Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Hogeita sei

 

—Josep—

 

2020ko abenduan, Aitor hil berritan, Laiari deitu nion eta galdetu ea 1975-78ko Ligako militanterik ote zegoen gaur egungo Anticapitalistes-en. Izen batzuk eman zizkidan, baina ez nion inori deitu. Lau urte eta erdi geroago, Bartzelonara joan nintzen anaia bisitatzera eta Can Batlloko jolasparkean Laiarekin egin nuen topo. Alabak eta iloba zilar koloreko txirrista erraldoietatik behera ari zirela, galdera errepikatu nion eta, eman zizkidan hiruzpalau izenetatik, Josepi deitu nion.

      Biharamun goizean geratu nintzen Josepekin, Bartzelonako zabalguneko kafetegi batean. Bitartean, nire anaia eta alaba zaharra molde bat egiten ibili ziren ezker eskuarekin, porlanezko eskua egiteko gero. Handik hilabetera, Iruñeko Emilio Lopez drogeriara joan ginen margo urdin bizia erostera. Lopezen erosten zituen Aitorrek etxeko garbiketarako produktu asko, baita urmargoak eta urmargoetarako papera ere. Iruñeko Alde Zaharraren eraistearen baitan, Lopez itxiko zuten astean joan ginen bertara alabak eta hirurok, Bartzelonan egindako eskua margotzeko tenpera urdina erostera. Aste berean itxi zuten Beunza lanpara-denda eta, niretzat, ezinezkoa zen itxiera horiek ez irakurtzea frakaso sozial gisa, baina, bereziki, Aitorren munduaren desagertze gisa.

      Josepek ura gasarekin eskatu zuen, Vichy Catalán; nik kafesnea, azukrea jarri nion, Bartzelonako uraren zaporea neutralizatzeko asmoz.

 

 

— Badakizu kale hau nola deitzen den?

      — Ez.

      — Calabria kalea da. Ez da esanguratsua?

      — Ez dakit ezer Calabriaz. Zergatik?

      — 1945eko martxoan, pciko partisanoek faxistak egotzi zituzten Caulonia herritik eta bost egunez Cauloniako Errepublika Gorria izendatu zuten. Elizan bandera gorria jarri zuten. Alkatea Pasquale Cavallaro zen, maisua, eta Errepublikako presidente izendatu zuten orduan. “Cavallaro bat nahiko nuke hiri bakoitzean” esan omen zuen Stalinek irratian. Baina gero Italiako Errepublika etorri zen, armak kendu zizkieten eta ehunka lagun atxilotu zituzten. Calabrian denek ezagutzen dituzte Cavallaroren poemako bertsoak:

 

’nu sindacu sovieticu sciurtìu,

’na republica russa ’mminestràu

 

      Halere, ni jaiotzatik nengoen estalinismoaren antipodetan. Gure aitona Lleidako kontzentrazio esparru batean egon zen, cntkoa zen. Proiekzionista zen 1936an eta filmak jarri ostean, iluntzero, Generalitataren ikuskizunen zirkuitua egiten zuen bizikletarekin, cntrentzako dirua biltzeko. Etxean halakoak kontatzen zizkiguten, baldintza bakarrarekin: ezin ziren handik kanpora esan.

      Gure amonari ilea moztu zioten larru-arras, paseatzera atera zuten eta bi urtez egon zen Tortosako kartzelan. Kontakizun haiek kontzientzia sortzen zuten. Barruan zeneraman.

      Lurpeko tradizio bat zegoen... mito batetik zetorren. Ziotenez, Durruti estalinistek hil zuten, agian cntkoak izango ziren, iraultzaileegia zelako. Durrutiren Bartzelonako hileta basatia izan zen, jendeak esaten zuen: “Durruti ez da hil, hil egin dute”. Nik ez nekien zer zen estalinismoa, baina ulertzen nuen bazela dilema bat: aurrena iraultza eta gero bakea ala aldrebes.

      Ni Santsen bizi nintzen, barruko etxarte batean, 20etako eraikinak ziren, bi solairukoak. Eta goiko guztiak komunikatuta zeuden.

      Institutuan lagun bat erreformistez hitz egiten hasi zen, dena pikutara bidaltzen ari zirela. Comunisme taldean zegoen. Front Obrer de Catalunya-tik zetorren jendeak osatu zuen. Orduan hasi nintzen ni ere rollo politikoan sartzen.

