Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

17

 

Erresistentziako kideekin bat egin zuenetik, nabarmen hobera egin zuen Roberten osasunak. Elkarren babesa lortzeaz gain, arduraren bat izateak eta biharko eginkizunak edukitzeak aurrera jarraitzeko indarra ematen zioten. Gorputzaldi hobez esnatzen hasi zen egunetik egunera.

        Erresistentziaren lana askotarikoa zen Neuengammen. Agiri faltsuak lortzen zituzten, eta bahiketa aldiaren azken sasoian baita armak ere, nahiz eta ezin izan zituzten erabili, edo ez ziren ausartu.

        Robertek alemanez hitz egiten zuenez, preso politiko alemaniarren lagun egin zen. Haiek ziren gerrari buruz gehien zekitenak, soldaduekin mintzatzeko aukera izaten baitzuten lantzean behin, eta gerraren nondik norakoak kontatzen zizkieten: aliatuak gero eta hurbilago zeudela, berandu baino lehen bukatuko zela eromen hura...

        Informazio mota hori presoen artean hedatzea zen Roberten egiteko nagusia. Itxaropena zabaltzea, funtsean. Kontatzea, gutxi falta zela infernua amaitzeko, aste batzuetako kontua izango zela den-denak etxerako bidean jartzea. Eta nazien helburua baitzen presoek buruan heriotzaren mehatxua besterik ez izatea eta denak hilduratuta edukitzea, erresistentzia taldeak hitzez borrokatzen ziren nazien kontra, informazioa zabalduz, adorea bilduz, ahoz aho itxaropena berpiztuz. Hitza zen euren arma arruntetan indartsuena.

        Ezkutuan egiten ari zen lan horrek azkartu egin zuen Robert. Jendeari kemen emate horrek eta, bide batez, jakiteak laster egongo zela Vicekin eta Carmenekin, bizipoza suspertu zion. Hermani behinola gutun batean esan zion bezala, Robertentzat bi gauza zeuden bizitzan beste guztien gainetik: «Maitasuna eta Justizia». Eta bi jomuga horiek gogoan zeramatzala eutsi zion Robert Musschek negu latz eta luze hari.

 

 

Neuengammeko kontzentrazio esparrua husteko agindua eman zuen Heinrich Himmler komandanteak 1945eko apirilaren 15ean.

        Aliatuei oilo ipurdia jartzen zitzaien ikustean askatzen ari ziren esparruetako egoera hitsa. Ez sinestekoak ziren han gertatutakoak. Eta triskantza haien oihartzunak munduan zehar zabaltzen ari zirela-eta, egindako sarraskiak estali nahian deportatuen esparruak husten hasi ziren naziak. Gudaroste aliatuak oso gertu zeudela jabetutakoan, Himmlerrek Alemaniako esparru handiena ebakuatzeko agindua eman zuen: Neuengamme eta 96 esparru sateliteetan zeuden preso guztiak Lubeckeko portura lekualdatzea albait azkarren. Esan eta egin. 1944ko apirilaren 19 eta 26 bitartean 11.000 deportatu heldu ziren Neuengammetik Lubeckera, trenez batzuk, oinez besteak.

        Kalkulatzen da beste horrenbeste hil zirela bidean.

 

 

Orkestrako kideak deitu eta esparruko sarreran jotzeko agindu diete. Milaka preso igaroko dira euren albotik trenbideetarantz. Eta trenak bete direnean, oinez joateko agindua jasoko dute gainerakoek. Ahalik eta lasterren iritsi behar dute Lubeckera, Himmler presatuta dago Neuengamme husteko.

        Bien bitartean soinutan jarraituko du orkestrak, milaka urratsen hotsa estaltzen. Esparrua hutsik geratu denean, musikariak beste inor ez dagoenean bertan, naziek hileta-auto batean sartuko dituzte tresnak eta Hanburgo bidean ipini: biolinak, biolak, kontrabaxuak, tronpetak, tronboiak. Musika tresnak daramatzan hileta-autoak zorrotz begiratuta egingo du bide osoa, albo banatara dituela SSen motorbizikletak, eta inork ostu behar ez lukeen altxorra atzealdean.

 

 

Lorerik gabeko udaberria zen hura, bedatse hotza. Txikoriaz beteta egon behar lukete belazeek udalehen berantiarrean, baina larreak berde bazeuden ere, lorerik ez bazterretan. Bazirudien loreak ere beldur zirela, lur azpian gorde zituela izuak, edo nor edo nor igitaiarekin ibili zela zelaietan, denak beretzat nahi balitu bezala.

        — Gosearen arrastoa da hau, Robert —argitu dio Maxek—. Txikoria loreak jangarriak dira eta horrexegatik ez dago euren arrastorik.

