Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

11

 

Robertek abisatu ere ez zion egin ezkontzera zihoala, artean haserre baitzegoen Hermanekin. Robert Briseren ahotik jakin zuen Hermanek lagun zaharraren ezkontzaren berri. Hunkituta, gutun luze bat idatzi zion Roberti, lehenik eta behin ezkontzagatik zoriontzen, eta ondoren, barkamen eskean. «Ezin liteke noizbait zuk zure lagun onena deitu zenion horrek ez zoriontzea zure ezkontza egunean. Zure gaztaroko laguna izandako horrek, biok sekula ahaztuko ez dugun sasoi hartakoak. Badakit, beharbada, nire zorionak ez dituzula onartuko; are gehiago, agian zaila izango zaizula gutun hau irakurri ere egitea».

        Eskutitzean Hermanek onartu egiten dio Roberti ez zuela ongi egin Aurora eleberria idazten, bidegabe jokatu zuela diotso, eta agintzen dio gaztaroko euren arteko egunei buruzko nobela bat idatziko duela berandu baino lehen, aurreko eleberri eskas hari mendekua hartuko diona. Desenkusatzeko diotso Roberti, soldadu artean idatzi zuela liburua, Frantzia hegoaldean, etxetik hagitz urrun, bere bizitzako garairik zailenean. Bakar-bakarrik eta galduta sentitzen zela une haietan, eta ulertzeko, arren. Eskutitzaz gain, ezkontza oparia ere bidali zien etxera Hermanek, Beethovenen granitozko buru bat, «Konpositore alemanaren lanak elkarrekin entzuten igarotako garai haiek gogoan». Osaba eskultoreari eskatu zion burua egiteko; sinadura ere badakar irudiak: «H. Thiery». Hasieran Robertek uste izan zuen Hermanek berak zizelkatu zuela burua, «Bai lanak hartu dituela mutilak barkamena irabazteko». Baina hilabete batzuk geroago, barre algara medio, Hermanek berak argituko dio H hori ez dela Hermanena, Henry osabarena baizik. Bizkarretik heldu eta belarrira esango dio: «Une batez pentsatu dut, bai, neuk egina dela esatea, zure deskuiduari jarraituz, baina ezin izan dut. Gauza asko ikasi nuen soldaduen artean, baina eskulturak zizelkatzen ez».

        Hermanek uste ez zuelarik, Robertek gutuna osorik irakurri ez ezik onartu ere egin zituen Hermanen argudioak, eta berrirotze bidean jarri zen euren adiskidetasuna; nahiz eta bi lagunen artean gaztetan zeukaten berotasun hura betiko maskalduta egon, nahiz eta zauri hark seinalatuko zuen bien artean halako tarte bat. Ostera ere lagunak izan arren, ez zen behinolakoaren pare izatera iritsiko.

        Robertek pozik irakurri dio Hermanen gutuna Vici, eta harrotasunez erakutsi oparia, Beethovenen burua esku artean jasoz, garaikurra hartzen duen kirolariaren antzera.

        — Damu dela ematen du. Kartan behintzat onartu egiten du gaizki egin zuela —esan dio Robertek, asebeterik—. Barkamena eskatzen dit.

        — Eta onartu egingo al diozu?

        Betaurrekoak jaitsiz begiratu dio Vici.

        — Gaizki pasarazi zizun...

        — Tira, Vic, nire betiko laguna da. Barkatzen ere jakin behar da.

        — Barkamena zilegi da, egia da, baina badiotsut zure lagun horrekin berriz biltzeak ez dizula onik egingo. Atzea ekarriko digu honek.

        Robertek ez dio jaramonik egin azken esaldi horri, eta laineza hartuta joan da Beethovenen burua apalategian jartzera, liburuen gainean, aurretik zituen beste dozena erdi Beethovenen buruen ondoan, hantxe bertan. Agi denean, Herman ez zen opariarekin originala izan, baina bete-betean asmatu zuen keinuarekin. Roberten konfiantza suspertu zuen.

        Anberesen ezkondu zen bikotea, astearte batean, 1941eko uztailaren 15ean, Katedralaren hegaleko kapera txiki batean. Robert fedegabea zenez, Eliza Katolikoak galarazi egin zien aldare nagusian esposatzea. Hala eta guztiz, Carmenengandik dakit, bi-bien sinesmenak errespetatu zirenez, gustura zeudela hala senarraren nola emaztearen senideak, alde bateko marxistak eta beste aldeko katolikoak. Vicen ama gaixorik egon zen gutxi lehenago eta, ondorioz, oturuntza ez zen beste mundukoa izan. Gertuko jendea gonbidatu zuten, besterik ez. Bi familiek elkarrekin egun zoriontsua igaro omen zuten, alboko kapera txikian ezkondu arren eta udako astegun buruzurian.

