Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

3

 

Bi lagun on dauden tokian beti izaten da hirugarren bat.

        Robert Brise deitzen zen Robert eta Hermanen hirugarren laguna. Ottograchteko ikaskidea. Musika zen Briseren pasioa. Pianoa jotzen iaioa zen gaztea. Hari entzuten ordutan egoten ziren Robert eta Herman thierytarren etxean. Robertek Beethovenen piezaren bat jotzeko eskatzen zion ardurenean.

        — Ez da izan Ludwig van Beethoven bezain konpositore handirik munduan —esan dio Robertek ohiko segurtasunarekin.

        — Debussy eta Ravel ez dira makalak... —arrapostua Hermanek.

        — Ez zaitzala garaiko modak itsutu. Horiek ez dute Beethovenek zuen adorea. Artista duina zen, gauza guztien gainetik. Badakizue, handikiei ematen zizkien musika eskolak. Konde eta markesei. Ikasleen artean, bazuen Rainer izeneko artxiduke bat. Kontua da, artxiduke hori arratsaldero berandu iristen zela eskoletara. Beethoven zain izaten zuen beti. Egun batean Beethoven aspertu da. Inoiz baino zorrotzagoa da Rainerrekin. Ez dio akats bakar bat ere pasatzen uzten. Makilarekin kolpatu egiten du atzamarretan, ondo jotzen ez badu. «Izan ezazu pazientzia pixka bat», erregutu dio gazteak. «Pazientzia izan dut zure zain egoten, baina ahitu egin zait». Geroztik Rainer gaixoa puntuala izan omen zen. Eta Beethoven neurritsua bere eskakizunetan.

        — Tira, Herman, zeuk ere ikasi beharko duzu puntualagoa izaten —zirikatu du pianotik Brisek.

        — Baita zuk ere ahoa ixten.

        — Baina hori baino hobea izan zen Goetherekin egin zuena —jarraitu du Robertek bere bi adiskideen arteko ika-mikari jaramonik egin gabe—. Ez zuten ondo elkar ulertzen Goethek eta biek. Idazlea ezagutu nahi zuen Beethovenek, miretsi egiten zuen, ahalegintzen zen berarekin kontaktuan jartzen, bere poemekin egindako doinuak-eta igortzen zizkion, baina alferrik. Ez zeuden elkar ondo hartzeko eginak. Beethovenek kontatzen zuen, behin batean Goethe eta biak besotik helduta paseoan zebiltzala, hara non agertzen diren enperatriza eta printzeak. «Lasai, jarraitu hizketan ezer gertatuko ez balitz bezala», agindu dio musikariak. Baina poetak Beethovenen besoa askatu eta erpai geratu da, errege gortea noiz iritsiko. Musikaria enperatrizaren taldearen erditik igaro da baldar, kapelari keinu txiki bat eginda, aurrera. Nobleek agurtu egin dute konpositorea. Goethe, ostera, albo batera jarri da, pasatzen utzi die agintariei, kapela eskuan hartu eta harekin alabantzak eginez. «Ez zuten horrenbeste merezi», horixe esan dio Beethovenek, bekozko; «edozer egitea agin dezakete: barkuak, jauregiak, armak; baina gure garuna ez, hori ezin dute fabrikatu». Goethek ez zion sekula barkatu atrebentzia.

        — Hara! Iraultzailea hura ere! —Hermanek.

        — Gustuko dut Beethoven, baina Mozart areago, hura da perfekziotik hurbilen dagoena —Brisek.

        — Egia da —Robertek— eta Beethovenek ere onartzen zuen hori. Bazekien Bach eta Mozart baino gutxiago zela bera.

        — Gaztetan Mozartekin jo nahi izan zuen kontzertu berean —esan du Brisek pianotik—, bere ametsa zen, baina Salzburgoko maisuak muzin egin zion. Ez bide zuen bere ondoan musikari gazterik nahi. Beethoveni bere garaian min egin zion mespretxu horrek.

        — Hala ere, aitortu behar zaio —desenkusatu nahi du Robertek Beethoven— urteen poderioz jakin zuela barkatzen. Jende aurrean beti onartzen zion jeinutasuna Mozarti. Nahiz eta uste zuen Mozart ume mimatua izan zela, aita Leopoldek erakutsi ziola txikitandik zer egin, bideratu egin zuela musika munduan ez ezik bizitzan ere. Beethoven, ordea, ez; bera erabat autodidakta izan zen. Ez zuen izan babes berezirik familian.

        — Tira, jo ezak zerbait, Brise —agindu dio Hermanek, eserlekuan burua etzanda—. Berba larregi egiten ari zarete, ohi duzuen legez.

        Beethovenen Opus 27.aren bigarren zatia jotzen hasi zen Brise, piano sonata, Ilargi begia deritzona. Sekula ez zitzaion gustatu Roberti izenburu hura; Ludwig Reelstag poetak jarri zion, Beethoven hil eta urte anitz geroago. Ilargi begiaren irudia baino gehiago zen musika hura Robertentzat, edertasun mota hura ez zuen atsegin. Roberten iritziz, barruko hutsune handi bat azaltzen zuen doinu horrek, izatearen astuna, nekea.

        Beethoveni buruz Robert hizketan entzunda, txunditurik geratzen zen Herman. Areago, Brisek jotako notak aditzen zituenean nola hunkitzen zen ikusita.

 

 

Vic Opdebeeck-ek 1945eko martxoaren 16an honela idatzi zuen bere egunerokoan:

 

        Maitea,

        Etxean sartu naiz Beethovenen kontzertutik bueltan. Zortzigarren sinfonia entzun dut. Benetan da jeinua gizon hau! Bere musikak inarrosi egin nau eta negar batean hasi naiz. Zutaz oroitu naiz. Nire ondoan behar zenuen.

        Non zaude, bihotza?