Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
azala: Lander Garro
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

Erosi: 15,20
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

 

 

Nolabaiteko bushtarrak ginen

 

Itxaro Borda

 

Susa 26 / 1990eko uztailean

 

 

A la vora del mar. Tenia

una casa, el meu sommi,

a la vora del mar.

Salvador Espriu

 

 

Trenak Bush herrialdean zehar ginderamatzan. Azken hilabeteotan eskualdeko bi tribuak gerlatan higatzen ziren, eta leihotik ikusten genituen arboletan, dilindan, gizagaixo urkatuen ugaritasunetik beretik, susma genezakeen borrokak aski gogorrak zirela. Oraindik erre usaina nabari zen, nahiz treneko aire kondizionatuak urrina doi bat arindu. Halarik ere, ageri zen, gorputzak nonbait kiskaltzen ari zirela.

        Zelai desolatuetan, noiztenka, haritz solteak mirets genitzakeen. Lehenago, liburuek zioten eran, lurra bere hariztien edertasunaz ezaguna zen, jakintsuen artean hasieran, eta gero berria hedatzen zen arabera, jende xeheen artean. Gure ondoan jarria zen bushtar bat negarrez urtu zen, bidaiari ezaxola batek haritzondo alargundua kolorezko argazkitan hartu zuelarik:

        — Ez duzue eskubiderik...Arima ebasten diguzue... Ments gelditu behar ote dugu? Horrenbeste hilotz jadanik, betiko egoitzarik gabe... Ez daukazue deretxorik... Madarikatuak zarete, bosgarren belaunaldiraino...

        Gizona isildu zen. Haserreak ezpainak hagun zuri eta malkoz estali zizkion. Gure konpartimenduan lauzpabost europar zeuden. Haientzat isilunea hainbat hobea zen, naski, bortizkeria telebistan edo zineman begiratzea baizik ez zutelako onartzen. Baina, aurrean, sufritzen ari zen herrestaren oinazeen seinalerik ez zuten jakin nahi, sufrantza, eta, noski, sufrantzaren astuna, izurritea bezala, inguru bakartietan heda zitekeelako. Halatan, aburu estremistenak, ahoak ireki gabe, entzuten ziren, moda katalogoetako manekino perfektuez aparteko bizitza errealik ez bailegoen.

        Hiri hautsi bat ireki zen ortzaizean. Etxeak, denak, nola balizko istripu atomiko baten ondorioz, lurrean zeuden, mila puskatan xehekatuak. Geltokia arras emeki trabeskatu zuen gure trenak, geltokiko buruzagiaren kopetan odola perlatzen genekusanean. Batek zion, algaraz, beldurra gordetzearren:

        — Bere hondar trena...

        — Ba... pasatuko da besterik ere... —erantsi zuen, abilagoren batek.

        Zirudien bushtarren herriaren suntsitzeak ez zietela den mendreneko axolarik ematen. Zirudien, planetaren aldetik, populu anitzen desagertzea normala zela.

        Abil hark, belaun gainean, bere maleta zabaldu zuen, eta Corriere della Sera irakurtzen hasi zen. Minik ez zegoen, hauetarik bakoitzak aferen munduan murgiltzen ziren, urrearen kurtsoak, Chicagoko merkatuan, aztertzen, emazteak zein haurrak leku segur-segurrean utzirik. Betaurrekoak, noiztenka, leitzaile segituari sudurrean lerratzen zihoazkion; jestu mekanikoz, prestuki, altxatzen zituen. Harmonia mundi...

        Trenbide ertzeko xendretan familia osoak, lerroan, ihesean joaten agertzen zitzaizkigun. Ardura, nagusia buruan, eta aiton-amonak umeekin, astiroago atzean. Gosearen edo ur zikina edateren erruz sabel hantuegiak erakusten zituzten. Bagoiko emakume lotsatiek aurpegiak mokanes usaintsuz kukutzen zituztenean, gizon tripazuriek «Ze miseria!» oihukatzen zuten. Coca-cola gizarteak, sosarekin batera, kristoren konparazione boterea zeukan. Bazekien ona non zegoen, errentablea, produktiboa zein alorretan kokatzen zen, zein tokatu zitzaion loterian irabaztea ere, itsuskeriaren kriterio moralak oro gogoan zeuzkaten, gainera. Eta miseria itsusia zen, Jainkoaren gaztigu mota bat, gure herrian, langabetua izatea bezala, bekatoros sozial bilakatzearen marka. Dena dela, ordenadoreekin, globoaren pillagea programatua zen.

