Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

4

 

Roberten ametsa, halaxe esan zion behintzat Hermani behin baino gehiagotan, munduan zehar libre ibiltzea zen, inolako loturarik gabe. Hego Amerikara joatea eta hango bazterrak ezagutzea, zibilizazio zaharren aztarnak, oihan amaigabeak. Aitatasunari dagokionez, ez zuen sentitzen haurrak izateko gogoa. Beldurra ere bazion aitatasunari, barru-barrutik, ardura eskerga hori bere gain hartzeari. Geratzen zitzaion askatasun apurra galtzeko ikara, kulturarako, irakurketarako bideratzen zituen ordu urri horiek xahutzeko pena. Baina Bilbotik etorritako Karmentxu Cundin txikerrak, bederatzi urteko neskato hark, bere beldur guztiak uxatu zituen egun batetik bestera. Astia kendu ordez, pertsona legez heltzen lagundu zion Karmentxuk, berarekin igarotako ordu haietan guztietan konturatu zen emandakoaren bikoitza jasotzen zuela bueltan. «Alaia zara eta alaitu egiten duzu jendea; hori baino bedeinkapen hoberik ez dago, esan zion Beethovenek behinola Liszt gazteari. Bada, gure etxera ez da iritsi bedeinkapen hoberik, Karmentxu baino», horra Robertek urte batzuk geroago egindako aitortza.

        Edonola ere, bankuan zuen lana zela-eta, batik bat August Mussche zen —Roberten aita— Karmentxuz arduratzen zena. Aita piztu egin zen haurra etxean zegoenetik. Gaitzak atzera egin zuela ematen zuen, itxura gazteagoa ageri zuen Augustek, kalean zehar Karmentxurekin, ohiko seriotasunak alde batera utzi eta, bere ere umea balitz bezala, korrika.

        Hego haizeak trebetasunez marrazten duen ekaineko iluntze epelean, patata frijituak saltzea da Karmentxuren jolas gustukoena. August aitona beha duela, gurditxoari oratuta dago, zelatan; eta eskean datozenei zer nahi duten galdetzen bera izaten da lehena. Augusti ez dio ia-ia lanik egiten uzten. «Zuk segi frijitzen», agintzen dio neska-mutil koskorrek ohikoa duten clown serioaren berba eta moduekin. Amantaltxoa ipini eta bera izaten da zerbitzari prestua. Zerbitzaria eta nagusia. Kukurutxoa eman eta kobratu egin die auzokide batzuei. «Eskerrik asko. Etorri berriz ere» esanez agurtu ditu. Irribarre batekin erantzun diote bezero esker onekoek.

        Eroslerik ez dagoenez oraintxe, aspertu egin da neskatila eta frijituta dauden patatetara eraman ditu atzamarrak. Augustek sardexkarekin egin dio keinua, ez lapurtzeko patata gehiago, frijitutako haiek saltzeko direla. Haatik, handik gutxira, eskukada bete eman dio. «Hozten ari ziren», esan dio txantxetan. Patatak jaten ari den bitartean haurrari masaila laztandu eta «Noizbait kiloka patata prestatuko dizut, enpo egin arte jateko. Ea behingoz asebetetzen zaren», agindu dio.

        Augustek asko hitz egiten zion Karmentxuri. Uste baitzuen haurrei ahoak eman ahala egin behar zitzaiela berba, behar bezala hizketan ikas zezaten, hizkuntzaren maila desberdinez jabetu eta, era horretara, bizitzako edozein egoeratan jakin zezaten nola egin behar zuten aurrera. Horrelaxe sartu zion Augustek txirrindularitzarako zaletasuna. Bizikletan ibiltzen ere berak erakutsi zion Ferrerlaan lokatzezko kale luzean bizkarretik helduta. Auzokideren bati eskatu eta moldatu zen Karmentxuri bizikletan ikasten erakusteko. Augustek asko zekien txirrindularitzari buruz. Martxoan izaten zen Gante-Wevelgem itzulia, afizionatuen egun bakarreko proba. Jendetza itzela biltzen zen Ganteko kaleetara karrerista haiek ikustera. Bazegoen gazte bat, Gante inguruko herri txiki batekoa, aitonaren begikoa zena, Robert Van Eename, argal-argala eta belarri irtena. Tximista baten abiadurarekin egiten zuen lasterka bi gurpilen gainean. Ardena mendiak igotzen bera izaten zen aurrena. Isildu gabe kontatzen zizkion aitonak Van Eenameren balentriak, baina, neskatoak arreta gehiago jartzen zuen bere bi oinak pedaletan nola jarri asmatu nahian.