        Neuengammetik Lubeckerako bidean, barnealdetik kostalderantz, lurralde laiotz eta hondatua aurkituko dute oinez doazen gatibuek. Bideak zulatuta daude eta osinez josiak. Bazterretan hilotzak botata, aho zabalik, ilberri antzeko begizulo ilunekin. Herriak hutsik, etxeak birrinduta, isiltasuna denean. Urrats itxian egiten dute oinez, gelditu gabe ia. Ez dago atzean geratzerik, atzean geratzen dena tiroz hiltzen dute. Batek baino gehiagok pentsatu du, pausaje baldarrari ezin eutsirik, hiltzea dela onena, espero lezakeen askapen bakarra heriotza duela, oinazeari orpoa erakustea.

        Baserrietatik igarotzean jan bila aritzen dira, erremolatxa eta patata hondarren xerka. Baina baratzeak iraulita daude, lurraren zauriak beren gordinean daude, zolituta, itxi gabe. Asko jota, arbi zulatuak aurkituko dituzte, ustelduak. Manderyncxsek patata azal lizun batzuk idoro ditu eta ahora eraman.

        — Ez jan hori, pozoia da —esan dio Maxek.

        Lantegi edo eliza abandonatuetan ematen dute gaua. Teilatu zulatuetatik zerua ikusten da, betiko zerua, tinko, ardurarik ez balu bezala behean gertatzen denaz. Elizetako ur bedeinkatu ontziak ere agortuta daude, betazala itxita dutela dirudite urak utzitako orbanari erreparatuz gero. Egarri dira presoak. Herriko emakume batek ura eskaini dio gatibuetako bati, ostikoka hil dute andrea SSek. Edalontziko ura lurrera erori da. Beti ez da horrela. Baserritar bat hurreratu zaio Roberti eta salamia eta ogia eskaini dizkio, «Gure semeari ere berdin laguntzea nahi nuke» esanez. Gorde egin dute janaria, bide luzean zehar gutxika-gutxika murtxikatzeko.

        Arima ahoan dutela heldu dira Lubeckera bost eguneko bidea egin eta gero. Zopa baino ez zuten jateko izaten. Asko eta asko galdu dira bidean. Gutxi batzuek ihes egitea lortu dute. SSek tiro egin zieten ihesean zihoazenei, baina zuhaitzek geratu zituzten balak, halako dardarizo bat eragin eta hosto berdeetatik tantak erortzen zirela, euri berantiarra.

 

 

Britainia Handiko Armadako hegazkinek ateratako argazkietan Lubeckeko badia itsasontziz betea ageri zen, eta ematen zuen, hura ikusita, alemaniarrak bertan biltzen ari zirela geratzen zitzaien itsas armada osoa, batzuk moilara lotuak eta beste asko badian bertan. Azken hauen artean handiena, Cap Arcona transatlantikoa.

        Cap Arcona 28.000 tonako luxuzko ontzia zen. 1927an egina, Hanburgotik Rio de Janeiro eta Buenos Airesera egiten zuen bidaia. Ontzi dotore lirain azkarra, huraxe zen Alemaniaren Armadako bitxia. Gerra hasi aurretik kolore zuriz margotuta zegoen, eta gorri-beltzez tximiniak. Hego Amerikara lan bila zihoan jendea eramaten zuen bidaietan, baina baita jende aberatsa ere goiko bizkarrean. Sukalderako berrogeita hamar kilo kabiar eta sei mila kilo oilasko zituen. Hans Leip, Lili Marleen idatzi zuen poetak, hantxe igaro zuen eztei bidaia, eta propagandarako film naziak ere errodatu zituzten bertan. Baina gerra abiatu zenean dena aldatu zen; hasieran ofizialentzako gelak moldatu zituzten, eta geroxeago, sobietarrak ekialdeko Alemania hartzen ari ziren neurrian, bi milioi zibil libratzeko erabili zuten.

        Orain Lubeckeko badian zetzan ontzi erraldoia, RAFeko hegazkinen argazkietan, kamuflajeko margo gris batera mudatuta, garai bateko xarma hura galduta.

        Neuengammeko presoak Lubeckeko portura ailegatu ahala, Thielbek izeneko zamaontzian sartzen hasi ziren. Behealdeko sotoetan kokatu zituzten eta han utzi, argirik gabe. Arnasteko ere lanak. Zoruan zulo bat egin zuten eta huraxe zen komunekoak egiteko tokia. Hainbat egunez egon behar izan zuten horrela. Laster gorotzekin bete zen zorua eta jasanezina bihurtu zen kiratsa. Zaindariek une batez zabaltzen zieten atea eta buruen gainetik jaurti janaria. Desiratzen zeuden aire pixka bat hartzeko, zeru urdin zati bat ikusteko.

