Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Hamabost

 

 

 

1976an iritsi zen Aitor Bartzelonara. Universitat Autonoman Pedagogia egingo zuen lehenengo belaunaldia izan zen. Amari handik igorritako gutun batzuk dauzkagu. Pilarrek Aitorri igorritakoak galdu dira. Ezin dut jakin dauzkagunak diren Aitorrek bidalitako guztiak ala Pilarrek batzuk gorde zituen eta beste batzuk ez. Aitor bezalakoa zen Pilar eta, ziurrenik, asko botako zituen.

      Aldaketa bat dago Bartzelonan: ordura arte gazteleraz idazten zuen, eta ordutik aurrera euskarak gero eta presentzia handiagoa izango du, den-dena euskaraz idaztera pasatu arte. Baina bada aldatzen ez den zerbait: Aitorrek, gutunen amaieran, beti esaten dio amari kontuz ibil dadila.

      1976ko azaroaren 1eko gutunean, Aitorrek, gazteleraz, esaten du gurasoak atsekabetuta egongo direla, ez dutelako haren inguruko albisterik izan postal bat salbu. Bartzelonaz hitz egiten du, unibertsitateaz, haien etxeaz, eta hala bukatzen du gutuna:

 

      Gauza bat gehiago. Hemengo kanposantuan Juan Paredes Manot Txiki dago lurperatua, duela urtebete exekutatu zuten. Gaur gure koloreez osatutako krabelin erramu bat ekarri dugu kanposantura. Kanposantuaren goiko aldean Guardia Zibila zegoen eta ikurrin erraldoi bat, bazirudien etxean geundela!

 

      Euskaraz agurtzen du ama:

 

      Idatziko dizuet. Besoartekarabateaz.

      Zure semea.

      Aitor.

 

 

 

      “Besoartekarabateaz” da nerabezarotik idazten dituen gutunetan Aitorrek erabiltzen duen agurra. “Besarkada bategaz” izango da. Euskaraz idatzitako gutunetan hitzak elkartuta daude, sarri aditzak ez daude ongi jokatuta.

      Gutun hauek irakurtzean, Rene Char poeta surrealista eta erresistente antifaxistaren sententzia batez gogoratu naiz. Hannah Arendt-i irakurri izan diot: Notre héritage n’est précédé d’aucun testament: Gure ondareak ez du testamenturik aurretik.

 

 

      Ez dut gogoratzen Aitorrek inoiz aipu hura irakurri zigun, ze, gainera, frantsesez argitaratu zuen Arendtek jatorrizko ingelesean nahiz itzulpenetan. Halere, gogoan dut Gasteiza unibertsitatera joan aurreko ikasturtean irakurri zuela Aitorrek Arendten Iraultzaz. Afari baten erdian, egoerak ez zuen solemnitate batekin irakurri zizkigun pare bat pasarte, enbarazu egiten bezala. Ahalegindu nintzen arren, ez nituen ulertu hautatu zituen pasarteak. Ez nuen ulertu ezta ere zergatik egin zuen hori afaldu bitartean, oso gutxitan eten baitzuen afariren bat ahots gora irakurtzeko. Baina orain ulertzen dut zergatik egin zuen. Harribitxi bat topatu eta gertukoei oparitu nahi izan zien.

      Baina entzuten genuenok ezin genuen irakurtzen zuenaren entusiasmoa partekatu.

      Halere, epe luzerako irakaspen bat atera nuen: izan zaitezke komunista eta zeharo antikomunista den norbaiten gogoeta politikoetatik zintzoki ikasi. Liburu hark arrastoa utzi zion.

      Horrek ez zuen esan nahi, adibidez, aebren izaera koloniala ez zenik gaitzetsi behar, baina bazekarren aebko iraultza ulertzeko ezinbesteko ariketa. Gogoan dut Aitor halakoetan, pluraleko lehenengo pertsonan: “Gutxiegi hartu dugu kontuan Ameriketako iraultza”. Baina, nor zen gu hori? Euskaldunok? Merced karrikakook? Komunistok? Ala, besterik gabe, irakurleak duen bakardadetik ateratzeko amarru txiki bat ote zen hura?

 

 

Jasotako oinordetzaren parte dira Luxiok, Pilarren nebak, 60 eta 70etan bidalitako postalak. Jatorrizko gaztelerazko toponimoak ezabatuta daude: Mondragón, San Sebastián. Eta aldamenean idatzita Arrasate, Donostia. 1936ko gerraurreko gure Debagoieneko senide ia guztiak psoekoak ala jsu Juventudes Socialistas Unificadas-ekoak ziren: sozialistak eta euskaldunak, gerora Alderdi Komunista osatuko zutenen girokoak.

