Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Hamazazpi

 

 

 

Inor ez da besterik gabe, hau da, arrazoi pribaturik gabe, jeneralburu, edo anarkista, edo sozialista, edo erreakzionario egiten eta mundua nola edo hala aldatu duten gertaera handiek —prestuak nahiz doilorrak—, beti gertaera erabat hutsalen bat izan dute sorburu, guretzat ezezaguna.

Joseph Roth

 

 

Hamalau urterekin, ikasturtea hasi aurreko astean, gure amak esan zidan banuela bi film ikusteko adina. Warren Beattyren Reds eta Giuliano Montaldoren Sacco e Vanzetti jarri zizkidan. Reds 1917ko Errusiako Iraultzari buruzkoa da, John Reed kazetari sozialista abenturazale estatubatuarraren bizitza oinarri hartuta, Hollywoodeko izar handien parte-hartzearekin. Sacco e Vanzetti italiar langile migratzaileen kontrako errepresioari buruzkoa da, Sacco eta Vanzetti anarkisten bizitzak abiapuntu. Soinu banda Ennio Morriconerena da, eta Joan Baezek abesten du gainera.

      Ikasturtea hastean, neure burua komunista gisa izendatzen hasi nintzen. Hasieran gauza zeharo intimoa izan zen. Film haiek ulertuta, eta amatxi Pilarrek gerraz zioena kontuan hartuta, ez zen ahots gora aitortzeko ezer.

      dbhko 3. mailan hasi nintzen institutuan, eta mutil errepikatzaile bat jarri zidaten aldamenean: hura izan zen ezagutu nuen lehenengo komunista. Mutilaren aita ekologista zen eta semea obsesionatua zegoen Nafarroa Garaiko mendietan jartzen ari ziren eolikoen kontra, baina guri Gamesaren promozioko vhsak jartzen zizkiguten eskoletan. Polizia ere gorroto zuen. “El ejército de la burguesía”, esaten zuen. Niri txundigarria iruditzen zitzaidan, ez bainuen inoiz polizia armada gisa ulertu, nahiz eta hala jokatzen ikusi nuen haurtzaroko Iruñeko Alde Zaharrean ostiral iluntzero. Mutilak Reincidentesen hitz guztiak zekizkien, “Andalucía entera, como Marinaleda”, eta Kortaturenak, “Hi burges madarikatua, ez duzu inoiz ezer ulertuko!”.

      Hamabost urte bete nituenean, kuadrillako bi lagunek Alderdi komunistaren manifestua-ren bi edizio oparitu zizkidaten, “Esaten duzunaz pixka bat informa zaitezen”.

      Nerabezaro hartan, Iruñerrian, komunista bakarra ezagutzen nuen, beraz. Beste guztiak oso urruti bizi ziren, edo hilik zeuden, edo hiltzear. Batzuetan La2eko dokumentaletan agertzen ziren, 1936ko Gerrari, nazismoari eta Latinoamerikari buruzkoetan. Bigarren Mundu Gerrako filmetan ere agertzen ziren.

      Ikasturtea bukatu aurretik, bazkari bat egin genuen Bilbon amaren senideekin. Han ezagutu nuen lehengusu Alain eta, ezagutu eta segituan, gauza bat esan zidan: bera komunista zela, komunista baina Trotskiren jarraitzailea. Garai hartan ez zegoen, pce salbu, bere burua komunistatzat zeukan inolako erakunderik Hegoaldean, are gutxiago troskista.

 

 

Osasuna futbol taldearen hastapenak langile mugimenduarekin izan zuen loturaz hitz egin dit Mikelek, eta San Agustin eta Merced karriken artean zegoen Euskal Jai frontoiko argazki batzuk erakutsi dizkit. Salud y Cultura erakundearen ekitaldikoak dira.

 

 

      Argazki sorta ugtren ¡Trabajadores! egunkariaren azalean agertu zen. Mikelek esan dit ugt sindikatuari lotutako gazte erakunde bat zela, kirola eta politika lantzen zituena. Oso deigarria da zenbat emakume dauden. Iruñeko ugtn joera politiko desberdinetako gazteak zeuden orduan: sozialistak, komunistak, troskistak, libertarioen talde txiki bat ere bazen. 1936ko martxotik aurrera, jsu erakundea indartzen hasi zen, psoe eta pceren gazteriak biltzen zituen erakundea.