        Etxeratu zirenean, ezkonberriek bi irudi jarri zituzten parez pare egongelan. Horma batean Karl Marxen koadro bat eskegi zuten, arkatzez marraztutako erretratua; eta justu haren aurreko horman, Ama Birjinaren portzelanazko erliebe bat.

        — Elkar ondo hartzen zuten Ama Birjinak eta Marxek —esan zion behin Vicek Carmen alabari—. Gure etxean ez zen arazorik izan behintzat; norberak bere irudiari begiratzen zion, eta bi haiek ere egun santu osoa elkarri begira egon arren inoiz ez zuten istilurik izan.

        — Ama...

 

 

Eztei gaua ez zen amestutakoa izan. Luze iritzita zeuden ezkonberriak, akituta goizean goiz hasitako egunaren luzeaz. Vicek urduri sumatu zuen Robert oheratzeko orduan.

        — Zer darabilzu buruan, gizona —esan dio Vicek samatik oratuta—. Musu ilun zaude, eta gure bizitzako egunik politena da gaurkoa.

        Robertek gerria inguratu eta artez galdetu dio andreari.

        — Ezagutu al duzu beste gizonik?

        Vicek harrituta so egin dio. Ez daki Robert zertaz ari den. Bai edo ez esan, ez daki zein izango den erantzun zuzena une honetan.

        — Jakina —bota du, ondo pentsatu gabe.

        Vicen erantzunak haserretu egin du Robert. Pentsatu baitu bera ez dela harekin oheratzen lehena. Lotsa sentitu du. Vic gauzak azaltzen saiatu da, baina alferrik izan da.

        Elkarri bizkar emanda lo egingo dute.

 

 

— Benetan uste duzu ez zutela ezkon aurrean harremanik izan? —galdetu nion Carmeni.

        — Gure ama zabala zen sexu kontuetan. Txikia nintzenetik gauzak oso argi azaltzen zituen. Egia da, ordea, urte haietako gizartea puritanoa zela. Ez... uste dut harremanik izan gabe iritsi zirela ezteietara.

        — Baina Roberten giroa bestelakoa zen. Aurrerakoiak ziren. Esan zenidan Aline hura larrugorririk ibiltzen zela etxean eta...

        — Bai, baina, ez pentsa. Agian gure amaren giroa kontu horietan zabalagoa izango zen. Anbereskoa zen bera, hiri handiago batekoa. Baina Gante hiri txikia zen sasoi hartan, eta aitaren familiakoak ideiez ezkertiarrak izan arren nahiko itxiak ziren harremanei dagokienez. Barru-barrutik kristau estuak izaten jarraitzen zuten Ganteko langileek. Mendeetako ohiturak ez dira erraz ahazten.

 

 

Biharamunean goibel itzartu dira ezkonberriak, isilik dautza ohean. Vicek bizkarra laztandu dio Roberti. Hark buelta eman eta gogor estutu du; musukatzen hasi zaio, zakar antzera. Badirudi keinu baldar horrekin ahaztarazi nahi diola bart gaueko desenkontrua, argi utzi maite duela gauza guztien gainetik, nahiz eta, ustez, bera ez izan lehena.

        — Geldi —moztu dio Vicek, gizona lasaitu nahian—. Erabili burua, fantasia apur bat. Ez al zara ba idazlea...

        Vicek etzanarazi egin du Robert eta bere gainean jarri da. Biluztu egin du astiro-astiro. Haren eskua oratu eta bere gorputza laztantzen hasi da.

        — Laga neuri zure eskua gidatzen, zuk ez egin indarrik, utzi lo balego bezala.

        Eta halaxe, Robertek eskuaz sorbaldak ferekatu ditu lehendabizi, besoak gero, sabela azkenik. Robertek eskua askatu eta Vici ahoan musu emateko ahalegina egin du, baina hark ez dio utzi: «Oraindik ez». Bultza egin eta berriz etzanaraziz, gizona laztantzeari ekin dio, goitik behera, bularraldetik sabelpera. Bizkarrez jarri da eta ipurdia hurreratu dio gerrira. Alboz daude biak. Roberten zakila bere barrura sartzen ahalegindu da, geldo-geldo.

        Robertek min keinu bat nabaritu dio Vici.

        — Ondo zaude?

        — Ixo...

        Mugimendu trakets batzuk eta Robert hustu egin da.

 

 

Hermanen eleberrietan etengabe lantzen den gaia da desira.

        Gerraren ostean argitaratu zen mundu zabalean ezagun egingo zuen liburua: Ilea moztu berri dioten gizona. Bere ibilbide luzeko gainontzeko lanak bezala, Johan Daisne goitizenarekin plazaratu zuen 1947an eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen. Bigarren hezkuntzako emakumezkoen zentro batean eskolak ematen dituen irakasle baten ibilerak kontatzen ditu. Askoren ustea da benetako bizipenetan oinarritu zela Herman hura idazteko, bera ere irakasle izan baitzen garai batean emakumezkoentzako eskola batean.