        Ordu bat aitzinago iragan tren batek erdibitu gorpuak, lur ustelduan, sakabanatuak ziren. Behialako andere pulposak orro bat atera zuen, norbaitek lizunki ipurdi mazela ferekatu bailion:

        — Krudelkeria hau! Herri atzeratuetan, bizitzaren prezioa zer den ez dakite!

        Jarraian, somnifero pastilla bat irentsi eta itsutasunaren loak eraman zuen, bere senar maitearen sorbaldetan luzaturik.

        Bitartean bushtarra iratzartu zen. Negarra zerion. Konplexu turistiko baten planak, boligrafo gorriz estudiatzen zituen ingeniari bati eldarnioka hasi zitzaion:

        — Zuek emaztea hil didazue... Poliziek etxetik ebatsi didate... Biharamun goizean, kartzelako atean, zauriz josia... ahuldua... hila... zuen sistemak torturatua... Aberastasunaren uhartea, hitz bitan, zartaraziko dut... Zuen zentral nuklearrak oro... Zuen ausaparke erraldoi guziak... Hemen, eskuz datxizkazuen diamante meategiak denak... Madarikatuak zarete... Emaztearen gorputza... Oi hainbatetan laztandua!... Zulo komun batean desaragitzen doa zuen lehiaz...

        Ingeniaria trenputxartzeko puntuan zegoen, eta hortz artean, apenas ezpainak higitu gabe, murmuratu zuen:

        — Ez da nire falta... Erruduna gobernua da... Hari zuzen izkiozu zure mendekuak...

        Bushtarra, bortitzago bihurtu zen:

        — Eta gobernua, nork hautatu du?

        Kostume grisean jantzi gizona moztua geratu zen. Alabaina, herriak indar biziz husten ziren, hizkuntzak masakratzen, eguzkia lasai hartzen hondartza politetan, kasinoetan dolarrak jostatzen, indigenen alaben bularrak hortz zorrotzez ausikitzen, sabelak sardeskatzen, lantegiak hersten eta poliziak aireko hantuz bidaltzen. Erraza zen, bakea, bakea, bakea, nehor ez bide zen responsable, nori oldartu behar zion semea preso zeukan amak? Ingeniaria isilik zegoen, arrapostu serio edo razionalik eskain ezinean. Nerbios. Ez zuen ulertzen. Politika kontuak politikari ofizialei uzten zitzaien, eta soilik ausaparkeen eraikitzeaz arduratzen zen.

        Beste bagoi batetarik, Zerukoari eskerrak, bi parapolizi etorri ziren —trena, gure ustez, mamu horiez betea zen— iskanbilen zaratak aditu zituztelako; aberatsa bushtarraren ukabiletarik askatu, salbatu zuten. Ingeniariak, eskolak Harvarden eginik, zainak laster jabaldu zituen. Guardek, esklaboen ondorengoa, gogorki zanpatuz eraman zuketen; honek, ordea, irainka eta garrasika ziharduen:

        — Putasemeak!... Emaztea non ehortzi didazuen erradazue!... Zuen lurra sutan jarriko dut... Zuen uniformeak mitriolaz erreko... Eta herriaren arima errebeldeaz suntsituko zarete... Emaztea...

        Zibilek trena eremu zabal neketsu batean pararazi zuten. Jendeak jautsarazi, bozgorailuz abisua hedaturik. Nik zure eskuttoa tinkatu nuen, eta besteek bezala egin genuen.

        Xefea iduri zuen betaurrekodun guardiak mintzaldi bat eman zuen ikaran zegoen populuari, ikaran, bidaia nehoiz bukatuko ez zela sinesten baitzuen:

        — Orain, begira ezazue... Zer dagigun kaskagogor miserableez... Irakaspen izan bekiozue!

        Parapolizietarik handienak larruzko paltopetik pistola bat atera zuen, zilarrezkoa, kanoia, odoletan, puskatua zen bushtar oihukariaren kopetan zuzenki pausatuz:

        — Herriaren arima errebeldeaz suntsituko zarete!

        Tiro lehorrak, inguruaren desolazionea, barbariaz bete zuen.

        Zure eskuttoetan herabea nabaritu nuen, dardaraka. Gero denak gure bagoi blindatuetan kokatu ginen, parapoliziez eskoltaturik. Ingeniari zurpailaren begietan poza irakur genezakeen:

        — Kloporta bat guttiago!

