Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

19

 

1945eko maiatzaren 3an RAFeko miaketa hegazkin batek Lubeckeko badia zeharkatu du, oso goitik, kanoi antiaereoek ez jotzeko moduan. Cap Arconako gatibuek besoak mugitu dituzte hantxe daudela ohartarazteko, laguntza eskean eta askatzeko aldarrika. Gerraontzi alemaniarrak tiroka hasi zaizkio hegazkinari eta abioia itzuli egin da, konturatu gabe han behean milaka preso daudela.

        Lurra hartu dutenean, pilotuak honela idatzi du txostenean: «Kostaldetik egin dugu hegan. Ez sinestekoa da zenbat ontzi zegoen badian. Gaur arte oso gutxi ikusi ditugu. Ematen du denak bildu dituztela han. Denetarik zegoen: zamaontziak, patruilak. Eta itsaspeko ilara luze bat, bata bestearen ondoan paratuta».

        Inteligentzi zerbitzu britainiarra susmoa hartuta zegoen, naziek Norvegia aldera egin nahi zutela, bertan indarrak osatu eta gerra handik jarraitzeko. Kosta ahala kosta ekidin behar zen asmo hura. Nazien ihesaldia eten eta gerra azkar bukatu, horixe izan zen Winston Churchillen agindua.

 

 

Arratsaldeko hiru eta erdietan 184 eskuadroiko lau Thyphoon hegazkinek hasi dute erasoa. Alemaniarrek bandera zuriak ipinita dituzte euren soldaduen txalupetan, baina ez dute nazien bandera gorria erriatu gatibuak dauden ontzietatik. Cap Arcona bete-betean harrapatuko du erasoak. Thyphoon hegazkinek jaurtitako hirurogeita bi misiletatik berrogeik zuzenean joko dute ontziaren flotatze lerroan. SSak eta presoak geletatik bizkarrera atera dira aztoratuta. Gatibuetako batzuk, nahasmena profitatuz, beheko sotoan dauden errusiarrak askatzen ahaleginduko dira. Baina hilda daude ia denak. Hogeita lau ordu zeramatzaten deus ere jan gabe, eta oso ahul ezertarako. Lehenengo eraso hark sortutako beroak ito egin ditu. Maxek lortu du salbamendu-gurpilak gordeta zeuden ganberako atea zabaltzea eta haiek banatzen hasi da presoen artean. SS batek hura ikusi eta tiroz hil du. Manderyncxs su-itzalgailu batekin ahalegindu da sua amatatzen baina muturreko hodia etenda dutela konturatu da. Zarata handi bat, lurrikara baten antzeko zerbait sentitu dute oinpean. Bigarren eraso bat izan da. Arropak sutan dituzte presoek. Goiko geletakoek hildako eta zaurituen gainetik egiten dute korrika, bizitza salbatu nahian, lagunen gorpuen gainetik, sentituz nola hausten diren kideen burezurrak zapaldutakoan. Gorpuen alfonbra gorri bat da Cap Arconako karela. SS batzuek salbamendu-txalupa batean jaitsi nahi izan dute baina irauli egin da airean eta itsasora erori dira. Beste SS batzuek lortu dute, hala edo bestela, salbamendu-txalupa egoki jaistea. «Errusiarra» izeneko kapoa igerian hurbildu zaie eta barrura igotzeko erregutu die. Bekokian pistola jarri eta tiro egin dio barruko batek. Presoek kareletik jauzi egin beharra dute baina bultzatu egiten dituzte eta askok kroskoaren kontra egiten dute talka. Oholezko mahaiak, bankuak, altzariak jaurtitzen dituzte uretara itsasoan igerian daudenen gainera. Gero sokekin jaisten ahaleginduko dira. Lehen erasotik ordu betera, ontziak albo batera egingo du. Ehunka pertsona jausi dira itsasora; haien artean Manderyncxs: ainguraren aurka jo du eta uretan datza zerraldo. Ur azala jendez gainezka dago, batzuk hilda, beste batzuk ezinean. Ia ez da ur azalik nabari, dena arropa bustia, buru dardaratiak. Ikaragarri hotz dago ura eta igeri egiteko indarrik daukanak barkura igo nahi du bueltan. Karelera lotzen saiatzen dira txikotekin edo mantekin, baina barkuko kroskoa gero eta beroagoa dago, galdatzen hasi da eta ezin diote eutsi. Cap Arcona labe itzel bat da barrutik. Itota baino jende gehiago hilko da barruan erreta.

