Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

7

 

Zoologiko batera egindako txangoaren argazkiak aurkitu ditugu paperezko zorro batean. Igandeetako eskolako haurrekin ageri da Robert.

        Carmen Musscheri galdetu diot nongoa izan litekeen zooa, baina ez du erantzuten jakin. Marc senarrak hartu du argazkia eta segituan argitu digu:

        — Anberesko zoologikoa da.

        — Nola antzeman diozu?

        — Apaingarri egiptoarrak ditu.

        Datarik ez badute ere, arropei erreparatuz igartzen da udaberria izango zela. 1938ko bedatsea. Haurrak Anberesko zoologikoan, lehoiei, tximinoei, itsas txakurrei begira. Animalia guztiak ikusi ondoren, irteeran, kaiola huts bat aurkitu zuten. Kaiola barruan, ispilu bat. Eta ispiluaren gainean esaldi hau: «Gizakia, denik eta animaliarik gaiztoena».

        Etxean zain zeukan August, aitona. Patatak eta patatak prestatu zizkion neskatilari, zoologikotik bueltan jateko. Labean gorde zituen, zientoka patata frijitu. Baina Karmentxuk beste plan batzuk zituen eta ez zen afaltzera garaiz heldu. Gracianorekin jolasean geratu zen kalean, luzatu egin zitzaion etxera itzultzeko garaia.

        Robert txangotik iritsi denean, Karmentxuri buruz galdetu dio.

        — Ez zegoela gose esan dit —erantzun dio Augustek—, kalean geratuko dela Gracianorekin.

        Karmentxu etxeratu denean, aitonak labea zabaldu eta patatak erakutsi dizkio. Kiloka patata, patata zaporetsuak, distiraz betetakoak baina ordurako hotzak. Karmentxu saiatu da haiek jaten, aitonari atsekaberik ez emateko, baina ezin izan du. Laurden bat jan eta amore eman behar izan du. Lotara joan da gero.

 

 

Sint-Baafs katedralera eraman ditu haurrak pintura flamenkoaren obra gorena erakustera: Bildots mistikoaren gurpena edo Ganteko poliptikoa. Hubert eta Jan van Eyck anaiek 1432ko udaberrian amaitua. Egurrean margotutako olioa. Hubert zen lanaren arduradun nagusia, halaxe ageri baita latinez idatzitako testuan: Pictor Hubertus e Eyck maior quo nemo repertus; dena den, Jan anaia gazteak bukatu behar izan zuen obra hura, Hubert hil egin baitzen bost urte lehenago. Poliptikoa Sint-Baafs katedraleko nabe nagusitik ezkerraldera dagoen kapera batean zegoen, Joos Vijdt eta Lysbette Borluut senar-emazteen izeneko kaperan.

        — Milaka xehetasunez osatutako lana da. Mundu osoko herri eta arrazak irudikatu zituzten, ez dago aurpegi bat bera ere berdina denik. Atzean hiriko etxeak ageri dira, jauregiak, gazteluak. Eta gazteluko leihoren batean hantxe ikusiko duzue norbait begira. Landareak ere ez dira iritzira egindakoak, Europakoak ez ezik Asiako lore eta zuhaixkak ere irudikatu zituzten bertan.

        Haurrek arreta handiz jarraitzen dituzte Roberten azalpenak.

        — Orain begiratu hor gaineko aingeruei. Ikusten duzue nola ari diren kantari. Bada, margolariek hain ondo zaintzen zituzten xehetasunak, ezen jakitunek esaten baitute, aingeruen ahoen keinuari arretaz begiratuz gero, sumatu daitekeela zein notatan kantatzen ari diren eta, ondorioz, zer kanta den abesten ari direna.

        — Nik badakit zer kantatzen duten —esan du Gracianok.

        Barrez hasi dira ikasle guztiak.

        — Ixo —haserretu da Robert—. Ea, zer kanta da, ba?

        A las barricadas, a las barricadas... —hasi da Graciano.

        Karmentxu aingeruen arropei aho zabalik begira geratu da. Zeinen kapa ederrak zituzten aingeru haiek, belusezkoak, urrez eta bitxiz brodatuak. Ezker aldean organoa jotzen ari den aingeru hartan fijatu da. Ez da inola ere ume bat, ordura arte ezagutu zituen aingeruak bezalakoa. Nerabea dirudi. Eta kapa luze bat darama soinean, urre kolorekoa eta marrazki ilunekin, bost hostoko loreak estanpatuta, geometria perfektua osatzen.