        Kontua da irakasle hori maitemindu egiten dela ikasle batekin. Liburua bakarrizketa bat da eta irakurleak ez daki oso ondo bereizten protagonistak buruan darabilena egiaz gertatu den edo desira baino ez den. Bi plano horiek desagertu egiten dira eleberrian, irakaslearen buruan biak daude nahasian, egunerokotasunean maiz gertatzen den antzera, eta bi planoak dira, zentzu batean, egiazkoak.

        Errealitatea, ametsa, desira, muga, lerro ikusezin horien artean mugitu eta idaztea zuen gogoko Hermanek. «Errealismo fantastikoa» deritzonari buruz ere idatzi zuen saiakera bat. Izan ere, Herman Europa mailan aitzindaria izan zen mugimendu horretan. Haren lanetan ametsa eta errealitatea nahasian datoz beti, bere herrian bizi izan ziren bi mundu gerrek utzitako hondamendiari erantzunez edo. Gerrak goitik behera aldatu zuen errealitatearen pertzepzioa, gerran ez da haurtzaroan erakusten diguten baloreen arrastorik. Horiek ez dute balio infernu hartan. Horrexegatik saiatuko da Herman bere lanetan haurrek mundua ulertzeko duten erara itzultzen; umeen logikak asebeteko du, helduenak baino gehiago. Errealismo fantastiko honek ez du zerikusirik, ordea, izen bera hartu zuen Latinoamerikako literatur mugimenduarekin. Europakoa indibidualistagoa zen, surrealismoaren oinordekoa. Latinoamerikan, aldiz, herrikoiagoa. Postkolonialismoaren garaian, berta-bertakoa kontatzeko modua berreskuratu nahi zuten.

        Gerraren ostean engaiamendutik ametsera igaro zen Herman, herria salbatzea pentsatzetik norbanakoaren askatasuna aldarri egitera, gutik nira, beste egile asko bezala. Gerra irabazi, irabazi zen, baina horren latza izan zen ordaina, ezen idazleek gizakiaren onberatasunean zuten sinesmena erabat galdu baitzen. Arrazoitik haratago joan beharra zegoen, eta gizakiaren barneko grinek, herrak, ametsek hartuko zuten indarra. Tartean, desira jazarriek.

 

 

Horiek izan ziren egunik zoriontsuenak Vic eta Roberten arteko harremanean. Vicek argia ekarri zion, baretasuna.

        «Denboraldi txar bat igaro dut, tristezia eta ardura handiko garaiak. Ikusten duzu, ez naiz oraindik asko aldatu. Ez dut zomorroa izan nahi, baina dena astun eta zail bilakatu zen egun batetik bestera. Espainian bizitakoak ere pisua izan zuen nire baitan. Zaila da, adiskidea, kezkarik gabe bizitzea zeure barruan horrenbeste galdera dituzunean. Orain, hala ere, nire inguruan dagoen edertasunaz gozatzen hasi naiz: elurrak estali dituen basoen paisaia, goiz-alba, untxi bat saltaka, zuhaitz bakarti baten itzala. Urtaroak nabari ditut, berriz ere, pasatzen...». Horixe kontatu zion Robertek Hermani gutun bidez Vic ezagutu ondorengo garaiaz. Vicekin ezkonduta, bizitzan behingoz aske izan zen Robert. Ez zuen egin behar zen hura egin. Vic ez zen bere lagun girokoa, ezta bere klase sozialekoa ere. Beste mundu batetik zetorren eta Roberten lagunarte itxiarentzat ere arrotza izan zen hasieran. «Zer dauka neska horrek?» galdetu zion bere buruari batek baino gehiagok. Adiskideak harritu egin ziren Robert halako neska batekin ibiltzeaz; ez zen engaiatua, ez zen intelektuala; baina, onartu beharra zeukaten, zoriontsua zen harekin. Vicekin harremana hastearekin behingoagatik erabaki bat aske hartu zuen Robertek, ingurukoei jaramon egin gabe.

        Vicek ironiaz kontatzen zion alabari:

        — Ez kontu apartekorik pentsatu. Zure aita tuberkulosiak jota zegoen eta etxean egoteko agindu zion medikuak. Horrexegatik egon ginen elkarrekin eta izan ginen hain zorioneko. Hilabete gutxi batzuetako kontua izan zen. Ezkondu osteko hilabete horiek. Gure bizitzako ederrenak. Eskerrak atseden hartu behar izan zuen denboraldi batez, bestela ez zinen jaioko.

        Garai hartako argazki bat erakutsi zidan Carmenek. Argazkian hirurak ageri dira, dotore jantzita. Aita, ama eta alaba. Robertek Carmen du besoetan eta umeari begira ari da. Vicek irribarre egiten du.

