Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
azala: Lander Garro
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

Erosi: 15,20
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

 

 

Amaitu dezagun behingoz!

 

Amagoia Gurrutxaga

 

Susa 28 / 1992ko apirilean

 

 

Nere neskak deitu dit. Ilun zegoen autoa etxepean aparkatu dudanerako. Besoak poltsez gainezka ditudala igo ditut eskailerak. Ez dut giltzarik aurkitzen. Hemen daude. Atea ireki. Argiak piztu. Eta bidaia luze batetik heltzen naizen guztietan bezala, erantzungailu automatikoan bere dei bat daukat grabaturik.

        — Kaixo! Ni naiz. Badakit datorren astera arte ez zarela hor egongo, baina ohituta nago zure zenbakira. Mesedez, deitu heldu bezain laster.

        Ez du besterik esan. Inoiz ez du besterik esaten. Maleta desegin eta egingo dudan lehen gauza dutxa bero bat hartzea izango dela erabaki dut. Gauza asko daukat buruan. Deituko diot gero.

        Komunean sartu eta txorrota ireki dut. Ez dut ezer pentsatu nahi. Lasaitzeko premia daukat. Dutxako ura nahikoa berotu da dagoeneko. Bustitzera noa. Baina telefonoa. Albornoza jantzi eta ziurrenik pasilloko zoruan lehortzean markak utziko dituen urratsak egongelara zuzendu ditut. Gero fregona pasatu beharko dut.

        — Bai? Nor da?

        Erantzunik ez.

        — Bai? Esan?

        Arnasa hotsa.

        — Nor arraio zara?

        Eten egin da. Isiltasuna berriro. Baina dena esana dagoela iruditu zait. Hotzikara. Gorputza busti didan urak aspaldi galdu du hasierako berotasuna. Dutxara noa. Pentsatu egin behar dut. Ezinbestekoa da.

        Ur azpian, gorputza epeltzen zaidan bitartean, zer demontre egin behar dudan pentsatu dut neure artean. Eta putakume horrek ez du ezer esan. Gorroto dut. Nere neskari deitu beharko niokeela iruditu zait, ondoren kontrakoa erabakitzeko. Ez diodala inoiz deituko. Sekula ez. Baina hain da gozoa nire neska nirekin dagoenean! Hain da trebea nire gorputzarekin jolasten duenean! Ez dakit zer egin. Eta nire neskaren odolaren usaina gogoratu dut. Ia gorpuztu egin den arte. Hementxe dago orain, ur beroaren lurrunetan ezkutatuta. Erotu egiten nau usain honek. Edo eroturik nago honezkero. Ez dut ezer ulertzen. Nahasiegia da hau guztia. Telefonoa. Berriro. Ez dit bakerik ematen. Eskegi egingo dut lehengo bera baldin bada. Ez dut telefonoa hartu ere egingo. Erabaki dut.

        Soinu mekanikoak nire belarriak bortxatzen jarraitu du ordea. Ez dut hartuko. Ez dut hartu behar. Baina telefonoa ez da isildu. Eta ez nago gehiago jasateko prest. Agian hartu egin beharko nuke. Beste norbait izango da agian. Iturria itxi eta, albornoza bigarren aldiz janzten dudan bitartean, erregu bat luzatu diet infernuko nagusiei. Eskegi dezala egongelara heldu baino lehen. Mesedez eskatu diet. Baina infernuan ez dute errukirik. Niretzat ez behintzat. Eta tramankulu horrek orroka jarraitu du egongelara heldu naizen arte.

        — Esan? Nor da?

        — Kaixo! Zer moduz zaude? —erantzun dit hariaren bestaldetik nire neskaren ahotsak.

        — Tira, ongi. Nekatu samar. Baina ongi. Eta hi? —galdetu diot.

        — Ez oso ongi. Hilekoa etorri zait gaur goizean eta izugarrizko mina daukat.

        — Hortxe naun segituan. Nahi al dun?

        Erantzuna aldez aurretik badakidan arren egin diot galde. Ez naiz baiezkoa entzun zain ere egon. Aldatzeko behar dudan denbora eskatu diot eta berehala bertan izango nauela esan. Betiko agurra. Ez daukat denbora gehiegi. Levi's garbiak jantzi, zimurturik dagoen niki beltz bat eta banoa presaka, etxeko argi guztiak itzaliak daudela ziurtatu ondoren.

        Kalean, baimenik gabeko laztan zakarrak egiten dizkit gaueko haize hotzak. Nola azalduko diot hau nire neskari? Ba al dago azaldu beharreko ezer? Hau ez da zuzena. Buruko mina daukat.

