Aurkibidea
Hemezortzi
—Txabi—
Berriro geratu nintzen Txabirekin. Euforiko iritsi nintzen, aurreneko topaketak zabaldu zidana gogoan, baina, baita ere, bezperan bidali nizkiolako Aitorren egunerokoko bi orrialde, eta Oteiza Museotik eskaneaturik bidali zidaten gutuna: Aitorrek Oteizari erantzun ziona. Ahots gora irakur ziezazkidan eskatu nion. Ez nintzelako gai gauza asko ulertzeko. Ez nuelako ulertzen Aitorren letra.

— Gutunean Larraintzarreko etxearena kontatzen dio Oteizari, erdian tximinia bat zeukan, ia gela oso bat hartzen zuena; horrek eragin zion lilura aipatzen dio. Eta gero artzain batekin topo egin genuela: cromlech bat zirudien makilarekin zutik. Eta aipatzen dizkio fronte kulturala, Debako eskola, Olkotzeko kontuak, eta Mendiburu eta Aitorren arteko solasaldi eferbeszente hori.
Motor Ibéricako greba gertatu eta aste batzuetara, Telefonican geunden Aitor eta biok, zezen plazaren parean, eta asalto bat egin genuen, manifestazio saiakera bat. Txistua jo zuen batek eta oihuka hasi ginen ¡Amnistía! ¡Amnistía! ¡Huelga general! Poliziaren furgoiak iritsi ziren eta banatu egin ginen. Gu Labriterantz joan ginen, Cavas-erantz.
Txakurrek gazte bat harrapatu zuten eta jipoitzen ari ziren. Orduan dozena bat lagun joan ginen gaztea askatzera, baina bi txakurrek pistola atera eta airera egin zuten tiro. Ziztuan egin genuen ihes Aitorrek eta biok, eskaileretan behera, dozena bat jaitsi genituen jauzi bakarrean. Merced karrikara ihes egin genuen, han ez baitzen polizia sartzen normalki. Ijitoen eremua zen. Ijitoak izorratu nahi bazituzten soilik sartzen ziren. Bestela nazka ematen zien.
Gero 3.000 laguneko asanblada bat egin genuen Katedralean eta polizia hustera etorri zen. Sarrerara sartu eta atariaren eta hesiaren artean geratu ziren. 1.000 lagun atera ginen korrika. Denak jipoitu gintuzten, pasabide bat egin zuten, jo eta jo. Jendeari zangartekoa egiten zioten eta dozenaka zapata galdu ziren. Biharamunean argazkia agertu zen El pensamiento navarro egunkarian: 200 zapata Katedralaren sarreran.
Aitor, Txema eta hirurok Zaldi Zurira joan ginen. Nik sentsazioa nuen ez nindutela inoiz harrapatuko, ze inoiz ez ninduten jotzen. Ez nuen zapatarik galtzen. Manifa guztietan nengoen arren, beti lortzen nuen ihes egitea, ubelune bakar bat ere ez zidaten egin, eta ez nintzen bereziki atletikoa.
Ez genituen soilik eskulturak egiten: marrazkiak eta testuak, audio zintak ere konposatu genituen, musika esperimentala, John Cagerena bezalakoa. Mahaia kolpekatzen genuen, metalezko objektuak, zintzarriak jotzen genituen. Mercedeko sukaldean izaten zen. Larraonako lehiaketarako ideia zen kommutadore bat egitea, ez eskultura bat, baizik eta dispositibo berezi bat, hedatzeko makina bat. Gogoeta teorikoa zen garrantzitsuena, ez pieza.

Eskultura hori Jose Gainzarekin eraman genuen. Kotxea haren aitarena zen, oso gazterik hil zitzaion, 1.430 bat zen, oso handia, marabilla bat. Haren aita industriako langilea zen. Garai hartan aita gazte hil zitzaienek izaten zuten kotxea. Baina tira, ez dut egiaztatu nahi ze koloretakoa zen, agian ez zen zehazki modelo hori. Ze axola du, joder. Hor daude argazkiak, ez?
Orain momentuan bertan nahi ditugu erantzun zehatzak. Horrek ikuspegi dokumental bat ezartzen du. Gaixotasun sozial bat da. Teknologia etorri da, dena biderka daiteke, denak du gero eta zehaztasun handiagoa. Eta zehaztasun hori peligrosoa da. Etengabe ari gara segurtatu nahian buruan duguna benetan izan zela egun hartan, toki hartan, geure buruen polizia inspektore bilakatu gara. Zoramena da. Irudimena suntsitzen du. Zelata da surrealismoaren etsairik handiena.
