Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
azala: Lander Garro
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

Erosi: 15,20
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

 

 

Bitan banatuko bagina bezala

 

Iñaki Uria

 

Susa 7 / 1983ko otsailean

 

 

Eskutitz hau jaso dut gaur eguerdian:

 

        Karlos maitea:

        Irabazteko sortu hinduen lurrak bere semerik maiteena bezala. Haritz eder baten gisa hazi hau pinudian. Osasunez jantzi dik hire gorputz lerden eta paregabea, ideiak argitzen dituen su hori piztu zian hire kolkoan izpiritu sakon baten jabe egin hinduenean, eta batez ere, adimen argikoa, erantzukizun azkarrekoa eta arrazoiketa bizikoa borobildu hau.

        Lurtar izateak, ordea, bere mugak zekartzak berarekin, eta haritz ederrena ere, hauts bilaka daitekek mugagabearen egarriz, lortu ezin denaren pipiak janda.

        Maitasuna duk gizakiaren arbola zutik iraunaraz dezakeen odola. Odol horrek zekarrek zoriona gure enborretara, odol horrek bihurtzen gaitik zoro. Maitasunez gaituk, hein berean pozez eta ero.

        Lili eder batetik bestera ibili haiz atsedenik gabe, ezti klase guztietatik edan duk asegaitz, ia lehertzeraino bapo egin arte; gozoegia iruditzen zitzaian bat, lodiegia bestea, arruntegia hurrena, edota astuna sabaian dastatzen huena.

        Aukeratutakoa ez duk inoiz izan hik nahi huena.

        Malerus esnatu haiz pagotxa bakoitzaren ondoren, hire gogoa bete nahian hutsarekin egin duk topo gorputz lirainak besarkatzean.

        Hutsak habia egin dik hire barrenean. Etsi diok jada. Orain badakik txori berri bakoitza hutsaren beste zori bat dela hiretzat.

        Ondoegi konprenitzen diat hirea.

        Bazakiat ni naizela hik maita dezakean bakarra.

        Alferrikakoa, ordea, ura pasa eta presa jartzea.

Lidia

 

        «Karlos» irakurtzearekin batera konturatu naiz gutuna ez zela niretzat, baina ez diot irakurtzeari uzterik izan. Areago, bigarren aldiz irakurri dut. Gutunean kausitu ez dudan zerbaitek bultzatu nau berriro irakurtzera, nahiz eta oso lotsatia izan ni gauza hauetarako, nahiz eta fintzat jo neure burua.

        Lerro horien errenkadan bazegoen ezaguna gertatzen zitzaidan zerbait, etxekoa susmatzen nuena nolabait ere.

        Zer ordea? Zerk bultzatu nau niretzat ez zen eskutitz hau irekitzera?

        Egia da despistatu samarra naizela, halaber, ez dudala aspaldidanik gutunik jaso, baina horrek ez bide du esplikatzen nik sobrea ireki dudanean niretzat balitz bezala ireki dudala.

        Letra hau ez da arrotza gertatu nire begien aurrean, nahiz eta Karlos Mutiloa nire pisukideari zuzendua izan. Dena den, buzoitik hartu dudanean, ez dut uste hartzailea nork izan behar zuen irakurri dudanik, bidaltzailea, Lidia soil-soilik, begiratu ere egin ez dudan bezalaxe. Letra honekin niretzat behar zuen.

        Bigarrengoz irakurri dudanean argitasun izpi batzuez busti zaizkit begiak, etxeko maratila ireki banu bezala; adimena, aldiz, ganbara gauez baino ilunago. Ez zen posible. Nola zitekeen letra hura Karlos berarena izatea? Ez, ez. Ezin nuen sinetsi nekusana. Harri eginda geratu naiz paperari begira.

        Idaztankerak ezin zuen Karlosena izan, azkarra baita Karlos baina ez hain zuhurra. Mezuak aldiz bere pertsonarekiko ezagutza handia zerakutsan. Oso hurbiletik ezagutu behar zuen Lidiak Karlos, barrendik esanen nuke, hori esateak dakartzan ondorioen beldur ez banintz.

        Hala eta guztiz ere onartzea besterik ez zait gelditu, letra Karlosena zen. Agertu nahi nuke, ordea, nola, hori sinestera ailegatu baino lehen, Karlosen gelan sartu naizen, bere eskuizkriburen batez pareka ahal nezan esku artean neukana, eta froga gero egiaztatu dudana, eskutitzaren aitatasuna hain zuzen.

