Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
azala: Lander Garro
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

Erosi: 15,20
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

 

 

Pinpilinpauxa betiko

 

Josu Landa

 

Susa 21 / 1987ko uztailean

 

 

Emakume biak sukalde leihoko burdinetatik begira zeuden; ondoko patioan obratan ari ziren langileei beha. Porlana bota eta bota ari zireneko patio hura gizonezkoena zen, baina hobetze lanengatik hilabeteaz itxita gorde beharra aldarrikatua zuten presondegiko juntakoek. Zuzendaritzakoek ate pisu eta erdi herdoilduan ipinitako oharrari («Patio honek giltzapeturik iraungo du aste batzuetan»), baten batek boligrafoz beste zerbait gehitua zion: «Txapatua dagoena ez da patioa, neure burua baizik». Karmeni eta Maiteri, hantxe, labean pizza zurtz eta soil batzuk barneratzen zituzten bitartean, ezinezkoa zitzaien jakitea ea paperean idatzitako hari buruzkoa benetakoa zen edo ez, kondaira hutsa izatea zitekeena baitzen, baina mojetako batek halaxe zela kontatu zien bezperan. «Tira, Karmen, ez egon leihotik hainbeste denboraz begira, pioiak ez ditun Robert Redford eta!». Eguzkiak gogor jotzen zuen patioan, eta langile batzuen kamisetak bera-bera zeuden bezala, besteen larruazal belztuetan izerdia argi-erreflexu urruna bilakatzen zen. Pioi bat hormigongailu txiki batetik ur mangera kendu eta palakada harea botatzen hasia zen. Kapataza, elastikoaren tiranteek tripari ezin eutsiz, gerizpean zegoen, erdipurdiko freskotasunean egunkari atzeratua irakurtzen... kapelaren hegalak aurpegi erdia estaltzen zion. Ez ziren Karmenen begiak, baina, guzti hori ikusten ari zirenak.

        — Galdera bat egin nahi nizun aspalditik, Maite, baina ausartzea ere... —joanda bezala, Karmenek leihoko bost burdina lodietan tinkatu zituen begiak harrezkero—. Begira, neska, gizonezkoen artean norma da, baina uler ezazu, orain arte ez genuen hemen tatuaiadun emakumerik ikusi...

        — Zer?

        — Tatuaia... pinpilinpauxa txiki hori mazela gibelean —begiak beti ere leihotik, Karmenek.

        — Badakin, Karmen, garai batean lotsa hartuko niken istorio hau kontatuz —Maitek poza hartu zuen Karmen berari begira zegoela konturatu zenean—. Hik ba al dakin, Karmen, zer den gizon bat egiazki maitatzea? —eta Karmenek ezetz esan zionez, ez zekiela hori zer zen, luze jotzeko asmoz ekin Maitek kontakizunari.

 

 

Eta nola bost urte lehenago bere anaiak lagun bat presentatu zion. «Intelektual bat... argazkiak ateratzen zitinan, musika ikasketak ere eginak omen zeuzkanan». Eta nola berari ere —Maite gazteari— erretratu asko eginak zizkion aste gutxitan. Gehien maite izan zuena, ispiluan biok zeuden hura. Baina amodioaren eta bizitzaren aldean, erretratuak erliebe eskasekoak izaki, krudeltasuna faltan. Eta nola ere Maitek ez zuen sekula pentsatu hogei urterekin mutil bat beretzat soilik nahi zukeenik, beste inorenganako keinu edo imintziorik ez permititzera heldu zatekeenik. Eta nola horretara heldu zen denborarekin, eta nola azkenik erretratuak aski ez izaten ere hasi ziren.

        «Une gozoak ere izan zitunan, ez pentsa. Hik ba al dakin zer den gizon batekin gogotik ongi pasatzea? Inork ez liken sufritzeagatik ezer iraunaraziko...». Denbora luzez segitu zuen zoramen hark... hilabeteak, baliteke bi urte, agian bost, nork daki. Asteak mantso eta azkar pasatzen ziren. Amak erakutsia zion txikitatik horrela neurtu behar zela bestearenganako amodioa. Asteak, soilik mantso edo soilik azkar pasatzen hasten direnean, heldu gogor edo aldentzen utzi, amodiorik behintzat ez baita tartean. Halaxe esaten zion Maiteri ama zenak. Eta Maitek, denbora zenbatzen hasi zeneko garai hartan, ez zuen laguna aldentzen utzi.

