Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

5

 

Gerrako umeak etxean hartu zituen beste familia bat Alinerena izan zen. Emakume berezia zen Aline, suhar eta itzal handikoa Ganteko aurrerakoien artean.

        Aspaldidanik ezagutzen zuten elkar Robertek eta biek. Emakume iraultzaile eta naturista hark bi seme-alaba bazituen ere, Habana ontziaren bidaiaren berri jakin zuenean, hirugarren bat hartu zuen: Graciano del Rio bilbotarra. Gracianok Mexikon bukatuko zituen bere ibilerak Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, Gante utzi eta Atlantikoa zeharkatu behar izan baitzuen ihesean, eta hantxe bizi izan zen geroztik.

        Robertek eta Alinek ohitura zuten haur guztiekin batera asteburu pasa mendialdera joateko, kanpin-denda hartuta. Halatan, Karmentxu eta Graciano maiz suertatzen ziren elkarrekin, jolas-lagunak bihurtzeraino.

        — Badakizu, Karmentxu? —esan dio Gracianok denda barruan jolasten dabiltzala—, Aline biluzik ibiltzen da etxean.

        — Arroparik gabe? —Karmentxuk, mesfidati.

        — Bai, ezer gabe. Biluztuko al gara gu ere? —bota dio, birritan pentsatu gabe.

        — Bai zera! —ezetz esan dio Karmentxuk, erdi harriturik erdi nazkaz, eta ospa egin du kanpin-dendatik.

        Roberten gurasoei ez zitzaizkien ondo iruditzen Alineren ekandu berri haiek. «Hori jende arraroa», entzun izan zion behin baino gehiagotan Robertek amari Alineren nudismoaren inguruan. Karmentxu haiekin batera nahastea ere ez zuten begi onez ikusten gurasoek, baina Robertek ez zien kasurik egiten, gustuko zuen Alinerekin geratzea. Emakume txinparta zen, ero samarra baina bizi-bizia, eta bazirudien Karmentxu ere ondo moldatzen zela Gracianorekin. Gauzak horrela, zergatik trabak jarri beraien arteko adiskidetasunari.

        Udako kanpin egun haietan, mendiko bidezidorretatik barrena oinez zihoazela, Espainiako Errepublikako kantak abesten botatzen zuten urratsa aurrera Robertek, Alinek eta haurrek. Elkarren atzetik joaten ziren martxan, bataren atzetik bestea, bihotz oneko soldadu ezgauzen batailoia. A las barricadas, a las barricadas, por el triunfo de la Confederación. Salto batean iristen ziren tontorretara horrela, konturatu gabe ia.

 

 

Robert Musscheren liburutegia erakutsi zidan bere alaba Carmenek 2011ko azaroan. Gante kanpoaldeko Lochristi herrian daukaten etxean bildu zituen ale guztiak Carmenek, gela oso bat harturik aitaren liburuak gorde eta ordenatzeko. Lochristiko etxea Carmenen senarraren familiakoa izan zen ehun urte baino gehiagoz. Herriko medikuaren etxea zen, XX. mende hasieran eraikia. Beheko solairuan garagardotegi bat ere izan zuen garai batean. Marc, ekonomista erretiratua, gizon kultua eta atsegina da. Langarra ari duenez, autotik korrika batean joan gara atarira.

        Sarreran, umeentzako arbeltxo batean, latinezko esaldi bat daukate: Non vobis, sed vos. Alegia: duzuna baino areago, zarena. Ingalaterrara egindako bidaia batean apezetxe bateko atalasean ikusi omen zuten zizelkatuta, eta euren lema da harrezkero. Egongelan sartu gara. Leiho altuak ditu, ispilu ederrak, piano luze bat. Hantxe hartu dugu kafea lanean hasi baino lehen.

        — Etxe handiegia da hau bi lagunentzat, hotz egiten du —esan dit Marcek—. Lehen jende asko ginen etxean, baina orain ez. Askotan pentsatu dugu etxe hau utzi eta Gante erdialdean apartamentu bat hartzea, biontzako modukoa, kanalei begira. Baina pena ematen dit aitonak eraikitako etxea uztea.

        Goiko solairura eraman naute gero, Robert Musscheren liburutegia dagoen tokira.

        — Bakarrik lagako zaitut, alboko gelara noa ni —esan dit Carmenek—. Uste dut liburuak bakarka begiratu behar direla.