        Karlosen gela bera bezalakoa da, ez zaio ezer falta, ez dauka ezer sobran, usna daitekeen desordena kontu handiz bilatutako ordena bat dela ematen du. Apenas du dekoraziorik, berez antzeman daiteke alferrikakoa litzatekeela, giroa hautsiko lukeela. Ohe zabala bazter batean, mahai handia bestean; mesanotxe bat eta musika ekipoa. Liburuak han-hemenka.

        Orain ohar naiteke Karlosen benetako izateaz, hainbat urte berarekin biziz, eta konturatzen naiz bere bizitzaz ez dudala karikatura bat baino egin. Presaka bizitzeak eraman nauela, eraman gaituela, elkarrenganako defentsarako, azaleko ezaugarri soil batzuk besterik ez ezagutzera. Karlos harroa da, edo izan da orain arte niretzat, arrakasta du nesken aurrean eta badaki hori ondo aprobetxatzen.

        Kanpotik begiratuta bazirudikeen zoriontsu beharko lukeela, nahiz eta maiz esan ohi didan, «hik bai ez duala problemarik. Sinpatikoa haiz, ondo hator guztiekin. Ni berriz, beti eztabaidetan nabilek. Aprobetxatu egiten naizela esaten zidatek. Gero ordea, ez duk horrelakorik gertatzen. Erabili egin naitek neskek, kleenex bat bezalakoa nauk beraientzat, erabili eta utzi. Bazakitek nirekin une eder bat igaroko dutela beste inolako problemarik gabe».

        Egia esan, ez nion kasu handirik egiten. Nola bada, hori esan eta bere horretan jarraitzen bazuen? Larria iruditzen zitzaidan, dena den, berak zioena, hartan pentsatzen jartzen nintzen bakoitzean. Larria, ze iruditzen baitzitzaidan Karlosek ez zuela inor maitatu bere bizitzan barrena, besteen gainetik sentitzen zela, bera zela maitatua. Eta maitatua izatea ez da aski maitasunean. Ilbehera bezalakoa da, alde batek argia ematen du, baina ilun jarraitzen du besteak. Alde biek eman behar dute argi, oso-osorik distiratsu ager dadin ilargia, maitasuna.

        Noizbait aipatu izan dit Lidia. Orain gogora dezaket xarmanki hitz egin ohi didala bere gainean. Ez nion ordea jaramonik egin. Beste bat izanen zen.

        Orain, ordea, Karlosen letraz idatziriko Lidiaren gutuna dudalarik nire eskuetan, bere mahai gainean Lidiari zuzenduriko eskutitza dakusadalarik, apo bihurri bat dabilkit soinean tripa janean.

        Karlosen mahai gaineko eskutitzak, ez dit frogatu bakarrik Karlosen aitagoa bi eskutitzekiko. Haize txar batek bezala susmo larri bat ekarri du nigana.

        Hara zer dioen:

 

        Lidia bihotzekoa:

        Hau kontatu zidanan aitonak behin batean:

        Salamancan ikasten ari nintzenean, emagaldu «horietako» andere baten aldamenean bizi izan nintzen garai batez. Andaluziarra zen bera, Carmen. Luzea, beltzarana, kopetiluna, betazal handikoa eta aurpegi zorrotzekoa, aizkoraz ebakitakoa ematen zuen. Beldurra sorrarazten zidaten ikatz beltzezko begi bi haiek, bere ahots gogorrak eta bere kamionero izaerak. Azkenengo pisuan bizi nintzen eta nire ate aurrean zegoen berea. Ez nuen sekulan atea irekitzen, oso ondo akordatzen naiz honetaz, baldin eta bera bere gela barruan bazegoen. Hori, ordea, ez zen oso sarri gertatzen. Eskaileretan edo ezkaratzean egiten genuen topo eta maltzurra zirudidan irribarre batez agurtzen ninduen. Jasanezina egiten zitzaidan.

        — Ona izan, estudiante jauna!, eta barre egiten zuen nire gorrotoa handituz. Gustura aldatuko nintzatekeen etxez berarekin topo ez egitearren, baina etxe txukuna eta lasaia nuen hura gainontzekoen aldean.

