UNIBERTSITATE MUTILAK
Zuen lumatik ez da gezurrik aterako,
diotsue fakultatera joan zaizuen hizlari famatuak,
egia bat esateagatik ile bat galduko baduzue ere,
eta irribarre bat itzuri zaio ezpain ertzetik
zuen eskuliburuak ikustean, eta
zuen galdera tolesgabeak entzutean
eskarmentuak zailduko ditik, pentsatu du.
Izan ere, bide luzea duzue ibilkizun.
Egia defendatzeko ahotsa findu beharko duzue,
egia gordinegia baita sarritan. Urguritasunez
esan behar da, haragi kolpatuaren ubela
zuritzeraino. Bide luze sakrifizioz betea, baina
zuetako hoberenek atzemanen duzue
ongiaren eta gaizkiaren arteko harresiaren
jagoleen distira. Castratoaren distira.
Orduan hitzaldiak eginen dituzue
unibertsitate mutilen aurrean, eta irribarre bat
itzuriko zaizue haien eskuliburuak ikustean,
eta haien galdera tolesgabeak entzutean
eskarmentuak zailduko ditik, pentsatuko duzue.
Egia bat esateagatik ile bat galduko duzue, baina
zuen lumatik ez da gezurrik aterako.
© Xabier Izaga