      Halako batean, funtsezko galdera bat etorri zait: ados, 1968 osteko troskismoak erakunde nabarmenak izan zituen Hegoaldean, baina eta 1920-30etan? Trotski bizi zenean? Izan zuen inork harekiko sinpatiarik hemen? Bazuten sesbeko eztabaida eta tendentzien berri Bidasoaren alde honetan?

      1936an gure arbaso bakar bat ere ez zen Iruñean bizi, are gutxiago Merced karrikan. Baina han zeuden Salud y Culturako gazte gorri haiek, 1990aren amaieran Itoitzekiko Solidarioek eta anarkistek okupatuko zuten frontoi hartan. 1936an psoeren inprimategia eta egoitza Merced karrikako eraikin batean zeuden. Horregatik izan zen 1936an fusilatu gehien izan zituen Iruñeko karrika. Kale extu eta labur hori, uda amaierako arratsetan enarek zeharkatzen dutena.

      Mikelek historiaz bidaltzen dizkidan oharren artean, irakurketa politikoak ere badaude, memoria politiken ingurukoak. Une batean esaten dit: “jsu, Socorro Rojo Internacional, Bilboko Nafar Diputazioa, Nafarroako fronte popularra... erakunde horiek guztiak aldarrikatu beharko genituzke, haien guztien oinordeko sentitu beharko ginateke. Zurtz geratu dira”.

 

 

      ¡Trabajadores! egunkariko ebakin bat bidali dit, Salud y Cultura taldearena hau ere. Emakumeen presentzia deigarria da berriro. Albisteak, gainera, badu kirola klasetik ulertzeaz asko. Orduan sortu zen Larraina kirol taldea, Salud y Culturaren nemesia: dirudunek sortua, gizonentzat bakarrik. Gaur gaurkoz hala izaten segitzen du; kasualitatez-edo, Espainiako Armadak Iruñean duen kirol eta aisialdi klub pribatuaren aldamenean dago.

      Walter Benjaminek gutun batean zioenaz oroitu naiz eta, okurritu zait, ze neurritan ez ote den oinordekoa, doluan dagoena, iraultzailearen eta bildumagilearen kide bat:

 

      Iraultzaileak bezala, bildumagileak ez du soilik urruneko ala iraganeko mundu batekin amets egiten, baizik eta, aldi berean, mundu hobe batekin amesten du, non gizakiek zalantzarik gabe egunerokotasunean behar dutena baino ez duten edukiko, baina gauzei erabilgarri izateko lan nekeza aurreztuko zaien.

 

      Bildumagilearen jarrera, zentzurik gorenean, oinordekoaren jarrera da. Horregatik, Mikeli galdetu diodanean, ezezko erantzunaren zain, ea Trotskik jarraitzailerik izan ote zuen Iruñerrian 60ak baino lehen, Mikelek troskisten La Batalla egunkariko 1936ko otsaileko ohar bat bidali dit:

 

los camaradas de pamplona y la muerte del camarada pujol

Telegrama al c.e. del p.o.u.m.

Pamplona, 23

      Asociámonos hondamente conmovidos duelo Partido muerte camarada Pujol. - liberados fuerte san cristobal y sección pamplona del p.o.u.m.

 

      La Batalla-ko ebakinak bidaltzen hasi da orduan Mikel. Egunero baten bat. 1936ko urtarrileko batean, Ezkabako presoentzako gabonetako bi afari goxorako diru-bilketa da albistea:

 

      Gure Iruñeko burkideek lan eskerga egin dute San Kristobalgo fuertean preso daudenak moralki eta materialki laguntzeko. Eta hori etengabe, hilabetez hilabete.

      Kontuan hartuta burkideetako asko langabeak direla eta Iruñeko soldatak murritzak direla, nabarmenago ikusten da gure burkideen sakrifizio gaitasuna.

 

      Albistearen amaieran diru-ekarpenak egin zituzten Iruñeko militanteen izenak daude, bakoitzak eman zuen diru kopuruarekin batera: Alutiz, Esteban, Lapeña, Etxegarai, Touriño, Orzain, Olabe, Urmendia, Ortiz, Molina, Balle, Fernandez, Martinez, Ortiz, Etxabarri, Irarkiz, Cordiel, Soto, Orayuelos, Moreno, Barrado, Asiain, Perez, Juanotena, Carlos, Oroz, Iriarte, Etxeberria, Arze, Azkarre...

      Diru-bilketarekin egindako afariaren osagaiak ere azaltzen dira: oiloa, txorizoa, azukrea, xerrak, pastak, mahatsa, kafea, mandarinak, laranjak, esnea, puruak, tabakoa... Deigarria egiten zait ze materiala den komunikazio politiko hori, ze gardena.