 

 

Hiru orduren ondoren geratu zen erasoa. Cap Arconan zeuden 6.400 gatibuetatik 4.250 hil ziren eraso hartan. Seiehun SSetako guardietatik bostehun atera ziren onik. Txalupetara igota salbatu ziren. Aitzitik, igeri egin behar izan zuten presoen patua ez zen xamurra izan. Asko ito egin ziren kostara iritsi nahian, arrantza-ontziek alemaniarrak baino ez baitzituzten karelera igotzen. Egon zen alemanez mintzoka salbatu zenik. Baina igeri egin eta lehorrera helduz gero ere ez zen agonia bukatzen. SS nerabeak, Neustadt itsas eskoletako kadeteak, hamasei urteko gaztetxoak, fusilekin zain zeuden hondartzetara igerian zetozen presoak noiz iritsiko. Neka-neka eginda lehorreratu, hantxe tirokatuta hiltzeko. Egarriz ailegatzen ziren itsasertzera presoak, zenbait egunetan ia ezer edan gabe, erasoaren sua jasan eta gero igeri egin ondoren. Ura erregutzen zieten SSetako soldaduei, ura faborez. Haiek ezetz, lurrean etzanda geldirik egoteko. Izan omen zen bat, etsita, esku-ahurrak urertzeko kresalaz bete eta edan egin zuena. Hil egin zuten.

        Handik gutxira, Armada britainiarrak portua eta hondartzak hartzea erdietsi zuen. Alemaniarrek armak utzi zituzten. Hondartzan bertan, harean zuloak egiteko agindu zieten irabazleek. Aiztoak hartu eta hondarra zulatzen hasi ziren SSetako kadeteak. Beldur ziren jo eta bertan garbituko ote zituzten, naziek maiz egin ohi zuten antzera: zuloa eginarazi eta barrura. Baina ez, ordukoan bestelakoa zen xedea: itsasoak zekartzan milaka gorpuak hobiratzeko ziren. Geroztik, ia hogei urtez gorpuak itzultzen aritu zen Baltikoa.

        Cap Arconaren hondoratu osteko laugarren egunean, maiatzaren 7an, Alemania nazia baldintzarik gabe errenditu da.

 

 

Robert 65. ganberan ikusiko dute lagunek azken aldiz. Ez da handik irtengo. Lehen erasoan bertan, jaurtigai batek larriki zauritu eta lurrera eroriko da, eztandaren ondorioz hormatik amildu den koadro baten albora. Koadroan neskato bat ageri da, lo. Robertek begiak itxiko ditu eta neskatoak bere esku txikiaz laztandu egingo dio masaila, «Aita, aita» esanez. Irribarre bat izango da Roberten azken keinua.

 

 

Bezperan, maiatzaren 2an, Suediako Gurutze Gorriaren bitartez jakin zuen Britainia Handiko inteligentziak, milaka gatibuz beteta zeudela badiako ontziak. Presazko mezu bat bidali zuten egoitza nagusira, galdeginez bertan behera uzteko erasoa. Damurik, RAFeko hegalariei ez zitzaien halako mezurik iritsi. Akats baten erruz izan omen zen, ia 7.500 hildako eragin zituen akats administratiboa.

        Cap Arcona eta Thielbek ontzietan zeuden 7.300 gatibuetatik 366 soilik atera ziren onik. Athen ontziko 1.998ak libratu egin ziren, hura ez baitzuten eraso. Inoiz izan den itsas galerarik handienetakoa gertatu zen 1945eko maiatzaren hirugarren hartan Lubecken. Eta duela gutxi arte isildua izan da. Historia liburuetan ez zen ageri, garaipena loriatu nahi zuten historia liburu haietan.

        Uste dute Cap Arcona badian bertan birrintzea zela nazien asmoa, urpeko ontzien torpedoekin, baina hori ez da sekula argitu. RAFek onartu egin bazuen ere akatsa eurena izan zela, egundo ez da barkamen ingeles ofizialik eskatu. Garaiko prentsak garaipen baten gisa saldu zuen Cap Arconaren deskalabrua, itsas bataila garrantzitsu batean gailendu balira bezala, Nelson almirantearen garaian legez. Ez zuten deus esan hildako milaka presoei buruzko desmasiaz. 1950 arte Cap Arcona badian egon zen, bistara, Baltikoko urak ez baitira hain sakonak. Ez zen hondoratu. Zatitu eta txatarrerako erabili zuten altzairua.

        Thielbek ontzia, berriz, hondotik atera, konpondu eta saldu egin zuten, Reinbeck izen berria jarrita. Urte batzuen buruan Spliteko ontzioletan desegin zuten, eta hura zatitzen hasi zirenean gorpuzkinak aurkitu zituzten gilan.