        Burges familiako alaba izateko —edo agian horrexegatik— erreparo gutxi eduki ohi zuen Maitek larru kontuan. Seme-alabarik egiteko gogorik, bestalde, inoiz ez zuen sentitu; inoiz ez, egun hartara arte. «Hik ba al dakin zer den umea egin nahi izatea baina ez edonorena, hirea den gizonarena baizik, harena edo ezer ez?». Abenduaren 2a izan zen, beste ezer ez zuen gogoan Maitek egun hartaz, kalendrera orria gordea zuen inon. Orduan deliberatu zuen pilularik ez hartzea aurrerantzean, bestearekin fitsik kontsultatu gabe.

        Hurrengo zortzi hilabeteetan asko eta asko zenbatu zuen Maitek, bizitza osoan zenbatu ez zuena zortzi hilabete eta bost egun luze eta amaiezin haietan egin zuen. Esperoan egotea eta desesperoan jaustearen muga zorrotzean, hamabost aldiz egin zuen ernaltze froga botiketan, hamahiru kilo t'erdi galdu zituen, hogeita bat bider lantokian huts egin zuen aitzakia merkez, eta inoiz baino gehiagotan joan zen mutilarekin zinemara, zehazki hirutan. Zortzi hilabete eta bost egun haiek pasa zirenean, abuztuaren 7an, Maitek aurre egin zion bere mutil jada tenteldu eta gutxituari, berak bazekiela haurdun ez geratzea ez zela bere kausaz, eta ea zer mila deabru. Bestearen aurpegia ikustearekin, ez zuen aurrera jo nahi izan neskak. «Hik ba al dakin zer den hanka sartu dunala konturatzea eta atzera jo ezin izatea?». Gaizki hartu zuen mutikoak Maitek asmoak ez kontatua, xedea denbora luzez isilpean gordetzea. «Hara, neska —esan zion lasaitu ondoren—, ongi aski nekien nik nigandik halakorik ez zegoela lortzerik. Berdin dit zergatia ez ulertzea... nahi baduzu umea bezala bizitza osorako zenukeen oparia proposatzen dizut, biona —pausa luzexka bat eta serio keinua mutilaren begietan—, neure hazia zugan ernaldua». Horrela sortu zen tatuaia egiteko ideia.

        Poema bat egin zion mutil-lagun intelektualak, Maitek belarri aurrealdean tatuatuko zuen tximeleta nanoa loriatuz, «elkarrenganako amodioaren ikurra, betirako sinboloa betiereko elkartze baterako, inongo komentuko atetan abandona ezin litekeen alabatxoa...». Tatuaia egin eta hurrengo egunean utzi zuen mutilak Maite, betiko, tatuaia berri hura bezalaxe, betiko. Poema ere libururen batetik kopiatua zuela esan zion, despedidaz. «Hik ba al dakin zer den umiliatua sentitzea, iraindua, bizitzen segitzeak ez duela piperrik merezi pentsatzea?».

        Baina istorioa ez zuen Maitek hor amaitu nahi izan. Eta kontatu zuen nola momentuko egunak zenbatzetik iragandakoak zenbatzera pasatu zen. «Tatuaia estaliko zuen orrazkera baten bila ibili nindunan denbora luzaz, badakin, ez mantso ez azkar pasatzen ez den denboraldi horietako batean, kartzela honetara sartu ninduten arte». Eta nola kartzelara sarrarazi baino apur bat lehenago ere tatuaiaz harro sentitzen hasi zen, nola harrotasun hori kartzela zikin harengatik ez zen. «Ba dakin zergatik? Pinpilinpauxa hau, betirakoa den odol-izpi hau, egun batez desiratu nuen ume madarikatu haren gaitz erdi delako».

 

 

Maitek berriz ere leihoan zehar behatu zuen, patioan gertatzen zenari erreparatu gabe. Pioiak bazkaltzera joanak ziren, eta galeria batzuetako leiho-burdinetan jesarririk zeuden presoek patio desertuari begiratzen zioten, bereziki bertan utzitako pala, piko eta kristalezko botila litrokoei, urrea baino gehiago balio zuten beira abandonatu haiei. Karmenek bazuen beste galdera bat Maiteri aspalditik egin nahi ziona, ea zeren kausaz zegoen kartzelan alegia, baina ez galdetzea hobe zela juzgatu zuen. Grazia hartu zion gainera Maitek zer erantzungo zion imajinatzeari: «Hik ba al dakin zer den maite dunan gizona hil behar izatea?».