      Mikelek asko nabarmendu dit Iruñerriko troskismoko pertsonaia gakoa Julio Alutiz dela. Baita Juanito Quintana ere. Azken honek bere izeneko hotel bat zuen Iruñean eta hantxe hartu izan zuen ostatu Hemingwayk 1924tik aurrera. Antza, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da nobelako Juanito Montoya Quintanarengan oinarritu zuen Hemingwayk.

      Mikelek esan didanaren arabera, Iruñeko aurreneko talde troskista independentea 1932ko martxoan osatu zen eta oci izena jarri zioten (Oposición Comunista de Izquierdas). Nafarroako Fronte Popularraren buruaren seme Jose Javier Villafrancak antolatu zuen, Ramon Martinez eta Julio Alutizekin batera.

      Gero izen mordoa bidali dizkit.

      Iruñeko Ramon Cos Ochego Otxoteko 1887an jaio zen, zurgina zen, Bartzelonan bizi izan zen eta Bloc Obrer i Camperol-ekin bat egin zuen. Alderdi hark eta beste batzuek osatu zuten poum alderdi marxista, Trotskiren ildokoa. 1939an fusilatu zuten Bartzelonan, poumekoa zelako.

      Francisco Alastuey Laspidea Burgin jaio zen 1900ean eta 1975ean hil. Meatzaria zen eta poumeko milizianoa izan zen Joaquin Maurin zutabean. Hantxe borrokatu zen Fiteroko Jesus Calleja Gimenez ere.

      Iruñeko Agapito Kristobalena Sevan, Trotski-ren ibilbidea ere bidali dit Mikelek. Gerra bukatu arte ibili zen Errepublikaren aldeko milizietan eta bukatu berritan itzuli zen Olaztira, 1939ko apirilean. Herriko salatzaileek “benetako marxista” zela nabarmentzen zuten. cntkoa zela esan zuten beste batzuek.

      Mikelek kontatu dit poumek 150 militante izango zituela gutxienez, Nafarroan, 1936ko gerraren aurretik. Tartean, infiltratu zitzaien polizia falangista bat. Erakundeen eboluzioa hau izan zen: 1932an oci osatu zuten, 1934an ic (Izquierda Comunista) eta 1936an poum (Partido Obrero de Unificación Marxista).

      Halako batean, Mikel Bilboko poumeko militanteen izenak bidaltzen hasi zait. Gero Tolosaldekoak, Gasteiz eta Lautadakoak... Esan dit La Batalla eta Bolchevique aldizkarien harpidetzak begiratuta har daitekeela erakundeen tamainaren neurria.

      30etako erakunde troskisten inguruko harribitxiak bidaltzen dizkidan bitartean, jabetu naiz zenbat geruza dauzkan Euskal Herriko jende xehearen askapenaren ezabaketak. poumeko kideen ezabaketaren parte dira Euskal Herriaren existentzia ukatzen dutenak; klase borroka ukatzen dutenak; eta, logikoki, 1978 ostean, Hegoaldeko erakundeek landutako memoriak eurak ere, zeinak zuzenean ala hautuz, 1936ko kolpisten ondorengoek zuzendu baitituzte.

      Ustez inolako loturarik ez duen esteka bat bidali dit gero, Redskins rock talde ingelesaren abesti bat: Keep On Keepin’On! Nik Redskins soilik ezagutzen dut Fermin Muguruzak haien kamiseta bat zeramalako Negu Gorriak-en argazki batzuetan eta Kortaturen Etxerat-en hitzengatik: “Redskinsen kantua: Txeki, txeki, txeki, txek, txek, txek!”

      Mikelek diost Redskinsekoak troskistak zirela. Haien aurreneko singlea Lev Bronstein deitzen zela, Trotskiren ponte izena.

 

 

Inkognita bat da Jose Luis Zumeta artista. 1999an Bilboko ibaiertzeko pabiloian egin zuen erakusketara joan ginen etxeko laurok. Hantxe erakutsi zen berez Eskoziako The Hangarrerako prestatu zuen Gernika erraldoi hura, gerora Artiumen bisitatu nuena. Haurtzaroan ezagutu genuen Bilboalde industrialeko nire azken oroitzapena da. Erakusketa hori bukatu zenetik, tamalez, desinfekzio logika bat gailendu da Bilbon, politika eta artearentzat kaltegarria izateaz gain, jende xehea zeharo bazterrean uzten duena.

