Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Biografia tipi bat

 

1901-1918

Bingen Ametzaga Aresti 1901eko uztailaren lehenean jaio zen Algortako Basagoiti etorbideko Iturrieta etxean; zazpi anai-arrebaren artean gazteena. Aita: Pedro Ametzaga Abaroa (1852-1919), enpresari eta abokatua. Ama: Maria Aresti Sustatxa (1862-1945), Pedroren bigarren emaztea. Sabino Aranarekin adiskidetasuna tarteko, Pedro Ametzagak EAJri doan emandako lur sailetan eraiki zen Algortako Batzokia, Iturrieta ondoan. Manuel eta Ramon anaia nagusiak bezala, Bingen ere EAJko kide egin zen. Euskara lantzen hasi zen bere kasa, 1953an Antonio Gamarrari idatzitako gutun batean kontatu bezala: «Erdaldun izan nintzen hamazazpi urteak edo bete arte. Gurasoak bai euskaldunak, baina nire herrian, Algortan, gure belaunaldian galdu zen euskara. (...) Ekin nion, ba, ikasteari —beti bakar-bakarrik— eta... hemen nauzu ongi ala gaizki euskaldun egina. Arana Goiri izan nuen lehenengo hotsemaile; euskara ikasteko gogo eta garra ari zor dizkiot. Gero Azkue haundiaren minaz gertatu nintzen ere eta haren liburuetan ikasten ari nintzen behin eta berriz. Oroitzen zait behin baino gehiagotan entzuna nagoela Azkueri: «Hay dos personas que saben mejor que yo dos libros míos: Olabide el Diccionario y tú la Morfología». Eta gero, badakizu, beti ikasten. Axularrengandik hasi eta aurkitu ditudan liburuak oro irakurtzen, arkatza eskuan. Lana ez da izan haundiegia zoritxarrez».

 

1919-1930

Euzko Deya agerkarian 1919an agertu ziren Bingen Ametzagaren lehen idazkiak. Aita, Pedro Ametzaga 1919ko urrian hil zen gripe espainiarraren eraginez; hiru hilabete geroago hil ziren baita ere Blanca eta Maria, Bingenen ahizpa bikiak, eritasun berarekin. Aitaren heriotzaren ondorioz familiaren negozioak gainbehera etortzen hasi ziren. Merkataritza Injinerutza Teknikoko ikasketei ekin zien Bingenek, sendiaren egoera ekonomikoaz arduratzearren. 1921ean burutu zituen ikasketak Bilboko Injineru Eskolan. Euzkadi agerkarian argitaratzen hasi zen 1923an. Valladolideko unibertsitatean Zuzenbide ikasketak hasi zituen 1924an, eta hiru urteren buruan amaitu. Hizkuntza hauek ikasi zituen: ingelesa, frantsesa, latina, greko klasikoa, italiera eta alemaniera.

 

1931-1935

Errepublikar Koalizioak 1931ko apirilaren 12an udal hauteskundeetan izandako garaipenaren ondoren, Jose Antonio Agirrek, Bingen Ametzagak eta beste algortar batzuek Getxoko udaletxearen balkoian Primo de Riveraren diktaduraren amaiera eta Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten. 1932an Ametzaga Getxoko auzo-epaile hautatu zuten, 1935 arte; Jose Antonio Agirre alkatea, Ametzagaren gaztetako laguna, eta Mari Zabala ezkondu zituen. Eusko Olerti Egunetan parte hartu zuen 1930-1936 bitartean.

