Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
azala: Lander Garro
Aspaldiko lagunen bisita
Zenbait egile
2008, narrazioak
216 orrialde
978-84-92468-07-2
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

Erosi: 15,20
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Hitzaurrea
Mikel Elorza

Pinpilinpauxa betiko
Josu Landa

Pianistari tira
Pako Aristi

Autobusa
Mikel Hernandez Abaitua

Beranduegi
Jose Luis Orokieta

Yesu gure Yainkoaren eriotza
Xabier Montoia

Piko o mordisko
Pepe Zulaika

Alegiak
Edorta Jimenez

Bitan banatuko bagina bezala
Iņaki Uria

Alferrik ari haiz, Bonifazio
Juan Luis Zabala

Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi

Lolitaren klasekoa
Jon Arano

Pasteur doktoreari
Mikel Reparaz

Aitonaren kotxea
(eta ni hemen kartzelan)

Maripi Solbes

Portuan
Joseba Urizar

Kristalezko kanika batean zehar
Eneko Olasagasti

Nolabaiteko bushtarrak ginen
Itxaro Borda

Denborak berdin-berdin korritzen du eta
Iņaki Uriarte

Erre
Joxean Sagastizabal

Espaloirik gabeko hirirantz
Mikel Untzilla

Amaitu dezagun behingoz!
Amagoia Gurrutxaga

Ixodiae ventricosus
Pablo Sastre

Casa Tomada
Kanko Ispizua

S.U. in memoriam
Joserra Utretx

Celosamente gordea
Jon Baltza

 

 

Beranduegi

 

Jose Luis Orokieta

 

Susa 25 / 1990eko martxoan

 

 

Sarari

 

 

Isiltasunaren erdian Elena eta biok eskutik helduta. Zerua estalirik, haize hotzak zeharkatzen du hilerria, aurpegian nabaritzen den hotza.

        Kanposantuaren isiltasunaz inguraturik sentsazio arraroa sentitzen da bizitza eta heriotzaren arteko muga hurbilago sumatzean.

        Herioren erresumako atarian, gure aurrean porlan zatitzar bat baino ez, grisa, bustita oraindik. Elenak ukitu egin du eta negarrari ezin eutsiz, horrenbeste maite ditudan masailak busti dira.

        Elena beltzez jantzita eta inoiz baino beltzago adatsak, aurpegi zurbilarekin egiten du kontrastea. Begi berdeak bustirik, karminez gorritutako ezpainak dardaraka mugitu dira ahoa zabaldu nahian, eta bi ezpainen artean listuzko hari mehea.

        — Denon artean hil genuen.

        — Ez, koldarkeriak egin zuen.

        Gerritik oratu nau, karmin zaporea eta lurrin usaina nire barruan nahastu dira. Zapore geza nabaritu dut ezpainak aldentzean. Bi ibai malkok zeharkatzen dute aurpegia ezpainetan tantak osatuz.

        Hilarriaren gainean utzi ditugu loreak, hilarrian lauburua, izen bat eta bi data, gure lagunaren bizitza laburtzen dutenak.

 

Fermin Betolaza

1958.eko uztailak 7 - 1986.eko urtarrilak 15

 

        Gorritutako ezpainak nireetan pausatu dira; burua nire lepoan jarriz negarrari ekin dio.

        Aldapa jaisten hasi gara. Atzean lagun bat, oroimen bat, gure bizitzaren zati bat, zirimiriz bustiriko hilarri bat, eta bere inguruan sei ezezagun, munduko sei zati, Historiaren sei egile, bakardaderako sei bidaide hilerri txiki honetan.

        Elena, oraindik negar zotinka, kotxearen atzealdean sartu da. Bere alboan eseri naiz. Rimelez belztutako begiak, tristeziak zurbilduriko aurpegia, zuri-beltzez egindako argazki zoragarri biziduna.

        Hitzik egin gabe bere hanka ferekatzen hasi naiz, media beltzaren ukia galdu, izterraren berotasuna, gonak ezkutatzen duen berotasuna dastatuz musukatu dut. Beltzez jantzitako figurak hankak zabaldu ditu.

