Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
azala: Lander Garro
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

Erosi: 15,20
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

 

 

Pianistari tira

 

Pako Aristi

 

Susa 18 / 1986ko uztailean

 

 

Cotton Club ireki zen egunetan elur asko egin zuen Chicagon. Atezainari eskuak hoztu egiten zitzaizkion jendea Pacard gorri eta Cadillac beltzetatik jaisten zen bitartean, baina ingurura husmeatzera etortzen ziren beltz eta eskaleak jotzen berotzen zituen. Dan Milos sartzen hasi zenean bultzada bat sentitu zuen, eta ondoren atezainak muturreko bat emateko keinua egin zion. Dan Milosek eskumuturretik heldu zion, oso gogor, eta ez zuen begirada jaitsi.

        — Ni pianista naiz.

        — Barkatu —erantzun zion atezainak.

        — Eta batzuetan badakit boxeadorea izaten!

        — Barkatu, baina musikariek atzetik sartu behar duzue.

        Dan Milosek beti nahi izan zuen, King Oliver eta bere hogeita bost laguneko banda entzun zuenetik, jazz talde batean jotzea. Baina toki guztietan berdina esaten zioten, berea ez zela jotzea, berarena laztantzea zela, laztantzea erritmorik gabeko behatz luze eta beltz haiekin, eta tristeegia eta nostalgikoegia zela Delahave haiekin, eta tristeegia eta nostalgikoegia zela Delahave haietatik jaisten zen jende fribolo haren gustuak asetzeko, eta Dan Milosek Rosse gogoratzen zuen, hamalau urte, trentza ezkerraldera eroria eta bihotza beti irekia Dan Milosentzat bazen behintzat, eta etxe txiki hartan pianoa ikasten, eta Rosse arratsalde osoa berari begira, gainontzeko mutilen pikardiei arretarik ez, eta Dan Milos ez ikusiarena egiten, baina zeharka Rosse begiratzen, eta bizitzan lehenengo aldiz maitasunaren antzeko hura sentitzen. Eta nola esplikatu haiei beti Rossentzat jotzen zuela, nahiz eta hamabost urte haietatik Rosse ez zitzaion gehiago inoiz begira gelditu, eta nola esplikatu haiei bizitza guztia bizitzari atzera egiteko manibelaren bila bota zuela eta manibela hori existitzen ez dela jakin zuenerako berandutu egin zitzaiola, zahartu egin zela Rosse maitatzeko zuen era bakarrera itzuliz behin eta berriro, pianoa jotzen behin eta berriro bakarrik, gau hartan Capone hiltzeko Cotton Clubera sartu zen arte.

 

 

Atzeko atean errekistatu egin zuten. Ez zeraman ezer. Jakinaren gainean, pianoaren barruan jarri zioten pistola Caponeren gorrotadoreek. Capone ez zuen ezagutzen. Uzcudun delako boxeadore batekin argazkian ikusita izan ezik, baina jendearen begiradetan antzeman zuen Capone nor zen, exaktuki. Bere burua nor den dakienak era batera begiratzen du, eta ez dakitenek beste modu batera. Caponek zuzen begiratzen zuen, eta besteek zuzen baina oker.

        Gau hartan ez zegoen beste musikorik. Film mutu bat bota behar zuten, justu normalki orkestrak jotzen zuen atzeko hormaren kontra. Filmaren argi zirrintak Dan Milosen eskumako beso ondotik pasatzen ziren eta txaketako hautsa aireratzen zuten. Seinalea garbi zegoen. Artistak «pianistari tira» esaten zuenean, Dan Milos jaiki egingo zen, eta desafine baten aitzakian tapa irekiko zuen, pistola atera eta berari zuzenki begira egongo zen potoloa hilko zuen, Capone hilko zuen, Rosse pianoaren bidez hainbeste urtetan laztandu zuen esku berberekin.

        Trankil zegoen, nahiz eta ziudadeko gizonik dirudunena hiltzera zihoan ordu erdi barru. Pelikularen erdi aldera, eszena bizkor batean, artistak kontraseña bota zuen. Begi larriekin «pianistari tira» esan zuen. Dan Milosek barkatu esan zuen, pelikula musikarik gabe utzi zuen, jaiki egin zen eta pianoaren tapa ireki zuen. Eskua sartu eta pistola ez zen beste zerbait aurkitu zuen. Atera zuen. Gurutze beltz bat zen, Cristo azkenizo batekin. Bueltatu egin zen, eta zuzen begiratzen zuen gizona zuzen disparatzen ikusi zuen, kopetan sartu zion lehenengo bala Caponek, eta ezkerreko begian bigarrena. Andreek oihuka alde egin zuten eta proiektorea hankaz gora gelditu zen. Pianoan sartu zuten Dan Milos Caponeren gizonek, eta atzeko atean zain zegoen kamioi batean sartu zuten pianoa. Elurra hasi berria zuen berriro kanpoan, eta kamionero batek esan zion besteari:

        — Zenbat pisatzen duen piano honek!