        Goiz batean, ordea, ezustean, nagiak ateratzen ari nintzelarik ohean, Unibertsitatera joan ez nendin pisuzko aitzakiaren baten bila, hara hor non atea irekitzen den, eta Carmen nazkagarri hark atetik, bere baxu boz harekin:

        — Egunon, estudiante jauna!

        — Zer nahi duzu?

        Bere aurpegi ilunean, eskale, erruki, erreguzko keinu bat igarri nion.

        — Begira, jauna. Mesede baten eske natorkizu.

        Ohean segi nuen etzanda, isilik, «nire bila zatorrek hau. Amuan harrapatu nahi naik. Kontuz Tiburtzio!», ene baitan.

        — Begira, jauna, karta bat idatzi beharra daukat nire herrira. Egin ezazu zerorrek nire partez —esan zuen apalki, samur eta lotsati.

        «Hori al zen? », pentsatu nuen; ondo dago!

        Altxa nintzen, mahaian eseri, luma hartu eta esan nion:

        — Zatoz hona, eta esan..., norentzat da gutuna?

        — Manuel Gonzalezentzat, Jaenen bizi da.

        — Zer esan behar zaio? Ea, diktatu!

        — ...Manolo maitea... bihotz koskorra... nire maitale zintzoa... Ama Birjinak gorde zaitzala. Eztizko nire bihotz kuttuna, zergatik ez diozu aspaldian zugandik urrun aspertzen den zure uso tristetxoari eskribitu? Zergatik ez diozu eskribitu hainbat maite zaituen zure Carmeni?...

        Ia-ia barrez lehertzen hasi nintzen... «uso tristetxoa»... bai, bai. Agoantatu nuen ordea eta galdetu nion:

        — Nor da Manolo hori?

        — Manolo, estudiante jauna —esan zidan gorri-gorri eginda—, nire nobioa, da.

        — Nobioa ?

        — Bai, nobioa. Zer pentsatzen duzu ba, nik ezin dudala nobiorik eduki? Zergatik ez dut ba nobiorik izango, gazte izanik eta ezkongai banago?

        — Hara! —atera zitzaidan, baina gutuna idazten jarraitu nuen.

        Hain zen samurra, hain maitagarria, ze esan zidan aitonak, nik neronek nahiko nukeen Manolo hura izan, gutuna bidaltzen zuena Carmen ez balitz.

        — Eskerrik asko denagatik, estudiante jauna. Egin al dezaket zertxobait zugatik? Akaso edukiko duzu alkandora edo galtzontziloren bat josteko premian...

        Ezetz esan nion. Urduri jartzen ninduen gainera gonadun txarolesa hark. Argi eta garbi adierazi nion ez nuela bere beharrik.

        Hamabost bat egun pasa ziren. Leihotik begira nengoen asper-asper eginda. Ilunabarra zen atea ireki zenean. Carmen.

        — Libre al zaude momentu batean?

        — Bai. Zer nahi duzu?

        — Beste karta bat idaztea eskatu nahi nizuke.

        — Bueno... Manolori?

        — Eske... begira, estudiante jauna, lagun bat daukat eta horrek ere ez daki eskribitzen. Lagun horrek andregai bat du... Carmen... ni bezala izena du. Idatziko al diozu beste Carmen horri?

        Behin ere baino gorriago zegoen, dardaraka heltzen zituen gonak atzamar lodi haiekin.

        Susmatzen hasi nintzen, igarri nion.

        — Aizu, entzun zer esan behar dizudan —erantzun nion—. Ez dago ez Manolo, ez Carmen, ez arraiorik. Guzti hau zure asmakizun bat da, baina ez naiz zure sareetan jausiko. Ez zaitez nire atzetik ibili, ez baituzu zereginik nirekin. Zurekin harremanetan hastea?, ez. Konprenitzen al duzu?

        Bere onetik atera zen. Aulkitik altxa, gelari bi buelta eman, ezpain giharrak igurtzi, eta kopeta zimurtu zitzaion ia kizkurtzeraino.

        — Estudiante jauna —hasi zen... buelta eman, atea ireki eta danbateko batez agurtu ninduen.