      Hamazazpi urterekin, iraultzaz hitz egiteko bilerak egiten genituen 20-30 lagunek. Judoan aritzen ginen eta politikaz hitz egiten genuen. Inkontziente hutsak ginen ze diktadura batean bizi ginen. Horietako lau sartu ginen politikan, iraultza egiteko asmoekin. Ni Ligan sartu nintzen.

      Gure aita gosez hiltzen zen eta migratu egin zuen. Musikaria zen, saxofoia eta bateria jotzen zituen. Dirua bidaltzen zien amari eta amonari, baldintza bakarrarekin: nik ez nuen lanik egin behar, ikasi egin behar nuen.

      Ligan esan zidaten: “Zu Lanbide Heziketara joan behar zara, jendea fitxatzera”. Baina huts egin zuen planak, Burgosko epaiketekin nahastu zen. Orduan unibertsitatera joan nintzen, Ekonomia ikastera. Nik ikusi nituen Joan Hortala dekanoa eta Fabian Estape Ekonomia fakultateko pasilloetan pixa egiten, mozkorturik biak. Estapek Francoren Garapen plana egin zuen, aurreneko egonkortze plana.

      72an sartu nintzen fakultatean. Hamabostean behin alderdi guztiak gelditzen ginen, Komunisten Liga, pte, psuc, lcr... eta afixak jartzen genituen unibertsitateko hallean. Bizpahiru egun irauten zuten.

      74-75ean propaganda postua jartzen hasi ginen. mck, guk, denok. Eta Madrilgoek esaten ziguten: “Polizia atzetik izango duzue”. Baina Katalunian poliziak psuc segitzen zuen.

      Fakultateko dekanoaren idazkaria psucekoa zen. Ezagutzen nuen, La Leona, militante historiko bat, psucek dena zuen infiltratua.

 

 

Tuset karrikako ekintza hilabetez antolatu genuen, bi ideiaren inguruan. Lehenengoa: ekintza azkar-azkar bat izango zen. Kale hori burges txiki ergelen kintaesentzia zen, Marserena eta horiena guztiena. Gerora garai hori kontatuko zuten progreena. Pijoena. Bigarrena: ezin zuten inor atxilotu. Koktel bat jaurtitzen bazen, defentsiboa izan behar zuen, poliziaren iritsiera atzeratzeko.

      Garai hartan, manifestazioei salto esaten genien, sei, zazpi, zortzi minutu irauten zuten, gehienera. Tuset kalekoa zazpi minutu izan ziren eta kalea suntsitu genuen. Niri egokitu zitzaidan eskuin aldeko erakusleiho guztiak suntsitzea. Kale hasieran gure erakundea laguntzen zuen liburu-denda bat zegoen, baina ni hain nengoen ekintzan sartua, ez nintzela jabetu. Harriekin erakusleihoak suntsitzen genituen eta harriak bukatzean kale erdira joaten ginen. Han zeuden emakume militanteak, apain jantziak, poltsak harriz beteta.

      Tuset kalea bete genuen, larunbat hartan gure antolakundeko berrehun lagun geunden. Denak ginen Ligakoak. Langileak, ikasleak eta eskola profesionaletakoak. Zelulak zeuden eta crak, Cercles Rojos-ak. Biharamunean La Vanguardiako azalean agertu zen: “Vandálicos destrozos en la calle Tuset y en la Plaza del Centro”.

      Ekintza horrek Bartzelonako alderdi iraultzaileak baldintzatu zituen. Eszisioren bat ere sortu zuen.

      Nik ez nuen sekula koktel bat bota. Garraiatu egiten nituen eta su-marra bat irekitzen laguntzen nuen. Ni ona nintzen aparkatutako kotxeak mugitzen. Biren artean 600 bat mugitzen genuen, ala R5 bat. Trafikoa oso ongi ezagutzen genuen eta bagenekien nondik etorriko ziren zetak. Zetak Seat 1.500en antzekoak ziren, baina luzeagoak. Atzean bi aulki ilara zeuzkaten eta denak ziren gris kolorekoak. Zeta deitzen genien hala deitzen zituelako poliziak berak, haien artean irratiz aritzen zirenean.

 

 

Harry Walkerren greba izan zenean, 04:30ean atera nintzen etxetik. Hitzordura iristean ez zegoen inor. Ezta bigarren deialdian ere. Orduan konturatu nintzen nire bila joango zirela etxera, eta amari deitu nion. Polizia joan zenerako, gure amonak nire propaganda guztia aurkitu eta errea zuen. Nik ez nion inoiz esan non zegoen propaganda. Poliziak ez zuen deus topatu. Gure amona gerra pasatutakoa zen.