 

1936

Algortako El Gobela aldizkaria sortu zuen Jose Olivares Larrondo Tellagorrirekin, eta Ramon Ametzaga administratzaile eta argitaratzailearekin. Lezama Legizamon leinuaren Getxoko etxeko liburutegiaren antolamenduaz, katalogazioaz eta zaintzaz arduratu zen. Gerra hasita, Jesus Maria Leizaolak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko zuzendariak, 1936ko azaroan Lehen Hezkuntzako zuzendari nagusi izendatu zuen Ametzaga. Abenduaren 4an, 1936ko Estatutuaren babesean ateak ireki zituen lehenengo ikastola martxan jartzeko agindua eman zuen: Plentziako ikastola. Hala ere, Leizaolak aitortuko zuen bezala, «beste lan bat izan zen Ametzagaren ardura nagusia, kultura arloan egin zezakeen lana baino lehentasun handiagokoa alegia; izendatu aurreko asteetan hegazkin alemanek Bilbo eta Areeta bonbardatu zituzten, bertan 96 pertsona hilik; hortaz, funtsezko ardura bat izan zuen: haurren eskolak eta eskolatuak zeuden umeak bonben arriskutik kanpo lekutzea».

 

1937

Ekainaren 14ko goizeko hiruretan, bonbardatutako Areetako parrokian, ezkondu ziren Bingen Ametzaga eta Mercedes Iribarren Gorostegi. Ezkondu bezain laster Santanderreko bidean utzi zuen emaztea, Juliana Iribarren ahizparekin. Bilbo frankisten eskuetan erortzear, Ametzagak ikastolen hustuketari eta eskolaturiko haurren ebakuazioari ekin behar izan zion, Juan Grazia sailburuarekin batera. Ekainak 22-24: 500 haur Santanderretik Donibane Lohizunera eraman zituen ikatzontzi ingeles batean (hantxe ezkutuan baita ere Joxe Migel Barandiaran eta Justo Garate), eta gero trenez Donibane Garazira.

 

1938

Jesus Maria Leizaolak Bartzelonara deiturik, Justizia Saileko idazkari izendatu zuen Ametzaga 1937ko abenduan. Lau hilabetez Katalunian ziren euskal haurren ebakuazioaz arduratu zen. Agirre lehendakariaren autoan muga igaro zuen, Paris aldera. 1938ko apiriletik 1940ko ekainera arte bizi izan zen Parisen. 1938ko maiatzaren 7an Mirentxu jaio zen (lehen alaba). Haur kanpamenduetara bidaiak: Liverpool, Cardiff eta Wight irlara.

 

1939-1940

Bigarren Mundu Gerra hasteaz bat, 1939ko irailaren 2an Begoña jaio zen (bigarren alaba). 1940ko ekainean, naziak Parisen sartzen ari zirelarik, Eusko Jaurlaritzaren egoitza hustu zuten. Familiarekin trenez abiatu zen Bordelera, Eusko Jaurlaritzarentzat beste egoitza bat aurkitzeko mandatuarekin. Alemanak Bordelera iritsi bezain laster Baionara. Bi alabak eta koinata Miarritzen utzi zituzten.

 

1941-1942

Marseillara joan ziren senar-emazteak. 1941eko urtarrilaren 15ean Alsina itsasontzian Ameriketarako bidea abiatu zuten. Telesforo Monzonek eta Bingen Ametzagak euskara eskolak antolatu zituzten ontzian. Monzonek poemak idazteari ekin zion eta Ametzagak egiten zizkion zuzenketak. Lau hilabetekoa izatekoa zen itsasketa, urte eta erdikoa bihurtu zen; Dakarrera aurrena eta gero Casablancara; Casablancatik Quanza itsasontzian La Habanara; handik azkenean Buenos Airesera, 1942ko apirilaren 16an iritsi ziren. Astebete geroago espartin fabrika batean hasi zen kontulari.

