Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

12

 

Amaren paperen artean zebilela, lau puskatan zatitutako orri bat aurkitu zuen Carmenek. Puskak batu eta egoki jarri zituenean konturatu zen eskutitz bat osatzen zutela, aitak amari makinaz idatzitakoa. Ordurako Erresistentzian sartuta zegoen Robert eta ezkutuan bizi zen Bruselan. Ezin zituen kartak eskuz idatzi, zer gerta ere. 1944an ilunpetik idatzitako eskutitz bat zen, honela zioena:

 

        Kaixo maitea,

        Zein arraroa den zuri idazteko idazmakina zahar hau erabili beharra. Ezin dut sinetsi dagoeneko trenean musu eman nizunetik bi aste igaro direla.

        Egunak bukaezinak dira, nire itzulpen lana amaituta daukat, baina liburua hain da ergela, ezen erabat amorratuta bainago bertan ageri diren sentimendu hain ez naturalekin. Eta gu geu benetako tragedia bat biziz bitartean, egiazko bizitzatik ateratako tragedia. Bada, horrexegatik nago hain haserre egile burges honek idatzitako estilo ariketa huts hauekin.

        Ez diot itzulpen lan honi inolako probetxurik ikusten, baina jarraitu egingo dut bi arrazoirengatik: lehena, denbora igarotzen laguntzen didalako; bigarrena, sos batzuk irabazteko balio digulako, hain da badaezpadakoa etorkizuna.

        Dena den, sarritan, nire arreta beste nonbait jartzen saiatzen naiz eta, halakoetan, berehalaxe joaten zait pentsamendua Gantera. Gante da gure herria, munduko toki txiki bat non gure zoriontasuna errotu den. Gantek esan nahi du zu eta gure umetxoa, esan nahi du ama, eta familiak eta lagunek osatzen duten uztai txikia. Nire bihotzean sartzen den uztaia. Baina, gehienbat, zu eta umea zaudete uztai horretan. Eta ez dut behar izan zuengandik banantzerik konturatzeko zeinen garrantzitsuak zareten biak niretzat. Banaketa honek azpimarratu egiten du zure hutsunearen oinazea. Ezerk ezin zaitu ordezkatu munduan. Egunak hasten dira zure goizeko musurik gabe eta bukatu gaueko laztanik gabe. Eta egunez gure Carmen txikiaren hitz totelen falta daukat; izaki bizidun zoragarri hori geurea da soilik. Badakizu zeinen eskertuta nagoen gure batasunarengatik, gure umeagan hartu du forma. Ziklo eternala da: gure gurasoen bizitzak gure haurretan du jarraipena, iragana eta etorkizuna...

        Tristura handia ematen dit jakiteak gure aita hil egin zela umea ezagutu aurretik. Horregatik, eskatu nahi nizuke mesede sinboliko eta erromantiko hauxe: ederra litzateke egun hauetako batean hilerrira joango bazina.

        Bihar Pazko eguna da eta gure Carmen pozez gainezka egongo da bere txokolatezko arrautza janez. Pena ematen dit berarekin batera hor ez egoteak, bere poza ikusi ahal izateko. Ahal banu une batez bada ere hortxe egon...

        Aste honetan Bruselan izan naiz eta Hermanekin hitz egin dut. Itzulpenaren lehen zatia eskatu zidan. Bigarrena datorren astean izango dut prest.

        Eman eskumuinak familiari eta lagunei. Batez ere Georges anaiari eta bere emazteari eta umeari. Eman musu bero bat gure amari eta esan ez arduratzeko. Ondo nago.

        Eta orain zu, ene maitea. Gertu-gertura nator eta belarrira xuxurlatuko dizut zeinen maite zaitudan. Zure ezpain goxoetan musu ematen dizut, leun. Eta Carmeni maitasunez beteriko laztan bat aitaren partetik.

        Maitea, hainbeste botatzen zaitut faltan.

