Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

15

 

Robert Mussche irailaren 2an iritsi zen Neuengammera. Hanburgo hiritik gertu zegoen kontzentrazio esparrua zen Neuengamme, Elba ibai ertzean. 1938an eraiki zuten esparrua adreilu fabrika bat zegoen toki berean. Hasierako urteetan adreiluak egitea izan zen presoen betebeharra. Lan horrez gain beste eginbehar batzuk ere izan zituzten, esate baterako, Elba ibaia kanalizatzeko lanak; esparrua txiki geratu baitzen laster eta haren inguruan beste esparru satelite batzuk eraiki zituzten, eta haien artean kanalak zabaldu, batetik bestera adreiluak eta gainerako zamak garraiatzeko.

        Gerra hasierako urteetan munizioa egiteko erabili izan zuten presoen esku lana eta, baita ere, Hanburgo eta Bremengo hirietan, aliatuen bonbardaketen ostean, eztanda egin gabe geratu ziren lehergailuak kaleetatik garbitzeko. 1943ko apirilaren 17an, hain zuzen, Neuengammeko sei preso hil ziren bonbardaketa batean kale bazterretatik bonbak jasotzera joan zirelarik. Ez zuten eskubiderik babeslekuetan sartzeko eta hegazkinen erasoen mende uzten zituzten kanpoan.

        Lanaren emaitza, dena delakoa zela, bigarren mailakoa zen; esan nahi baita, maiz zentzurik gabeko lanak egitera ere behartzen zituzten deportatuak. Egia da, Reicharen alde behar egiteko erabiltzen zituztela presoak, lantegietan edo obra publikoetan, baina helburua, batez ere, jauntxo eta jopuen arteko sistema bat ezartzea zen. Jauntxoak naziak ziren eta jopuak beren gizarte ideiatik kanpo geratzen ziren guztiak: juduak, komunistak, atzerritarrak, homosexualak, ijitoak, erresistenteak. Esklabo izatea zen euren etorkizuna, eta naziek argi eta garbi utzi nahi zieten hori mendekoei. Lanaren azken xedea horixe zen, presoek egoera berria barneratzea. Halatan, SSetako kideek ez zuten beraiekin ia kontakturik izaten, ez zuten gatibuekin hitzik ere egiten; haien aburuz, goitik zegoen arraza bat izaki, ezin ziren lohitu horren behekoak ziren esklaboekin berbetan. Betebehar horretaz zaindariak arduratzen ziren, kapo izenekoak. Gatibuak ziren hauek ere, guardia bilakatutako presoak; eta, frankotan, eurak izaten ziren ankerrenak.

        Azken batean, Reicharentzat presoak ez ziren gizakiak eta, horrenbestez, ez zuten merezi pertsona legez tratatuak izatea. Bizitzeko gogoa errotik kendu nahi zieten naziek. Gosearen erabilpen sistematikoa egiten zen kontzentrazio eta heriotza esparruetan. Gosea bera ere tresna bat zen presoak zeharo apaldu eta zapaltzeko. Doi-doi lanerako behar zuten hori ematen zieten jaten, ez gehiago. Urdaila txikitu egiten zen, hezurrak mintzen hasten ziren, hortzak zuritzen. Baina, sarritan, gosea ez zen okerrena izaten. Benetan latzena beldurra zen. Eta amesgaizto bihurtzen ziren gauak. Ilunpe sakonetik onik ateratzea eta hurrengo eguna jaiotzen ikustea kontsolamendu handia iruditzen zitzaion edonori. Basoko piztientzat bezala: gau bat osorik, egunsenti bat gehiago bizirik. Arrats itsuan kezka larriz ikaratuta, presoek nekez lortzen zuten loak hartzea.

        Gauzarik txikiena aski zen han izu laborria sortzeko, kontu ñimiño bat hilgarria bilakatzen ahal baitzen ustekabean. Adibidez, zapata pare bat. Gure eguneroko bizitzan horren arrunta den gauza bat. Batzuetan neurri ezberdineko zapatak banatzen zizkieten presoei; hots, bat norbere tamainakoa eta bestea handiagoa, edo txikiagoa. Eta neurrikoak ez diren zapatak erabiltzean, eta zenbaki desberdinekoak gainera, urratu egiten ziren oinak. Zauri txiki hori oinaze jasanezina bihurtzen zen gose eta ahul zegoen pertsonarentzat, pixkanaka-pixkanaka hilko zuen tortura bat. Ezen zauri txiki horiek gaiztotu egiten baitziren higiene baldintza ezegokiengatik, eta eritutako zauriak gangrena ekarriko zuen aurrena eta ondoren heriotza. Oinazezko heriotza luzea, tamaina ezberdineko zapata pare xume baten kausaz.