        Zinemara ere joaten ziren astero, Disneyren marrazki bizidunak ikustera, hain justu; edo Charles Chaplinen hitzik gabeko filmak. Karmentxuk ikaragarri maite zuen Charlot pertsonaia. Maite zuen haren trazak hartuz etxean mozorrotzea, aitonaren kapela buruan paratu eta bibotea margoturik. Augustek gaiztoarena egiten zuen beti, halaxe agintzen baitzion Karmentxuk. Charloten atzetik zebilen polizia izaten zen, eta berak hartzen zituen kolpe gogorrenak.

        1938ko Gabonetan opari berezia jaso zuen Karmentxuk. Abenduaren 5ean izaten da Ganten Gabonetako oparien eguna, Eguberri eguna baino zatiaz lehenago. Sinterklaas deritzon jeinuak ekartzen ditu erregaluak, eta denen zapatetan uzten. Karmentxuri, urte hartan, bizikleta bat ekarri zion Sinterklaasek. Papertxo bat zekarren gurdietako batean zintzilik. «Gure Karmentxurentzat, Van Eename txikerrarentzat».

        Ikusi ditudan garai hartako argazkien artean, bizikleta gainean dagoen hartan bakarrik egiten du irri, beste guztietan serio antzera dago, pentsakor.

 

 

Udaro Ingalaterrara joateko ohitura zuen Hermanek. Ceunistarren etxean igarotzen zituen hiruzpalau aste. Ceunis familia Gantekoa zen jatorriz, baina urteak ziren Hitchin aldera bizitzera joanak zirela. Michel Thieryren laguna zen Gerard Ceunis, gaztetatik, eta gogotsu hartzen zuten etxean Herman, aitak hala eskatuta, gazteak ingelesa ikas zezan. 1929ko udan Herman ez zen isildu bere lagun Roberti buruz hitz egiten, hau eta bestea egin zutela elkarrekin, bera ere arras gustura izango zela Hitchinen ingelesa sendotzen. Kontua da, mutilak Roberti buruz hainbeste hitz egin ziela etxe hartakoei, ezen hurrengo urtean, 1930eko udan, Robert ere gonbidatu baitzuten Hitchinera. Han igaro zituen hamabost egun, Gosmore Roadeko Salve izeneko etxe dotorean.

        Vanna zen etxeko alaba. Roberten adina izango zuen gutxi gorabehera. Roberti oparitu zion argazkiaren arabera, neska ederra zen Vanna. Begi zoliak ditu, ondo marraztutako ezpainak. Ilea motz. Neska dotorea izan bide zen. Alkandora zuri bat du soinean eta perlazko lepokoa. Emakume fina. Begirada azkorra azaltzen du, indartsua. Edozein maitemintzeko moduko neskatila.

        Halaxe gertatu zitzaion Roberti. Eta era horretan kontatu zion Hermani, karta bidez, bizitza aldatu zitzaiola Ingalaterrako bidaian, ezin zuela burutik kendu Vannaren irudia: «Leihoaren ondoan, eskua kristalean etzanda, esku fin hura. Eta eguzkiaren izpiak bere begi urdinetan». Begira-begira egoten zitzaion Robert, baina beste ezertara ausartu gabe.

        Vanna ez zen Robert bezain erromantikoa. Gustura egoten ziren elkarrekin, batez ere literaturaz solasean. Asko irakurritako neska zen eta unibertsitatean letrak ikasteko asmoa zuen. Bizkitartean, Vanna ez zen horretan gelditzen. Urrunago zihoazen haren kezkak.

        Goiz-alba batean, Robert gelan lo dagoela, Vannak txistu egin dio kaletik. Leihora hurreratu da Robert eta hantxe dago Vanna, motorbizikleta gainean.

        — Bazatoz?

        Robert ez da sekula motorbizikletan ibili. Zalantza egin du hasieran, lotsagatik, baina baietz esan dio gero.

        — Oratu errime gerritik!

        Vannaren gerri estuari heldu eta hantxe eraman du Robert Ingalaterrako bide bihurrietatik barrena. Haizeak alkandora airatzen dio neskari. Eskuarekin haren gerria senti dezake Robertek. Zalantzaz oratzen dio, mindu nahiko ez balu bezala. Vanna, aitzitik, segurua da, ziurtasun osoz hartzen ditu bihurguneak, gorputza etzan eta motorra albo batera eta gero bestera eramanez. Vannaren zuhurtziak harrituta utzi du Robert. Miretsi egiten du horregatik.