Robert

 

        Carmenek bere buruari galdetu zion zergatik egongo zen gutuna lau puskatan zatituta. Amak apurtuko zuen karta hura? Amorruz, senarra etxean ez zegoelako, bakarrik utzi zituelako bera eta umea? Edo, besterik gabe urratu zen, denborak egin zuen haserretutako eskuen lan bera, orria tolestuta gorde eta kutxa barruko hezetasunagatik? Erantzunik gabeko galderak ziren Carmenentzat. Azken urteotan bere bizitza ere lau puskatan zatitutako eskutitz hura bezalakoa zen. Bere iragana argituz zihoan, piezak bata bestearen ondoan jarri eta logika bat idoro asmoz.

        Aitak Ganteri buruz zioena gutunean ez zitzaion arrotza egin. Bazekien ondo, aitak familiarentzat habia hantxe eraiki behar zuela. Izan ere, ezkondu eta hilabete batzuetara Gantera itzuli ziren senar-emazteak alabatxoarekin, Anberesko erraztasunak albo batera utzita. Robertek Gantera bildu nahi zituen bereak. Hantxe bizi behar zuten, hantxe haziko zen alaba eta joango zen, urte batzuen buruan, berak hainbeste amestutako Ganteko Unibertsitatera. Berak lortu ezin izan zuena nahi zuen Carmenentzat. Paul Fredericq Straat-eko pisu bat alokatu zuten, geltoki ondoko auzoan. 59. atean biziko ziren, lehen solairuan.

        Robertek, nobiotan, maiz gonbidatzen zuen Vic Gantera, hiriko bazterrik ederrenak erakusten zizkion, hiriaz maiteminarazi nahi zuen. Baina Vic ez zen aise makurtzen, askoz maiteago zuen Anberes. Gantera egindako lehen bisitaldian Sint-Michiels zubira eraman zuen Vic. Handik ikusiko zituzten Ganteko hiru dorre entzutetsuak. Zubiaren erdira ailegatu zirenean, esan zion Robertek:

        — Hona hemen Ganteko ikuspegi ederrena.

        Zubiak halako sabeltxo bat du eta hiru dorreen ikuspegia zabaltzen da bertatik. Sint-Niklaas elizako dorrea dago hurbilen. Atzerago, Belfort, hiriko agiriak gordetzen dituen dorrea. Eta atze-atzean, Sint-Baafs katedraleko orratza. Zubitik begiratuta halako atmosfera berezi bat sortzen da, ematen du Erdi Arora itzuli zarela, eta denborak ez duela aurrera egin garai urrun haietatik. Zubitik behera begiratuta, aldiz, Ganteko kanalak daude ikusgai, ezker-eskuin. Ezkerraldera, Ganteko moila zaharrak, garai bateko merkatarien etxe eta biltegiak ilaran, Erdi Aroko eta Errenazimendu garaiko jauregiak, bata bestearen ondoan. Belar moila esaten diote portuaren alde zahar horri. Hondo-hondoan, azkenik, Gravensteen Erdi Aroko gazteluaren silueta iluna.

        Belfort dorrearen oinarrian atera zuten argazkia, Mammelokker izeneko marmolezko irudiaren azpian, hain zuzen. Mammelokker deritzo aitari bularra ematen ari den emakumearen irudiari. Cimon eta bere alaba Peroren legenda klasikoan oinarrituta dago erliebea. Cimon gosez hiltzera kondenatu zuten eta, goizero-goizero, alabak bisita egiten zion kartzelara. Ezkutuan, bularra ematen zion aitari. Zaindariak alabaren jukutriaz ohartu zirenean, zigortu beharrean hunkitu egin ziren eta aske utzi zituzten aita-alabak.

        Caritas romana deritzo motibo horri eta Ponpeiako hormetan margotu zuten lehendabizi. Rubensek berak koadro bat baino gehiago margotu zituen istorio bera aintzat harturik —azaldu dio Robertek, zigarroa erretzen, Vicek burdinazko barandan eserita entzuten dion bitartean, oinak airean dituela.