        Eserita gelditu nintzen triste, deskuidatu egin ote nintzen otu zitzaidan. Bere gelako atearen danbatekoa aditu nuen gero. Haserre zegoen gogotik, ezbai gabe hanka sartu nuen. Bere gelara joatea erabaki, eta han aurkitu nuen, ukalondoak mahai gainean eta burua eskuartean.

        Larri nabaritzen ninan aitona hau kontatzerakoan.

        — Aditu ezazu...

        Zutitu zen bera, nigana abiatu begi beltz distiratsu haiekin, besoak airean astindu, eta:

        — Bueno, eta ze inporta dio! Bai, egia da. Arrazoia duzu, estudiante jauna. Ez dago Manolorik..., ez eta inolako Carmenik. Baina ze inporta zaizu hori zuri? Hainbeste kostatzen al zaizu luma hartu eta papera zirriborratzea? Berdin geratuko zara zu gero. Ez dago Manolorik, ez dago Carmenik. Ni neroni besterik ez da dagoena. Inporta al du ordea ni izateak?

        — Barka —esan nion ezer entenditzen ez nuela—, Manolorik ez dagoela diozu?

        — Hori da, ez dago Manolorik.

        — Eta Carmenik ere ez?

        — Ez da Carmenik. Ni naiz Carmen.

        Ez nuen ezer ulertzen. Mahaira joan zen eta eskutitz bat hartu. Hamabost egun lehenago Manolori idatzitakoa zen, ez zuen bidali.

        — Hainbeste kostatzen bazaizu Manolori eskribitzea, tori —eman zidan haserre lehengo eguneko gutuna—. Eskribituko dit besteren batek.

        — Begira, Carmen, zergatik idatzi nahi duzu gero Correosen botako ez duzun gutun bat?

        — Nori bota behar diot bada?

        — Manolori!

        — Ez da Manolorik eta! —eta malkotan lehertu zen—. Manolorik ez ba da, niretzat okerrago! —eta besoak ireki zituen, ulertuko ez balu bezala zergatik ez ote zegoen Manolorik berarentzat—. Nahiago nuke bat balego... Ez ote naiz ba besteak bezalako emakume bat? Ez diot inori kalterik egiten. Zuk Manolori idatzi diozunean nire partez, nobioa dudala iruditu zait. Ondoren Manoloren partez idazten badidazu niri, Manolo egiazkoa da kasik. Karta hori idatziz gero sinetsi egingo nuke benetan Manolo badela. Senargaia dudala sinetsiko nuke... eta orduan... ez litzaidake hain zaila egingo bizitzea.

        Hamaika aldiz idatzi omen zionan nire aitonak, hala Manolorentzat nola Carmenentzat. Negarrez diktatzen eta aditzen omen zizkionan Carmenek.

        Hiru hilabete geroago kartzelan sartu omen zitenan. Ez omen zinan nire aitonak haren berri gehiago izan.

        Lidia bihotzekoa, ez zakinat zergatik gogoratu naizen gaur goizean nire aitonak kontatutako honekin. Ba ote dauka zer ikusirik geure arteko maitasunarekin?

        Hi aurkitu nahi haut andereren bat besarkatzen dudan bakoitzean. Zergatik ihes egiten didan? Elkarrekin topo egingo ote dinagu noizbait?

        Hire eskutitz bat espero dinat gaur goizean. Hire antsia dinat. Horregatik akordatu naun beharbada nire aitonaren kontu honekin.

        Erotzen ari naun hire maitasunez. Mendi eta lurrak irauliko ditinat hirekin topo egin arte.

Karlos

 

        Garbi zegoen, egutera eguerdian bezain argi. Karlosek berak idatzi zituen eskutitz biak. Bera zen Lidia, Lidiarik bazen. Egia esan Lidia bazela sinetsirik nago, Karlos bazen, zergatik ez Lidia?

        Lasai noa ibai aldera, patxadan. Seguru nago han ariko direla Karlosen edo Lidiaren bila. Uretara bota du bere burua. «Alferrikakoa ura pasa eta presa jartzea» dabilkit buruan bueltaka. Etsaminak zituela, edota familiako arazoren bat, edota desengainuren bat eduki zuela esanen dute, meza ere eginen diote.

        Han daude polizia eta suhiltzaileak, jendea ere ugari hurbildu da.

        Bidegurutzean, hodeiertza zure ezpainetan lerratu denean, bion bitartean, bitan banatuko bagina bezala.