 

1943-1951

Hitzaldiak eta prentsan artikuluak: Euzko Deya, Tierra Vasca, Buenos Airesko La Nación. 1943ko urtarrilaren 21ean jaio zen Arantzazu (hirugarren alaba). 1943ko maiatzean Montevideora joan zen Uruguaiko delegazioaz arduratzeko. 1944tik aurrera FBIren SIS adarreko Basque Intelligence Serviceko Uruguaiko burua izan zen Jose Antonio Agirreren agindupean. Errepublikako Unibertsitatean euskara katedra sortu zuen. 1944ko urrian Galeuzca martxan jarri zen Uruguain eta lehendakari izendatu zuten Ametzaga 1945eko otsailean. Apirilaren 18an jaio zen Joseba Bingen (laugarren haurra). 1945eko maiatzean Eusko Ikaskuntza Mintegia osatu zuen Errepublikako Unibertsitatean. 1946ko apirilean Gernikako Eguna ekitaldia egin zen lehendabizikoz Montevideon eta Euskararen Eguna 1949ko abenduaren 3an (urtero egingo zirenak). 1947ko maiatzaren 11n jaio zen Xabier (bosgarren haurra). Joxe Mari Lasarteren aginduz, 1947an Oficina de Prensa de Euskadiko (OPE) Uruguaiko arduraduna izan zen. Manuel Irujoren eraginez 1948an sortutako Asociación de Juristas Vascos elkarteko sortzaileen artean izan zen Ametzaga, Manuel Irujo, Joxe Eizagirre, Juan A. Kareaga eta Xabier Landabururekin. 1948ko eta 1954ko Eusko Ikaskuntzen Biltzar Nagusietan parte hartu zuen Uruguaiko Eusko Ikaskuntza Mintegiko buru gisa. Eusko Jakintza aldizkariaren administrazio eta banaketaren ardura izan zuen 1948ko azarotik 1951ko apirila arte. 1951n Euskal Kultura katedra sortu zuen Uruguaiko Errepublikako Unibertsitatean.

 

1952-1954

1945ean euskaratzen hasitako Hamlet (William Shakespeare) 1947ko irailean amaitu zuen, eta 1952ko abenduan plazaratu zion Ekin argitaletxeak Buenos Airesen. Euzko Gogoa aldizkarian Plinio eta Zizeron agertu zituen. Shakespeareren Uda gau bateko ametsa komediaren itzulpena 1952ko urrian bukatu zuen; ordurako lanean ziharduen Macbeth tragediarekin ere, azken orrazketak 1954ko urrian amaitzeko. Tarte horretan, Juan Ramon Jimenezen baimena lortu eta Platero eta biok argitaratu zuen Montevideoko Florensa & Lafon etxean 1953ko abenduan. Shakespeareren Julius Caesar 1954ko uztailean jo zuen bukatutzat. Uda gau bateko ametsa, Macbeth eta Juluis Caesar ez ziren argitaratuak izan. Euzko Gogoa aldizkariak Oscar Wilderen The Ballad of Reading Gaol poema luzea plazaratu zion 1954ko neguan.

 

1955-1969

Caracasera abiatu zen 1955ean. Eusko Etxeko idazkari kulturala izendatu zuten; ardura honetan ikastola proiektuari ekin zion, gero (1962an) Euzkadi Ikastola izango zena: Ameriketako ikastola «ofizialen» artean lehenetarikoa. Parisko Euskal Biltzarra prestatzen jardun zuen 1957ko otsailean. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1957an. Nazioaren Agiritegi Historikoan lan egin zuen 1958ra arte. 1959an Eskiloren Prometeo burdinetan agertu zuen Euzko Gogoa aldizkarian. 1960an hasi zen Egan aldizkarian idazten (hantxe plazaratu zuen 1963an Kementsua, bere ipuin bakarra). 1961etik aurrera Boulton Fundazioan ikerlari. Manuel Irujok EAJren «Declaración de Principios» delako agiria idazteko eskatu zion, 1966ko urtarrilaren 26an plazaratutako «Euzko Erriari deklarazioa»ren oinarria alegia. Bitartean, euskal etxean euskara eskolak ematen jarraitu zuen, 1967ko urritik irrati bidez emanak. 1968an euskararen alde egindako lanagatik Euskal Jakintzaren Lagunak elkarteko lehendakari izendatu zuten. 1969ko urtarrilean gibeleko minbizia diagnostikatu zioten. 1969ko otsailaren 4an hil zen.