        — Familia zoriontsu bat ematen dugu hemen —adierazi zidan Carmenek—. Argazki honi buruz, edonork esan lezake, zeinen pozik dauden, baina hauxe izan zen barealdi une bakarra. Inork ezin zuen antzeman zer etorriko zen ondoren. Laino igarokor baten modukoa izan zen garai zoriontsu hura.

        Ezari-ezarian elkarren gorputzak ezagutzen joan ziren bi maitaleak. Hastapeneko baldarkeriak tokia egin zion elkar ezagutzeari. Vicek laket zuen Roberten ondoan ohean etzan eta elkarri kontuak esatea, irri-solasean aritzea.

        — Kontatu egidazu gezurren bat —xuxurlatu dio Vicek, eskua paparretik sartuta.

        — Fantasiaren bat? —Robertek, bihurri.

        — Ea baten bat badakizun.

        — Ezagutzen al duzu Vitruviotar gizona?

        — Ez ba.

        — Antigoaleko greziarrek bazuten edertasun kanon bat, proportzio aureoa deitzen zena. Polikletoren aburuz, pertsona baten gorputz perfektua haren burua bider zazpi zen. Horixe esan zuen k.a. V. mendean. Eta kanon horren arabera landu zuten, esate baterako, Doriforoa.

        — Zaldi gurdian doan hura?

        — Gurdian?, ez. Oinez doala dirudi, ezkerreko eskuaz oratuta lantza bat bizkar gainean balerama bezala, biluzik. Tira, kontua da, geroago ohartu zirela eskultura horiek ez zirela hain lirainak, eta kanon berri bat osatu zuten, pertsona zazpi zatitan banatu ordez zortzitan banatuta. Eta horrela jaio zen Hermes izeneko eskultura.

        Vicek Roberten paparrean pausatu du burua. Belarri batekin entzun lezake Roberten ahotsa eta bestearekin bihotz taupadak.

        — Errenazimenduan sendotu egin zen ideia hori —segitu du Robertek—, Leonardo da Vincik egindako Vitruviotar gizona anatomia marrazki famatua ere tradizio horretatik dator. Kontua da, Da Vincirentzat zortzi arra betekoa dela pertsona perfektuaren neurria.

        — Eta zuri zer iruditzen zaizu, perfektua naizela? —galdetu dio Vicek, jolasean.

        — Ea, egin dezagun proba —Robertek, olgetari jarraituz.

        Luze etzan da Vic, aratinik.

        Lehendabizi burutik ahora neurtzen hasi da Robert, arra beteka. Atzamar lodia buru gainean ipini dio, txikia ezpain muturrean, eta ondoren musu limuriak eman dizkio mihi-ezpainetan.

        — Bigarrena: ezpainetatik samara —eta lepoa milikatu dio, eztiro, alkandorako hegalak zabalduz.

        — Segi —esan dio Vicek, botoiak askatu ahala—, segi, segi...

        — Hirugarrena: samatik bular tartera —eta hatz lodia lepo parean ipini dio eta txikia bular artean.

        Bular erreka ferekatu dio, eta ondoren bular kaiola osoa. Ezkerreko titia eta gero eskuinekoa. Biribilean, ertzetatik erdira. Titi sagarrak nola gogortzen ari zaizkion sentitu du Robertek.

        — Laugarrena: bularretatik zilborrera.

        Zilborra kilimatu eta mingainarekin bustitzeaz batera, dardarizoka sentitu ditu haren sabeleko giharrak.

        Mugimendu azkar batez Vic biluztu egin da gerritik behera.

        — Bosgarrena: zilborretik alura.

        Hatz mamiekin laztandu dizkio aluko ezpainak; haien ura igurtzi du aurrena, eta ahoaz gozatu dizkio gero, tarteka mingaina zuloan barrena sartuz. Aspaldi ikusi gabeko maitalea musukatzen ariko balitz bezala, leun eta irmo, aldi berean.

        — Seigarrena: belaun gainera...

        Vicek eskuarekin itxi dio ahoa eta bere barrura sarrarazi du Robert, atsegalez.

 

 

Carmen Mussche 1942ko abuztuaren 16an jaio zen, Bijloke ospitalean. Robertek neskatoa zela jakin zuenean «Carmen» jarri nahi izan zion, sorterrira gogoz kontra bueltan bidali behar izan zuten beste alabatxo haren oroimenez. Carmen txikia jaio zela jakiten lehen laguna Herman izan zen; barruan kabitu ezinik kontatu zion Robertek, udako arratsalde epelean, kanal ertzetik paseatzen eta zuhaitzen gerizpean. «Denboraldi txar bat igaro dut, baina orain nabari ditut berriz ere urtaroak pasatzen».