      Pilarrek beti izan zuen gogoan faxistak Arrasaten sartu zirenekoa: senide guztiak sartu zituzten kartzelan, haren amona eta neba izan ezik. Amona ohean zegoen, barruan txanponak zeuzkan larruzko gerriko bat jantzita, eta Luxio Intxortan. Luxio zen, gainera, sozialista ez zen bakarra: 1936ko gerran Lenago il batailoian borrokatu zen. Lenago il Euzko Mendigoxale Batzako batailoia zen, eajren eszisio independentista bat. Batailoiaren izena Sabino Aranak preso politiko zela idatzitako olerki batetik hartu zuten. Oso harrigarria iruditu zitzaidan Intxorta 1937 historialari militanteen taldeko —eta 70etatik lkiko militante— Juan Ramon Garaik bidali zidan gerrako nominen fitxa: gerran ere soldatak ordaintzen zizkieten eta erregistratu zenbat ematen zitzaion nori.

      Pilarren argazki kuttunetako bat 1935ean egina dago. Juan Ramonek esan didanagatik, irudi berezia da: ez omen zen ohikoa Ondarretako kartzelaren aurrean argazki bat ateratzea. 1934ko Urriko Iraultzan preso hartu zituztenak bisitatu ostean egin zuten argazkia Pilarrek, Aitorren ama ponteko Nati Garmendia Berezibarrek eta Pilarren lehengusina ziren Maritxu Berezibar Otaduik eta Antonia Isasa Galdosek.

      Pilarrek bazuen lehengusu bat, heroi baten gisa deskribatzen zuena: Bittor Berezibar. Celestino Uriarte Arrasateko lider komunistaren laguna izan zen, 1934ko Iraultzaren osteko erbestean Toursen egon ziren elkarrekin. Iraultzan langileek Arrasate eta ingurua militarki kontrolatu zuten eta Errepublika Sozialista aldarrikatu, baina gainontzeko bailaretan ez zuten langileek irabazi eta horregatik egin zuten ihes Bitorrek, Celestinok eta abarrek.

      Bada Arrasateko argazki ezagun bat, psoeren egoitzan egina, trinketean, Leninen erretratuaren azpian: Celestinoren aldamenean dago Bittor.

      Juan Ramonek kontatu didanez, Euskal Herrian alderdi sozialista independente bat osatzea eztabaidatzen ari ziren garai hartan Arrasateko psoen eta Hegoaldeko beste federazio batzuetan, Espainiakoaren menpe egongo ez zena. Proposamen hori egin zutenak izan ziren, handik gutxira, jsuren bidez, Euskadiko Partidu Komunista sortuko zutenak.

      Bittorri hogei urte eta bi eguneko kartzela zigorra jarri zioten bere militantzia politikoarengatik. Lehenago Gurs-eko kontzentrazio esparruan egon zen preso beste 50 arrasatear iraultzailerekin batera. Baina ez zen izan Pilarren familiako errepresaliatu bakarra.

      Juan eta Luis Berezibar Ormazabal, Pilarren lehengusuak, Dragoiak batailoiko gudariak ziren, jsuko kideak. Juan Intxortan hil zuten; Luis Balmasedako erretiradan.

      Haien anaia Roman Berezibar Ormazabal 1934ko Iraultzaren ostean epaitu zuten eta aske utzi, baina 36ko Gerran nazionalek Asturiasen atxilotu eta hil egin zuten. Romanen emaztea etxean atxilotu zuten 1936ko azaroaren 5ean; 36 urteko Francisca Ojanguren Iribekanpos zen, Angiozarkoa, Zuazketa baserrikoa, Oiartzunera eraman eta sima batera bota zuten. Hiru egunez entzun ziren bere minak, hil zen arte. Francisca eta Romanen argazki bat zeukan Pilarrek, biak irribarretsu mendian: Romanek botila bati eusten dio eskuineko eskuarekin eta Franciscak edalontzi bat du esku bakoitzean.

      1934ko Iraultzan parte hartzeagatik epaitutakoen artean daude Eusebio Berezibar Otadui eta Luxio Berezibar Ormazabal ere.

