta argazkiak egiten hasi nintzen. Hotza eta aerogeneragailuen helizeen zarata ditut gogoan. Orain, Aitorren heriotza gogoratzen dudanean, gandu haren argazkiak egiten ikusten dut neure burua, antena erraldoia, pinuak, autobideko kotxeak ikusten ditut, amaierako mendi elurtuak.

 

 

 

Nire memoria zeharo kaotikoa da eta jabetzen naiz ahazteaz gain gauza mordoa asmatu egiten dudala. Beraz, ez dakit nondik hasi.

      Gure amak, zahartzaroan, kontatzen zidan nola ematen zizkiguten ahiak adur-zapiak jarrita Aitorri eta bioi Media Lunako parkean. Horregatik, beti irudikatu izan dut haur mordo bat alderrai korrika belarraren gainean eta, bitartean, amak solasean eta guri jaten ematen. Baina nire haurtzaroko oroitzapenak amak kontatutakoen gainean eraiki ditut. Benetan gogoan dudana da Aitor ahapetik abesten. Hitzik gabe abesten zuelako sumintzen ninduen: aleatorioki hautatutako bokalekin melodia bat osatu eta nahi zuen tokian egiten zituen abestiaren azentuak. Eta nik galdetzen nion, jakin-minez, zein zen abesten zuen kanta eta irri egin, sorbaldak goratu eta abesten zuena argitu gabe jarraitzen zuen.

      Txikitan Xabier karrikan bizi ginen, 16an, etxe ñimiño batean, Merced karrikatik 100 metrora; Aitor, Pilar, Emiliano eta Joseba bizi ziren han. Aurrena Media Lunako Dominicasetan ikasi nuen, txalet txiki bat zuten, orain Club Taurino dagoen tokitik gertu. Hango mojek bultzatu egiten gintuzten gure aldamenetik pasatzean, zaplaztekoak ematen zizkiguten eskua zabalik, liburuak jaurtitzen zizkiguten, inolako arrazoirik gabe martirizatzen gintuzten.

      Bederatzi urte bete nituenean, Zangoza kalera mudatu ginen eta, etxe ondoan nuenez, Maristasen hasi nintzen ikasten. Aitor eta biok elkarrengandik urrutiago bizi ginen, baina berdin zen, gure amak oso lagun handiak zirelako eta guri gai berak interesatzen zitzaizkigulako: marrazketa, landareak, harriak, irakurtzea.

      Garai hartan, Maristas zegoen tokia hiriaren amaiera zen guretzat, urrutiko toki bat. Horren ostean Arrosadia zegoen eta gero ezer ez.

      Pijo mordoarekin ikasi nuen nik. Apezpikuaren semea besterik ez zen falta, gobernadore zibilarena, adibidez, gure ikaskidea zen. Beste ikaskide bat, gerora, upnko Ekonomia kontseilaria izango zen. 50 haur geunden gelan, erdiak jende arrunta ginen, langileen semeak.

      Bizitzan ikusi nuen lehenengo Jaguarra ikaskide baten aitarena izan zen eta, aldi berean, poliziek beste ikaskide batzuen aitak jotzen zituzten fabriketako grebetan. Laguntasunetan determinismo handia zegoen: guraso langileak zituztenen laguna egin nintzen beti.

 

 

Batxilergoko 6.ean hasi nintzen, arratsaldez, Artes y Oficiosera joaten, Jose Antonio Eslavarekin. Aitor ere etortzen zen. Ni baino bi urte gazteagoa izan arren, klase berera gindoazen. Artes y Oficios Compañia karrikan zegoen, Merced karrikan aurrera; urte batzuetara eraikina suntsitu egin zuten.

