Tarta erraldoiaren atzean jarri duten
haurtxoak bere lehen urtea bete du.
Eritxo erakusleaz gozokitzarra ukitu eta
erantsita geratu zaion pusketari
zientifikoki behatu ondoren
ahora eraman du benazko, zeremoniatsu.
Jaizu jan potxolotxo gurea, diotsote
inguruko hainbat aho itxuragabeek, eta
kantu artean opariak ireki ahala
haurraren begi handiak handiagotuz doaz,
harik eta bat-batean oparion
bildukinetako bat hartu duen arte,
aulkitik jaitsi eta dingilin-dangalan
kalerantz abiatu da pozarren,
paper koloretsua astintzen.
© Xabier Izaga