        Aitaren paperak antolatzen dabil bera, kutxetan gordetako gutunak, argazkiak, agiriak. Apalategiei begira hasi naiz, liburu bildumaren handiarekin mira eginda. Gaztetandik inguratu zituen aleak daude bertan. Flandrieraz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta espainolez idatziak. Poesia, fikzioa, pentsamendua, historia. Euskal Herriaz mintzo den liburu bat ere aurkitu dut ustekabean: Pedro Basalduaren El dolor de Euzkadi. Eusko Jaurlaritzak 1937an argitaratutako alea, propaganda hutsa. Hainbat gauzaren artean Lauaxeta idazlearen olerki bat dator.

 

                Ikaraz duaz usuak,

                mendija dago ixillean.

                ¡Amar gasteren lerdena

                bixitza-barik lurrean!

 

        Albo ohar labur bat dauka olerkiak, kontatuz nola fusilatu zuten idazlea Gasteizko hilerrian.

        Bertrand Russell, George Orwell, Robert Louis Stevenson, Herman Melville, Johann Wolfgang von Goethe, Friedrich Schiller, Miguel Unamuno, Michel de Montaigne, Willem Kloos, Pio Baroja, Karel van de Woestijne, Miguel de Cervantes, Federico Garcia Lorca, uzta eder ugaria zuen Robertek liburutegian. Baina argazki-liburu batek deitu dit arreta: Lehen Mundu Gerrako argazki debekatuak. Alemaniako Armadak ateratako erretratu sekretuen edizioa da: urkamendiak eta urkatuak, emakume bortxatuak, haur hildakoak bide bazterretan. Horren aldamenean dagoen Robert Gravesen Good-bye to Old That oroitzapen liburuaren alea atera dut apaletik. Gerra handian egon zen Graves, Galesko erregimentuan. Frantziara bidali zuten, lubakietako gerrara. Han bat egin zuen Siegfried Sassoon eta Thomas Hardy idazleekin, besteak beste. Beharbada ingelesezko idazle belaunaldirik onenetakoak topo egin zuen han, non eta gerra krudel baten erdian. Gertakari barregarriak kontatzen ditu Gravesek, eta baita bortitzak ere, latzetan latzenak. Gasa orduantxe erabiltzen hasi ziren. Alemaniarrak lehenik eta britainiarrak eurak gero. Kloroa. Hura arnasten zuenari birikak barrutik odolusten hasten zitzaizkion eta, oinaze jasanezinaren ostean, ito egiten zen. Idazleek ezin zuten onartu britainiarrek ere halako baliabide ankerrak erabiltzea, ustez mendebaldeko zibilizazioaren zaindari ziren horiek.

        Liburuko orrialdeak ausaz irakurtzen hasi naiz, Siegfried Sassooni buruzkoak aurkitu arte. Nola bere agintepean zeuden soldaduak, borrokatzen hasi baino ordu batzuk lehenago, basora eraman eta aldizkarietako pasarte barregarriak irakurtzen zizkien, aberriari eta erreginari buruz berba egin beharrean. Edo nola ahalegindu zen, beste batean, frontean zeuden bitartean, behor beltz bat, galant bezain aiurri gaiztokoa, domatzen. Nonbait, behorraren gainean jarri eta hesi garai bat zegoen tokira bideratzen zuen jauzi egin zezan. Hesiak metro eta laurogei zentimetro izango zuen. Behorra hesira hurbildu bai baina geratu egin zen haren aurrean. Bigarrenez, behorra eraman du toki berera eta geratu egin da orduan ere. Siegfried, ordea, ez da haserretzen, ez du behorra zigorraz kolpatzen. Pazientziaz saiatuko da behin eta berriro, eta azkenean behorra hesiaz beste aldera igarotzea erdietsiko du.

        Sassoon ezaguna egin zen «Gerrari mespretxua - Soldadu baten aitortza» izeneko gutun publiko bat idatzi zuelako, agintarien ganora falta eta gezurra salatuz eta esanez benetan sufritzen ari zirenak lubakietako soldaduak zirela, oso ondo jakin gabe zeren alde ari ziren borrokan. Gravesek gutuna osorik jasotzen du liburuan. Hala ere kritikoa da, ez gutunaren edukiarekin, gutun hori idaztera bultzatu zuten besaulkiko intelektual bakezaleekin baino. Sassoonek larrutik ordainduko zuen idatzi hura, zigor militar bat jasoko zuen eta, Gravesen aburuz, Sassoonen gorputza ahulegi zegoen kartzela egunak jasateko. Ez zuen merezi esfortzuak. Gravesek laguna ikusten zuen ideien gainetik.