      Nire alaba zaharra jaio zenean, Zumetak Viento Sur-entzat egindako serigrafia zenbakitu bat oparitu zion Aitorrek. Alaba zaharra 2017ko azaroaren 7an jaio zen, Sobietar Iraultzaren mendeurrenean. Ohartxo bat idatzi zion: “Duela ehun urte mundua aldatu zen, gurea atzo aldatu zenuen”.

      2000. urtean erosi zuen Aitorrek aurreneko Zumeta. Musikan, Ez dok Amairuko kideen artetik, Laboa, Lete ala Lertxundi hautatu behar zenean, azkenerako, Aitorrek Antton Valverde eta Amaia Zubiria hautatu zituen bezala, Oteiza eta Txillidaren artean, Zumeta egin zitzaion gertukoena.

      Laguntasunaz aparte, izan zuen Zumetak bestelako harremanik lkirekin? Viento Sur aldizkariaren 50. zenbaki mugarriko azala eta Combate aldizkariaren 500. zenbakiko serigrafia ilustratu zituen eta, horretaz gain, 80etan posterra egin zuen lkiren gazterietarako, Che Guevararen aurpegiarekin.

      Serigrafia horiek lagunentzako mesedeak ziren? Bazuen bestelako lotura politiko bat troskistekin?

 

 

Nazioarteko komunismoa eta Euskal Herria batzen dituen ikonoetako bat iruditu zait beti Vittorio La Verdek egin zuen argazki seriea. 1975ean pcik ekitaldi antifrankista bat egin zuen Erromako Espainiaren enbaxadaren aurrean. Serieko hiru argazkitan ageri da Pasolini publikoari hizketan eta atzean, italieraz letra larriz: salba ditzagun euskal abertzaleen bizitzak.

      Ez dakit ze koloretakoa zen Erromako afixaren tinta, ezta Pasoliniren poloa ere, nahiz eta eguzkitako betaurrekoak Oteizaren liburuko hegalean Itziar Carreñok daramatzanen oso antzekoak diren. Ez dakit ze hilabetetan izango zen mobilizazio hura, ziurrenik irailaren 27a baino lehen, orduan fusilatu zituztelako etapm-ko eta frapeko bost militanteak. Handik oso gutxira, azaroaren 2an, hilko zen zirkunstantzia bitxi eta ilunetan Pasolini, Franco baino hemezortzi egun lehenago. Baena, Sanchez Bravo, Garcia Sanz, Txiki eta Otaegi fusilatu ostean, Natalia Ginzburgek gutuna argitaratu zuen Corriere della Sera-ko azalean, aita santua zuzenean interpelatuz, fusilamendu haien aurrean ez zuelako fitsik egin. Josu Zabaletak kontatu zuen Berria-n, frapeko kideetako batzuek euskara ikasi zutela harekin Carabancheleko presondegian.

      Pasolinik zera esan zuen Eisensteinen Potemkin-ez, Txiki, Otaegi, Pasolini eta Franco hil baino bi urte lehenago:

 

      Potemkineko marinelak arimarik, gorputzik eta sexurik gabeko izakiak dira, marioneta “positiboak” bezala mugitzen dira. Ez da aski arrazoia izatea eta heroi bat izatea bizirik egoteko.

 

      Didi-Huberman irakurri ostean, ez nago ados Pasolinik Potemkineko marinelez dioenarekin. Niretzat bizi-bizirik daude, are, oso sexualak dira, baina Pasoliniren esaldiak badakar zerbait zeharo argigarria: ez da aski arrazoia izatea eta heroi bat izatea bizirik egoteko.

 

 

Aitor hil ostean konpainia gehien egin didaten idazleetako batzuk transak izan dira. Konturatu naiz, adibidez, McKenzie Warken Reverse Cowgirl dolu liburu bat dela eta komunismoari buruzko liburu bat ere bai (sexuari buruzko liburua dela izenburutik bertatik da ebidentea, noski). Liburuaren bigarren paragrafoa da hau:

 

      Ama hilda dagoela, hala esaten dit. Munduak mantso bibratzen du: noiz olatu estatikoak, noiz ezerez gardena.

 

      Hauxe dio geroxeago:

 

      Horra hor gizaki izatearen arazoa. Existitzen ez garenean baino ez gara existitzen elkarrentzat, eta existentzia gordinezko uneetan baino ez gara ez existitzen elkarrentzat. Existentziaren eta ez-existentziaren munstroak gara. Horixe da dena.

 

      Ez bageneki pasarte hau idazle trans batek gaztaroan izan zen gizon bitxiari buruz idatzitakoa dela, Lisabören hitz bat izan zitekeen.