        Neuengamme ezaguna egin zen, orobat, Alfred Trzebinski fisikariak egin zituen esperimentuengatik. Tifusa sartzen zien gorputzean preso sobietarrei eta gero ikertu nolakoa zen emaitza. Baina izan zen hori baino gertaera ankerragorik: 1944an Kurt Heissmayer medikua tuberkulosiaren aurkako txertoak frogatzen hasi zen Auschwitzetik beren-beregi ekarritako hogei haur judurekin. Argazkiak daude gaitzak haurrengan zer eragin zuen jasotzen dutenak. 1944ko apirilean, oharturik aliatuak gero eta hurbilago zeudela, eta beraien krimena estaltzearren, hogei umeak hil egin zituzten Hanburgoko Bullenhuser Damm School ikastetxean.

        Uste da 1938tik 1945era bitartean 105.000 preso inguru hil zirela Neuengammen, gehienak azken urteetan. 1944-1945 urteak bereziki gordinak izan baitziren: negu hartan, batez beste, 1.700 preso hil ziren hilero. 1945eko otsailean, esaterako, 2.500 hil ziren hotz eta baldintza txarren ondorioz.

        SS Obersturmbannführer Max Pauly zen esparruko arduraduna.

        Robert Mussche garai horretan egon zen Neuengammen.

        45035 zen bere zenbakia.

 

 

Trena gauez iritsi den arren, bagoiko ohol arteko zirrikituetatik begiratuz geltoki handi bat ikusten du Robertek, indar handiko argi dorreek arraitua. Hainbat trenbide ikusten ditu, bata bestearen ondoan. Bagoietako ate astunak zabaldu dituzte SSek eta jaisteko agindu diete barrukoei, oihuka, bultzadaka. Deportatuek ozta mugi ditzakete hankak, bete-bete zeuden bagoietan hiru egunez bidaiatu eta gero kakotuta dituzte-eta gorputzeko gihar guztiak. «Azkar, azkar», txakurrek hozka egiten diete zango-sagarretan bagoietako arrapaletatik jaisten diren gatibu abailduei. «Mützen ab!», oihukatzen dute soldaduek, «Mützen ab!». Aldameneko agureak ezulertuaren keinua egin dio Roberti, bekainak jasota. «Kapelak eranzteko dioskute», itzuli dio Robertek, «kentzeko kapelak». Burdin harizko hesiak eta zaindarien dorreak ikusi dituzte. Zeruan dena ilun, eta argiak, argi mingarri haiek beraien begietara zuzenduak.

        Geltoki ondoko barrakoi eskerga batean sarrarazi dituzte denak. Hormetara hurreratzea izan da heldu berrien keinua, bata bestearen ondoan jarri eta bizkarra babestea, zakur beldurtiak egiten duen gisara. Nekez egingo dute lo, artean egin gabe egoera berri bezain latz hartara.

        Goiz-alban iratzarri eta soinetik arropak eranzteko agindu diete, larrugorririk geratu arte. Biluzik daudela, aiztotzar batzuk baliatuz bizarra egin diete, ez soilik bisaian, gorputz osoko ileak moztu dizkiete. Apaiz bat negarrez ikusi du Robertek, ez zuen gerripea inork ukitzerik nahi. Handik baldosa zuriz apaindutako dutxa batzuetara eraman dituzte. Ura erortzen hasi da sabaitik. Ur beroa bota diete hasieran, ia irakiten, eta gero hotza, izotza bezain. Ura moztu dute. Biluzik, tantaka, patiora atera dituzte. Hantxe lehortu dira, egonean, iraileko eguzkiaren indar ahularen epelean. Arropa berria eman diete azkenik: prakak eta atorra eta kapela, marradunak denak. Eta zapata parea.

        Roberten alkandorak hiruki gorri bat du paparrean josia, komunistei dagokien hiruki gorria. Ondoan, izen-abizenen ordezko zenbakia: 45035.

        Hasierako egun horiek izan dira zailenak: kiratsa zerien bagoi haietan egindako ostera luzea eta esparrura ailegatzeko unea. Mundu batetik beste batera igarotzea suposatzen du gatibuentzat, erabat ezberdina den mundu arrotzera, bizidunen eguneroko bizitzatik infernura, nahiz eta lehen ere gerra baten erdian egon eta senperrenak ikusi izan. Zuritik beltzera pasatuko da gatibua, itxaropenetik oinaze etengabera. Bizitzak bat-batean ematen duen jauzi hori izaten da kolpe gogorrena. Aurretik ez zuten sekula pentsatu ere egingo horrelako tokirik egon zitekeenik mundu zabalean. Ezta pertsona bat horren gaizki trata zitekeenik ere. Dena zegoen izua piztera bideratuta, ganaduarentzako trena, zakurren hozkak, kolpeak, oihuak, barrabiletako biloak moztea, xehetasun guztiak zeuden ondo zainduak terrorea sortzeko.

        Arropak banatu eta pabilioietan sartu dituzte. Ohatzez beteta daude pabilioiak. Lastozkoak dira koltxoiak eta zakuz egindakoak mantak. Ohe bakoitzeko bi lagun; batek alde batera begira egin behar du lo, besteak bestera.

        Zaratotsa entzun da bat-batean. SSak eta kapoa sartu dira atetik barrura. Ilaran jarri dituzte iritsi berriak. Kapoak ezker-eskuin astindu ditu makila batekin. Agurea lurrera erori da eta bertan ere zanpatu egin du. Intzirika hasi da gizona. SSetako batek gelditzeko agindu dio, nahikoa dela. Jipoitua lurretik jaso eta atera egin dute pabilioitik. Ez dute berriz ikusiko.

