Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

10

 

Bizitzak zenbat aukera ematen dizkigu lagunei dagokienez? Zenbat lagun sentitzen ditugu benetakoak? Hermanek idazmahaitik begiratzen zuen kanpora. Aurrean betiko etxea eta zuhaitzak. Harantzago kanala, izoztuta; ahateak oinez zebiltzan gainean. Zenbat lagun sentitzen ditugu hurre-hurreko? Horixe galdetzen zion bere buruari.

        Beharbada bakarra, pentsatu zuen Hermanek, bat bakarra da hain benetako sentitzen dugun laguna. Eta hura ondoan ez dagoenean, kosta egiten da halako sakontasun maila batera iristea. Beharbada ez dugulako astirik harremanetan sakontzen aritzeko, beharbada bizitzak beste alde batetik eramaten zaituelako. Horrelakoetan bizi izandakoaren oroitzapena baino ez da geratzen, behin lagun batekin lortu zenuen batasun estu horren oroitzapena. Behin lortutako hura, seguruenik berriz errepikatuko ez dena.

        Lagun on batek zaren bezala onartuko zaitu, akats eta guzti, baita une batez albo batera uzten baduzu ere. Eta nahiz eta denbora asko igaro elkarrekin egon gabe, ez da arduratzen; denborak beste neurri bat du lagunarentzat, eta ez da larritzen. Aurreko egunean bezala berbetan hasiko zara berarekin, urteek aurrera egin arren betiko gaztetxo hura izango bazina bezala. Jakiteak hortxe egongo dela beti, onartuko dizkizula bizitzan egiten dituzun gehiegikeriak, lasaitasun handia ematen du, beste harreman mota batzuetan agian lor ez daitekeen bakea. Beharbada harreman motarik perfektuena izango da adiskidetasuna, edo gizatiarrena.

        Arkilokok idatzi zuen: «Lagun asko dira gauez ibiltzeko, baina gauzak oker datozenean, orduan gutxiago». Bada, gutxi horiek dira muntazkoak. Baina Hermanek berriro galdetu dio bere buruari, bizitzak horrelako zenbat edukitzeko aukera ematen ote digun.

        — Ez pentsatu hainbeste galdu duzun lagun horretan. Pentsatu zortea izan duzula horrelako adiskidantza bat izatearekin —esan dio Marthek—, pentsatu behinola zeinen indartsua izan zen.

        — Bai, baina nire erruz izan da dena...

        Ahateek oinez jarraitzen dute izotz gainean, baldar. Zuhaitz hostogabeak astintzen ditu haizearen firuriak.

 

 

Bizikletak aurrera doaz ordekan. Landa aberats eta zabalak bedatse betean. Begoniak eta azaleak larreetan. Aurrera beti bizikletak. Anberestik irten da Vic, Gantetik Robert. Bide erdian dute hitzordua, landa leun eta emankorren artean dagoen ostatu batean. Her bet van Napoleon. Napoleonen ohea. Noizbait han lo egin omen zuen enperadoreak. Goiko gelan haren ohea gordetzen dutela diote.

        Bizikleten gurpilen soinua entzuten du Robertek, bideko hartxintxarrena. Zutik jarri da orain azkarrago joateko. Ahotik hartzen du arnasa. Eseri egin da berriz. Aurrera begiratu du, urrun da hodeiertza. Zeru sabaian kirru bakar batzuk besterik ez. Oskarbi gainontzekoa. Larreek diz-diz egiten dute eguzkiarekin, aldapa laburrean behera.

        Elkar ezagutu zuten eguna du gogoan Vicek, pedalei eragiten dien bitartean bularra pilpiraka. Lehen ikusian harroa eta itsusia begitandu zitzaion mutil horrekin dauka hitzordua, enperadoreak noizbait gaua igarotako toki berean: Her bet van Napoleon, Napoleonen ohea.