        Carmen Musscheri galdetu diot bi liburu hauei buruz, eta itaun egin Lehen Mundu Gerrak Robertengan izan zuen eraginaz. Carmenek argazki bat atera du paperezko zorro zahar batetik. «Erreparatu ondo paparrekoari». Esku bi fusil bat erdibitzen irudikatzen zuen paparrekoa zeraman Robertek bere jakatik zintzilik. Carmenek azaldu zidan Gerraren Kontrako Ligako kide izan zela Robert gaztetan, bere garaiko beste asko bezala, eta paparrekoa kendu ere ez zuela egiten soinetik gazte sasoi hartan. Gerla Handiak arrasto iluna utzi zuen flandestarren artean. Ypresko hiru gatazka odoltsuek gerraren kontrako sentimendu mingotsa sortu zuten. Milaka lagun hil ziren bataila haietan.

        Soldadutza egin zuenean ere ez zuen ondo igaro Robertek, Ganten bertan egin arren. Beverloko ospitale militarrean egon zen gaixorik denboraldi batez, eta birikietakoak jota zegoen bitartean gutun bat idatzi zion Hermani, adieraziz ondo zegoela baina ez zela ondo moldatzen soldadu waloiekin; ezinikusirik ez zegoela euren artean, amorrurik ere ez, baina ez zela lasai sentitzen haiekin. Garai hartan frantsesa zen kultura hizkuntza Belgikan eta flandriera langileena. Horrexegatik, langile erakundeetako egunkariak flandrieraz argitaratzen ziren eta ezkerreko intelektual askok flandrieraren aldeko hautua egin zuen, nazionalista ez izanik ere. Robert ekaitz arratsalde batean basoan zehar ibiltzeagatik zegoen Beverloko ospitale militarrean, pneumoniarekin. Maite zituen ekaitz egunak, maite zuen euria eta hotza aurpegian sentitzea.

        Ludwig van Beethovenen antzera. Konposatzen ziharduenean, maisuak gogoko izaten zuen paseatzea, euritan bazen hobeto, ideiak argitzen zitzaizkion-eta horrela. Zahartzaroan, jadanik gortuta zegoela, Beethoven kantari joaten zen larrerik larre. Behin, idiei uztarria jarri nahian zebilen baserritar bat kexatu egin zen. Besoak airera mugitzen zituen gizon hura ikusita, aztoratu egin ziren behiak. Uztarritik libratu eta ihes egin zuten mendian gora. Baserritarra kexuka eta oihuka hasi zitzaion, baina Beethoven ez zen ezertaz ohartzen. Handik egun batzuetara lasaitu egin ziren baserritarrak, jakin baitzuten nor zen larrerik larre besoak airean eta kantari ibiltzen zen gizon zoroa, eta aurrerantzean ez zioten jaramonik egin. Ezta behiek ere. Burua pixka bat altxatu, zoroa begietsi eta belar janari jarraikiko zitzaien.

        Ospitalean zegoela, Robertek egoera desatsegin bat bizi izan zuen eta halaxe idatzi zion Hermani. Baziren pare bat gau, saguzar bat ospitaleko gelan sartu eta ostendu egin zela. Iluntzean hegaz hasten zen, bira eta bira, gelako sabaian. Aurreneko gauean jasan izan zuten soldaduek, baina bigarrenean amorruak zapart egin eta hura harrapatzeari ekin zioten. Soldaduek kapela militarrei korapiloa egin eta pilotak bailiran botatzen zituzten animaliatxoaren kontra. Saguzarrak gizonen oldarrei eutsi eusten zien, haiek jaurtitako kapela bolei itzuri egiten zien nola edo hala. Gisa hartan jardun zuten bi orduz, deiadar eta suminez kapelak airera botatzen.

        Robert higuinduta zegoen trantze hartan. Gelditzeko erregutzen zien, uzteko piztia bakean. Alferrik zen ordea. Mutil haiek saguzarra akabatu nahi zuten kosta ahala kosta. Eta halako batean akitu zen hainbeste hegal egiteaz eta pausatu zen lurrean. Soldaduek gorak eta bibak bota zituzten. Haietariko bat mamua hartzera joan zenean baina, ospitaleko zaindaria sartu zen gelan, zalaparta hura zertara zetorren jakin nahian.

        Saguzarra eskuetan hartu eta kaiola batean sartu zuen zaindariak, eta libre utzi zuen hurrengo iluntzean, gau sakonean aske.

        Carmenek hots egin dit bere gelatik, aitaren paperen artean zerbait aurkitu duela esateko. Besoko bat da, Espainiako Errepublikako banderaren koloreekin. Kataluniako frontean janzten zuen Robertek. Eta igandero gerrako haurrei eskolak ematean ere bai geroago.

        — Liluragarria da!, den-dena gorde zuen gure amak.