Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
azala: Lander Garro
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

Erosi: 15,20
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

 

 

Denborak berdin-berdin korritzen du eta

 

Iñaki Uriarte

 

Susa 20 / 1987ko apirilean

 

 

Hantxe zegoen aktoresa, belauniko, bazterrean, negarra zeriola, zotin batean galduta etsipena azaleratu guran. Masailak tentsioaz gorri, eta begiko zuria ere tankera berean. Ordu pila bat ziren berton zeudela antzoki zaharkitu eta lohitu horretan. Neguko tenperatura hotzak eskuak kizkurtzen zizkien besaulki erdi hondatuetan jesarritako dozena erdi lagunei.

        Larruzko jaka beltzaren azpian atertuz Anttonek —zuzendariak— etengabeki aztertzen zituen antzezlearen bilakaera urduriak. Eszenatokiko neskari berez ateratzen zitzaizkion plantak, eta besoekin zein gorputz osoaz sortzen zituen keinu erritmikoak. Tarteka-marteka zuzendariak oholtza gaineko irudi hauskorra geldiarazten zuen, zenbait agindu eta iritzi berri emateko. Segituan, ostera be hiruzpalau ordutan zehar errepikatzen zegoen eszena bera berrasteko eskatzen zion ahots finkoz.

        Saiatzen ari ziren monologo hori funtsezkoa zen obran, bakarrizketa indartsu horretan baitzetzan ikuslegoa hunkitzearen sekretua. Zuzendariaren ustez ez dago aukerarik, bikain aterako da eta kito. Emanaldian borobilki txertatu arte ekiteko asmoa dauka, ondo lotu edo behintzat bera gustura geratu arte bai.

        — Ez, ez, eta mila aldiz ez! Zer daukazu gaur? Lotan dirudizu, zertarako nabil hemen ekin eta ekin ez baduzu aditzen? Zer aurreratzen dugu neuk orientabideak eman eta gero zeuk nahi duzuna badagizu! Ane, ederto dakizu zure pertsonaiak kemena erretzea eskatzen digula. Nola sinetsiko du hor jesarrita dagoenak familia osoa galdu duzula Gernikan indar espresibo handiagoa ematen ez badiozu? Ea, hasi berriro. Isuri malko gehiago! Baitaratu behar duzu sakonki egoera, gogoratu umezurtz geratu zarela bonbardaketan. Gogoratu!

        Anek, aurpegia gorri-gorri, lotsaturik, ostera be ekin zion bakarrizketari: Ordubete geroago oholtzan arnasa gabe porrot egin zuenean, zuzendariak saiakera gelditu eta hurrengo egunera arte atzeratzea erabaki zuen.

        Talde osoa ari zen presaka. Antzezlana aurki kontrataturik zegoen estreinaldirako, eta ordurako dena prest eta bukatuta eduki behar zuten. Oraingoan ere ohi bezala denboraz urri zebiltzan, gauza arras atzeratuta zihoan.

        Antton zuzendariarentzat lan honek berebiziko garrantzia zeukan. Berarentzat Gernika herri zahar honen ikurra zen bilakatua, etsaiak zapuzten ahalegindu ziren herri osoaren sinboloa. Bere ustez bizia gorde zutenen gorrotoa, etsipena eta amorrua itzal gabe erakustekoak ziren. Horrela, gordinki, inolako gupida barik. Ane ez zegoen egun horretan ondo, hala atzematen zuen, baina besaulkitik ikusita ezin zion ezertan lagundu, ziur aski bere arazoak izango zituen.

 

 

Etxera heldutakoan Ane apurtuta dago. Bakarrizketa berbera behin, bitan, hamar bider errepikatzea latzegi gertatu zaio gaur. Neskatila gernikar bizikondoarena antzeztea atsegin zitzaion, baina egun uste baino askoz txarrago suertatu zaio dena.

        Apartamentuko atea zarratu ondoren lasaitasunez hartzen du arnasa. Zuzendaria tirano txiki bat iruditu zaio, gainera edonork eduki lezake egun txar bat. Lana albora utzita, kafe beroak berpizten du pittin bat, iluntzeroko kafea galletekin. Gelara sartu da, txokotxo gozo horretara, beldur denean edo bakarrik sentitzen denean aterpea ematen dion leize sakratura. Ze gozo! Ummmm, ohe apatza... Lumardia jarri kokotepean eta lasaitu, bost minutu paregabeak.

        Gortina artetik aurreko etxadiko leiho marroiak ikusten dira, monotonoak, aspergarriak. Burrunba batez heldu zaio gogora atzo Anderrekin izaniko azken errieta. Ezer berezirik jazo gabe gauzak ez zihoazen arestian legez. Bizikide lagunak behin baino gehiagotan —eta bart berriro— aipatu zion egokiena zela banatzea eta bakoitza bere kasa aritzea. Norbera bere etxean eta horretarako gogoa daukagun egunetan biok elkarrekin. Anek, dena den, ez zuen askorik sinesten holakoetan, eta gaia ageri zen guztietan Anderri iheslariarena leporatzen zion. Ez zekien fijo norengandik edo zergatik baina ihesean zebilela igartzen zion. Maiz aurpegiratu ere ihesaren bidetik ez zuela batere lortuko, ez zuela bere burua ez inor engainatuko. Baina dena alferrik antza.