        — Nonbait entzuna dut, munduan hiru gauza direla alferreko —otu zaio Vici.

        — Errege-erreginak, eliza gorena eta aberats handiak, akaso?

        — Robert, ez hasi politika kontuekin berriz ere. Gauza poetikoago batzuei buruz ari natzaizu...

        — Esan ba.

        — Itsasoan euria, egunez ilargia eta gizonezkoen titia.

        — Hara.

        — Eta ikusten? Cimon hark semea izan balu gosez hilko zen. Bisitan ere ez dakit joango zitzaion, gizonezkoa izanda.

        Robert pentsakor geratu da lipar batez.

        — Seguru al zaude gizonezkoen titiak ez duela ezertarako balio? —esan dio, zigarroa amatatu eta mutxikina kaxa barruan sartuz.

        — Ez daukazu erremediorik.

 

 

Herman ausartu da azkenean Roberti proposamena egiten.

        — Beti galdetzen zenidan ez zenekiela zer egin okupazioari aurre egiteko, eta orain partiduak jendea behar du. Poz handia hartuko lukete burkideek baietz esango bazenu. Herria beldurrez dago, inork ez du urratsik aurrera ematen, are gutxiago zure egoeran... Baina galdera egin behar dizut. Hitza eman nien bileran. Sartuko zinateke Erresistentzian?

        Bazekien Hermanek zeinen zoriontsua zen Vicekin eta Carmen txikiarekin. Bazekien ondo itaun hark zer esan nahi zuen, bizitza zoragarri hura arriskuan jartzea, alegia. Eta bazekien, oroz gain, Robertek ez ziola ezetz esango. Sekula ez zion ezetz esan eta oraingo honetan gutxiago. Ez zebilen oker. Robert Erresistentzian sartu zen.

        Hasieran Ganteko taldean egiten zuen lan. Legez kanpoko egunkari bat argitaratzen zuten, Het Belfort izenekoa. Hiriko legeak gordetzen zituen dorrearen izena zeraman paperak, askatasunaren gordari zen gotorlekuarena. Robertek maiz idazten zuen legez kanpoko egunkari hartan. Julien izengoitia erabiliz sinatzen zituen artikuluak. Espainiako Gerran izandako eskarmentuak kronika sutsuak idazteko balioko zion, irakurleak pizten dituzten horietakoak. Jendeak oso estimatzen zituen Julienen ekarpenak.

        Baina ez zuen hori ardura bakarra. Orobat, naziekin kolaboratu nahi ez zuten presoen familiak laguntzen zituzten diruz, gobernuak laguntza guztiak kendu zizkien-eta. Dirua lortzeko bileretako batean aspaldiko ezagun batekin topo egin zuen Robertek. Armand Neven, Belgikako Banku Nazionaleko zuzendaria ere hantxe zegoen batzarrean. Elkar ikusi zutenean aho bete hortz geratu ziren bi-biak.

        — Zer egiten duzu zuk hemen? —galdetu dio zuzendariak.

        — Hementxe, dirua lapurtzen —irri-gaitz eginez Robertek.

        — Tira, kausa on baterako bada...

 

 

Adreiluzkoa zen Paul Fredericq Straateko etxeko balkoia, eta zulo karratu batzuk zituen tarteka. Handixetik begiratzen zuen Carmen txikiak kalera. Bere adineko ume guztiek legez, bi urte inguru izango zituen orduan, atsegin zuen ezkaratzeko armairuetatik gauzak atera eta beste toki batzuetan gordetzea. Atera eta gorde, atera eta gorde, egun osoan. Hori dela-eta, Vicek sukaldean zerbait aurkitzen ez zuenean balkoiko zulotxoetan topatuko zuen. Huraxe zen altxorraren kutxa Carmenentzat. Eta altxorrean: titarea, gatz-ontzia, koilaretxoak. Eskura zetorkion guztia.