        Thielbek bete zenean, Athen ontzia hasi zen gainontzeko presoak Cap Arcona handira garraiatzen. Kostaduan jarri zitzaion, baina hango kapitainak ezetz esan zuen, bere ontzian ez zela gatiburik sartuko. Athen gau osoa egon zen zain, Cap Arconari kontra. Azkenean, lehenago Athen ontziko lemazainari bezala, Cap Arconako kapitainari ere mehatxu egin zioten: fusilatu egingo zituztela bera eta ontzi jabea. Eta baiezkoa eman behar izan zien SSetako ofizialei. Jendea garraiatzeko prestatuta egon arren, ontziak ehunka lagunentzako gelak besterik ez zeuzkan, baina hala eta guztiz 4.600 lagun sarrarazi zituzten barrura. Horiez gain, 600 soldadu SSetakoak.

        Sobietarrak bananen sotora eraman zituzten, tokirik okerrenera. Zama gordetzen zen biltegian pilatu zituzten. Atetila egunean behin zabaltzen zieten eta arnasa hartzen utzi une batez. Gero, ilunpera berriz ere. Aurki hasi ziren hiltzen batzuk, itota. Bizkarretako salbamendu-gurpil guztiak giltzapean gorde zituzten soldaduek, inork igerian ez ihes egiteko. Salbamendu-txalupak, aldiz, zulatu. Goizero gabarra bat hurreratzen zen kaitik barkura, gauez hildakoak jasotzera.

        Hantxe zegoen Robert Mussche ere, Cap Arcona transatlantikoko 65. gelan. Neuengammetik zetozen presoak harri eta zur geratu ziren luxuzko ganbera haiek ikusi zituztenean, koadro eta oihal garestiez apainduta baitzeuden. Geletan toki nahikorik ez eta altzariz hustu zituzten eta lurrean etzateko agindu gatibuei, bata bestearen alboan jartzeko, zur noblezko solairuan.

        Ontziko geletatik bonbak entzuten zituzten gauez, urrunean, badatorren ekaitzaren ostotsak entzuten direnean bezala, bolbora bustiaren hotsa eginez. Eztanden argia sartzen zen idi-begietatik, eta gelako horma zuria izarniatzen zuen, gau tximeleta baten hegalen antzera.

        Britainia Handiko armada gero eta hurbilago zuten, gutxi barru eroriko zen Lubeck.

 

 

— Hitler hil da —esan die Robertek kideei biharamunean.

        Maiatzaren lehena zen Führerra hil zela jakin zutenean.

        — Bere buruaz beste egin du Berlingo bunkerrean. Soldaduek txil egingo dute berehala. Ez da ezer geratzen gerra bukatzeko.

        — Eta matxinatzen bagara? —ausartu da Manderyncxs.

        — Zertarako bizitza arriskuan jarri? —bukatu zuen Maxek—. Ez, zain egotea izango da onena. Eurek utziko dituzte armak. Bi edo hiru eguneko kontua izango da, ikusiko duzue.

 

 

Ez dago argi zer egiten zuten preso haiek guztiek Lubeckeko badian ontzi haietan pilaturik. Alemanen xedea gatibuak Norvegia aldera eramatea ote zen, nazien aldekoa baitzen orduan Norvegia, edo hantxe bertan hondoratu nahi zituzten ontziak itsaspekoen bidez, egindako basakeriaren frogarik ez uztearren.

        Bitartean, izenik gabeko eskutitz bat iritsi zen Lubeckeko suediarren Gurutze Gorriaren egoitzara. Gutunean adierazten zen, milaka gatibu zeudela hiru ontzietan, eta beranduegi izan baino lehen haien kargu hartu behar lukeela norbaitek.

        Gurutze Gorrikoak nazien agintariekin batzartu ziren. Ez zegoen ezer egiterik juduekin eta sobietarrekin, hori argi ere argi utzi zuten naziek; baina, gaitz erdi, beharbada preso politiko batzuk askatzeko egokiera izango zen. Azken beltzean, naziek eurek ere bazekiten gerra bukatuko zela, eta nolabaiteko keinu gizatiarra eginez, frantziarrak libratzea erabaki zuten.

        Milaka batek utzi zituen ontziak eta lehorreratu ziren. Gainontzeko presoak ere ahalegindu ziren frantsesak zirela frogatzen, frantsesez zekizkiten hitz apurrak murduskatuz, debalde. Horretan ahalegindu zirenak exekutatuak izan ziren.