        Lanbro dago autoa leku debekatuan aparkatu dudanean. Hogei minutu nahikoak dira nire neskaren etxera heltzeko. Bera ikusi gabeko hogeita lau egun ondoren batez ere. Automatikotik deitzeko ere ez dit astirik eman. Zain dago ezkaratzean.

        Musu heze batez agurtu nau eta hamaika galdera egin dizkit igogailurantz goazela. Bat bera ere erantzuteko aukerarik ez. Hobe horrela. Ez daukat hitz egiteko gogorik. Ez orain. Hamahirugarren botoiari sakatu dio. Eta ez dakit zer filmeko aktore nagusiaren gorputz zoragarria deskribatzen ari delarik, izter artean sartu diot eskuineko eskua. Ez du hitz jarioa eten. Ez diot modulazio aldaketarik nabaritu ere egin.

        — Ikusi egin behar duzu. Ziur nago bere zangoak asko gustatuko zaizkizula —nire hatz erpurua bere sexuan barrena leunki sartu diodanean—. Niri asko gustatu zitzaizkidan behintzat —nire erpuru odoleztatua miazkatzen ari naizenean.

        Bidaiaren amaiera iragarri du igogailuaren geldiketa bortitzaren astinduak.

        — Konturatu al zara nigana etortzen zaren guztietan hilekoarekin egoten naizela?

        Ez diot erantzun, irribarre egin baizik. Logelara heldu nahi dut. Nire neskaren logelara. Eta brusa askatzen hasi natzaio pasilloan. Hain baldar, berak askatu behar duela azkenean. Titi beteak bilatu dizkiot. Galtzak kentzen lagundu dit logelara heldu garenean.

        — Zergatik ez zara sarriagotan etortzen? Zergatik ez didazu deitzen?

        Gona tiraka kendu eta biluzik jarri dut paretaren kontra. Eta bere haragi goriaz bete dut ahoa, betiko galderei ez erantzutearren. Ausiki egin diot. Ez dit eragozpenik jarri. Beti da berdin. Ohean etzan dut. Hasperen egin du atzazalekin azala urratuz eskuak sabeleraino jaitsi dizkiodanean. Begiekin jarraitu ditu eskuak. Mutu.

        Bero dago nire neskaren sexua. Ukitu gabe ere badakit. Atzera egin dut ordea, eta hain ezaguna dudan azala laztantzen jarraitu dut. Indarrez, luze. Titiburuak izotza bezain gogor jarri zaizkion arte. Lehertzear. Gaziak daude ezpainekin inguratzen dizkiodanean. Haginkada emeekin gozatu dizkiot titiburuetako zirkulu ubelak. Eta ondoren, ahoa beherantz. Saihets artetik zilborrera. Alura zilborretik. Eta mingaina sartu hor. Ahal den tinkoen. Barruko beroak kiskali didan arte.

        — Ez al dizu nazkarik ematen nire odola irensteak? —larritu da—. Ez dakit nola egiten duzun horrelakorik.

        Irribarre egin diot. Hozka jarraitu dut aluan, gerriaz gero eta mugimendu erritmikoagoak egiten dituela ohartuta. Izterrondoetan behera doazkion odol tantak xurgatu ditut. Eta eskuineko esku osoa sartu diot barruraino. Soinurik ez beragandik. Soilik mugimenduak. Eskumuturretik arrosa koloreko zukua irristatu zaidan arte.

        Ahora ekarri dut eskua. Gozoa dago. Hatzak gorde ditut miazkatu gabe. Nire neskarentzat. Bere saparen zaporea ezagutu dezan. Baina horrelakorik pentsatzeak soilik nazka ematen diola dio. Primeran. Dena niretzat.

        Bere aldamenean etzan naiz begiak hertsita, arnasa lasaitu arte. Ez dut gehiago behar.

        — Zure txanda da orain— aipatu dit doinu bihurriz.

        — Eskerrik asko nitaz arduratzeagatik.

        — Ez didazu eskertu beharrik. Ez dut zugatik bakarrik egiten.

        Ohe ondoko mahaitxotik papertxo bildu bat atera du nire neskak. Zabaldu eta bi marra prestatu ditu barruko hautsaren erdiarekin. Sudurretik sartu ditugu. Sabel gainean zabaldu dit beste erdia laztan batez. Pelbis hezurrean amultsu.

        — Asko gustatzen zait zure hezur hau.