      Euskara ikasten ere hasi nintzen, San Jose plazan, Eusko Basterran. Gaur egun inork ez du Eusko Basterra ezagutzen, baina 60ko hamarkadan toki inportante bat izan zen. Han ibiltzen zen, adibidez, Feliu, 1967ko goizalde batean ikurrin erraldoi bat eskegi zuena Biaizpeko tontorren artean, Aberri Egun baten bezperan. Guardia Zibilak, aurrena, Armadako talde bat bidali zuen Aitzoaingo kuarteletik. Militarrek ez zuten arroka igotzeko inolako asmorik eta metrailadoreekin ikurrinari tiro egiten jardun zuten. Trapua ez zen mugitu eta Guardia Zibilak, orduan, Lizarrako Armadaren mendiko talde bat bidali zuen, baina Lizarratik etorri zirenek esan zuten ezetz, ezin zituztela 200 metro horiek eskalatu. Azkenean, Guardia Zibilak Mendi Federaziora deitu zuen eta Federaziokoek Feliuri deitzeko esan zioten, eskalatzaile handia zela. Feliuri deitu zioten eta “gipuzkoar batzuek jarritako bandera hura” kenduko ote zuen galdetu zioten. Ikurrina Aberri Egun osoan ikusi zen Iruñerrira iparraldetik iristeko bi bideetatik.

      Handik urte batzuetara, Espainiako Itzuliari sabotajea egiteko lehergailu bat prestatzen ari zirela, Artajo eta Asurmendi izeneko bi gazte hil ziren. Eusko Basterrakoak ziren eta egikoak, eajren gaztedietakoak. Handik gutxira poliziak lokala betirako itxi zuen eta eajk kultur egitura klandestinoak finantzatzeari utzi zion. Ni euskara eskolarik gabe geratu nintzen eta Aitor txistu eskolarik gabe. Aitor eta biok ez ginen izan, umetan giro abertzaleetan ibili eta gero, haurtzaroa atzean utzitakoan komunistak egin ginen bakarrak.

      Batxilergoan ikasle kaxkarra nintzen, oso despistatua. Ez nekien gelan zer gertatzen zen eta ez nituen inoiz etxeko lanak egiten. Gure amak esaten zidan ez zirela zertan etxeko lanak egin, adi egotea eta jolastea zela egin behar zena.

      Gure Zangoza kaleko etxe berriak 12 metroko pasilloa zuen. Anai-arrebok eguna jolasten ematen genuen. Gure amak denetarik egiten uzten zigun: txabolak egiten genituen, mahaiak irauli, aulkiak lurrera bota eta baloiarekin etxe barruan jolastu. Aitorren etxea, aldiz, txikia eta iluna zen eta dena oso antolatua zegoen. Ezin zen jolastu, eta horregatik maite zuen hainbeste Aitorrek gure etxera etortzea.

      Gure aitak gehien egiten zuena erretzea zen. Gorriti kalean lan egiten zuen, botikak banatzen zituzten biltegi batean. Metakrilatozko mahai baten gainean ematen zuen eguna, han itzaltzen zituen zigarroak eta, azpian, rotringarekin marrazten zuen, gelditu gabe.

      Nik asko maite nuen marrazkiak begiratzea, txundituta geratzen nintzen. Nire arrebak ia egunero eskuratzen zituen liburuak. Liburutegietatik ekartzen zituen expurgoak egiten zituztenean, edo erratak zituztenak hartzen zituen inprentetatik. Garai hartan La ciencia del arte: dibujo lineal aplicado jarri zen boladan. Teknika harekin ikasi nuen eta zortzi urterekin banekien perspektibarekin marrazten.

      Gure aitona ebanista zen. Pulpituak eta aldareak ere eraiki zituen: diseinatu eta exekutatu. Gure aitak bide beretik jarraitu nahi izan zuen, baina ez zen une egokia izan, gerraostea zelako, ezin zen bizimodurik atera. Gero fabrikako altzariak iritsi ziren eta hori guztia desagertu zen, zurgintzak porrot egin zuen eta gure aitak Madrilgo botiken enpresa batean aurkitu zuen lana.

