Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Bederatzi

 

 

 

Sarritan galdetzen diot neure buruari noiz hasi zitzaidan, benetan, Aitorren gaztaroari buruz jakiteko grina, eta ia beti joaten zait gogoa Aitor hil baino sei urte lehenagora.

      2014ko udaberria zen eta Silvia Fernandez Viguerarekin egin nuen topo Kale Nagusian, Iruņerriko feminismoaren ikonoetako batekin. Silviak Judithi esan zion: “Ez duzu ezagutzen? El Pinoren semea da”.

      Ni harriturik geratu nintzen. Ez nuen sekula goitizen hura entzuna. Aitorrek sudur handia zuen, behin esan zidanagatik futbol partida batean hautsi zuelako, gaztetan. Ez dut inoiz irudikatu Aitor futbolean jokatzen, egia esan. Silviak harridura aurpegia jarri zidan eta esan zuen: “Pino de Pinoccio”. Gerora jakin nuen Silvia eta Judith lkikoak izan zirela.

      Pinori buruz galdetu nion Aitorri, baina sorbaldak jaso zituen. Ez zidan ezer esan. Ez zuen gogorik? Ez zen unea? Ez zekien nola?

      Ustekabean hil zen Silvia, 2018an, hirurogei urterekin. Aitorren gaztaroko jendearekin kafeak hartzen hasi nintzenean, sarritan esaten zidaten: “Lastima Silvia hil zela, hark kontatuko lizuke askoz hobeto hau dena”.

 

 

Pilar eta Emiliano Iruņeko Merced karrikan bizi ziren, baina Aitorrez erditzera Arrasateko Makatzena auzora joan zen Pilar. Otsaileko egun elurtsu batean jaio zen eta Pilarren neba Luxio joan zen Aitorren izena erregistratzera. Ez zioten Aitor bakarrik jartzen utzi, ez zela santu izen bat, eta Aitor Antonio Echarte Berecibar erregistratu zuten. Ez dut inoiz egiaztatu, baina agian Pilarrek jarri zion aurrenekoz Aitor izena seme bati Iruņean xx. mendean. Pilarrekin solasaldi hori zintzilik geratu zitzaidan: zergatik eta noiz erabaki zuen seme gazteari Aitor jartzea? Zer esan zion Emilianok? Eta gainontzeko senide eta lagunek? Ez dakit urrezko arau bat den, baina izenek, jartzen diren testuinguruan ezohikoak direnean, jasoko duten pertsonaren izana markatzen dute. Zuztarretik ezberdinak izan ziren Aitor eta bere anaia, zeinari santutegiko izen konposatu bat jarri baitzioten. Izenarengatik izan ote zen?

      Eskolapioetan batek baino gehiagok Antonio deitzen zion, baina, bestela, denentzat zen Aitor. Eta Antonio horrek asko amorrarazten zuen Pilar. Dokumentu guztietatik Antonio kendu eta Etxarte eta Berezibar zuzen, euskaraz, aldatu zituen Aitorrek, baina, hala ere, Pilarrentzat betirako izan zen haserrerako arrazoi bat: ez zegokion izen hura jartzea eta abizenak gazteleraz idatzi behar izatea.

      Kontua da Aitorrek beste bi izen izan zituela gutxienez. Haurtzaroan bata, gaztaroan bestea.

      Kontua da nik Aitorri ez niola inoiz “aita” deitu. Etxera zetozen lagunak harritu egiten ziren, horri buruz galdetzen zidaten. Nik banekien zer erantzun. Pertsona batek harreman asko zeuzkala: niretzat aita zena Pilarrentzat eta Emilianorentzat semea zen, haren anaiaren anaia zen, lehengusinaren lehengusua, ikaskidea, ikaskide ohia, militante ohia, elkarteko kidea, lankidea. Pertsona bat ez zela harreman bakar bat. Gainera, “aita” mordoa zegoela munduan, “Aitor” gutxiago.

 

Batzuetan, Aitorri buruz idatzi dudana irakurtzen dudanean, oroitzen naiz France Interreko Le masque et la plume saioko solaskide batek behin esan zuenarekin. Liburu bat aztertzen ari zela, esan zuen egileak taberna bateko gizon zahar mozkor bat zirudiela. Bere istorioa isildu gabe kontatzen. Solaskideak alde egiteko gogoa du, baina gizona ez da isiltzen eta, orduan, pentsatzen du beste trago bat ordainduko diola, baina baldintza batekin: besoa askatuko dio eta alde egiten utzi.