        Ordura arte pentsamendu bakunetan galdua zirudien mutiko gazte pottoloak ahoa ireki zuen:

        — Zergatik kloporta? Gure gisako gizona zen alta...

        — Baiki —ihardetsi zion managerrak—, baina mundua horrelako ero sentimentalez gainezka dago: ez gaituzte dirua irabazten lasai uzten... Eta badira herri hauetan milioiak garraiatzeko... Hirietan jendeak badaude milaka hemengo exotismoaz gose direnak... Eta aski kario ordaintzeko prest diren gizakiak, hegazkin supersonikoz honaratzeko...

        — Espazio huts hauetara?

        — Hutsak?... Bushtarrak badaude behintzat... Eta segur naiz ulertuko nauzula —irri karkaila larrian jarraitu zuen ingeniariak.

        Parapoliziak iragan ziren, zenbait ordu lehenago bidaiako gertakaria umetu zen bagoiaren aitzinetik. Keinu konplizez urrundu zitezkeen. Eta mutiko gazte pottoloak ez zuen konprenitzen, benetan, astoa zen ala?

        Orduan, ahurra biloetan pasatuz, ingeniaria esplikazio zehatzagoen emateari lotu zen:

        — Begira... Lur hauetako bizidunak, izugarri trebe dira lasterketan... Duela zenbait urte Cocalandiako maratoiak oro bereganatzen zituzten... Zera... neke da erratea... beno... horra... GIZA IHIZI LIBREaren ausaeremua nahi genuke antolatu, gure megalopoletako happy fe batzuendako.

        Gazte pottoloak ez zuen hitz gehiagoren beharrik. Jargitik altxatu zen, eta komunetarantz bideratu.

        Zure ondo-ondoan plegatu nintzen, merkatu askean erosi nuen palto merkeaz besaingoetako oilo larrua disimulatzen saiatzen. Nik ere, nire aldian, beldurra zer zen ikasten nuen. Ingeniariak, zure loa eta nire hotza susmatuz, treneko leihoa itxi zuen. Ametsaren globoak kariziatu ninduen: minez estekatu mundu berdinean genbiltzan.

        Zenbait orduren buruan iratzartu ginen. Konpartimenduan bat eskas zela konturatu ere. Preseski, parapoliziek tiroz hil bushtar harekin zebilen tipo mutua. Zuk, duzun aire inozenteaz baliatuz, eskatu zenuen:

        — Baina, non dago mutua?

        Erantzuna ezpain lodi alaietarik etorri zitzaizun:

        — Zuek lo zinetenean, trena berriro arrestatu zuten parapoek... Tipo mutua baldin bazen, ez zen ahula... Paperak miatzera jin parapo bati labana sartu zion sabelpean... Eta exekutatu genuen... Guardiak ohore hori utzi dit... Zoriona... Vietnamgo gerlatik itzuliz geroztik, ez nuen horrelako atseginik erdietsi...

        — Zinez, ihizi librearen ideia oso ona da...

        — Bai... Badakizu, Cocalandiako psikologo errespetagarrienekin estudiatu dugu proiektu hori... Jakin ezazu, lagun proximoaren erailketa, gure gizartean, anbizioneaz, konkurrentzi zerrendaz, botere nahiaz sublimatua dela... Ez, ordea, horregatik desagertua...

        — Oso ideia ona... Segi ezazu...

        — Giza ihizi librean, badakizu, nagusiak langilea, edo viceversa, iskanbila batengatik hiltzeko ordez, bere pultsio nahiz instintuak aska ditzake bushtar hauen kontura, eta bake soziala betirako finkatzen dugu...

        Gohainduraz igeri, bata besteari so geunden. Trenbide hegietan auto kiskaliak, itzulipurdika, zenbatzen genituen. Karrika izkina batean haur txirrindula bat agertu zitzaigun. Emozionea nola gorde ez genekien, guk ere Haritzaren Arimaren Egunerako gure umeei bizikleta bana oparitzea erabakia baikenuen gerla deklaratu ziguten aurretik.

        Niemsan hiri nagusiko auzo aberatseko geltokian paratu zen trena. Lau orenez hor egon beharra zuen, ordena militarren beha, nehork ez baitzekien, zein norabide hartuko zuen suge zatikatu luze honek.

        Bizikleta bat erosi.

        Itsasoraino hegalda.