      Pilarren osaba-izeba Amadeo Berezibar Aspe eta Simona Ormazabal senar-emazteek Plus Ultra taberna zuten Arrasaten, baina Bartzelonara egin zuten ihes errepresioaren beldur. 1938ko irailean hil ziren, Italiako faxisten bonbardaketa batean. Pilarren oroitzapen kuttun asko osaba-izeben tabernakoak ziren.

      Juan Ramon Garaik aipatzen du faxistak Arrasaten sartu berritan 2.000 arrasatearrek egin zutela ihes. 1.000 ez ziren itzuli. Itzuli zirenetatik 600 Unión Cerrajerako langileak ziren. Baina 36ko urriaren 1ean lanera azaldu ez ziren guztiak kaleratu zituzten, 70 izan ezik. Kaleratutako guztiak ziren gorriak ala abertzaleak. 22 familiatan, senide guztiek jaso zuten ucemen lan egiten jarraitzeko debekua. Berezibar sendian, hamaikak: Juan, Luxio, Roman, Maria, Juana, Bittor, Xexili eta Gabriela Berezibar Ormazabal, Amadeo eta Ziriako Berezibar Aspe eta Luxio Berezibar Galdos. Horietako zazpi frontean borrokan edo gerran bonbardatuta hil ziren, ala faxistek harrapatu eta hil zituzten. Bittor erbesteratu egin zen. Xexilik Bilbotik Normandiara egin zuen ihes seme-alabekin eta, gerraostean Arrasatera itzultzean, ez zuten ucemen onartu. Maria eta Juana ere ez. Bata Santurtzira joan behar izan zen bizitzera; bestea Cucharera fabrikan hasi zen errematxatzaile lanetan.

      Mikaela Galdos, Pilarren ama, ere ez zuten Unión Cerrajeran onartu Ziriako senarra eta Luxio semea frontean ibili zirelako. Ziriako sei urterekin hasia zen ucemen lanean, eta gerraostean Eibarko fabrika txiki batera joan behar izan zen egunero. Euskaldun elebakarra zen.

      Pilarren amona eta Pilar bera izan ziren kartzelan, frontean edo erbestean egon ez ziren senide bakarrak. Gerrak iraun bitartean Pilarren ama udaletxeko sotoetan egon zen preso. Etxeko burusiak-eta salduz lortu zuen Pilarrek askatzea.

      Amatxik sarritan esaten zuen senide bakarrak egin ziola ihes miseriari, Miren Galdos Elejaldek. Erraketista handia izan omen zen, 2014an hil zen 95 urterekin.

 

Pilarren neba Luxiok zeregin inportante bat izan zuen gerraostean: behin baino gehiagotan, Iparraldean erbesteratuta zegoen Telesforo Monzonen txoferra izan zen. Monzon jauntxoen familia batetik zetorren eajko goi klaseko politikari bergarar bat izan zen, 30etan diputatua izan zena Madrilen eta 70etatik aurrera Ezker Abertzalean bukatu zuena.

      Nire haurtzaroan, gure amonak kontatzen zuenagatik, garaiz kanpoko konde bat bezala irudikatzen nuen Monzon. Jendea hala moduz janzten zenean, bera beti janzkera elegantearekin zihoan gangsterrak bezala: ez edozein alkandorarekin, ez edozein gorbatarekin, ez edozein jakarekin eta, ahal zuen guztietan, jende inportanteak bakarrik zeukan makilarekin. Debekatua zuen Hegoaldean bidaiatzea. Inork kotxerik ez zuen garai batean, bankari baten edo abeslari ospetsu baten autotzarrarekin imajinatzen nuen nik misio sekretuetan, sarritan andrea aldamenean zuela: beti serio, beti musua estu, beti goi politika egiten jendea txikikerietan ari zen bitartean, estrategia bikain batekin eta ez bide okerretan galduta. Gure amatxi Pilarrek askotan egiten zuen komentario bera: “Monzonen txoferra zen”.

      Haurra nintzela ohore gisa bizi nuen: gure senide batek pertsona inportante bat garraiatu zuen batetik bestera; garai arriskutsu batean, gainera. ii. Mundu Gerrako erresistentziako pertsonaia gisa irudikatzen nuen gure amatxiren neba, etxeko egongelan zegoen argazki handienean agertzen zen mutiko hura. Menpeko gisa bazen ere, balentria baten parte izan zen Luxio, gure amatxik gehien maite zuen pertsona.