Nik beti egin ditut argazkiak, etengabe, 30 metroko latak erosten nituen, karreteak. Etengabe disparatzen nuen, oso teknika eskasa neukan eta ez nintzen oso ona errebelatzen ere. Gero ez nituen antolatzen. Ez zen gaur bezala. Karrete berean zenuen Granadako oporretako argazki bat eta sanferminetako beste bat.
Tamalez, goizegi hasi ginen eta ez geunden Bilbon edo Bartzelonan. Nik oraindik ez nekien harri bat lantzen, ez nuen eskultura ikasi. Orduan eskultura itxurarekin lotzen zen, masarekin. Konstruktibistak ulertzen hasi ginen. Javier Saura izan nuen irakasle, Huescako tipo bat, oso harreman ona genuen harekin. Surrealismotik zetorren tipoa. Oso exijentea zen, zuzenean egiten zuen lanketa, dena zen gogorra, denak sortzen zuen hautsa, oso astuna zen dena, oso motela. Ezin duzu gero zuzendu, oso gauza berezia da harria material gisa. Esperientzia izaten hasi nintzenean, txukun egiten hasi nintzenean, kontzeptuak liluratu ninduen eta orduan eskuek ez zidaten ezertarako balio. Harriari ez nion galderarik egin behar.
Tira, eta gero, ekonomikoki, ba ezin zen horrekin ezer egin, denbora asko behar zenuen piezak egiteko.
Nik uste nuen soldaduskatik libratuko nintzela. Guztia egin nuen. Militar ustel bat ordaindu nuen, baina ezer ez. Arnasketa arazoak nituela esan nien, txostenak egin zizkidaten, ezta ere. Azkenean uztailaren 10 batean bidali ninduten. 26 urte neuzkan. Aitona bat nintzen. Baina nik oso bizitza makurra nuen, lkiren herrialdeko batzordean nengoelako, milioika bilera neuzkan. Bilerek min handia egin diote gizarteari. Beti nintzen estresatuta. Ostia asko jaso genituen, urte ilunak izan ziren. Estrategia guztiek egin zuten huts eta amiltzen ari ginen, hiletik hilera okerragoa zen, zulora gindoazen. Azkenean lurperatu egin gintuzten. Horregatik, soldaduska bakea izan zen.
76an denak zirudien posible. Pelikula bat muntatu genuen geure buruetan. Prozesu iraultzaile baten atarian geunden. Iraultza nahi genuen eta sintomak baziren. Asanblada batera joan eta politikaz ez zekien jendeak iraultza nahi zuen. Gero Amnistiaren Aldeko Astea, mobilizazio erraldoiak, errepresio basatia, langileen arrakastak. Atochakoa, ontzioletako sua. Baina pcek, Comisiones Obrerasek, psoek den-dena gelditu zuten. Esan zuten, “Tira, ezin dugu horrela segi, kaosera goaz eta hau ez da ona izango inorentzat”. Eta asko etxera joan ziren.
77an txapa eskegi nuen, Liga utzi nuen. Handik lau hilera itzuli nintzen. 73tik 78ra asanbladaz asanblada ibili nintzen. Inuxenteak ginen. Iraultza posible zela uste genuen. Ligarentzat mobilizazioak estrategiaren parte ziren. Unibertsitatean aldarrikapenak egiten genituen, sarritan korporatiboak izaten ziren, baina maila politikora eramatea zen helburua.
Uste genuen dena zela errealitate beraren parte, injustizia txikienaren kontra aritzeak iraultzara eramango gintuela. Unibertsitatean mobilizazio indartsu bat egin genuen irakasle baten kontra, emakume gazte bat. Desastre hutsa zen. Behin marra bat egin nuen paper batean eta begira geratu nintzaion, ergelarena egin nuen, emakumea etorri zen eta esan zidan, “muy bien, muy bien”. Neskak gela batean jartzen zituen eta mutilak beste batean. Eskola erdia suspenditzen zuen, bereziki neskak. Nik ez nuen behin ere estatua bat margotu, hiru marra egiten nituen, pitokeria bat kontatzen nion eta emaitza apartak izaten nituen.
Hilabete luzez egin genuen greba eta azkenean gainezka egin zuen kontuak eta ikasturtea pikutara joan zen. Ni ez nengoen ados, baina ni nintzen dena bultzatu zuena hasieran. Antolatzen ez zen jendeak antolatutakoek baino muturrerago joan nahi zuen. Katastrofe bat izan zen. Gero jende guztia makurtu zen eta irailean azterketetara joan zen. Gutxi batzuk izan ezik, piztu genuenoi dena gainditu ziguten. 74an izan zen.