      Aita frustratua zegoen horrekin guztiarekin eta, nahiz eta langileak ginen, artista izatea errespetatzen zuen. Gure amak ere babesten zuen artista izatearena, seme-alabak izaten hasi aurretik maistra izan zelako. Amak ere marrazten zuen, baina ez zuen erakusten, aita ez samintzeko.

      Horregatik, ikasketetan huts egiten hasi nintzenean, Artes y Oficiosera joan nintzen, eta gure etxean harrotu egin ziren, eta hemezortzirekin Bilbora Arte Ederrak ikastera joan nintzenean, ongi iruditu zitzaien. Inportantea iruditu zitzaien. Nahiz eta nahiko harrigarria zen: gure familiako ekonomia katastrofe bat zen, diru-sarrera bakarra eta apala geneukan eta sei ginen etxean.

      Artes y Oficiosen bi irakasle mota zeuden: batzuk xix. mendean zeudela zirudien; beste batzuek garaiko eztabaidak jarraitzen zituzten eta sarritan aipatzen zuten Oteiza.

      Informazio asko modu klandestinoan iristen zen, ez soilik politikoa, baita artistikoa ere. Quosque Tandem nire arrebak pasatu zigun, adibidez. Beste liburu batzuk ere pasatu zizkigun, Frantziatik zetozenak, baina guri konstruktibismoa eta egile marxistak interesatzen zitzaizkigun bereziki. Hedabideetan ez zegoen ezer, dena zen sekretua, baina guri panfletoak iristen zitzaizkigun eta asko maite genituen. Kontuz ibili behar ginen, baina materiala iristen zen.

      Artistikoki, leherketa 72a izan zen, Iruñeko Topaketekin, eta, politikoki, 73a, Motor Ibéricakoarekin: langileek irabazi egin zuten eta enpresariek atzera egin. Gabriel Arestik berak poema bat egin zuen, Hemingway eta sanferminak madarikatuz eta bandera gorria eta Nafarroako langile mugimendua goratuz. Nik hemeretzi urte nituen eta Aitorrek hamazazpi, iruditzen zitzaigun edozein momentutan lehertu zitekeela guztia.

      Aitorrek bi auzokide zituen. Aldameneko atarikoa armairu batean ezkutatuta egon zen zortzi hilabetez 1936an, komunista zelako eta karlistek hilko zuten beldur zelako. Herren geratu zen eta beti zihoan bi makulurekin. Pareko etxean, lehenengo solairuan hura ere, beste gizon bat bizi zen, adin berekoa: errekete boluntarioa izan zen Altxamenduan, gerran zauritu egin zuten eta zango bat moztu zioten. Biek ematen zuten egun osoa balkoian, bata bestearen parean elkarri hitzik egin gabe. Merced karrika oso meharra zen, nik uste elkar usain zezaketela. Erramu igandean, Berpizkunde igandean, uztailaren 18an eta urriaren 12an, karlista gerrako domina guztiak paparrean jarrita ateratzen zen balkoira, eta komunista ez zen ateratzen.

      Sarritan igotzen ginen komunistaren etxera. Motor Ibéricaren grebaren ostean, Combate eta En lucha aldizkariak pasatzen hasi zitzaigun. Komunisten Ligaren eta ortren argitalpenak. Haren andreak sagar tarta izugarri goxoa egiten zuen, kremarekin eta mertxika marmeladarekin. Etxe arrunt-arrunta zuten, baina bazuen zerbait bereizgarria: ez zegoen gurutze bakar bat ere hormetan. Garai hartako etxe guztietan zeuden gurutzeak, logeletan besterik ez bazen.

 

 

Ni batxilergoko 6.ean nengoen, hamabost edo hamasei urte izango nituen. Kaleko pintaketa batzuk ikusi eta opus no margotzeko plan bat egin genuen lagun batek eta biok.