      Badira McKenziek bere buruari egiten dizkion galdera batzuk, neure gaztaroaren ezintasunei buruzkoak direnak:

 

      Ez zegoen besterik, kuirrekin, komunistekin eta poetekin ibiltzea baino.

 

      Gero liburua sexuari buruzko gogoeta zorrotzez josia dago:

 

      Halako samurtasun eta egonarri moduko batekin irakatsi zidan Edwardek popatik hartzen. Zorionekoa ni, popatik nola hartu irakatsi zioten batek irakatsi baitzidan popatik hartzen. Nire utopian: beste inori eman aurretik, hartzen ikasi beharko litzateke. Generoak eta dena delakoak gorabehera.

 

      Halako batean, McKenziek aipatzen ez dituen bi pertsonaiaz gogoratu naiz: Trotski eta Frida Kahlo. Ez dut interesik, ez nau eszitatzen haien sexu harremanetan pentsatzeak. Baina jakin nahi dut ze neurrira arte ziren konbentzionalak. Izan ere, Xaviere Gauthierrek zorrotz aztertu zituen surrealisten artelan eta txostenak eta sexuaz oso kontzeptzio burgesa zuten.

      McKenziek egin zidan Australiako eta aebko troskisten deskribapena oso iluna zen: sektarioak zirela eta sexualitatearekiko eta trans auziarekiko erreakzionarioak. Eta, aldi berean, nire marxista trans erreferenteak, Mari-mutil handi baten bluesa-ren idazle Leslie Feinbergek, Workers World Party (wwp) alderdi troskistan militatu zuen.

      Gogoeta batzuk, ziur naiz, trantsizioa egin aurretik egin zituen McKenziek, baina orain irakurrita, guztiz bestelako toki bat dute niretzat:

 

      Produktuaren fetitxea, Marxek azaldutakoa, gaizki samar ulertu da. Berez, barre egiten ari zen irakurle burgesaren bizkar. Izan ere, burgesaren ustez, basatiak bakarrik izaten ditu fetitxeak. Basatiak gauzei —gauza hutsei— esleitzen die boterea, eta oker dabil, zeren, burges zibilizatuak ondotxo dakien moduan, Jainkoak, Arrazoiak eta Merkatuak bakarrik baitaukate gisako ahalmenik. Guztiz arrazionala izaten ari dela uste duenean, orduantxe izaten du burgesak bere irudimeneko basatiaren antz handiena, dio Marxek. Ahalmen mistikoak esleitzen dizkie merkatuko produktuei, ohartu gabe zer botere gorenek sortu dituen egiaz: eskulan sozialak.

 

      Eta McKenziek nire hamalau urteko niak sare telematiko guztietan jarriko lukeen esaldi bat dauka, porrot egin dudan aldiro azalean tatuatu eta pareta batean jarriko nukeena:

 

      Mende honetan, komunista izan bazara, komunista bitxi bat izanda ere, herri garaitu bateko kidea izan zara.

 

      McKenziek esplikatu dit Aitor hil denetik Maisonnaven kafea edatera noanekin egiten dudana:

 

      Hauxe sentitzen zuen burmuin-gorputz-mundu ore honek: ez nuen ama bilatzen besteengan, edo ez horrenbeste. Bere absentziara eramaten ahal ninduten pertsonak bilatzen nituen.

 

      Arendtek hauxe idatzi zuen Benjaminez:

 

      Tradizioak egia jakituria bilakatzen du eta jakituria da egia transmitigarriaren konsistentzia.

 

      Eta pentsatu dut Arendt dela, politikoki eta filosofikoki antikomunista determinatu bat izanda, maite ditudan xx. mendeko pertsonaia marxistak kariño handienarekin aztertu eta irakurri dituena: Brecht, Benjamin, Luxemburg. Ziurrenik, Arendten ama Rosa Luxemburgen laguna izan zelako:

 

      Benjaminek iraganarekiko jarrera honen anbiguotasuna azaldu zuen, bere bildumazaletasuna adibidetzat hartuta. Bildumagileak arrazoi askotarikoak ditu, sarritan berak ere ulertzen ez dituenak. Benjamin izan zen nabarmentzen aurrenekoa, bildumatzea haurren pasioa da, zeinentzat gauzak oraindik ez diren salgaiak, eta aberatsen ‘hobbya’ ere bada, erabilgarria denari uko egiteko nahikoa baitaukate eta, beraz, ‘gauzen eraldaketa euren negozio bihurtzeko’ aukera baitute.