        Eta hor gainean eseri du klitoria. Beti bezala. Mugitzen hasi da. Astiro hasieran. Nahi gabe arituko balitz bezala. Baina berehala bizkortu ditu gerriaren joan-etorriak, nire arnasari jarraiki. Gerriak eskuekin inguratu eta aurpegira begiratu diot. Inoiz baino politagoa iruditu zait une horretan bertan. Hemen. Ohe gainean. Ni menperatu nahian gehiago ezin arte bera erotu denean.

        — Maite zaitut —esan dit dardara batean.

        Badakit nik ere berdina esan beharko niokeela. Dena den, ez nintzateke egiatik urrunegi ibiliko. Isilik geratu naiz ordea. Beti bezala.

        Nire alboan etzan da. Nekatuta. Masailak gorri. Polita dago. Hori ere esan beharko nioke. Isilik jarraitu dut ordea. Berriro hasi natzaio gorputza laztantzen. Horregatik musukatu dut berriro ere.

        — Zer gertatzen zaizu gaur? Arraro zaude —esan dit.

        — Ezer ere ez.

        Eta ez diot gehiago esan. Musu eman diot. Eta barrez hasi da mingainarekin lepoa kilikatu diodanean. Eta barrez jarraitu du ahulki hozka egin diodanean. Eta horrela jarraitu dugu biak telefonoa berriro entzun arte. Nire neskari begiratu ere egin gabe eseri naiz ohean. Badakit nor den.

        — Bai, esan?

        Ezer ez.

        — Nor da?

        Isiltasuna.

        — Amaitu dezagun behingoz!

        Klik hotza belarrian. Botagura sentitu dut. Ohean etzan naiz eta nire neskari begiratu diot. Eskua luzatu diot, bere azala ukituz lasaitu asmoz. Baina nire neskak ez du nik ukitzerik nahi.

        — Zer dun? —galdetu diot haserre.

        — Zergatik hartu duzu telefonoa?

        Ez dut galdera ulertu. Norbaitek deitu duelako hartu dut telefonoa. Norbaitek deitu didalako egunero azken lau hilabeteetan. Ni erotu nahian dabilen norbaitek. Eta azkenaldian lortu duela iruditzen zait. Dena esan diot. Baita erotzear nagoela ere.

        Zurbil dago nire neska. Berriro luzatu diot eskua, baina bera oheko txokorik urrunenera joan da. Lasaitzeko eskatu diot, eta horretan ari naizela, nire neskaren odol arrastoak ikusi ditut maindireetan.

        — Ez du inork telefonoz deitu. Egun osoan ez du inork deitu. Zeure buruarekin hitz egin duzu duela bost minutu.

        Izututa dirudi. Eta ni lasaitu nazakeen bakarra bera dela esan diot. Baina berak ez dit erantzun. Ez daki zer esan.Ohetik jaiki, gela zeharkatu eta kanpora irten da. Alferrikakoak izan dira nire hitzak. Ez du ulertu. Bere atzetik atera behar izan dut. Zergatik hertsi du komuneko atea kisketaz?

        —Ireki atea, mesedez! Txantxetan ari nintzen.

        Hau esan ahala konturatu naiz horrelakorik sinestea ezinezkoa dela. Nik ez nuke inoiz sinetsiko behintzat. Baina nire neskak sinetsi egin du. Eta atea ireki du. Gezur hobea asmatu beharko nuke. Ez zait ezer bururatu.

        Komunean sartu eta nire neska ikusi dut baldosen gainean oinutsik. Hotzez dardaraka. Zangoetatik behera doakion odolak hari gorrizko galtzetak josten dizkio. Besarkatu egin dut, inoiz baino indartsuago. Maite dudala esan diot. Lehen aldia izan da ezagutu nuenetik. Lehen aldiz bederatzi hilabetetan. Bururatu zaizkidan hitz gozo guztiak esan dizkiot. Aurpegia ferekatu eta logelara eraman dut, bere egonezinaren arrazoia hitz hutsalekin ahaztarazi diodanean. Malkotan dago. Lasaiago. Ohean sartu dut eta bere aldamenean etzan naiz. Bertan egon naiz loak hartu duen arte.

        Logelako argia itzali dut. Goizeko lehen argiak itsutu egin nau pertsiana altxatu dudanean. Irteerara abiatu naiz. Baina atea zabaldu orduko, telefonoa berriro. Egongelan hartu dut. Ez dut urduri jarri nahi. Nor den galdetu dut. Eta erantzunik ezean, eskegi egin dut. Logurak nago.

        Nire neskaren etxetik irten eta kalea zeharkatu dudanean, auto gorri bat pasa da albotik. Gidariak ez nau ikusi ere egin. Oraindik kaleak bustitzen ditu lanbroak.