      Arangurengo parrokia-etxera joan ginen lagun taldearekin. Gauean, lagunak eta biok ihes egin genuen, ezkutuan. Iruñera etorri ginen oinez eta opus no idatzi genuen hiriko sarrera guztietan espraiekin. Pintura beltzez ezabatu genituen seminarioko atean zeuden Espainiako bi bandera erraldoi. Kotxe bat gerturatzen zen bakoitzean arekara egiten genuen jauzi, sastraketara. Goizalderako itzuli ginen, beti oinez, Arangurenera. Biharamunean lagunek mendira joan nahi zuten. Guk gau osoa eman genuen ibiltzen, agian 30 kilometro egin genituen ia ilunpean, baina ezin genien gure lagunei ezer esan.

      Hurrengo goizean, kotxez itzuli ginenean, jabetu ginen pintaketa guzti-guztiak zeudela ezabatuta: Atari Berrikoa, Frantziako Atekoa, Labritekoa, Zaragozako etorbidekoa, Seminariokoa. Guzti-guztiak.

      Pintaketa haiek 70ean edo 71n egingo genituen, Burgosko prozesua izan zenean. Atxilotuei egindako torturez hitz egiten zuen panfleto bat irakurri berria nuen.

 

 

Urte haietan guztia iruditzen zitzaigun epikoa. Oteizari Irungo etxera egin genion bisita dut gogoan, adibidez. Nire ikaskide Patxi, Aitor eta hirurok joan ginen, autobusez. Sarrera loriatsua izan genuen, kontatuko zizun aitak.

      Itziar Carreñok ireki zigun atea, Oteizaren andreak. Oteizak pikutara bidali gintuen, bulldog bat bezalakoxea zen. Baina andreak esan zuen, “mutiko hauek Iruñetik etorri dira”, mesedez har gintzala. Azkenean Itziarrek utzi zigun pasatzen.

      Sartu eta eskailerak jaitsi genituen. Jorge amaieran zegoen, irakurtzen, baina harengana iritsi aurretik mahai luze bat zegoen, astoen gainean jarritako oholak ziren. Eta mahaian klarionezko maketak zeuden. Aitorrek aulki batekin estropezu egin, mahaian bermatu eta eskultura guztiak erori ziren banan-banan. Jorgek begirada altxatu zuen, geldi geratu zen, gu izoztuta. Eta “Zuek ze iritzi duzue baserritarrei buruz?” galdetu zigun. Orduan Aitor gelditu gabe hasi zen hitz egiten, Jorgek eten zuen arte. Guk garun birjinak genituen eta oso estimulatzailea iruditzen zitzaigun guztia.

      Handik gutxira, Oteizak Pelay Orozco kazetariari deitu zion. Haren kotxean igo ginen Oteiza eta hirurok eta Basterretxea ikustera joan ginen. Aitor eta Oteiza ez ziren isiltzen: “Hau irakurri duzu?”, “Entzun duzu zer esan duen ez-dakit-nork?”. Basterretxea ikusi ostean Mendibururenera joan ginen, oso tipo intelektuala zen eta garaiko eztabaida guztien erdian zegoen, egun hartako nire gogokoena izan zen.

      Gehien hitz egiten zuena Aitor zen, nahiz eta gutariko gazteena izan. Oteiza, Basterretxea eta Mendiburu asko harritu ziren: nor zen mukizu hori? Hiru ordu egon ginen elkarrekin. Bereziki Mendibururen eskuak gogoratzen ditut, latzak, erraldoiak. Bilatu beharko zenuke, Pelay Orozcok liburu batean jaso zuen bisita hura.