        Carmen jolasean dabil balkoian. Vicek kaletik datorren zaratotsa entzun du. Garrasiak, armen hotsak, ate eta leihoen danbatekoak. Carmen hartu du besoetan eta kalera begiratu du, makurtuta, balkoiko zulotxoetatik. Zulo batetik Poliziaren auto bat ikusi du, espaloiaren gainean aparkaturik. Beste zulotxotik, auzoko emakume bat korrika. Hirugarren zulotxotik, emakumea lurrean eta poliziak hari heltzen. Etxe barrura sartu eta itxi egin ditu ate eta leihoak.

        Atxiloketak lantzean-lantzean izaten ziren. Hala ere, ez zituzten denak eraman. Judu familia bat bizi zen kale hartan bertan, sekula harrapatu ez zutena. Kale hartan gorderik egon ziren gerra osoan. Alemanek bazekiten hantxe zeudela, baina ezin izan zituzten atzitu. Ilunpean iraun zuten naziek alde egin zuten arte.

        Auzokoen artean elkartasun handia zegoen. Beheko solairuan margolari bat zuten bizilagun musschetarrek. Margolariak esana zion Roberti, bere bila joanez gero jaisteko leihotik patiora, bere lantegira sartzeko eta atzeko atetik ihes egiteko. Kale kantoian janari-denda txiki bat zegoen. Estualdiren bat bazen, hantxe zuten telefonoa.

        Denborak aurrera egin ahala, egoera arras gaiztotu zen. Erresistentzia taldeak sabotajeak egiten hasi ziren, toki estrategikoak hondatzen; geltokiak, trenbideak, zubiak. Horrek azkartu egin zuen errepresioa eta alderdi komunistako jendea desagertzen hasi zen gutxika-gutxika. Baita Roberten uztaian ere.

        Alers harrapatu zutenean, Gante ez zela toki segurua erabaki zuen Robertek eta Anberesera aldatu zen, hain zuzen, 1944ko martxoaren 7an. Tren geltokira joan eta agurtu zituen emaztea eta alabatxoa. Anberesen Vicen familiako lagunen etxeetan hartu zuen babesa aste batzuez. Baina Anberes ere leku arriskutsua zela iritzirik, Bruselara joan zen. Zonnestraat-eko bosgarrenean hasi zen bizitzen, partiduak lortu zion apartamentu txiki batean. Baina ez zeukan aski dirurik bizi ahal izateko. Onena apartamentuan bertan lan egitea zen, egunero lantokira joan behar izan gabe. Hermanek lortu zion horretarako lan aproposa: itzulpenak egingo zituen. Alemanetik, frantsesetik eta gaztelaniatik nederlanderara itzultzeko nor zen Robert eta idazlea zen, ongi taxutuko zuen lan hori. Bruselako Cafe de Parisen geratzen zen astean behin Hermanekin eta hark pasatzen zizkion itzulgaiak. Halaber, arropa zaku bat, janari pixka bat eta eskutitzak. Astean behingo hitzordu hori izaten zen Robertek zibilizazioarekin zeukan hartu-eman bakarra. Aste osoan ez zuen beste inorekin hitz egiten, lanean jarduten zuen eta, lanean ez zegoelarik, etxekoekin pentsatzen.

        — A ze idazle petrala eman didazun itzultzeko! —kexatu zaio Robert Hermani kafetegian—. Bakardade orduak are luzeagoak egiten dizkit.

        — Tira, literatura ona ez da askotan salgarria izaten. Eta editoreak halakoak ere behar ditu.

        — Herman, liburu eskas hori itzultzen ari nintzela, gogoeta egiten aritu naiz zerk egiten duen on literatur lan bat.

        — Edertasunak —Hermanek.

        — Ez du zerikusirik edertasunarekin. Ezta garaikidea izatearekin ere, berrikuntza formalak-eta egitearekin. Horiek teoria kontuak dira, kritikarientzako bazka. Muntazkoena, niretzat, testuan agertzen ez den zerbait da, lerro azpian dagoena...