      Etxean ez zidaten inoiz esan politikan ez sartzeko, baina beldur ziren. Manifa batean, sozial batek auzoko Ligako bat fitxatu, atzetik segitu eta Santsen non topatzen ginen jakin zuen. Auzoko zelula osoa erori zen.

 

 

Ligak erabaki zuen inprenta bat eduki behar genuela eta La Florestako dorre bat alokatu genuen hiru urtez. Hiru langile ibili ginen. DIN A4ak egiten genituen. Orrialde bakoitzaren 1.200, 1.300, 1.400, 1.500 kopia ateratzen genituen, Combate aldizkariarenak bereziki. Barne buletinak ere kopiatzen genituen, eta paskinak A5etan. Gure azpiegitura zen: hiru Gestetner inprimagailu, bi kotxe eta dorre bat.

      Lotura txikia genuen alderdiarekin. Tinta eta papera behar genituenean soilik jartzen ginen haiekin harremanetan. Paketeak prest genituenean, hitzordua egiten genuen Zaragozan.

      Frantsesen eredua kopiatu genuen eta aebrako bidaia bat egitear egon ginen hango troskisten logistika ezagutzeko. Frantsesek argi zuten: inprimategiak inprimategia ordaindu behar zuen, ezin zen alderdiko diruaren menpe egon. Baina guk, gehienez, DIN A3ak egin genitzakeen. Ez geneukan mahaiko offset makinarik hasieran. Gainera, gaindimentsionatuta geunden. Behin kalkulatu egin nuen eta, gehienez, gure gaitasun produktiboaren % 18 ekoizten genuen. Orduan kanpoko lanak egiten hasi ginen. Frantziako lcrn eztabaida gogor bat izan zuten horren kontura. Egun batean enkargu inportante bat iritsi zitzaien. Diru mordoa zen, inprenta salbatuko zuen. Aldizkari porno bat egiteko zen. lcrko emakumeek ezetz esan zuten. Eta ez zuten egin.

      Enciclopedia Catalana-n Ligako militanteak zeuden ekoizpenean. Oso makina aurreratuak zeuzkaten: ping-pong piloten tamainako bola bat zuten ibmak ziren. Bola hari esker, plastikozko zinta batean idatz zenezakeen eta oso garbi geratzen zen. Ez zen idazmakinak bezalakoa, ingurua zikin geratzen zela. Horregatik argazkiak egin zitezkeen, fotolitoak. Guk makina haiek lapurtu genituen inprimategi klandestinorako. Baina hondatzen hasi ziren. Urtebete beranduago, itsasora bota genituen guztiak Vilanova i la Geltruko portuan. Arrisku handia izan zen eskuratzea, baita botatzea ere.

      Ligako liderretako bat Sindicato Verticalean zegoen. Falangista izandakoa zen, baina komunista egin, eta Ligara pasatu zen. Estrategia bat diseinatu zuen: Via Layetanako Sindicato Verticalean behar baino makina gehiago eskatu zituen eta bi eman zizkion inprimategi klandestinoari. Geroztik, Gestetner haietako piezaren bat hausten zenean, sindikatuan eskatzen zituen eta guri eman.

      Gestetnerrak txikiak dira eta ez dira zaratatsuak. Dorreko garajean jarri genituen eta guzti-guztia intsonorizatu genuen. Leihoetan izarak jarri genituen. Auzokideei pentsarazi behar genien txortan egiteko erabiltzen genuela toki hura. Gainontzekoa erraza zen: kotxez iristen ginen, eraikinean sartzeko malda bat zeukan. Papera, tinta eta inprimatzeko klixeak sartzen genituen, eta propaganda iraultzailea atera.

      Simca 1.000 bat eta 4L bat geneuzkan. Hiru urte han eta ez gintuzten harrapatu. Egun batean, Zaragozara bidean, kotxea matxuratu eta errepide bazterrean geratu nintzen. Handik gutxira iritsi zen Guardia Zibila. Ni oso apain joaten nintzen beti banaketa egitera. Praka amerikar marradunarekin, alkandora eta gorbata, jertsea, mokasin garbitu berriak. Bizarra egiten nuen gosaldu aurretik. Nire bizitzako ekitaldi inportanteena balitz bezala prestatzen nintzen banaketa egiten nuen goizean. Lasai egiten nuen dena. Montserraten parean nengoenean, errepideko kafetegi batean geratu eta ministro batek bezala gosaltzen nuen kafea eta gozoren bat.