 

 

      Oteiza zentrala izan zen guretzat, nahi genituen hiru iraultzak kondentsatzen zituen: estetikoa, soziala eta euskalduna. Gainera, oso tipo disruptiboa zen, inoiz ezin zenuen jakin nondik aterako zen. Irungo bisita hark salbatu egin gintuen. Zeren hilabete gutxi batzuk lehenago, 72ko Topaketetan, Aitor Paristik artista talde batekin etorritako tipo baten lagun egin zen. Arthur Ligue Communiste-n sartua zegoen eta alde egin aurretik La véritable scission dans l’Internationale. Circulaire publique de l’Internationale Situationniste liburua eman zion. Liburu hartan azaltzen zen Internazional Situazionista desagertua zela. Guk segituan pentsatu genuen: kaka zaharra, akabo azken abangoardia. Baina Oteiza nahikoa magnetikoa izan zen ez genitzan artea eta iraultza termino linealetan ikusi, ez genezan itxaropenik galdu. Orain dena izan zitekeen aldi berean: Neolitoko cromlechak eta 1920ko Moskuko eta Berlingo konstruktibismoa.

 

 

Nik bide batetik jo nuen unibertsitatera eta Aitorrek beste batetik. Ez nuen inoiz ulertu zergatik Aitor ez zen artista izan. Ni Arte Ederrak egitera joan nintzen Bilbora. Iritsi nintzenean, oso posizio argiak nituen arteari buruz eta ez zen ohikoa. Niri semiotika interesatzen zitzaidan, sasijakintsuarena egiten nuen. Horrela esateak lotsa ematen dit, baina hala zen. Irakasleak zerbait esaten bazuen, nik kontrakoa. Konstruktibismoa maite nuen, Malevitx, Popova, Lissitzky, eta gero Deineka-eta. Hori zen niretzat izan zitekeen bakarra: estetikarengatik, Errusiako Iraultzan izan zuen tokiarengatik. Konstruktibismoak lotzen zituelako xx. mendeko arte apurtzaileena eta Neolitoa.

 

 

 

Hau izan zen Larraonako lehiaketara aurkeztu genuen piezetako bat. Merced karrikatik Pio xii.a etorbidearen amaieraraino eraman genuen oinez, uste dut eramatea bera izan zela benetako happeninga. 1971 izango zen. Metalezko egitura batean eskegi genituen objektuak: zur puska bat, pintzel bat, hareazko poltsatxo bat, marrazki bat, jogurt pote bat, kanpin-denda batetako ziri bat, bi makila, tabako pakete bat, ispiluak. Merced karrikako lehenengo pisuko sukaldean egin genuen Aitorrek eta biok, nik soldatu nuen. Eskultura egiteaz gain manifestu bat idatzi genuen.

      Josu da argazkikoa, berak eraman gintuen argazkiak egiteko tokira, kotxea zeukalako. Geratu nahi zenuela esan zenidanean, aipatu nizun egiten genuenak ez zuela fitsik balio. Orain 1971ko Iruñeko hamabost eta hamazazpi urteko bi gazte ikusten ditut, guraso langileak zeuzkatenak eta, egia esan, ezertara loturik ez zegoen hiri batean bizitzeko zoritxarra izan genuen. Manifestua irakurri behar duzu, solemnea da, hitz egiten du merkatu ekonomiaz, artearen autonomiaz. Nabarmena da zer idatzi zuen Aitorrek eta zer nik. Aitorrek logika oso bat garatu zuen, epistemologiaz aritu zen.

 

 

Iruñea oso pobrea zen erakusketen arloan. Saura eta Pop Art apur bat baino ez zen iristen. Zorionez, dozena erdi bat lagunek arteari buruz solasteko talde bat sortu eta guztia piztu zuten. 60ko hamarkadaren hasieran hasi zen, sekretua zen, klandestinoa, baina erraz topa zenezakeen. Gu 70ean-edo batu ginen. Gogoan dut Lewis Mumforden testuak orduan irakurri nituela. Burua lehertu zidaten. Halako batean, kalera atera eta argia ikusten nuen, hodeiak, indi gaztainondoak, haginak, berde klase guztiak, adreilu gorrixkak, eta formei erreparatzen nien, konposizioei, eta inoiz ikusi gabeko hiri bat ikusten hasi nintzen. Teilatu bakoitzean ikusten nuen artea, etorbide bakoitzean.