        Elenaren arnasketa gero eta arinagoa, arnasestu bihurtu arte. Eskua bustirik daukadala mihiaz hasi naiz sama zeharkatzen, titietaraino heldu arte. Titiak agerian geratu dira Elenak botoiak askatu dituenean. Mugimenduak gero eta bortitzagoak, gero eta goxoagoak. Elkar asetu dugula, isiltasunak berriro inguratu gaitu. Elenaren burua nire hankarte gainean, isilik, infinituari begira, leihatilatik ikus daitekeen hilerrian bukatzen den infinitua.

        Infinituaren beste aldean Fermin, bere alaitasun faltsuarekin, bere frustrazio eta gezurrarekin. Nork pentsatu Ferminek egingo zuela?

        Institutu garaitik ezagutzen nuen Fermin, izan dudan lagunik minena, ene nerabezaroko konfesorea. Arazo guztietarako zeukan aholkua.

        Koadrilako mutil zaharra, eta ni Elena ezagutu arte bere kidea, eta orain bere sekretuaren jabea. Oraindik, kotxearen barruan eta Elenaren azala sentituz, Ferminen ahotsa entzun dezaket telefonoaren beste aldean. Indar gabeko ahotsa, koldarkeriaren ahotsa, heriotzaren hotsa.

        Bera soldadu zegoela ezagutu nuen Elena, soldadutza txarto pasatu bazuen ere, bueltatutakoan txarrago. Bera zen koadrilan geratzen zen mutil zahar bakarra, eta zeuden bikoteak urrun sumatzen zituen. Bakarrik geratu zen lagunez osaturiko itsasoan; betiko lagunak, Ferminentzako ezezagunak.

        — Neska bilatu beharko huke, Fermin —esaten zion amak.

        Neska franko zuen Ferminek bere inguruan, mutildunak ziren neskak; neskek maite zuten Fermin, baina ez berak nahiko zukeen moduan.

        — Fermintxo, ea noiz ikusten haugun neska batekin.

        — Ez naute maite —izaten zen Ferminen erantzuna.

        — Nahi ez dualako. Primeran bizi haiz-eta liatu gabe.

        Barreak eta alaitasuna, irribarreak eta poza, baina guzti honen atzean benetako Fermin, sexua behar zuen Fermin, amodiorik gabeko Fermin. Frustrazioaren erdian, alaitasunezko basamortuan isolaturik zegoen.

        Bere aitorpena entzun baino lehen ezin ezagutu benetako Fermin, guztioi sartu zigun ziria, alaitasun faltsu hori, tristezia ezkutatzen zuen alaitasuna.

        Euria ari du eta haizearen hotsa tantek kotxearen kontra lehertzean egiten dutenarekin nahasten da paisaia horia zeharo melankolikoa bilakatuz.

        Fermin oroitzean beldurrak eragindako hotzak zeharkatzen nau, heriotzari beldurra, bizitzari beldurra.

        Elena altxatu da eta musukatu egin nau.

        Bide luzearen beste puntan, urrunean, oraindik urrunegi, puntu beltz bat lurrezko bidean. Puntu beltzak euritako gorria zabaldu du; odol tanta paisaia makabroan.

        Nor izango ote da datorkigun bisitaria?

        — Ezin dut ulertu.

        Elenak ezin du ulertu, eta ez dakit Ferminen benetako istorioa kontatu behar diodan.

        Fermin, bere bakardadean, maiz ateratzen zen bakarrik. Hasieran arraroa egiten zitzaigun, baina ohitu ginen.

        — Jaialdira bakarrik joan haizela? Jota hago, motel. Zergatik ez didak deitu memelo horrek?

        Behin zinemara joan zen, bakarrik. Aretoa ia hutsik, zuri-beltzezko pelikula, jatorrizko bertsioa, benetako zinemazaleentzako filma.

        Filma hasia zela, berandu heldu zen tipo bat ondoan jarri zitzaion, berrogeita hamabost urtekoa edo. Hau dena kontatzen zidala, bizia bazihoakiola igar nezakeen.

        — Ulertu behar didak, Karlos, bakarrik nengoan, orain bezain bakarrik, lehen bizitzaren aurrean bakarrik, eta orain heriotzaren aurrean bakarrik.

        Eta nik ezin lagundu.

        — Non hago? Esadak, ostias!

        — Ixo! Eta aditu.

        Eta kontatzen jarraitu zuen. Pelikularen erdian berandu heldua Fermini hanka laztantzen hasi zitzaion. Hasieran atzera egin zuen Ferminek, baina besteak berean jarraitu.