      Guardia zibilak, kapota ireki eta haga ateratzen saiatu ziren, baina ezin. “Se ha gripado el coche”. Orduan kexatzen hasi nintzen, ezingo nintzela nire hitzorduetara iritsi, lan komertziala egin behar nuela Zaragozan eta iluntzerako Bartzelonara itzuli. Maletategia ireki eta paketeak erakutsi nizkien. Bat ireki nuen ausaz, elektrotresnen propaganda zen. Oso profesionalak ginen, sandwicharen teknika erabiltzen genuen: paketearen hasiera eta bukaera beti zen beste zerbait, eta erdian zeuden Combate, Inprecor eta Ligaren beste publikazioak. Guardia zibilak garabia deitu zuen, konpondu zidaten kotxea eta jarraitu nuen Zaragozara.

      Cogulladako poligonoan geratzen ginen. Bartzelona eta Huescako bideek hara ematen zuten. Baina oso leku lasaia zen orduan. Aparkalekuan bost lagun izaten nituen zain, den-denak trajearekin, apain-apain. Eskua estutzen genion elkarri, poz besarkada handi bat eman, zigarro bat erretzen genuen isilik, gehienera trafikoaz hitz egiten genuen, errepideez, eta bakoitzak Penintsulako puntu batera egiten zuen alde paketeak hartuta. Sei urtetan ez gintuzten sekula harrapatu.

 

 

Aitor, zuen aita, Cerdanyolan ikusi nuen aurrenekoz, campuseko asanblada unitario batean. Ni oso ona naiz aurpegiak gogoratzen, baina zuen aitarekin ez zen beharrezkoa. Oso aurpegi markatua zuen, oso euskalduna: sudur handia, belarri handiak, tipo argal bat. Eta alkandora koadrodunak zeramatzan. Oso nabarmena zen Euskal Herritik zetorren jendea, iraultzaren alde zeudenak diferente janzten ziren; besteak Bartzelonakoak izan zitezkeen, katalanez ez zekitela kontuan hartu gabe. Aitorren argazkia bidali zenidanean, segituan jakin nuen baietz, ezagutzen nuela.

      Asanblada haren biharamunean Tallers kaleko disko-denda batean egin genuen topo. Orduan ez nekien nola deitzen zen, baina banekien asanbladan egon zela. Bekainekin agurtu genuen elkar, inor ez konturatzeko moduan. Halako batean disko-dendako pasillo batean nengoen ni, bera bestean, parean geunden biniloak pasatzen. Eta lp bat atera nuen, Quando nascesti tune, Canzoniere del Lazio taldearena, eta katalanez galdetu nion ea ezagutzen zuen. Aitorrek diskoa hartu, atzeko aldea irakurri eta esan zuen “ostras”, eta abesten hasi zen:

 

Su, comunisti della Capitale,

è giunto alfine il d`della riscossa,

quando alzeremo sopra al Quirinale

bandiera rossa.

 

      Eta nik segitu nuen:

 

Questa città ribelle e mai domata...

 

      Saltzaileak isilik ibiltzeko esan zigun. Tipoa ptekoa zen, baina bazekien disko gehienak pijoek erosten zizkiotela, ezin zituela uxatu. Orduan Aitorrek Stormy Sixen Un biglietto del tram atera zuen. Stalingrado abestia dago disko horretan, biolinek crescendoa egiten dute arpegioekin. Nik buruarekin esan nion baietz. Gero atera zuen Rino Gaetanoren Ma il cielo è sempre più blu eta “hori ereserki bat da” esan nion. Nik izugarri maite nuen Frantzia eta Italiako musika, baina Italiakoa bereziki, ze etxean Frantziako asko entzuten genuen, baina Italiakoak bazuen zerbait domestikoa eta exotikoa aldi berean: I Giganti, Battiato, Caterina Caselli, Mina, Paolo Conte, Paolo Pietrangeli.

      77ko udaberrian izango zen eta nik uste ez nuela berriro Aitorrekin topo egin iraileko manifak hasi arte. Oso labur egoten ginen baina beti hitz egiten genuen musikaz, Italiakoaz bereziki.

      Esan zenidanean Ligan ibili zela... Neure buruan musikari buruz pasioz hitz egiten zuen gazte hura zen zuen aita, disko-dendetan topatzen nuena. Ez nuen Ligako kongresuetan harekin topo egin. Eta gero betirako desagertu zen Bartzelonatik, Komunisten Ligak eta lcrk bat egin aurretik. Ez dut hartaz ezer jakin gaur arte.