      Iruñerrian oinez ibiltzen hasi ginen Aitor eta biok, larreetan eta inguruko mendietan, baina xx. mende hasierako abangoardietako kideak bagina bezala. Solasaldi haiek funtsezkoak izan ziren guk kalea, literalki, beste modu batera ikusten hasteko. Iruñerrian paseatzen ginen, baina hiriari begiratzen genion 1920ko Berlini, 1950eko Londresi ala 1940etako New Yorki bezala.

 

 

Bilbon dena zen desberdina, beste dentsitate bat zegoen artean, literaturan. Eta Iruñerrian ez zegoen proiekzio politiko bat zegoen. Baina aldeak ere baziren. Iruñerrian, langile jendeak nahi bazuen, langile mugimenduak hiriaren kontrola har zezakeen: Motor Ibéricarekin ala Potasasekin bezala. Ez zen antzeko ezer gertatu Bilboaldean. Oso ikusgarria zen Euskaldunako langileena, adibidez, nola zeuden gerrarako prest poliziaren kontra. Baina Bilbok martxan jarraitzen zuen. Iruñea beste eskala batekoa zen, eta halako tamaina duen eskualde batean, jendeak koska bat estutu dezake mundua.

      Bilbora iritsi nintzenean, artea alde batera utzi nuen. Unibertsitatean gainditzeko behar zena soilik egiten nuen eta politikara pasatu nintzen. Militantzia zoro bat bizi nuen, absurdoa zen, baina txinparta hark guztia irensten zidan. Aurrena Ikasleen Koordinakunde Batuan egon nintzen, mckoak ziren. Emakume batek, gure irakaslea, prezelula batean sartu gintuen lagun bat eta biok. Hiru bilera egin genituen han, baina niri ez zitzaidan fitsik gustatu.

      Lagunak eta biok pintaketak egin nahi genituen, baina jende hark Mao Zedongek Txinako landa eremuaz idatzitako esaldiak buruz ikasten pasatzen zuen denbora. Lagunak esan zidan: troskoekin joan behar dugu. Baina guk ez genuen troskistarik ezagutzen Bilboaldean, nahiz eta gerora jabetu ginen fakultatea beteta zegoela. etako bat ezagutzen nuen fakultatean eta galdetu nion ea Ligako norbaitekin jarriko ninduen harremanetan.

      Baina mckoek ez gintuzten askatu nahi. Pasilloetan segitzen gintuzten, hitzorduak jartzen zizkiguten, tabernetan hitz egitera etortzen ziren. Azkenean haserretu egin ginen, garrasi egin genien, guk maitasun librean sinesten genuela eta ez haiek bezala familia tradizionalean. Esan genien Maorena perbertsio estalinista bat zela, hor ez zegoela komunismorik. Eta orduan gurekin mindu eta bakean utzi gintuzten. Nik ez nuen maoismoa ulertu, egia esan. Baina are gutxiago ulertu nuen nire laguna, maoistekin itzuli baitzen, nola ostia egin nahi ote zuen iraultza ados ez zegoen jende batekin.

      Eta horrela sartu nintzen Ligan. Bilbo Zaharreko Hernani kaleko estudio batean juntatzen ginen, etxe zikin batean. Fakultatean egin nituen lagunekin testuak irakurtzen genituen, formazioa, formazioa, formazioa. Zeren mckoek paskinak-eta botatzen zituzten, ikasten zituzten lau gauza buruz, baina ez zegoen sakoneko eztabaidarik. Ligan eztabaida maite genuen, eta bazen halako askatasun bat pintaketak egitean, adibidez. Eta egiten genituen txostenak, ikerketak, nazioarteko politika aztertzen genuen, eleberriak irakurtzen genituen, antzezlanak sortu eta, bereziki, ez genion hitz egiteari uzten.