        Atzokoa zela eta gaurko eguna angustiaturik eman du, kontzentratu ezinean, galduta; eta mingotsena izan da talde osoak igarri eta jakinarazi diola. Baina, nola azaldu haiei guztiei lehen batasuna zegoen lekuan orain agirre ihartu bat besterik ezin daitekeela aurkitu...

        Jauzi azkar batez armairurantz abiatu da. Artegatuta dago, eta aurrera ateratzekotan-edo maria pixka bat erretzea otu zaio. Apika honela lasaituko naiz. Apaleko goialdean begiratu du. Bai, hortxe dago betiko legez beirazko potea. Alboan papera, Smoking, kartoizko kaxatxo gorrian. Belar puxka batzuk bota eskura, xehatu, igurtzi, papera atera, maria gainean ipini, eskuak bata bestearen kontra jarri... Iieepaa belarra paperera. Eskuineko eskuaz filtroa jarri, buelta pare bat eman, txistuaz lekeda busti, hatza pasatu eta listo. Sua eman dio, eta horren ostean tirakada luze eta sakon pare bat. Ane orain hobeto sentitzen da, nostalgiko xamar.

        Soaldi galdua luzatu du hormarantz, bentana ondoko hormarantz. Ez dago. Harridura eta arretaz begiratzen du berriro. Ez, ez dago. Ea ea, hola hola? Ez da posible, atzo hortxe berton zegoen. Kabendios! Non dago? Anderrek eta berak iaz Karibeko hondartza hartan biluzik hartutako argazkia gordetzen zuen koadroa ez zegoen, eta noski argazkia ere ez. Ez da posible! Zer uste du horrek, ez du inongo eskubiderik hori egiteko! Ane kajoietara hurbildu da, astiro-astiro zabalduz goikoan hutsune nabarmena dakusa. Anderrek kanpoan egin zuen urte osoko gutunak eta Anderri hartutako argazkiak desagertu dira. Ezzzz!

        Ane etsiturik dabil, amorruz beterik, bizitzako atal oso bateko frogantzak desagertu zaizkio, azken urteotako harremanaren aztarnak. Oroimenen ordez arranguraz beteriko zulo beltz bat besterik ez da lotzen. Anderrek ez du ospa egin berak bakarrik, iragan hurbilaren lekukoak daramatza: Ameriketatik igorririko maitasun gutunak eta elkarrekiko argazki bilduma. Ez ditu jeans zahar batzuk eta galtzontzilo bat besterik utzi... eta bere presentzia izanaren usaina gelan.

 

 

Ondorengo goizean Ane berandu iritsi da antzokira, kideak zain ditu eta beraien begiradek ez dute eskaintzen inongo azalpenik emateko aukerarik. Ileak saski-nahaski eta betilun doa. Mutu korritu ditu karrajuak, apenas egunon hotz batez ebakita. Apaingelan aulki gainera jausi da; hankek indarge ez dutelako gehiagorik jasaten. Ispiluan aurpegi demakratu bat besterik ez da ageri, atso zahar batena izan daitekeen aurpegi gastatua, atzo baino hamabost edo hogei urte gehiago islatzen duena.

        Azkenik borondate indarrak eraginda eszenatokira igotzen ausartu da. Atzoko dozena erdi aurpegi ezagunak —edo agian gaur baten bat gehiago— begira ditu. Lanordua da eta ez dago erruki ez gupidarik, lana gehiagoko barik. Zuzendaria jaiki eta eszenatokira heltzeko falta zitzaizkion zazpi eskailerak gainditzen ditu banan-banan. Aurpegian haserre gordea igar dakioke.

        — Berandu gabiltza eta arin hasiko dugu. Ea gaur esfortzu bat dagizun gauzak ondo ateratzeko. Ea, berriro azalduko dizut hasieratik. Condor legioko hegazkinek Gernika bonbardatu zutenean ez zen kasualitate hutsa izan, arrazoi zamatsuak zituzten hautatzeko. Gernika zapuztu, erre eta hondatu zutenean aurreko historia guztia istant batean ezabatuko zutelakoan zeuden. Euskaldunok elkarrekin emandako mendeak zuhaitz bat botatzean desagertuko zirela zeritzoten. Baina ez, ez zen eta normalean ez da horrela gertatzen. Batera bizi izan duzun esperientzia ez da deuseztatzen bat-batean mapatik kendu arren. Argazkiak eta dokumentu oro lapurtu arren, jendearen oroimenak askoz hondar sakonagoak uzten ditu, eta izan dena ez da azukrea legez kafean urtuko. Hartu kontuan eta hasi zaitez, gerokoak gero, denborak profitatu edo ez berdin-berdin korritzen du eta.