      Nerabezarora iristean ulertu nuen, berez, gure amatxirentzat zerbait deserosoa zela hura guztia. Alegia, frankismo betean, ekintza politikoak zeharo debekatuak zeudenean ere, bazeudela klase sozialak eta klandestinitatea bizitzeko oso modu desberdinak. Jende xehea ahal zuen bezala joaten zela batetik bestera propaganda zabaltzera, batzarrak egitera, dirua lortzera: oinez, aldirietako tren eta tranbietan, bizikletan, baina bitartean bazirela batzuk, kotxe partikularrean joateaz gain, txoferrarekin ere bazebiltzanak, klandestinitatean ere jauntxo izaten segitzen zutenak.

      Hauteskundeetan diziplina handikoa zen gure amatxi. Bozen egunean, igogailuan auzokideek aitatxiri zer bozkatuko zuen galdetzean, aitatxik beti esaten zuen: “Nik ez dakit zer bozkatzen dudan, nire andreak sartzen du papertxoa gutun-azalean”. Auzokideek irri egiten zuten, baina hala zen. Gure aitona, gaur egungo hitzekin esanda, outsider bat zen. Maiorazkoak agintzen zuen Iruñerri hego-ekialdeko seme-alaba askoko lurjabeen familiakoa zenez, hemezortzi urterekin langile soil eta ondasunik gabeko bilakatu zen. Industrian lan egin zuen bizitza osoan, gau eskoletan egin zuen formakuntza, bikain marrazten zuen, prezisio mekanikari aritu zen Iruñerriko Torfinasan eta azken urteetan Imenasan. Haren Elortzeko berezko gazteleran euskarazko hitz mordoa zegoen eta, egunero Egin buka eta hasi irakurtzen bazuen ere, Miguel Sanzi monaguillo deitu eta navarrismoa gorroto bazuen ere, Donibane auzoko 13. solairu hartan beti esaten zuen, gure amatxiren amorraziorako, “Aquí en España”. Politika asko interesatzen zitzaion, baina ez zen inolako tendentziatan kokatzen; gorroto zituen nagusiak, baina ez zitzaizkion sindikatuak gustatzen, nahiz eta beti egiten zuen greba. Maite zituen mekanika, animaliak, zezenketak eta haren haurtzaroko Nafarroa erdialdeko jaietan egoten ziren fanfarreak, dozena erdiko musikariz osatutako haiek. Eta bereziki bizikleta. Kotxeen artean ibiltzen zen Iruñerrian 80 eta 90etan, kaskorik gabe, eta esaten zigun ez genukeela bizikletan ibili beharko baldin eta ez bagenekien piezaz pieza desmuntatzen eta gero berriro osorik muntatzen.

      Gure amatxi hil arte izan zen sozialista eta euskalduna, beti bozkatu zuen Ezker Abertzalea, nahiz eta ez zuen boto diziplinarik. Baina Telesforo Monzon ez zuen jasaten; hil aurreko urteetan, zenbait posizio politiko garbi utzi nahi izan zituen: “Jauntxo bat zen Telesforo, Bergarakoa, halako kuadrilla bat egon zen frankismoan Euskal Herrian. Eta zer egiten dute jauntxoek? Jauntxokeriak. Zertarako gura zuen horrek independentzia? Ministro ala errege izateko?”. Eta hala kontatu zigun nola erabili zituzten Telesfororen altzariak Francoren udako Donostiako etxea atontzeko. Alegia, Franco baino gorago zegoela eskala sozialean Telesforo. Bergararekiko ere bazuen mesfidantza; ez zehazki aldameneko herrikoekiko gaitzespen atabikoa, baizik eta klase mesfidantzari lotutako zerbait.

 

 

Bizitzari zentzua ematen dioten gauza ederren eta astunen artean dago oinordetzarena: norberak gainean daraman pisua dago tartean, baina baita estimatzen ditugun hildakoena.

      Askotan sentitzen dut amatxi Pilarren ezinak, pasioak, porrotak eta amorruak direla nire gidari. Hark bizitakoak direla neure oroitzapenak. Betebehar baten antza dauka: orain nik maitatu behar ditut hark maite zituenak, nik gorrotatu berak gorrotatutakoak. Gainera, Aitorrek behin baino gehiagotan esan izan zidan gerra baten aztarnak gerra bizi eta bigarren belaunaldiraino iristen direla.

