Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

20

 

        1945, uztailak 29.

        Laztana,

        zapuztuta nago barrutik eta erabat triste, hala ere, zurekin hitz egin beharra daukat. Bai, maitea, ez zaitut SEKULA berriz ikusiko. Baina horren hurbil gaude espiritualki, ezen zure presentzia nabari baitut egunero. Pasatuko al zait egunen batean barrutik erretzen nauen min hau? Hain zait zaila imajinatzea ez zarela gurekin egongo. Baina zure berririk jasotzen ez dudanez, txarrena onartu behar dut.

        Gaurkoa egun zaila izan da. Valere Billiet «Max» irakaslearen aldeko mezara joan naiz. Han esan dute, bizitza galdu duten edo desagertu diren horiek guztiak gurekin daudela, pertsona handiak zirela bizirik zeudenean eta baita orain ere, sakrifikatu direlako mundu hobe baten alde. Bai, maitea, zuk zeure bizitza eta zoriontasuna eman zenituen bizitza hobe baten alde. Eta horrelako heriotza ezin da alferrikakoa izan.

        Zuk erakutsi zenidan nola bizi, erakutsi orain zu gabe bizitzen. Gure alabarengatik, denongatik.

        Zure ideien arabera heziko dut alaba, eta esango diot nolako gizon zoragarria zinen. Berak beti maitasunez eta begirunez esango du «Aita». Erakutsiko diot pertsona ona izaten, bere aita bezala.

        Badakizu?, zertxobait trankilago nago orain eta atseden pixka bat hartuko dut. Arren, ager zaitez neure ametsetan, zoriontasun une bat izan dezadan.

        Musu goxo bat, beti zure emazte izango den,

Vicek

 

 

Carmen alabari urte asko geroago kontatu zion legez, zinemara joandako egun batean, filmen aurretik botatzen zuten albistegian Cap Arcona ontzian zer gertatu zen ikusi zuen Vicek. Barrua hartu zion kontakizunak. Horrenbeste mila preso hilda. Bazekien Lubeck Hanburgotik hurre zegoela, baina artean ez zekien ezer Roberti buruz, ez zekien nondik nora zebilen, eta ez zuen susmatu ere egin itsasontzi hartan izango zenik.

        Vicek ez zuen berandu arte jakin Robert Neuengammen egona zela. Gurutze Gorrira hainbatetan idatzi zuen, esanez gizona Alemaniara eraman zutela baina ez zekiela nora, eta, arren, emateko arrastoren bat. Zantzurik ez, Gurutze Gorriak ez zion inoiz erantzun.

 

 

Vicek 1946ko maiatzaren 26an utziko dio bere egunerokoan idazteari. Urte osoa egon da lerrorik idatzi gabe, baina gogotsu hartu du luma azken aldi honetan. Ematen du amorruz dagoela, igarotako guztiak zentzurik ez balu bezala, idatzitakoak, bizitakoak.

        Alaba ez duela behar bezala zaintzen onartzen du, gaizki hezten ari dela, eta mundua ez doala uste zuten bezain ongi. Izan ere, non dago elkarrekin amestu zuten mundu eder hura? Gizateriak bonba atomikoa asmatu du, aliatuek sekulako triskantza egin dute Japonian bakearen izenean. Zer etorkizun datorkio gure alabari halako mehatxu bat izanda. Gerra hotzaren hasiera da, garai bateko aliatuak elkarren aurka ari dira. Munduak ez du elkartasunean pentsatzen, bakoitza bere buruaz baino ez da arduratzen, aberasteaz, posizio on bat lortzeaz, besterik ez.

        Eta non daude sasoi bateko adiskideak? Vicek ez du harremanik Roberten aspaldiko lagunekin. Intelektualak ahaztu egin dira. Eta gainera, Gobernuak ez dio oraindik alarguntzako dirurik ordaindu.

        Inpotentziatik jaiotako hitzak idatziko ditu Vicek, senarrari zuzendutako egunkariaren azken orrian.

 

 

Vicek Anberesko kartzelan jaso zuen Roberten ondasun guztia. Eskuko erlojua, hori besterik ez. Horixe geratu zen trena hartu zuen gizonarengandik: erloju zahar bat, laukizuzena, estilizatua, larruzko ubelaren jarraipena balitz bezala. Zilarrezkoa du kutxa eta zenbakiak hiru puntutan soilik. 9, 12, 3. Seia beharko zuen tokian segundoak markatzen dituen beste erlojutxo bat dago. Orratz handia geldituta dauka, hirurak baino zertxobait gorago. Orratz txikirik ez du. Hautsi egin zitzaion. Kanpoko beira zartatuta dauka, baina ez da zulorik ageri. Hirurak baino minutu batzuk lehenago gelditu zen erlojua, gaur arte.

        Anberesko torturetan kendu zioten erlojua Roberti eta ez zioten bueltatu. Zertarako, Alemanian ez zuen beharko. Papertxo batekin gorde zuten erlojua. Dena ondo antolatuta zuten naziek, baita heriotza ere. Paperean presoaren izena eta jaioteguna azaltzen da eta ondasunaren deskripzioa.

 

Name: Robert Mussche.

Geb.: 7-11-12

Inhalt: N 115.

1 armbanduhr, weiss, mit lederband.

 

 

Neuengammeko burua, Max Pauly, epaitu eta urkatu egin zuten. Baina beste ofizial asko ez zuten epaitu ere egin. Gezurra dirudien arren, Neuengammek kartzela izaten jarraitu zuen 2006. urtera arte. Lehenengo oroimenezko monumentua 1953an inauguratu zen, bertan hildako umeak gogoratuz. Ia berrogeita hamar urte igaro behar izan zuten han preso izandako guztien omenez behar bezalako memoriala eta museoa eraikitzeko. 2005ean zabaldu zutenean gonbidatu zituzten Carmen Mussche eta Marc, bere senarra, bizirik zeudenekin eta gainerako presoen senitartekoekin batera. Hirurogei urte beranduago.

        Aita galtzearen oinazea handituz joan da Carmenengan urteak pasatu ahala. Bere buruari galdetzen dio nolakoa izango ote zen bere bizitza aita itzuli balitz. Baina, batez ere, Roberten hilobi faltaren hutsunea du, nora jo goibel eta hondatuta sentitzen denean, edo berri on bat eman nahi dionean.