Bilboko Arte Ederren Eskola Kataluniako irakasleekin osatu zuten. Milicua i Illarramendi deitzen zen sasi katedradun batek eraiki zuen iruzur guztia. Zuzendaria Bartzelonako Unibertsitateko lagunez inguratu zen: denak ziren hangoak, facultat esaten genion ikasleok.
Fakultateko greba hura basatia izan zen. Eta antolakunde on bat izatearen garrantziaz jabetu nintzen, baina ikuspegi zabala ere behar zen, jendea sutan ez erretzeko.
Afixa zatarrak egiten genituen paperarekin. Handiak. Hogei lerro idazten genituen gure motiboak azaltzeko. Goizeko 7:30ean joan eta paperez betetzen genuen fakultatea. Batzorde Unitarioa genuen, erakunde iraultzaile guztien artean.
Orduan Ikasleen Sindikatua muntatu genuen. Alderdi diferenteetako jendea batzen genuen agitaziora. Jende guztiak gertatzen zen guztia jakin zezala nahi genuen, nola bota genitzakeen Franco eta burgesiaren diktadura. Gero Puig i Antichenak asko markatu ninduen. Fakultatea bete genuen haren izenarekin: Puig i Antich bizirik! Gora mil! Manifestazio bat egin genuen Gran Vian.
Gure taldea deitzen zen gkl: Gazte Komunisten Liga.

Ligaren gazte erakundea zen, guk asmatu genuen, iluntze batean. Benjaminek esaten zuen bezala, “hostotza anarkistaren eta diziplina iraultzailearen artean”. Herrialdeko batzordea genuen gkln, Ligaren egitura bera genuen ia-ia. Eta gero bestelako batzordeak genituen, fakultateka, lan sektoreka, kanpainaka.
75ean, Francok frapekoak eta etapm-koak fusilatu zituenean, kanpaina publikoak egiten hasi ginen, panfletoak sinatuta, afixak ere bai...
Estudio bat alokatu nahi izan genuen Zorrotzaurren. Tipo bat topatu genuen, eraikin baten jabea, esan zigun “Ordaindu gabe sar zaitezkete, gauza bakarra, kasu uraren giltzari, komunekoari, erabilitakoan itxi”. Egia esan, inork ez zuen toki harengatik ordainduko. Tipoari arte estudio bat egingo genuela esan genion, baina morroia ez zen ergela, jabetuko zen zertarako zen. Taula bat jartzen genuen lurrean, tinta botatzen genuen, zilindro batekin zabaldu. Serie bakoitzean 30 kopia egiten genituen.
Egun batean giltza ixtea ahaztu zitzaigun. Eraikina urpean geratu zen: teilatupetik sotora, dena usteldu zen. Guk propaganda iraultzaile kiloak galdu genituen, jabeak eraikina. Nahiz eta hura kartelak egiteko txapitula ustel bat zen.
Alderdiaren propaganda iristen zitzaigun, Iruñetik eta Bartzelonatik bereziki, profesionala, txukun-txukuna, eta han gordetzen genuen. Bost banaketa puntu geneuzkan Bilboaldean. Gero tabernetan geratzen ginen, Submarinon edo Octavion, askotariko hitzorduaren sistemarekin, eta militanteei banatzen genizkien.
Ni jota geratu nintzen urak hartutako eraikinarekin, baina gerora ez nuen asmatu jabearekin nola jarri harremanetan, nola ordaindu zerbait. Nahiz eta, tira. Behin leiho bat zabaldu genuen eta leihoa osorik amildu zen 6. solairu hartatik Artiachen lantegiko teilatura.
Normalki Combate aldizkariko lemak kopiatzen genituen, baina geureak ere egin izan genituen. Alderdiko zuzendaritzan ez zuten maite halakoak gertatzen zirenean. Behin tipo bat etorri zitzaigun, Bizkaiko buruetako bat, gu baino zaharragoa: “Joder, egin duzuen hau kaka zaharra da”. Barakaldoko batek pintaketa bat egin zuen bere lantegiaren sarreran: “Carrillo ahora es amigo de los fascistas, gora República!”. Politburokoa amorratuta zegoen: “Joder, hori ezin da egin, ez da guk esaten duguna”. Eta guk esan genion: “Begira, joan zaitez bihar Barakaldokoak lan egiten duen fundiziora, egon zaitez egun osoan ehun gradu egiten dituen toki ustel horretan, eta gero errezitatu iezaiozu Trantsizio programa buruz hasi eta buka, ados?”.