        — Xarma?

        — Nik ez nuke hitz hori erabiliko. Nahiago dut bulkada esan. Liburu batean idazlea bera nabari duzunean, badakizunean berak beste inork baino hobeto kontatuko dizula istorio hori, ezin diozunean utzi bere ahotsa entzuteari...

        Zerbitzariak, mahaira hurreratu eta eten egin du Roberten mintzoa.

        — Gozorik nahi?

        Bi idazleak zerbitzariari begira geratu dira une batez eta, berehala, ziztu bizian mahai gaineko gauza guztiak bildu eta kafetegiko atzeko atetik ospa egin dute.

 

 

Haur bat izaten duzularik beldurrak azaltzen dira atoan. Gaztarora iritsita, pentsatzen du Robertek, uste izaten dugu haurtzaro eta nerabezaroko zalantza eta izu une horiek betiko uxatzen ditugula. Tamalez, ez da horrela izaten. Guraso izatean indar berriz agertzen dira. Badirudi, izuek halako abagunea ematen digutela, urte gutxi batzuetan halako arnasa, ostean erasoan hasteko atzera ere. Hiruzpalau urteko barealdia izaten da, asko jota. Eta haurra izatean beldurra ematen digu hura galtzeak, eta berak gu galtzeak. Bakarrik uzteak, betirako. Neska bada, beldur horiei gaineratu behar zaie gizonen baten mendean izateko izuak, erasoren bat jasoko balu. Izan ere, ezagutzen ditudan emakume gehienek jasan izan dituzte neurri bateko edo besteko erasoak.

        Robert etengabe oroitzen zen bere bi Carmenekin. Nola moldatuko zen Karmentxu Bilbon gerraoste ilunean? Lortuko al zuen bizitzan aurrera egiterik? Bruselan, kalean barrena zihoala, Karmentxuren adineko neskato bat ikusita, bere buruari galdetzen zion nola egongo zen bere alaba, zer egiten ariko ote zen une hartan bertan. Lotarako orduan txikia hartzen zuen gomutan. Etxean zegoelarik bere ardura zen Carmen lotaraztea. Ipuina irakurtzen zion eta gero berarekin batera etzaten zen. Lo plantak egiten zituen. Carmenek laztandu egiten zuen «Aita, aita» esanez. Bat-batean eten egiten ziren laztanak, lo geratzen baitzen umea. Ez zen erraza hutsune hari eustea. Horren urrun sentitzen zen Gantetik, berrogeita hamar kilometrora egon arren ezin joan haiek ikustera, harrapatu egingo zuten-eta bestela.

        Maite zituenekin ezin egote horrek erre egiten zuen barrutik Robert. Apartamentuan bakarrik zegoela, zalantza uneak izaten zituen maiz: «Merezi al du honek guztiak?». Eta segituan hasten zen bere burua lasaitu nahian, esanez erabaki zuzena hartu zuela, norbaitek lan egin behar zuela naziek mundua goberna ez zezaten. Baina nekez trankiltzen zen.

        Hermanek utzitako liburuen artean Moby Dick eleberriaren ale bat zeukan. Hura ez zen itzultzeko, bakardade eta isiltasun ordu luzeak gozatzeko erabiltzen zuen. Hantxe zegoen, ohe ondoko mahaitxo gainean jarrita, gaueko irakurketarako. Aparteko itsaso zabal horietara bidaia eginez bakarrik hartzen zuen loak. Melvilleren liburuko bederatzigarren kapituluko pasarte batean irakurri zuen: But oh! shipmates! on the starboard hand of every woe, there is a sure delight; and higher the top of that delight, than the bottom of the woe is deep.

        «Halaxe da», esaten zion Robertek bere buruari, «zauriaren sakona baino garaiagoa da beti zoriona». Beldur izan arren, eta familiarengandik aldenduta, aita izatearen zorionak gainditu egiten zuen mina.