 

 

Aurreneko egunak ez ziren batere gozoak izan Robertentzat. Bakartu egin zuten, hagetatik zintzilikatu eta hantxe laga ordu luzeetan, jana ukatu. Eta hori guztia, erakusteko benetan nork agintzen zuen han. Errusiarra esaten zioten kapo hura barru-barrutik gorrotatuko zuen Robertek. Ez zuen egundo aurretik halako karrik sentitu inor hiltzeko, baina hura bai, bere eskuekin itoko luke. Harritu egiten zen bere buruaz, nola senti zitekeen horrela, nola zituen barrenak horren ozpinduak, berak, noizbait kultua eta bakezalea izandako gazte hark. Ez zuen bere burua ezagutzen.

        Neuengammen eguneroko laguna zuten heriotza, beste bat gehiago zen, eurak baino biziagoa. Injekzio hilgarriekin akabatzen zituzten gaixoak. Eta maiz gertatzen ziren epaiketarik gabeko hilketak ere, buruzagi politikoak horrelaxe garbitzen baitzituzten, zaindarien dorreetatik egindako tiroz. Hiletetan orkestrak jotzen zuen, presoez osatutako orkestrak. Ez soilik gauez hildakoak erretzera eramaten zituztenean, SSen jaietan ere behartu egiten zituzten musika jotzera; eta igande arratsaldeetan, eguraldi ona baldin bazen, gatibu guztientzat.

        Beethovenen pieza bat entzun zuen lehen aldian barruak hartu zion Roberti. Etxean lagunekin edo Vicekin entzuten zuen musika bera, han Neuengammen. Bazirudien gustuko zutela naziek, gozatu egiten zutela musika harekin. Bere zerbait lapurtu izan baliote bezala sentitu zen Robert, bere iragana zikindu balute bezala; Briseren etxeko entzunaldiak, etxeko liburutegiko bustoak, Hermanen ezkontzako oparia. Eta Beethoven bera jaio zitzaion buruan, 9. Sinfonia Vienan estreinatu zuen egun hura, nolako diru arazoak izan zituen orkestra eta abesbatza lortzeko, nola erregetzaren palkoa hutsik zegoen, nola berak musikariei begira igaro zuen kontzertu osoa. Bukatu zenean, txalo zaparrada betean hasi zen jendea. Beethoven ez zen bueltatu, laguntzaileak ohartarazi behar zion izandako arrakastaz. Maisua orkestrari begira zegoen, musika sortzen zutenengana erne, haien antze moduaz arduraturik, munduan gertatzen ari zenari jaramonik egin gabe.

 

 

Pertsona ohitu egiten da egoerarik zailenetara, eta Robert ere moldatuz joan zen Neuengammeko izatera, esparruko diziplina gogorrera. Horretan Ganteko abokatu gazte batek lagundu zion, Andre Manderyncxsek. Erresistentziako buruetako bat zen Neuengammen. Esparrura zetozen burkideez arduratzen zen, bere lan taldean sartzen zituen eta SSengandiko tratu hobea jasotzen zuten horrela. Ez zituzten lan nekagarrienak egin behar, oin bustiekin kanalak eraikitzen, esate baterako. Preso politikoak antolatuta zeuden, eta horrek halako babes ikusezin bat ematen zien gatibuei. Andre bera gerraren hasieran eraman zuten Neuengammera; gezurra zirudien arren, urteak zeramatzan bertan, eta hala edo bestela onik ateratzen jakin zuen. Beteranoetako bat zen Andre, gazte-gaztea izan arren. Trikimailu guztiak zekizkien eremu antzu hartan bizirauteko.

        Erresistentziako kide zirenekin jarri zen kontaktuan. Lagun egin zituen Maurice De Graes, Jan Everaert eta Valere Billiet «Max», hura batez ere. Max geologoa zen, irakaslea Ganteko Unibertsitatean. Afrikan luzaroan ibilia zen mineralen azterketa egiten. Atseden uneetan gustuko zuen Robertekin solasean aritzea.

        — Afrikan jende asko hiltzen da diamanteengatik —esan zion behin, arkatz txiki bat eskuan zuela—. Baina, funtsean, arkatz baten eta diamante baten oinarrizko elementua bera da, karbonoa. Egoera jakin batzuetan harribitxi bihur daiteke, mineralik gogor eta iraunkorrena. Baina har ezazu arkatz bat: berehala hautsiko da, orri zurian zanpatu bezain laster. Eta horrexegatik, erraz apurtzen delako da posible idazketa. Europan ere, gerra hau sortzeko, eromen hau guztia, baldintza jakin batzuk gertatu behar izan dira, horren zibilizatua uste genuen gure kontinentean. Nik neuk harribitxia baino nahiago dut arkatz txiki hau, honexekin idatz baitezakezu hemen gertatzen ari den guztia. Eta horrek bai iraungo duela diamante batek baino areago.