        Ez dakit zer pasatu zen Ferminen burutik, agian ordura arte aurkitu ez zuen maitasuna topatuko zuela, eta amore eman zuen.

        Tipoak hanka ferekatzen jarraitu zuen, eta hankarteraino eraman zuen eskua, eta han, zineman bertan, berea ez zen esku batek orgasmoa eragin zion.

        Filmaren bukaeran argiak piztu ziren. 14. ilaran bi gizon elkarri begira.

        — «Etorri nirekin eta hitz egingo dugu» esan zidaan, eta joan ninduan. eta ez nauk damutzen!

        Taberna batera joan ziren. Martin zuen izena ezezagunak, nik oraindik ezagutzen ez dudan ezezagunak.

        Antza, tabernatik Martinen etxera joan ziren eta han, Martinen gidapean Ferminek aspaldidanik bilatzen zuena topatu zuen, baina ez berak amestu zuen moduan.

        — Eta gustatu egin zitzaidaan, eta beraz maitemindu ere, ni, neskarik gabeko neskazale amorratu marikoia!... eta zer?

        Maitemindu zen, eta inori ezer esan gabe, berririk eman gabe aurrera egin zuen maitasunaren bidetik.

        — Eta gu ez gintuan konturatu.

        — Zer diok, Karlos?

        Ezer ez, ez ginela konturatu. Elenak leihatila jaitsi eta eskua atera du euripean utziz.

        Urruneko figura hurbilago, baina oraindik puntu bat.

        Sei hilabetez egon zen Martinekin, beti ezkutuan, lapurtutako amodioa, lotsazko amodioa.

        — Aldez aurretik zita egin gabe pisura joan ninduan, Martin behar nuelako, baina ez zegoan. Orduan enteratu ninduan han ez zela inor bizi. Martinek beste etxe bat zeukaan.

        — Zergatik ez zidan esan? Zergatik, Karlos?

        — Lasai hadi, motel. Eta, arren, esadak non hagoen.

        Martinen benetako helbidea lortu zuen, ez dakit nola, ez eta zenbat eman zuen topatu arte, ez zidan esan.

        Telefonoz deitu zion. Gaua, eta Fermin bestearen beharrez.

        — Bai? —emakume baten ahotsa.

        — Ba al dago Martin?

        — Ez, gaur berandu etorriko da. Nor zara?

        — Eta zu?

        — Bere emaztea. Baina nor zara?, e!, aizu!

        Eskegi egin zuen.

        — Gau osoa negarretan pasatu nian. Hik egingo huke, Karlos?

        Ez dakit, ezin nion ezer erantzun.

        Elenak aurpegitik pasatzen dit bustitako eskua.

        — Begira, zeruak ere negar egiten du.

        Bai negar egiten du, Ferminek egin zuen moduan. Amodioaren minez jota bere etxearen ondoko putetxera joan zen. Berak horrenbeste gorrotatzen zuena, puta batengan babestu.

        — Ez zakiat zergatik, baina joan ninduan, eta bistaz ezagutzen nuen batekin. Gaztea, ederra, eta 5.000 pezetaren truke nahiko nukeena.

        Gelara igo ziren, neska biluztu zen, gero Fermin erantzi. Ferminen gorputz osoa musukatu zuen, eta zakilera heldu zenean milikatzen hasi zen. Ondoan zegoen ohera eraman zuen.

        — Amaitu ondoren lotsa sentitu nian, eta barrutik hutsik, orain sentitzen naizen moduan. Baina oraingoan konpondu diat.

        Ohetik altxatu, jantzi eta ordaindu egin zion.

        — Gutxi barru joango nauk, Karlos, ia ezin diat ezer gehiago esan. Mesedez, ez ahaztu.

        Handik pare bat egunera topatu genuen Fermin, hiriaren kanpoaldeko ostatu batean, baineran sarturik, telefonoaren ondoan. Amodioaren aurrean borroka egiteko izan ez zuen ausardia izan zuen zainak mozteko.

        Urruneko figura kotxearen paretik pasatu da. Gizona, beltzez jantzita eta euritako gorria.

        — Begira, Karlos, Ferminen hilobiaren aurrean gelditu duk. Nor ote?

        — Beranduegi damututako koldarra.