        Robertek Hermani idatzitako gutunak jarraian izan zuen erantzuna: «Ezta pentsatu ere, Vanna neurea da». Herman ere zeharo maiteminduta geratu zen neska harekin aurreko urtean eta beretzat nahi zuen.

        Vanna, ordea, ez zen inorentzat. Ez zion baiezkorik eman ez bati ez besteari. Ingalaterrako mutil batekin ezkondu zen. Eta 1940an Roberti igorritako gutun baten arabera, badakigu Bigarren Mundu Gerrako frontean zebilela senarra, armada britainiarrean.

        Geroztik ez da ezer jakin Vannari buruz.

        Hamabost egun haien bukaeran, Vannak liburu bat eman zion opari Roberti. Matthew Arnold da egilea, eta izenburua: Essays in Criticism. Macmillan and Co., New York. Dedikatuta dator: «Just an old book I am very fond of a thought you might enjoy reading. Very Best Wishes. Vanna». Eta pasarte hauxe azpimarratuta: «Gero eta gehiago, gizateria konturatuko da beharrezkoa dugula poesiara gure arreta bueltatzea bizitza interpretatzeko, kontsolatzeko, zentzuz betetzeko. Poesiarik gabe hankamotz geratzen da zientzia».

        Vannak nabarmendu zizkion lerro horiei buruz pentsatzen egon zen Robert, bueltako itsasontzia hartu zuenean, olatuei begira. Zer esan nahi ote zuen horrekin Vannak? Poesiaz ari zen benetan ala bere izaera hotz estuegiaz?

        Robertek ezin zuen burutik kendu Hitchingo egonaldia. Hainbeste nahastu zuen mutila Vannak ezen Ingalaterratik bueltan baitzirudien artean gogoa han zeukala, erabat itzuli ez balitz bezala. Horixe idatzi zuen behintzat Hermanek egun haiek gogoan hartuta.

        Igande arratsaldeetan egin ohi zuten legez, Hermanekin batera zinemara joan da Robert. Akziozko film bat ikusi dute, kezka handirik hartu gabe. Eta filma bukatu ondoren Den Anker kafetegira joan dira zerbait hartzera.

        — Abenturazko film horrek berotu egin nau —esan du Hermanek, gorputza atzera botata—. Likore bat eskatuko dut, calvados bat.

        — Nik ez dut halako gauza handizalerik behar. Te xume bat hartuko dut, besterik ez. Ingalaterran egiten genuen bezala —esan dio Robertek, misterio aire batekin.

        «Gizajoa, pasatuko zaio», pentsatu du Hermanek bere kabutan.

        Hara non datorren zerbitzaria, zilarrezko koilaratxo eta esne ontziarekin, portzelanazko kikara eta te ontzi dotoreekin.

        — Te xume bat hartuko du jauntxoak. Ez zaigu likorea baino merkeago aterako —zirika egin dio Hermanek—. Ni harroputz baino zu putzago.

 

 

Igandeetan zinemara. Emil Janningsen abentura filmak, Kameliadun dama Norma Talmadgerekin, Alice Terryren Maitaleak. Ahotsik gabeko zinemaren urrezko garaia zen hura. Emil Jannings izar handia zen orduan, garaiko filmetako heroia, baina ez zen moldatu soinuaren agerpenarekin eta bazterrera geratu zen; ez zekien ahotsarekin antzezten. Eta gainera, Bigarren Mundu Gerran nazien alde egin zuela zabaldu zenez, aurrerantzean ezin izan zuen lanik topatu.

        Zinemara joaten zirenean, aldi oro, filmeko kredituak bukatu baino lehen altxatzen zen Robert. Aurrenekoa izaten zen zinematik irteten. Pelikula bukatzear zegoela sumatzen zuenean alde egiten zuen. Hermanek ez, hark gustuko zuen bukaera-bukaera arte itxarotea, argiak piztu eta ikusle guztiak irten arte. Amaiera ona zenean pentsakor geratzen zen, gozamena luzatu nahian edo. Amaiera eskasa bazuen, aldiz, aulkian geratzearen arrazoia beste bat zen, filmari bigarren aukera bat eman nahi izan balio bezala. Batzuetan zein besteetan, Robert zain izaten zuen kanpoan, zigarro baten keaz kiribilak marrazten.