      Eta berdin, konturatzen naiz, Aitorrekin. Sarritan uzten zizkidan pistak. Gasteizerako trena hartzera nindoan 2004ko arrats batean, Rosa Luxemburgek kautskytarrei igorritako gutunak hartu nituen bere apaletatik. Liburu hartaz gain, Aitorrek ezer gutxi irakurri zion Luxemburgi. Ni handik hasi nintzen, baina jarraitu behar nuela sentitu nuen. Richard Wagnerrekin bezala. Música 93 entziklopedia erosi zuten gurasoek 1993an: bost liburukiko entziklopedia bat eta hogei cd. Hura guztia irakurri eta entzun zuen Aitorrek, cdetako batekin apasionatu zen, Wagnerrenarekin, eta bulkada hori berrinterpretatu nuen nik: operak oso-osorik ikusi nituen, gure garaikideek Wagnerri buruz idatzitakoa bilatu nuen, Wagnerren garaiko iraultzaileek harekiko zuten pasioaren zergatia jakin nahi nuen, zergatik ziren Toni Negriren aitona eta gainontzeko italiar iraultzaileak Wagnerren zaleak.

      Nire gaur egungo interesei begiratuta, ia beti iruditzen zait Aitorrek keinu bat egin zuela norabide batean eta nik bide hori hartu nuela, berez, berak beste bide batzuk hartu zituelako. Haren benetako mezua balitz bezala: handik joan nahiko nuke, ez naiz joan, joan zaitez zu zer topa daitekeen ikustera. Luxemburgekin eta Arendtekin bezala Brechtekin eta Arestirekin.

      Ziurrenik, 2020ko udaberrian irakurritakoa izan zen gertutik eta elkarrekin irakurri genuen testu bakarra, itxialdi garaian. Hiru bider egin genuen hitzordu telematikoa, ezin genuelako elkarrekin aurrez aurre bazkaldu biok, astero egin ohi genuen bezala. Arendtek Benjamini buruz idatzi zuen Perlen arrantzalea testuaz aritu ginen.

      Hala hasten da Arendt:

 

      Nahiz eta lehenaldia tradizio gisa transmititu, autoritatea ezartzen du. Nahiz eta autoritatea historikoki aurkeztu, tradizio bilakatzen da. Walter Benjaminek bazekien tradizioaren haustura eta autoritatearen galera bere garaiko gertakizun konponezinak zirela, eta ondorioztatzen zuen iraganarekin erlazionatzeko estilo berri bat deskubriaraziko ziola.

 

      Eta gero Benjaminen aipuak dakartza:

 

      Aipuak, nire lanean, armekin azaldu eta ibiltarien konbikzioak lapurtzen dituzten bidelapurrak bezalakoak dira.

 

      Ala:

 

      Aipuaren indarra ez da kontserbatzea, baizik eta purifikatzea, testuingurutik erauztea, suntsitzea.

 

      Uste dut hau guztia bete-betean jasotzen dela McKenzie Warken Raving liburuan. Warkek trantsizioa egin ostean idatzi duen liburuetako bat da eta dantzaldi klandestinoez jarduten du lehenengo pertsonan. Baina liburuko aurreneko aipua Heinrich von Kleist-ena da, Michael Kohlhaas alemanezko lehenengo nobelaren idazlearena.

      Irakurketa partzialak egin daitezke. Irakur daiteke Raving Heinrich von Kleist nor zen jakin gabe: hori da aipuaren potentzia Benjaminen arabera. Baina, niretzat, askoz arriskutsuagoa da jakitea Warkek trantsizioaz idatzi duena zoragarria dela, ziurrenik, bizidunon artean Internazional Situazionistaz dagoen pertsona jantziena delako. Eta uste dut, separazioaren eta espezializazioaren garaietan, situazionismoaz trans auzia kontuan hartuta gogoeta egiten badugu, hiriak eta gorputzak beste maila batean ulertzen hasiko garela. Eta, aldi berean, trans auziaz isolatuki pentsatuta, situazionismoak lurraldea pentsatzeko eskaini ziguna galduko dugula.

      Hauxe dio Warkek Raving-en:

 

      Bada zerbait oso retroa komunismoaren desiran, behin eta berriro garaitua izan ez balitz bezala. Historiak anputatu eta orbaina utzi zuen iragan baten etorkizunean bizitzeko desira da. Kapitalismoak zerbait okerragora mutatu zuen, birus batek mutatzen duen bezala. Komunismoaren desira orainaldirik gabeko desira da, gaur egungo bizitzaren sakrifizioa da, iritsi ez zen eta iritsiko ez den bizitza batengatik. Hil zen Jainko bat da, eusten jarraitzen dudan dolu bat.