        — Karmentxu, faborez, galduko zara-eta! —hots egin dio ataritik Robertek.

        — Banoa, banoa.

 

 

Maiatzaren Lehena, 1938. Manifestazioaren buruan doaz gerrako haur guztiak, pankartan handi bat dutela lagun: «10.000 haur espainiar hil ditu faxismoak». Vooruit egunkari sozialistako lehen orrialdean argitaratu zuten argazkia. Bazter batean umeak gidatzen ageri da Robert Mussche. Karreristek egiten duten ibilbide bera egin du manifestazioak, Korenmarkt kaletik Belfort ingurura heldu arte.

        Espainiako Gerran gauzak gaiztotzen zihoazen eta nazioarteko giroa ere berotzen. Elkartasunez, Europako idazle eta pentsalari ugari bildu zen Errepublikaren alde. Manifestaldi haren ostean, egun gutxi batzuk barru, Robert bera ere Katalunia aldera joan zen, Vooruit aldizkariak bidalia. Ekialdeko fronteari buruzko berriak eman zituen handik.

        Maiatzaren 29koa da Errepublikako agintariek eman zioten agirian jartzen duen data. Hamabost egunerako baimena baino ez zuen.

 

MINISTERIO DE DEFENSA NACIONAL

        Autorizo a M. Robert Mussche, corresponsal del diario Vooruit, para visitar el frente del Este.

        Esta autorización tiene un plazo de validez de quince días.

        Barcelona, 29 de mayo de 1938.

El Secretario General

 

 

Iluna da Robert Espainiako Gerran egon zen garaia. Ez dago argi hamabost eguneko bidaia hura izan ote zen hara egindako ostera bakarra. Jakiterik ez dago baimen hura luzatu egin zuen edo ez. Datu ugari falta zaigu, halako ahaztura zulo bat. Badakigu Granollersen zegoela, Fonda Europa ostatuan hartu zuela gela eta bertan biltzen zela kazetari atzerritarrekin, gerrari buruz ezbaian jarduteko. Badakigu, alabak esanda, Ernest Hemingwayrekin eta Andre Malrauxekin nolabaiteko hartu-emana izan zuela. Ba omen ziren Hemingwayk bidalitako gutunak ere, baina, tamalez, lekualdatze batean galdu egin zituzten. Amaren deskuidu bat izan omen zen eta kartak gordeta zeuden maleta betirako aldendu zen.

        Edonola ere, Hemingwayrekin baino harreman sendoagoa izango zuen, seguruena, Arturo Souto eta Victorio Macho artistekin. Bi sortzaileak margolari eta eskultoreak ziren, Errepublikako kausari hertsiki atxikiak. Hainbestekoa zen eurekin zuen adiskidantza ezen Arturo Soutoren erakusketa bat antolatzen lagundu baitzuen Robertek 1939an Bruselan. Erakusketa haren inaugurazioko argazkiak badira. Hori baino gehiago, Arturo Soutok opari emandako koadroak daude Roberten liburutegian. Lapitzez egindako marrazkiak dira, zuri-beltzean. Koadrootan guardia zibilak ageri dira baserritarrak fusilatzen, bide bazterrean hildako milaka lagun horiei buruzko obra goibelak.

        Granollersera bidaiatuta deskubritu zuen, egiatan, mundu berria, totalitarismoaren aurka borrokatzen ziren haiena, jende xehearena, baita artistena ere. Sortzea ez zen nahikoa, sortzeaz gain artistak askatu egin behar zuen. Libratu bere burua eta ingurukoak. Robertek hainbat kronika bidali zituen Kataluniatik, eta Federico Garcia Lorcari buruz idatzitako artikulu luze batek jarraipen berezia izan zuen Ganteko irakurleen artean.

        Bertatik bertara konturatu zen anitza dela errealitatea. Sekula ezagutu gabeko hizkuntzen berri izan zuen: katalana, euskara, galegoa. Castelaoren liburuak ekarri zituen, orobat katalanez idatzitako nobela eta poema zakukada eder bat; eta, azkenik, euskararen historiaren berri ere izan zuen, nola eutsi zion bizirik milaka urtean horren hizkuntza txikiak. Vooruit egunkarian argitaratzeko asmoz etxera bueltan eraman zituen ehunka argazkien artean Agirre lehendakariaren bat zegoen. Hari buruz idazteko asmoa izan bide zuen Robertek beharbada. Baina ez dut aztarnarik aurkitu.