Barakaldokoak arrazoi osoa zuen, gainera. Kitto. 77an dena amildu zen, pceri erreformista esatea laudorio bat da. Dena suntsitu zuten. Ligak asmatu zuen garaia irakurtzen. Moncloako paktua, Erregeari eskuan muxu ematea. Ze mierda da hori, eurokomunismoa.
Ni nintzen eskolako listilloa Arte Ederretan. 72an ikastaro azeleratu bat izan genuen Iruñeko Topaketetan. John Cage ezagutu genuen.
Adibidez, klarion urdinarekin marrazten nuen, hormak margotzeko klarionarekin. Oso gaizki ikusia zegoen, eta niri bost axola zitzaidan. Eskolako zuzendariak, katalanak, egun batean esan zidan ez-dakit-zer eta nik esan nion “semiotika konnotatiboa”-z badakit-zer. Eta tipoa sutan jarri zen. Nik ez nekien zer zen semiotika konnotatiboarena, baina iristen zitzaidan guztiarekiko adi egoten saiatzen nintzen.
Orduan tipoak bodegoi bat egiteko esan zigun. Eta nik margo poteen bodegoi bat egin nuen. Halako pitokeriak egiten nituen. Oso txukun geratu zitzaidan. Comunicación argitaletxea segitzen genuen, Tusquets. Arvatoven Arte y producción. El programa del productivismo, itzela.
Ildo troskistak ongi uzten zion arteari arnasa hartzen. Errusiako esperientzia katastrofikoa izan zen. Abangoardiarena. Rollo estalinistak dena dominatu nahi zuen, dena burokraziaren zerbitzura jarri. Eta Ligak horren antipodetan egon nahi zuen, Andre Breton segitzen zen. Ze Bretonek lan bikoitz bat egin zuen: dada hartu eta antolatu egin zuen. Baina, aldi berean, konstruktibismoa zegoen; biak proiektu komunistak ziren, baina mamia oso diferentea zen, ez soilik irudi aldetik. Konstruktibismoa iraultza gertatu bitartean eta ondoren eraiki beharreko tresna bat zen, oso bideratua, oso geometrikoa, propagandarako aparta. Surrealismoa magma bat zen, batzen zaila, Bretonek dimentsio politikoa, intelektuala eman zion. Garaitutako artistei kontzientzia eman zien eta elkartu egin zituen zetorren iraultzarantz bultzatzeko. Ze surrealismoa gizakiaren dimentsio ilun eta depresiboenerantz zegoen bideratua, kontu pribatura. Konstruktibismoa letra larriko politikan zegoen.
Bretonek, Diego Riverak eta Trotskik Arte iraultzaile independente baten aldeko manifestua sinatu zuten. Nahiz eta Trotskik idatzi zuen, berez. Artea estalinismotik salbatu behar zen. Baina zeharo kontraesankorra zen ariketa hura, ze Trotskik diseinatu zuen manifestuaren inguruko operazio politikoa: arteak politikatik autonomoa izan behar zuela teorizatu zuen buru politiko batek. Dena dela, nire ustez, troskismoak zintzoki sinesten zuen askatasun artistikoan. Stalinek eta sesbeko artista komunisten elkarteek abangoardiak suntsitu zituzten. Artea iraultzaren zerbitzura jarri zuten... baina artea ez da medikuntza, ez da trenen logistika. Amarru filosofiko horrekin ez zen artea iraultzaren zerbitzura jarri, burokraten zerbitzura jarri zen, zeharo gauza arbitrarioa.
sesbeko Alderdi Komunistak ez zuen artearen ideia ulertu. Bizitza ez dira soilik ildo politikoak. Hori murrizte negargarri bat da.
Breton erradikala zen, asmatzaile bat, distiratsua. Artearen eta euskararen auzian baziren paralelismoak. Zuk den-dena klase sozialera lerratzen baduzu, ba kaka zaharra da politikoki.
Esan dizut, oso memoria kaxkarra dut. Eta gero gogoratzen ditut gauza bitxiak, adibidez, Artes y Oficioseko neskatxa baten bikini arrosa. Herri batera joan ginen txango batean, ez dakit nora, izango genituen hamasei bat urte. Ibaiertzean geunden eta emakume gazte hark bikinia zeraman. Ikusi nuen lehenengo bikinia izan zen.
Nire bizitzako oroitzapen inportante bat da, bikini hura. Nahiz eta ez dakidan non zen, ez dakit norena zen.